Baionak ez daki
Baionak ez daki
2015, narrazioak
120 orrialde
978-84-92468-73-7
azala: Lander Garro
Bea Salaberri
1979, Donamartiri
 
 

 

Gorriak

 

 

Gure hileko gorien izenean, amen.

        Maniobra eten behar izan nuen, hamar kideen lantokian zen open-space zabalaren erdian, nigandik hiru metrotara kokatua zen lankideak begiak altxatu baitzituen pantailatik eni buruz. Geldi. Fite: atentzioa desbideratu. Bost minutuz goaitatu beharko nuen berriz hasteko. Usaian bezala.

        Ez baitute aldizkarietan zabaltzen diren adituen azalpen luzeek sekulan azaltzen nolako bakardadea den hori, azal dezadan bada. Hilekoena zientifikoki eta arrazionalki azal daitekeen fenomenoa baldin bada, esperientzia bat ere bada, bakarrik bizitzen dena, sentimendu eta sentsazio anitzen emailea, zein ez baitira partekatzen ahal: zikina eta okaztagarria baita. Eiki, iduri du hortaz mintzatzeko behar dela medikua edo jakintsua izan, gizona hobe naski, eta diskurtso neurtua landua garatu. Emaztea naiz eta ez dut medikuntza ikasketarik, bizkitartean, hilekoak ditut hilero, biziaren bosteko bateko kasik laurdeneko iraupena hain zuzen, ez baita gutxi, ondorioz, dretxo dut mintzatzeko.

        Bigarren fasean sartuak ginen, hots, bigarren egunean. Bezperan, astearte arratsaldez, zenbait eguneko aitzinarekin, ene uteroak erabakia zuen ene planoen nahasteko momentua zela, orduantxe. Lehen fasea abiatua zuen, zeruaren abisuarena, zeinetan ez baita gauza handirik gertatzen, batez ere, ni bezala, aitzinetik prestaturik doan emaztea bada, erran nahi baitu sindrome gaitza duena, larrua lehortzen zaiona hanpatu arau. Prestaketa: Doliprane, protekzioak, jantzi ilunak. Bigarren fasean, konplikatuagoa da. Uholde guria. Edozein mugimendu arriskutsua izan daiteke.

        Fase honetan, usaian, aulkitik altxatuko naizen aldi oro, komunetara zuzenduko naiz. Garai hauetan ezin da dispositibo azkarrik gabe ibili: jainkoen mendekua. Bakoitzak estrategia eta material kuttunak ditu, praktika luzeen ondotik hautatuak. Zeren, artetik aitor dezagun, produktu eta jarrera ezberdin horien espantatzeko publizitate, artikulu, iritzi gehienak gizonen eskuetatik jasoak izanki, emazteei fundamentu gutxikoak zaizkigu espantatzen dituzten kalitate eta gaitasun supra-normaletako salmenta argumentuak: usaina, gona ala galtzak, tanpoiak ala kopak, migraina ala goragalea, dantza ala ez, ederra ala azkarra. Normalki, diotenez, egun horietan, umore txarrekoak omen gara, arrazoirik gabe, horrela, burutik pasatzen zaigulako, hormonala baita. Egia errateko ez dakit: iduritzen zait lehen egunaren fasea iraganik, purga on batean sarturik, ez duela hainbesteko eraginik nigan.

        — Fotokopiagailua ez dabil. Badakizu zuk?

        — ...

        — Ein?

        — Nork? Nik? —erantzun nion ahalik eta molde naturalenean, hots zozoki—. Ideiarik ez.

        — Papera badu alta. Konektika guzia gainbegiratuko dut badaezpada.

        Enetako fase irringarria da bigarren hau, jite jostaria baitut. Aulkitik altxatu aitzin, diskretuki zakua zolaraino arakatzen dut, nonbaitik ateratzeko behar dudana, tanpoi bat, errazki gordea ahurrean, edo protekzio bat, nekeago dena ezkutatzeko beraz eri trebez trikotaren mahukan gora eraman behar dena lehenik, zakutik atera ahal izateko eta ondotik zalutasun eta trebezia berarekin galtzaren gibeleko sakelara lerrarazi beharko dena. Self-kontrol handia eskatzen du eta zorroztasuna, hari urdina ala gorria moztekotan zarelarik bezala. Erran gabe doa, hori guzia egiten dudan bitartean, gorputz mugimendu oro kontrolatzen eta ahal bezain estuki koordinatzen dudala, bisio periferikoa baliatzen dut open-space osoa barrandatzeko etengabe, maniobrak irauten duen artean, segurtatzeko nehor ez dela ohartuko egiten ari naizenaz.

        Gero, zakutik atera eta beharko da galtzako sakelan ontsa sartu, azantzik gabe beti ere, eta zabal-zabalik ezarri, ez baita iragarri behar, egon behar du ahal bezain leun sakelan, ez paketa handi bat bezala, orduan edozeinek ondoriozta bailezake-eta zer den altxatuko zarenean komunera buruz joateko, bere tesia di-da batean konfirmatuko luke: harrapatua.

        Sekulan maniobraren erdian, plastikoa purtzupilkatuz soinu erdi-audible bat probokatuko banu, berehala bere horretan etengo nuke lan guzia. Stop. Begirada bat gurutzatuz gero edo inpresiorik txikiena izanez gero norbaiten atentzioa deitu duela azantz edo mugimendu batek: bi aukera. Lehena, adibidez, mokanes poltsatxo bat ateratzea eta, hor bai, hor egina ahala mugimendu zabalekin eta harrabotsekin inarrosi, mokanes bat hartu eta zintzatu, mafrundi izugarria izanen banu bezala: denak ohartu dira mukia trabatik kendu dudala eta jarraitzen dudala ene lekuan, normal-normal. Bigarrena, batez ere negua ez bada, zakutik atera txikle, txokolate, goxoki edo dena delakoa eta ozenki zuzendu inguruko lankide guziei heiagora batean:

        — Nork nahi du bat?

        — Milesker, ez.

        — Nik bai, gogotik.

        — Zatoz xerka! —erabakirik ez aulkitik mugitzea, lanjerosa baita ene egoeran.

        Kito, desaktibatuak dira susmoak. Maniobra berriz abiatzen ahalko da, deus ez balitz bezala, hortik bost minututara.

        Erran gabe doa, hori guzia errepika dezakegula zazpi, zortzi, hamar aldiz egunean zehar, erosotasun premia eta beharraren arabera, hots norberaren arabera, bulegotan, ostatutan, saltegitan. Gehitu behar da ordurako lanaren erdia baizik ez dela egina: behin materiala ontsa sakelaraturik, sala luzera osoan trabeskatzera behartua baita aldi oro, natural, xut eta zalu, normal, hots korapilatsua da.

        Hortik landa, betiere zainduz harrabots susmagarririk ez egitea komoditateetan, biziari aurre egiteko dugun molde ludikoari segida ematen ahalko diogu neholako trabarik gabe eta komunetan iragan zenbait minutu —gehienik hamar—, adibidez produktu urdinaz baliatuz, zirristan darigunarekin zilo zola ubel eder batez janzteko. Produktu urdinik ez bada, imajina daiteke psikopata eskizofreniko baten krimen eszena edo beldurrezko film horietarik baten remake bat. Irudimena askatzea libre eta ongi etorria, sentsazio deseroso umela haizatzeko.

        Berrogeita zortzi orduren buruan, laugarren egunetik goiti, errutinan sartzen ahalko naiz. Galtza xuriak janzten ahalko ditut. Patuari besagainka. Beti adi, halere, istripu bat fite gertatua baita.

        Maniobra eten nuen. Pareko lankideak hiruzpalau segundoz behatu ninduen, geroago leihotik begiratu zion hortxe pausaturik zegoen hiri-urtxo inutil horietatik bati, geroago ur zurrupada bat edan zuen eta itzuli bere ordenagailu pantailara, artetik jakinaraziz:

        — A!, ez dizut erran: Ziburukoak deitu behar dituzu.

        Betidanik kausitu izan zidan alde biziki zaintsu bat, sustut egun zenbaitzuetan, jakin gabe jitearen, kafearen ala ilargiaren gain ezarri behar ote zen kontua: altxa, jarri, moztu, oihuka galdetu gela osoari ea txiklerik nahi duen baten batek, noiznahi esku-zakua zolaraino iraultzea. Azken hori ene jite desordenatuari egozten zion. Denboraz xuhur zebilenez, zereginari berriz ekin zion, besterik gabe.