Aurkibidea
Banintz Afrikan sortu
Trorsky zaharra koiakanen...
Suparrobiren tranzendentzia
Beste ibilaldia
Ilargi beteko gauetan...
Minitelaren garaiak
University rock...
Arratsaldeko seiretatik aurrera
Milia lastur revisited...
Orient Express...
Azken hortzadak
Denboraren arkaitzetan
Aurkibidea
Banintz Afrikan sortu
Trorsky zaharra koiakanen...
Suparrobiren tranzendentzia
Beste ibilaldia
Ilargi beteko gauetan...
Minitelaren garaiak
University rock...
Arratsaldeko seiretatik aurrera
Milia lastur revisited...
Orient Express...
Azken hortzadak
Denboraren arkaitzetan
I
nere inguruko jendean begietan odolez hantu ibaiak
ikusi ditut, uranio urtuz loditu malko desesperatuak. artadi lehortuen
errautsetan belaunikatu piztien orro basatiak eta ur orlegi
irakinean igerika zabiltzan geroaren amets herabeak.
ikusi ditut,
gela ilunetan kukubilkatu nahikunde suisidarioak eta arpegirik
ez duten garratoinen hortz usteldu malatsak, edo ilusio
transparenteen itzalean dirauten esku zimurtuak.
ikusi ditut,
nehondik nehora zihoatzin tren metaliko hotz
apokaliptikoak eta supermerkatu aberatsetan
liburu sakratuak ebasten zituzten inguma beltzak.
ikusi ditut,
gure herriko izpiritu handienen burumuinak ez jakitate
konfortablean barna likido jori epel malgo
debekatzale iduri ixurtzen zirenak ttanttaka.
ikusi ditut,
biharraren ordurik alferrena tinkatuz besoan LSD
pikura bat zegiten australiako kanguro lanpetuak.
ikusi ditut,
hamalaueko gerlan hil soldado azkarren hezur gisuz
hustu zurituak rock'n'rolla dantzatzen zutenak eta harrak
zango mikroskopikoez tiroek larrutu lurrean ritmoa jotzen.
ikusi ditut,
zakila gogortuz asetzen diren pentsamendu urdin
bihurriak, eta gauerdiko fereka zorrotzak, eta debaldezko
musu-ausikiak, eta haluzinazio dohanak, eta, eta.
ikusi ditut,
ostegun arratsalde beroetan erreka ertzeko belar erraldoietan
lasterka zabiltzan haur itsuen bihotz taupada hordituak.
ikusi ditut,
Rio de Janeiro inguruan lehen kusiaren mahainean bildu
Amadoren liburuak eta papelezko favelletan samba aireak
entzunez ebandelio isilaren predikuak oihukatzen ari ziren metizak.
ikusi ditut,
beste bi kusi New Jerseyko autopistetan Patterson eta Asbury aidean
coca cola botoilak eskuartean izerdi hitzerditan otoitzean ari zirenak,
gero Pattersonekoa zoro etxe batean zortzi hilabetez
horma mutuei katez estekatuko zuten.
ikusi ditut,
hamabi urte: eztitasun beharra zuen neskatxari
sabelpeko oihana zartatu zitzaion eta sumendiak odoletan
emaztetasunaren magma malinak ama!
ikusi ditut,
hospitaleak arsenal nuklearrak kartzelak hotelak:
lehen aldikoz larrua jotzerakoan gizon maitatuaren
ezina, haren ahalgea honen trauma.
ikusi ditut,
zakar ontzira, no future no fun, aurdiki diru mordoak,
Platonen eta Danteren memoriak lohian ziliportatuak
hausteko zorian alkoholez bete basoak betiko erregai.
ikusi ditut,
Indietako pariak bezala erakustoki arkaikoetarik
kanporatu poetak edo idazleaz, mesprexuzko keinuak
irabazleen begi konformistetan.
ikusi ditut,
kontsolatu, analisatu, ezkutatu behar ziren pertsonak
eta lasaitu ondoren
ikusi ditut,
planetak, izarrak, kometa buztan luzeak esperantzak
zorabiatzen eta ondartza erromantikuak mihi lehortuz
milikatzen, lekatzen, irri debaldeetan oparoki kilikatzen...
ikusi ditut,
jazzmen trebeak Acapulkoko night clubetan lur ikarak
probokatzen Artauden orroimenez Mexicon Peyotl.
ikusi ditut,
Wall Streeteko merkatuan dolorearen baloreak
ilargiaren mugimendu maitekorren arabera goititzen
edo beheititzen noizean behin.
ikusi ditut,
kakiz jantzi homo mititarensis delakoak homo sapiens
xoilen gorpu labanez txikituak, xehatuak, bularrak,
eskuak, buruak, jaten Pariseko errestauranteetan...
ikusi ditut,
gaztelu abandonatuek, ondartza desertatuek,
ibai agortuek eta izarrintzak busti erdi aroko loreek
beren ohe inprobisatu gordeetan hainbeste amodio egile
herabe gerizatzen zituztela, beti asko, never more.
ikusi ditut,
Kilimandjaroko elurrak eta Iruñeako Marcelino ostatuko
mahainak, Hemingway. Gero ikusi ditut diru edo ohore
puska bat eskainia zitzaioten intelektualak, ulu beltzak iduri,
gobernuaren behi kaka metaren gainean pausatzen, goseti...
ikusi ditut
Txinako poeta gazteen kaligrafiak Tien An Men plazako
hormetan koloreztatuak: eli eli lamma sabachtani!
Kerouac irakurtzen egon naun etxean maite hire beha,
baina ez hintzen nere eternitatera bakarrik etorri: senargaiarekin.
ikusi ditut
harri zabal bakartietan larrosa gorrien zain sapaz itoak.
Irrati komertzialaren gaueko azken musika aditzean
hiri pentsatu nian: badoak denbora, badoak bizitza,
badoatzik atseden beharraren
zizta hurbilak eta etsipenaren urrezko
tronpeten hotsak.
ikusi ditut
ni bezalako mila hitz harro. Poema honen bihotz nuklear
urratu eletronikoarekin gorputz materialari moztu esperantza
ixilaz aseko naiz egun bihar etzi noizbait, buru huts eta zoro.