Aurkibidea
Banintz Afrikan sortu
Trorsky zaharra koiakanen...
Suparrobiren tranzendentzia
Beste ibilaldia
Ilargi beteko gauetan...
Minitelaren garaiak
University rock...
Arratsaldeko seiretatik aurrera
Milia lastur revisited...
Orient Express...
Azken hortzadak
Denboraren arkaitzetan
Aurkibidea
Banintz Afrikan sortu
Trorsky zaharra koiakanen...
Suparrobiren tranzendentzia
Beste ibilaldia
Ilargi beteko gauetan...
Minitelaren garaiak
University rock...
Arratsaldeko seiretatik aurrera
Milia lastur revisited...
Orient Express...
Azken hortzadak
Denboraren arkaitzetan
I
ilargi beteko gauetan lego gibeleko zain meharrak haserretzen
zaizkit, lotsa naiz, menturan nabil, heriotz gutiziaren
ikara zizkolatsuak nabaditzen ditut, bai edo ez,
zalantzan nago, zuri pentsatzen dut: zure irriak,
zure begiak, zure ezpainak...
ilargi beteko gauetan hotzak dira hormak, malgoak hunki ez
ditezkeen ilunaren molekula iheslariak, non daukat
idatz makina?... maite zaitut gaua, ez dakit ordea
nola esprimituko dizudan gorrotoa...
ilargi beteko gauetan haragian min dut, gizakumea zartagailu
landerosa da, gorputzeko daldara bakoitzean
Kalahari mortuko leize gorriak itxuratzen ditut.
maitea sendatu nahi dut, eraman nezazu itsas leihorrera
maitea, edo apurtuko naiz...
ilargi beteko gauetan westernetako heroe garraituen colt
herdoildua eskuetan datxikat, mendekatuko naiz,
burdinezko kutxa herabeetan lotan dauden larrosak
ebasteko banko urgulutsuetako berinak hautsiko ditut,
formarik gabeko aditza naizela dirudit, rnaite zaitu,
eta finitzeko bala bat tiratzen naiz bi begien erdian...
ilargi beteko gauetan mila aldiz egiten dut munduaren itzulia
lasaitasun pixkat aurkitzearren, edo hamabost bizitza
desberdinetaz janzten naiz: behin diamante saltzale nabil
Botswanan, gero kataklismoak erre lurretan Mad Maxen
sekretario pertsonala naiz eta azkenik puta merke
Paramariboko Jimmyren taberna argituan.
ilargi beteko gauetan nere burumuina geltoki erraldoia da: trenen
altzeiruzko erroten zarata gurintsuak entzuten
ditut, zorabiatzen naiz, ba noa, ba nator,
ba hator maitea? noraino desiratuko haut?
ilargi beteko gauetan «ni» debekatuz hantu hizkuntza
sistemak eraikitzen ditut, nortasun galduen
sintaxiak, destroy filosofiaren gramatika aberatsak,
ezaren nor-nori-nork motelak, bizi naizela
amesten dut, amets bezala bizitzen naiz...
ilargi beteko gauetan, ai izotzak biloak koropilatzen
nehork hilen hiriko karrika desolatuetan zuri
pentsatzen bakarrik nabil eta nabilenean (irriak,
ezpainak, bularrak marrazkitzen dizkizut): zure
aldamenean oi gozoan, segurrean, beroan nindaikeela!
ilargi beteko gauetan urruneko mendi urdinak dakuskit
irekitik, nola jakin zer ordu den, zigarroa pizten
dut denboraren oinarrizko ezaugarriak
errautsetan airatzen zaizkidalarik.
ilargi beteko gauetan hiruetan edo lauetan haserrea
jabaltzen zait...