Jonas Poisson
Jonas Poisson
1986, poesia
80 orrialde
84-398-5728-4
azala: Kaekus
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
 

 

41 poema salbatu zituen naufragoa

 

        Gogoan dut batxillerra egin genuen egun urrun eta (medi)okre haietan Fray Justo Pérez de Urbelek hirugarren gradurako moldatua zuen Historia Sagrada 16 pesetetan erositakoa irakurtzen genuenean Jonasen istorioa beti makalago letzen zuela egun hartan tokatu zitzaionak. Itsasuntzi bat ekaitzaren menpe zegoen. Bere burua arriskuan ikusten zuen jendeak borondate zerukoiaren kastigua zela pentsatu zuen eta errudunaren bila hasi ziren. Jonasek lo zirauen istiluaz jabetu gabe eta gizon kezkabakoa ikustean berari leporatu zioten gaitzaren kulpa. Itsasora bota zuten eta une berean ekaitza baretu egin zen. «Y quiso el Señor —jarraitzen du aipaturiko abadeak— que hubiese allí un pez enorme, el cual, viendo que un hombre había caído entre las aguas, abrió sus fauces y le tragó vivo; pero desde aquel encierro tenebroso el profeta invocó el auxilio de Dios, y fué el caso que, a los tres días, aquel gigante de las aguas salió a tierra y vomitó a Jonas en la playa». Profetak beti izan dira indigestoak, poetak bezala, azken finean, profetak esaldi bat bera idatzi ez duten poetak baitira.

        Gero Pinocho ikusi genuen zinean, Jonasen istorioa umeentzako moldatua. Jonas Pinocho zen eta Pinochoren sortzailea jainko ttipi bat bihurturik gelditzen da aurrerantzean, hori badaki liburu honen egileak zera dionean: «Baina jainkoek ez dugu letzerik ahal». Jainkoak sei egun haietan amaitu ez zuen mundua amaitzen ari dira sortzaileak.

        Jonasen istorioak harritu egin gintuen; Pinochorenak irrifarrea sortu zigun; eta liburu honek, boligrafoz idazten duen baleak bomitaturiko poema hauek liluratu egiten dute, baina bozeolari batek bere ezkerkadarekin liluratu gaitzakeen gisan, liluratu, egunek duten erritmo neke eta kuasi-liturjiko hori ahaztu arte. Poema hauekin ulertu dut XX. mendeko literatura dastatzeko eta aztertzeko bi iturri bakarrik eduki behar direla kontutan, inola ere ahaztezinak diren bi akzidente: Testamentu zaharra (Testamentu Berria demagogiko-tendenziosoegia baita) eta zinema, ametsak zeluloidezko karrete batean gordetzen dituen asmakizun hori. Irakurlea ez da sekulam Testamendu Zaharra irakurtzen nazkatzen. Bere birtuteak: narratibitatea, imajineria zarbatsua, imajinazio selbatikoa. Testamentu Zaharraren kopia ori bat da «Cien años de Soledad». Zinemak asko zor dio gizakion epopeia hori idatzi zuenari. Zinemak hortik edan du, baina XX. mendeko literaturgileei aportazio klabe bat eskaini die: Sintetizatzeko ahalmena. Deskribapenak, narrazioak maila minimusetaraino sintetizatzen erakutsi du zinemak eta era berean testu sintetizatu hoiek interpretatzeko armak eman dizkio irakurleari. Barrokismoaren sententzia sinatu du zinemak. Horregatik daude hain urrun Balzac, Dostoiewski edo Hölderlin. Horregatik daude hain hurbil Cortazar, Truman Capote edo Raymond Chandler.

        Poema hauek hanka bat, ahulena, Biblian daukate, eta bestea, gotorrena, zineman, eta irakurketaren ondoren atera daitezkeen adjetibo guztiak bi dimensio horietan sailkatuko dira.

        Hippien garaia joan zen, hastendu zen kultura orientalak sortutako lilura, eta mendebaldetarrak ageri zaizkigu poema hauek. Poetak aitortzen digu:

                  «Bizirik bait dirau oraindio

                    mendebaleko ilargi haitziratsuak».

        Heroeak bizirik diraute, Greziako-tradizioak bizirik dirau poema hauek osatzen duten amaraunaren zulo artean. Heroeak (fantastikoak edo historikoak) ikus ditzakegu lehenik: Orestes, Caronte, Felipe IV, 203. gelako biajantea heroe anonimoa da, Lorelei eta Suzanne sedazko heroisak dira, eta Hollywoodeko goaporik asezinena heroe moderno bat dugu. Referentzia hauek estilo kosmopolita ematen diote liburuari. Poetak asko bidaiatu du apika irakurtzearen poderioz eta poema hauen munduan ez da fronterarik ageri eta etxe bateko gelak bezala pasatzen ditugu lurraldeak, tokiak eta jendeak. Haseran kronista gisa aurkezten zaigu poeta, baina ez iraganaren kronista, oraindik gertatzeko dagoenaren kronista baizik, hain zuzen profetek gauza bera egin zutela (zutela diot gaur egun extingitua baitago arraza hori) ohartu gabe agian: «joao batistak egunero du / zeinek konda geroa». Baina lehenaldiari uko egin zaion une berean nostalgiak, beti nostalgiak, tinbrea jo du: «Elkarri besarkaturik / Sekula itzuliko ez diren / Egun zoriontsu haiek kontatuz».

        Azkenik nostalgia usteldua dagoela esateko:

                  «Baina abiatuak gaitun halare

                            Basurdeen larrazkenean barrena

                            Denboraren gela hotzetara

                    Ustelberak direla jakinez».

        Literatur obra guztiek ematen dute munduaren edo historiaren bersio bat. Liburu hau bersioa baino gehiago bisioa da. Imajin oparoak ditu, eta horri aditzak kentzen badizkiogu, historiaren bisio estatizista bat gertatzen zaigu ondorioz, esaldiak hostoak bezala erortzen dira, bakarka, eta irakurleak aidean, lurra jo aurretik harrapatu behar ditu, eta kasualki gehienetan. Poesia ez dago beste inola irakurtzerik, aidean hostoak harrapatzen diren bezala ez bada.

        Zinea ez da pantailan ilunpen ikusten duguna. Zineak gauzak ikusteko era berri bat ekarri du. Poema hauek eguneroko gauzak ikusteko era berri bat eskaintzen dute. Imajinak, esaldi batean laburtzen direnak gehienak, amaigabeak dira. Horrela, balearen sabela «basamortu epel» bat da, edo «Erregearen platerean etzan zen ilargia», udaberria «mendiak kolorezko paperez jaztea» da, «Busak semaforoetan urtu» egiten dira, heladoak bailiren, Ameriketako konkistari buruzko poema epiko batean, heriotzera bidaltzen ditu konkistadoreak esanez «konkistadore harroak / nora doaz balea zaharrez inguraturiko / hondartza lehorrerantz ez bada», edo elizaren ustelkeria hiru hitzetan esateko «Botafumeiro bete herdoilez» dio poetak.

        Historiarekin jostatzen diren poema kotidianoak dira hauek.

        Jaberik gabeko poemak, ondoren kolektiboak, balea zahar batek algaz beteriko hondartza batean bomitatuak dira, lehenen, bigarrengo edo hirugarrengo pertsonan, baina bi musa bereziki laztantzen dituzte poema hauek: Suzanne eta Lorelei. Suzanne sekulam ikusi ez baina beti maiteko dugun musa da, Donostian kontzertu baten ondoren Leonard Cohenek Suzannetaz hitzegiten ihardun zigunetik, eta are eta ederrago imajinatzen dugu Leonard Cohenek deskribapen fisikorik eman ez zigulako. Baina zinea sortuz geroztik bi pertsona mota daude munduan: onak eta txarrak. Hori izan da Hollywoodeko sinplifikazioaren garaipenik handiena, zinearen aportaziorik ahulena. Eta Lorelei puta bihurtu den Suzanne da. Suzanne onari Lorelei gaiztoa irazan dio. «Suzannerik desbideratuena» deitzen dio. Suzanne, aldiz, maitekiro tratatzen du: «Euri ttanttek oro jaxpeatzen dinate / Hire arratsalde berri hau», eta aurrerago «Hitaz oroitzen ate aurretan butanozaleak».

        Giza paisaiaren sintesi postaligrafikoa eskaintzen dute poema hauek, eta poetak probeta askotan sartu du tinta poesia kolektibo bat eraikitzeko. Liburu honen zehar gerrate handi bat gertatzen da, ikustezina baina gertatzen da, virusak elkar hiltzen ari diren bezala, inork ikusi gabe, eta amaieran paisaia triste bat ageri da irakurle/ikuslearen aurrean: «Ogizaleak doberman hilak / Biltzen hasi ziren zelofan urdinetan», edo «Bazter batean nanuz inguraturiko umeak/ Kriseiluak txikitzen zituen harrika». Azkenean, igande arratsalde triste bat bezala amaitzen da guztia: «Begira nola doan denbora bera ere / Barku bat bezala / Handia, Ixila, Prezisoa / Galderaz betea». Eta tristeziaren kontra ez pildorarik, baizik prostituzioa bezain zaharra den beste elementu bat: alkohola. «Mundua ardoaren bueltan bueltan dabilen / errobera dela kopreni duen arte / bere begi bakarrez irrifarrezka».

        Naufrago batek hilabetero poema bat zekarkion botila jasotzen zuen bere islan, bost ozeanotako ur korronteak islara heltzen bait ziren. Berrogei urtetan 480 poema bildu zituen, baina azkenean barku ttiki batek salbatu zuen, eta poema guztiak kabitzen ez zirenez, berrogei eta bat bakarrik gorde zituen. Hori da liburu hau.

Pako Aristi