Aurkibidea
1. EMAKUMEAK FABRIKATIK BUELTAN
3. URTE ZURIAK
Jainko txiki eta jostalari hura
5. OSTIRALAK NEW YORKEN
6. POESIA ETA HUTSUNEA
7. DAUDENAK ETA EZ DAUDENAK
Aurkibidea
1. EMAKUMEAK FABRIKATIK BUELTAN
3. URTE ZURIAK
Jainko txiki eta jostalari hura
5. OSTIRALAK NEW YORKEN
6. POESIA ETA HUTSUNEA
7. DAUDENAK ETA EZ DAUDENAK
LEHENDAKARIA DESERRIAN
Hemen dena zait arrotza: erro gabeko zuhaitzak,
oinarririk gabeko etxeak, beirazko euria,
argizari usaindun loreak.
Zbigniew Herbert
Lehendakariak munstroaren sabela hartu du gordeleku
deserrian: Berlinera alde egin du naziengandik ihesi,
han sekula aurkituko ez dutelakoan.
Kontsul hegoamerikar baten izena hartu du.
Eta orain, mitinetara milaka lagun biltzen zituen
gizon ziur hura, frontera zihoazen gazteei
Carlton hoteletik hitz egiten zien gizon bulartsua,
orain bakar-bakarrik doa trenean. Ihesean galdu ditu
maletak eta, batek daki, beharbada herria bera ere bai.
Belgikako deserrian bonbaz hil zaion
arrebarekin gomutatu da, haren itxura hartu dio
trenean salamia eskaini dion baserritar alemanari.
Lehendakariak deserrian liburu bakar bat
darama aldean, Plutarkoren Bizitza paraleloak.
Hark soilik laguntzen dio gauez loak hartzen.
Pasarte bat irakurtzen du behin eta berriz:
Alexandro Handiarena. Nola lasaitu zuen
inork mendera ezin zuen zaldi basati hura.
Nola hitz egin zion, belarrira esanez:
“Ez izan beldurrik, etengabe atzetik
jarraitzen dizuna ez da zure itzala besterik”.
Lehendakariak pentsatu du noizbait
Alexandrok zaldiari bezala berba egingo diola
bere herriari, belarrira mintzatuko zaiola
goxo-goxo: “Lasaitu zaitez, ez izan beldurrik,
atzetik doakizun hori ez da zure itzala besterik.
Gu denon itzala”.