Aurkibidea
1. EMAKUMEAK FABRIKATIK BUELTAN
3. URTE ZURIAK
Jainko txiki eta jostalari hura
5. OSTIRALAK NEW YORKEN
6. POESIA ETA HUTSUNEA
7. DAUDENAK ETA EZ DAUDENAK
Aurkibidea
1. EMAKUMEAK FABRIKATIK BUELTAN
3. URTE ZURIAK
Jainko txiki eta jostalari hura
5. OSTIRALAK NEW YORKEN
6. POESIA ETA HUTSUNEA
7. DAUDENAK ETA EZ DAUDENAK
IRRATI TXIKIA
(Lizarra-Garazi apurtu zenean)
Aitak irratia eskatu zigun ospitalean berriak entzuteko.
Politika sakratua zen bere belaunaldiarentzat:
txikitan isil-isilik egon behar genuen haurrok
irratian notiziak zirenean, zer gerta ere.
Su-etena bukatu baino hilabete
batzuk lehenago gaixotu zen.
Arduratuta zegoen, gauzak okertu egingo
zirela sumatzen zuen; gaitzak aurrera
egingo zuela hala gorputzean nola politikan.
Gerra hasi zen urtean jaio zen,
hogeita hamaseian, eta ez zuen ezagutu
geroztik bake-sasoirik.
Egun batean, itzali egin zuen betiko
irrati txikia. Ez zuen berri txarrik aditu nahi.
Gu animatzen saiatu arren,
“konponduko da dena”,
bagenekien —eta berak ere bai—
bukatu egingo zela barealdia.
Ez zuen bake-prozesuaren bukaera ezagutu.
Hasieran piztu egiten nuen bere irratia,
baina hango hitzak arrotz eta
ulertezin egiten zitzaizkidan,
historia kliniko bat bezain adigaitz.
Geroztik ez nuen pizten irratirik.
Nahiago nuen isilik egon eta
bere ahotsa gogoratzen saiatu:
“Konponduko da dena”.