Aurkibidea
1. EMAKUMEAK FABRIKATIK BUELTAN
3. URTE ZURIAK
Jainko txiki eta jostalari hura
5. OSTIRALAK NEW YORKEN
6. POESIA ETA HUTSUNEA
7. DAUDENAK ETA EZ DAUDENAK
Aurkibidea
1. EMAKUMEAK FABRIKATIK BUELTAN
3. URTE ZURIAK
Jainko txiki eta jostalari hura
5. OSTIRALAK NEW YORKEN
6. POESIA ETA HUTSUNEA
7. DAUDENAK ETA EZ DAUDENAK
LEHEN URTEBETETZEA ZU GABE
1. MINAREN POEMA
Heriok ordurako eman zizun itxura,
bere mozorroaren maskara.
Ted Hughes
Heriotza gailendu da azkenean ere, laguna.
Konfiantzaz ginen, indartsu,
sinistu ere egin genuen une batez
ez zigula sekula aurrea hartuko.
Baina ederki harrapatu zaitu,
gutxien espero genuenean eta egundo
pentsatuko ez genuen eran.
Uste genuen gure adiskidantza betirako zela.
Ez zen beldurrik, nahiz eta luzaroan
elkarrekin ez egon, bidaia luzeak
egiten zenituenean legez.
Desiratzen egoten nintzen zure deia jasotzeko.
Ez zenuen parekorik kontuak kontatzen,
zure ahotik gauzarik arruntenak
bihurtzen ziren miragarri,
ezinbesteko.
Zoritxarreko goiz hartan nire gorputza
bitan zatitzen zela nozitu nuen.
Antartikatik banatzen zela
izotz zati erraldoia,
oinaze-icebergak sortuz, urraduran bihotza errez.
Eta orain, elkarrekin egondako
azken gau hartako hitz denak
gogoratzen saiatzen naiz,
zentzu guztiekin eta urduri, kalean
galdu den ume batek etxeko telefono zenbakia
oroitu nahi duen larritasunarekin.
Hatz artetik badoan urari eutsi nahi diona naiz.
Zer egingo dut orain, laguna.
Neguaren erdian eta otsoen erasoen
mende, neure pentsamendu ilunen
oldarren mende.
Hain erraz uxatzen zenituen.
Zure hitzek beti zuten zentzua,
sendagaia ziren,
egia ez izanik ere.
Lagun handia zen zuretzat,
esaten didate.
Hori baino gehiago zinen.
Anaia bat bezalakoa, gehiago.
Duela gutxi, amets batean
esan zenidan, beti bezain baikor:
“Ez da hain latza. Ezingo gara egon,
baina hitz egingo dugu”.
Bada, zain geratzen naiz, zeure berben esperoan,
bidaia luzeak egiten zenituenean legez,
sekula galduko ez dudan lagunaz ziur,
eta harro.
2. LEHEN URTEBETETZEA
Lehen urtebetetzea zu gabe.
Aurrena izaten zinen deitzen.
Mugikorra itzalita dut gaur.
Ezin izan dut zure zenbakia ezabatu.
Zimurrak ageriago daude orain
eta, halaber, desengainua.
Begira nago oparitu zenidan liburuari.
Haur baten kaligrafia duzu eskaintzan.
Ez zenuen sekula ikasi idazten.
Zertarako, nahikoa zenuen eta begiradarekin.
Lehen urtebetetzea zu gabe.
Ez zinen inoiz ahazten.