IBAI ONDOAN
astiro paseatzen naiz ibai ondoan
baina gaur presaka antzean iratzarri
eta ordu-orduan iritsi naiz neure soinera
batzuetan iruditzen zait
erosta ezkutuak gorde ezinik igarotzen dela
ni bezalako jendea aldamenetik
eta zoriona propio landutako
ezjakintasun suerte bat dela
kalera ateratzen naiz ohetik ihesi
batzuetan ortzia belaun pareraino iristen da
eta orduan etzanda baino ibiltzerik ez dago
astiro paseatzen naiz
marxismoaren on-gaitzak zorrotz aztertzeko ezgai
marxista uzkurtua hala ere...
badira klase borrokak azal ez ditzakeen garaitzak
psikoanalisiak giltzak ahaztuta lagatako ametsak
batzuetan imajinatzen dut
oporrak suizida desjabetuen etxeetan igarotzen ditugula
haienak zirela maindire zuriok ogia gazta zaharra ardoa
eta izena asmatu ez zaion klub bateko kide naizela
batzuetan ni bezalako jendearen
ahoa estaltzen dut oihu bat isiltzeko:
bizkarka jarri eta atzeraka ibiliz geroaz oroitzen naiz
astiro paseatzen naiz ibai ondoan
zintzoen bakearen xerka
neu ez naizen oro arrotza zitzaidan sasoi haietan bezala:
ederra da bizitza baina hotzegi dago
ederra da bizitza baina oraindik hotzegi nago