ANTIDOTOA
munduko albisteen artean
kapsula zigilatu batean nagoela begitantzen zait
eta ez dakit xuxen
zer beratzen ari naizen kafesnetan:
opil belztuak
lankide kaleratu berrien bisaia
gorputzaren seinaleak aditzeko gorreria...
goizarekin lerro-lerro datoz
elkarren ondora bilduta estu
etorbide jendetsuen aurre-sentipena
lagun izandakoen arrangura ahantzia
iruzurtien zuribideak
urteek harrizko egin naute:
orain zurezko bihotza daukat
lehortzen ari da ibai azaleko mintza
nire soraiotasunak erreta
eta astean bizpahiru egunez kalean zikintzea
beste sendagairik ez dut kausitzen horren aurrean
(sobera haserretu sobera jan sobera edan...)
eraiki gabe utzitako etxeetan bizi da egun
utopia burges txikien hautsa
tailer itxietan errabiatzen da nire arima arlotea:
mundua sutan den bitartean
epe finkoan ezarrita daukat bankuan
xahutzen ausartu ez naizen maitetasuna
eta nire aroko zenbait biktimak
kafesne hondar artetik agurtzen naute:
torturatuak dira presoak dira
ihes egindakoak dira bahituak dira
nahita edo deskuidoz hildakoak...
denek diote aho batez
zein garrantzitsua den ondo gosaltzea