Kapital publikoa
Kapital publikoa
2014, poesia
104 orrialde
978-84-92468-64-5
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2022, poesia
2019, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1999, narrazioak
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

HAUTUA

 

aterpe herbala du jendeak munduan bere hitzak gabe

zelan adierazi behar du minen duena

zelan hostogabetuko egutegiak

eta zelan azaldu beste fase batera

egin nahi lukeela jauzi

joko arriskuz bete honetan...

eta inork badio geu izateko

geure hitzez beste egitea dela bidea

esango diot neuk nahi dudala

hautatu neure galbidea

ez naizela inoiz izango

maite ez dudan ortzi baten txori kantaria

eta behartuta ez bada

ez naizela biluztuko

neure gogoaren kontra inoren aurrean

 

euskaraz bizi nahi izaten dut batzuetan

ehuneko handi samar batean

badakit ni ez naizena ez hizkuntza bat

ez bandera bat ez herri bat:

ni bakarrean ezer gutxi den euskalduna naiz

bakarrean ezer gutxi naizen euskalduna da ni

ez guardasol bat adina

ez errezeta bat besteko

ez abesti baten erdia

ehuneko handi samar batean

euskaraz bizi naizen euskalduna naiz

eta batzuetan zeharo harritzen nau

euskaraz bizi nahi izateko aukera izateak

 

ez dut euskararik behar bizitzeko

bizitzeko airea behar dut

arnasa hartu hainbat bider minutuko

bihotzak gorputzeko zokorik urrunenera

odol neurri bat punpa diezadan behar dut

eta gero beste hainbat osagarri:

lagunartea elkartasuna sexua asti pixka bat...

baina euskara ez dut den mendrenik ere behar

bizi ahal izateko

gosea eta egarria asetzea bai

estalpea giro ez denean

demaseko hotzari eta beroari aurre egitea...

gero bestelako alderdiak ere badira

nola diren jendetasun neurri doia

eta gauza ederren itxaropena

baina euskara ez dut behar bizitzeko

 

mintzo naizen euskara

idazten dudan euskara

ametsak eragin eta inoiz loa galarazten didan hori

hautu libre bat da niretzat

bizitzea ez bezala...

bizi ahal izateko

maitasuna gorrotoa eta lana

agian beharko ditut noizbait

baina euskararik ez dut inoiz beharko bizitzeko

eta hain juxtu

ehuneko hainbesteko batean

bizi nahi dut euskaraz

derrigorrik ez dudalako

 

bizi naiteke beste hizkuntza batean

eta hala bizi naiz ehuneko esanguratsuan

baina nik euskaraz bizi nahi dut

portzentaje handiagoan hala nahi badut

edo portzentaje txikiagoan gogoak ematen badit

ez hobea izango naizelako hala

ez inoren on-gaitzak osatuko direlako horrekin

baizik eta nazio puska txiki bat naizelako

eta ni naizen nazio zatitxoa izateko

ehuneko hainbesteko batean

euskaraz bizi nahi dudala deliberatu dudalako

horren derrigorrik ez dudalako naiz euskalduna ni

 

bakarrean ezer gutxi den euskalduna naiz

bakarrean ezer gutxi naizen pertsona da ni

eta hitzek beti naramate norbaitengana