Aurkibidea
Aurkibidea
ABIADURA BI
Etxea handiegi gelditu da,
batzuetan geletan galtzen naiz,
denbora gastatzen dut kontu egin gabeko
gauzak begiratzen.
Ama hil zenetik askotan egiten dut.
Nireak ez diren objektuak hartzen ditut
eta iragana bilatzen diet,
curriculuma ezartzen diot bakoitzari.
Badakit betidanik egon direla,
beti ikusi ditudala,
espazio horretako osagai sinpleak ziren.
Ez diet erreparatu.
Aste betean ez naiz denak arakatzeko gai izan,
eta lantzean behin atsedena hartu behar dut,
nekatzen naizelako edota
bihotza irauli egiten zaidalako bat-batean.
Azkena komunean gertatu zait,
buruko eskuila zahar bat hartu eta
nireak ez ziren ile luzeak
bertan korapilaturik ikusi ditudanean.
Kostatu zait kentzea,
eta eskuan nituela
ez nekien
bota behar nituen,
edo nora.