Aurkibidea
POLDERRAK
ALMITZA
Aurkibidea
POLDERRAK
ALMITZA
Lurra kendu
Nire maitetasuna menia bada zurea ultimatuma
Ez daukagula akordua baino arma azkarragorik
Eta zahartzen ari garela diot lagunari
Nahi baino hildako gehiago nahi adina hilda ez
Nire maitetasunak ezin du inperioen kontra eta zure bihotzean paldotu
Gure ondorengoek ezagutuko ez duten bakeari idazten dizkiot poemak
Zure bihotzari hutsegiten ez diodan artean haizeak ez nau botako
Galarazia duzu ordea nire gelan sartzea
Emango nizuke gorputz hau baina atzerrira fakturatu dut zorrak kitatzeko
Gerra zibilak ez dira deklaratzen
Egunerokora ekartzen dira
Gero, hamar urte barru, tokiz aldatutako itsaso batez jabetzen zara
Eta galdu egin duzula bizi zinen lurra
Hildakoak piztearen onurak ez daude indarrean
Segizioak gizentzeko premian dira
Baina bakarreko armadak baino ez gara
Eta arrotz niri zure arima
Zulogileari deituko diot begizulook lurrez berdintzeko
Nonbaiten tinkatu beharko dira gurutzeak gero
Eta elkar adiskidetzeak eztabaidatu
Nork ipiniko dio izen eder bana hilarri bakoitzari
Asko dira itoen gorazarrez tatuatutako bularraldeak
Eta ugerrak jandako aiztoak dira nire galderak
Nor biziko da eldarnio sukoia jabaldu ostean
Nork zarratuko du hilotzen euskaltegi hau
Mezulari saldoak pasatzen dira lerro batetik bestera
Maitasunaren aterpe balakatuan
Eta ez dugu inork traiziorik aipatu nahi
Maita zaitzakedan gerra bat bakea niretzat