Aurkibidea
POLDERRAK
ALMITZA
Aurkibidea
POLDERRAK
ALMITZA
Gutuna-1
Aurrera joan gara eta beroa da gaua, zelan zagoz orain
Ibaiaren alde banatan dago hotza berokien barruan amarratuta
Gu itotzera eginen dute gero berokiok
Zure zainen ildoetan zure akorduaren paduretan
Beti euri handitan bezala bizi gara urak noiz hartuko bazterrok
Eta ezin dut inork bakera zaitzan itxaron
Maitatzeko paperez iziotu hegazkinak dauzkazu
Maitatzeko inoiz betetzen ez diren ostatuak dauzkazu
Zurekin bildu beharrean nago, ez digu inork deitzen
Lehenago jakitera ez nizuke inoren alde minutu beteko isilaldirik aginduko
Ez zintuzket ezpondetan bilatuko
Maiteko ez banauzu ere hor dira
Hor geldituko dira, hor teilatu zapuztuak patio bustiak, hor
Eta beste aldera igorri gutunak bueltan datoz
Hartzaileentzat hilda gagoz
Etsaigo sakon honetatik maite zaitut jazargo zaharmindu honetatik
Ibaiak aldiko zeru bat darama kristal hautsi bat ate bat
Ibaiak gauak oretzen ditu itoen eztarri zuloan
Nireak beste dira zure txaran kakotutako atorrak mezuak
Badakit itzarririk zaudena
Nahi baduzu maitasunak sortu kalteak neuretzeko bil gintezke
Nik beste aldera beharra daukat etxeak zelan hustu diren ikusteko
Ni gabe zelan maiteko dituzun gozatzeko
Ez dakit bakeak zenbat mendez galarazi digun elkar maitatzea
Aurrera joan gara
Zure begietan irakur nitzake orain azken berriak
Maitatzeko ez dut itxarongo beste seinalerik