Lur bat zure minari
Lur bat zure minari
1995, poesia
68 orrialde
84-86766-58-3
azala: Nicolas de Staël
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2022, poesia
2019, poesia
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1999, narrazioak
1990, poesia
1987, poesia
 

 

Uberak

 

Zer esanen duzu nire alde

Txostena zarratu aurrez galdeketan deituko zaituzte

Garbitzeko dago nire bihotzaren urondoa

Itzalak soma nitzake zure odoleko beiraren ostean

Arrotza iritziko diozu nire mintza moldeari

Oheak hoztuko ditugu eta artxibo sekretuak ireki

Bizitzak manera anitzak ditu sentimentuak adierazteko lekukotza lausoak

 

Ez dut aldegin nahi zure gorputzaren harresietatik

Zure eskuen negutik zure negarraren karetik

Aitortuko dizut beti espero izan dudala

Epaia jabalduko zidan froga aringarri bat

Baina zorrotz jagonda diraute ur bazter biek gure bion bi bihotzek

Maiteko ez maiteko aho batetik parke batera zauri batetik zita atzeratu batera

Ez al dira zoztorrak baino haziko heldu den urtean

 

Non babestuko duzu nire gorputza

Izanen dira testigantzarik eskatuko ez duten bulkadak eta edertasuna

Ez nondik zatozen ez nora zoazen galdetu gabe ur azalari jaioko zaion eskua

Gure adoreak azkenik ez balu bezala idatziko duena

Hotzak behar dute urek sasoi honetan lainoak hartuak bideak

Txostena itxi ostean ez nazazu bilatu arbola azaletan

Ez testuetako lerro azpimarratuetan ez ezein ikurren beroan

Zure isilak beste indar du zure hitzak

Min erre hori agindu genion elkarri luizi aldagarria manifestu atzendu bat

Bihotzak ez du beste aginpiderik