Aurkibidea
Badakin?, ospitale honetara etorri nintzenean...
Ez zaidan iruditzen ospitaleekiko dudan arbuio jarrerak...
Beldurra, eragile handi, esan ohi zidanan Xabierrek...
Ez zaidan iruditzen, duela ia hiru urte kartzelan sartu gintuztenean...
Nire egoeraren eta hemen gertatu zaizkidanen berri emateko asmoz...
Duela urtebete pasatxo izango zunan...
Gaua dun. Bero hezea egiten din...
Iragan ez hain urrun haren ordezko mozorrotua...
Ospitalearen zuritasuna hilerrien belztasunaren aurrekari begitantzen zaidan...
Ospitale honetan ezagutu ditinat borondatezko bezeroak...
Sudurreko operazio hari itzuri egin eta urtebetera...
Gauetik egunera, kartzelan sartu-eta...
Amak ezkaratzera lagundu gintinan...
Haurtzaroko hausnarketak eten zizkidanan ateko zaratak...
Beti iruditu zaidan susmagarri mediku eta erizainen adeitasuna...
Xabierrek eta biok elkar ezagutu genuen egun hartan...
Xabier ezagutu nuen egun hartan gelara iristean...
Operazio osteko krisialdia gaindituta...
Galderak egiten zizkidanan Xabierrek...
Bederatzi urte izango nitinan...
Noizean behin izaten genitinan hizketaldi gatazkatsu horietako bat...
Ezkerreko hanka hautsi eta makuludun nintzenez geroztik...
Xabierrek ere ez zinan sinesten, noski...
Hona iritsitakoan, asmatutako nire jaiotzari buruzko kontakizunak...
Elbarri gelditu naizenez geroztik...
Christophek nire aldartea alaitzeko...
Elbarritu ostean aldatu ninduten gela honek...
Ohean etzanda eskuin eskuko erdiko hatzari begira...
Ohiko Diazepam eta Myolastan gaindosiak eragindako loalditik...
Elbarritu nintzenez geroztik Fred eta Veronique batera...
Hodeiertzari begira egoten naun...
Etsaiek nolako etorkizuna apailatu diguten bazakinat...
Aurkibidea
Badakin?, ospitale honetara etorri nintzenean...
Ez zaidan iruditzen ospitaleekiko dudan arbuio jarrerak...
Beldurra, eragile handi, esan ohi zidanan Xabierrek...
Ez zaidan iruditzen, duela ia hiru urte kartzelan sartu gintuztenean...
Nire egoeraren eta hemen gertatu zaizkidanen berri emateko asmoz...
Duela urtebete pasatxo izango zunan...
Gaua dun. Bero hezea egiten din...
Iragan ez hain urrun haren ordezko mozorrotua...
Ospitalearen zuritasuna hilerrien belztasunaren aurrekari begitantzen zaidan...
Ospitale honetan ezagutu ditinat borondatezko bezeroak...
Sudurreko operazio hari itzuri egin eta urtebetera...
Gauetik egunera, kartzelan sartu-eta...
Amak ezkaratzera lagundu gintinan...
Haurtzaroko hausnarketak eten zizkidanan ateko zaratak...
Beti iruditu zaidan susmagarri mediku eta erizainen adeitasuna...
Xabierrek eta biok elkar ezagutu genuen egun hartan...
Xabier ezagutu nuen egun hartan gelara iristean...
Operazio osteko krisialdia gaindituta...
Galderak egiten zizkidanan Xabierrek...
Bederatzi urte izango nitinan...
Noizean behin izaten genitinan hizketaldi gatazkatsu horietako bat...
Ezkerreko hanka hautsi eta makuludun nintzenez geroztik...
Xabierrek ere ez zinan sinesten, noski...
Hona iritsitakoan, asmatutako nire jaiotzari buruzko kontakizunak...
Elbarri gelditu naizenez geroztik...
Christophek nire aldartea alaitzeko...
Elbarritu ostean aldatu ninduten gela honek...
Ohean etzanda eskuin eskuko erdiko hatzari begira...
Ohiko Diazepam eta Myolastan gaindosiak eragindako loalditik...
Elbarritu nintzenez geroztik Fred eta Veronique batera...
Hodeiertzari begira egoten naun...
Etsaiek nolako etorkizuna apailatu diguten bazakinat...
Larrialdi gelatik atera eta gela berri batera eraman ninditenan. Han nitinan nire puska guztiak zain. Han nentzanan, ezgauza, ezdeus, erdibituta, negar egiteko ere idortuta. Oroimena zulatuta.
Istripuaz ezer gutxi gogoratzen nuen. Batzuetan, erortzen ari nintzen bitartean Dimitri/Jean-Noel ikusten nuen. Eskua luzatua du eta aurpegi keinu zehatzezina. Ezin jakin espantuzkoa ala bozkariozkoa. Oroitzen dudanean ezin dut erabaki bere eskua nire erorikoa ekiditen saiatzeko luzatuta duen ala bultzatu nauen eskua den ikusten ari naizena.
Badakit nire ondo-ondoan zegoela, hori bai. Elkartu ginen hurrengoan istripuaren bere bertsioa ematerakoan berretsi zidan: nire artekoetan bilduta, igogailura ordez eskaileretarantz abiatu nintzela zuzen, konturatu zela bera eta segituan abiatu zela nigana, argi ikusi baitzuen erortzeko arriskuan nengoela; tamalez, berandu heldu zela ezertarako, zorua bukatu eta makuluak lehen mailara irrist egin zidala, oreka galdu nuela, mahukatik heltzen saiatu zela, alferrik, eta ia bera ere erori zela nirekin batera.
Etxartera jaisteko moduan egon nintzenean, Jean-Noelen bertsio hori berresteko edo ezesteko ikerketa burutu nuen etxarteko beste kideen artean, diskrezio handiz, hark deus jakin ez zezan. Ez nuen bertsio hori gezurtatu zuen inor aurkitu; batzuek erantzun ordez isilik egotea hautatu bazuten ere. Erantzun gabe begira-begira geratzen zitzaizkidan horiek ez dakit frantsesa ulertzen ez zuten atzerritarrak ziren edota farmazi industriaren sasi-paradisuko labirintoetan betirako galdutako gizagaixoak. Edonola ere, ez zitzaidan iruditu balizko zigor baten beldurrak mutututako ustezko lekukoak zirenik.
Hartara, Jean-Noel/Dimitriren bertsioa baino ez dut nire zorigaitzaren azalpen gisa. Eta susmoa, ez zela istripurik izan.
Modu batez edo bestez izan, kontua da istripuaren ondorioz gerritik behera ezinduta nagoela.
Egun luzeak eman nituen ohetik ia mugitu gabe. Telebistari begira eta ezer ikusi gabe. Lehen egun haietan jateko gogorik ez nuen. Irakurtzeko gogorik ez nuen. Idazteko gogorik ez nuen. Bizi nintzen, gogogabetuta.
Hobera egin ahala, oheburuko mahaian eskura jarri zizkidaten nire kaierak irakurriz osatu nituen Istripu Handiaren ondorioz lausotuak nituen ordura arteko ospitaleko egonaldian bizi izandako gertaerak.
Ikustera etorri zitzaizkidan abokatuei esan nien ez nuela gogoratzen istripua nola gertatu zen. Nekatuegi nengoen Jean-Noeli buruz hitz egiten hasteko. Ordura arte inori ezer esan gabe, etxartean ustez DSTkoa zen kide batekin ibilia nintzela azaltzeari korapilatsuegi neritzon. Egunkarietako idazpuruak irudika nitzakeen hari buruzko aipamen txikiena egin izan banie: «Euskal preso politiko baten aurkako erasoa. Frantziako zerbitzu sekretuak nahastuta egon daitezke». Edo okerrago, nire izen abizenak nabarmenduz argitara zezaketen berria.
Xabierren berri ere ez nien eman. Zer esan behar nien, 36-37ko gerrako gudari batekin topo egin nuela ospitalean? Eta hain zuzen ere nire istripuaren bezperan desagertu egin zela? Erotzat hartuko ninduten, zalantzarik gabe. Ulertzekoa izango zena.
Okerrago ere izan zitekeen. Dimitriren eta Xabierren berri emanez gero, istripuaren ondoriozko buru-kalteari egotz ziezaioketen guztia eta aurrerantzean nire hitzek sinesgarritasun guztia galduko zuten, eta aurrerantzean berriro ere literaturaz burua betea zuen ñoñostiar kultureta progrea izango nintzen denen begietara.
Suspertzen hasi nintzenean senideen bisita baimendu zuten medikuek. Oraindik ohean banentzan ere, nire aldarte ona erakusteko indar egiten nuen haiek etortzen zitzaizkidanean. Hasieran elkar besarkatu eta bizi nuen egoera tamalgarriagatik negar egin genuen arren, beti bezain esperantzatsu nengoela ikusarazten nien, baikor nintzela azaltzen nien, medikuen arabera elbarritasuna ez zela behin betirakoa eta borondate handiz eta ariketa etengabez agian berriro ere lortuko nuela «nire burua gobernatzea». Nire zangoen erabilera berreskuratzeko aukerarik bazegoela sinetsarazi nahi nien. Nik ere hala sinetsi nahi baitut, ez nagoela betirako gurpil-aulkiaren erroberei kateatuta.
Baina orduan artean zulo bel-beltzean bekainetaraino sartuta nengoen, eta ikustaldira etortzen zitzaizkidanek alde egiten zutenean nire ezintasuna biderkatu egiten zen: ezin nintzen mugitu! Ezin nuen ezer egin! Eldarnioa izan zedin nahi nuen, begiak ireki eta etxean esnatuko nintzela sinetsi nahi nuen.
Jasotzen nituen gutunak erantzun gabe uzten nituen. Batzuk ireki gabe. Lehen, jaso ahala erantzuten banituen, nire egoera fisikoak txarrera egin arau hasi nintzen atzerapenez erantzuten. Hanka apurtu nuenean astebeteko atzerapenez erantzuten hasi nintzen. Gero, hurbilenekoei baizik ez nien erantzuten. Senideei, lagun-minei, kartzelako burkideei eta besteei ez erantzuten hasi nintzen arte. Ondorioz, jasotzen nuen posta kopurua hein berean murriztu zen. Presozainak, egunkariak eta lagunek harpidetu ninduten aldizkariak baino ez ekartzeraino murriztu ere. Inork moztu gabe, neronek utzi nuen usteltzera kanpoko munduarekiko zilbor-hestea.
Haurra amagandik bereizten denean kanpoko mundura jaiotzen bada, ni harrezkero, kanpoko munduarekiko zilbor-hestea etenda, barne munduaren oskolera bildua nintzen.
Egunkariak eta aldizkariak jaso bezala uzten nituen, banaketa-enpresak igorri bezala, plastikozko zorrotik atera gabe, bazter batean pilatuta, biharamunean OLTak zaborrarekin ateratzeko.
Albisteen orduan telebista hotsik gabe uzten hasi nintzen. Irudiei begiratzen nien, esatariaren ezpainak irakurtzen nituen. Zentzugabeak iruditzen zitzaizkidan irudiak, niretzat jadanik ez zegoen mundu baten irudi birtualak. Esatarien hazpegiak aztertzen nituen, noiz irri, noiz serio, beren aldartearen arabera hurrengo berria zeri buruz izango zen asmatzera jolas eginez. Antzezle apartak zirela ebatzi nuen. Azkenean, telebistaren alokairua ordaintzeari utzi nion, eta pantaila ilunean Munduaren leihoa zioen afixa bat kolatzeko eskatu nion Christopheri.
Irratian musika besterik ez nuen entzuten. Pilak ahitu zitzaizkidan arte. Ez nituen ordezkoak erosi.
Ospitaleko gelako isiltasuna maitatzen ikasi ninan. Begiak itxita, inora ez ninderaman espazio ontzi edo urpeko ontzi batean nengonan. Musikarik gabeko Espazioko Odisea edo Nemo kapitaina. Nor nintzen ahazten saiatzen nindunan. Arnasa sakon hartuz eta poliki-poliki botaz, bizia zango hebainduetan behera behatz punta sorgorretaraino irits zedin saiatuz. Ozeanoaren hondo abisalean murgiltzen nindunan, nik bakarrik ikusten nituen munstroz, pertsonaiez eta paisaia ilunez inguraturik.