Aurkibidea
Badakin?, ospitale honetara etorri nintzenean...
Ez zaidan iruditzen ospitaleekiko dudan arbuio jarrerak...
Beldurra, eragile handi, esan ohi zidanan Xabierrek...
Ez zaidan iruditzen, duela ia hiru urte kartzelan sartu gintuztenean...
Nire egoeraren eta hemen gertatu zaizkidanen berri emateko asmoz...
Duela urtebete pasatxo izango zunan...
Gaua dun. Bero hezea egiten din...
Iragan ez hain urrun haren ordezko mozorrotua...
Ospitalearen zuritasuna hilerrien belztasunaren aurrekari begitantzen zaidan...
Ospitale honetan ezagutu ditinat borondatezko bezeroak...
Sudurreko operazio hari itzuri egin eta urtebetera...
Gauetik egunera, kartzelan sartu-eta...
Amak ezkaratzera lagundu gintinan...
Haurtzaroko hausnarketak eten zizkidanan ateko zaratak...
Beti iruditu zaidan susmagarri mediku eta erizainen adeitasuna...
Xabierrek eta biok elkar ezagutu genuen egun hartan...
Xabier ezagutu nuen egun hartan gelara iristean...
Operazio osteko krisialdia gaindituta...
Galderak egiten zizkidanan Xabierrek...
Bederatzi urte izango nitinan...
Ezkerreko hanka hautsi eta makuludun nintzenez geroztik...
Xabierrek ere ez zinan sinesten, noski...
Hona iritsitakoan, asmatutako nire jaiotzari buruzko kontakizunak...
Larrialdi gelatik atera eta gela berri batera eraman ninditenan...
Elbarri gelditu naizenez geroztik...
Christophek nire aldartea alaitzeko...
Elbarritu ostean aldatu ninduten gela honek...
Ohean etzanda eskuin eskuko erdiko hatzari begira...
Ohiko Diazepam eta Myolastan gaindosiak eragindako loalditik...
Elbarritu nintzenez geroztik Fred eta Veronique batera...
Hodeiertzari begira egoten naun...
Etsaiek nolako etorkizuna apailatu diguten bazakinat...
Aurkibidea
Badakin?, ospitale honetara etorri nintzenean...
Ez zaidan iruditzen ospitaleekiko dudan arbuio jarrerak...
Beldurra, eragile handi, esan ohi zidanan Xabierrek...
Ez zaidan iruditzen, duela ia hiru urte kartzelan sartu gintuztenean...
Nire egoeraren eta hemen gertatu zaizkidanen berri emateko asmoz...
Duela urtebete pasatxo izango zunan...
Gaua dun. Bero hezea egiten din...
Iragan ez hain urrun haren ordezko mozorrotua...
Ospitalearen zuritasuna hilerrien belztasunaren aurrekari begitantzen zaidan...
Ospitale honetan ezagutu ditinat borondatezko bezeroak...
Sudurreko operazio hari itzuri egin eta urtebetera...
Gauetik egunera, kartzelan sartu-eta...
Amak ezkaratzera lagundu gintinan...
Haurtzaroko hausnarketak eten zizkidanan ateko zaratak...
Beti iruditu zaidan susmagarri mediku eta erizainen adeitasuna...
Xabierrek eta biok elkar ezagutu genuen egun hartan...
Xabier ezagutu nuen egun hartan gelara iristean...
Operazio osteko krisialdia gaindituta...
Galderak egiten zizkidanan Xabierrek...
Bederatzi urte izango nitinan...
Ezkerreko hanka hautsi eta makuludun nintzenez geroztik...
Xabierrek ere ez zinan sinesten, noski...
Hona iritsitakoan, asmatutako nire jaiotzari buruzko kontakizunak...
Larrialdi gelatik atera eta gela berri batera eraman ninditenan...
Elbarri gelditu naizenez geroztik...
Christophek nire aldartea alaitzeko...
Elbarritu ostean aldatu ninduten gela honek...
Ohean etzanda eskuin eskuko erdiko hatzari begira...
Ohiko Diazepam eta Myolastan gaindosiak eragindako loalditik...
Elbarritu nintzenez geroztik Fred eta Veronique batera...
Hodeiertzari begira egoten naun...
Etsaiek nolako etorkizuna apailatu diguten bazakinat...
Noizean behin izaten genitinan hizketaldi gatazkatsu horietako bat izan genuen egun batean ikusi ninan Xabier azken aldiz. Bere berririk ez dinat geroztik, eta berriro inoiz izango dudan esperantzarik ere ez zaukanat.
Eztabaida hura izan genuen egun haren biharamunean joan nintzaion adiskidetzeko asmoz. Idatzi berri nuen poema bat irakurri nahi nion. Aberriaz eta aberriaren defentsaz mintzo zen, askatasunean bizitzearen esanahiaz ere ari zen, norberaren askatasunaz. Norbanakoa aske izan gabe, herria askatzerik ez zegoela azaltzen nuen, Xabierrek ulertzeko modukoak zirela irizten nien bi metaforaren bidez. Esperantza nuen beste ezeri baino gehiago ikurrinaz eta iskiluez ari nintzen zatiari erreparatuko ziola, oniritzia emango ziola poemari eta, bezperako kalapita ahaztuta, berradiskidetuko ginela.
Ez zen lehen aldia literatura baliatzen nuena Xabierrekin berradiskidetzeko. Beste batzuetan, haserrealdirik tarteko ez bazen ere, aurrez aurre azaltzeko gai ez nintzena idazkien bidez adierazten nion. Ahoz baino hobe moldatzen naiz idatziz, dudarik gabe.
Xabierren gustuko idazkia zenean, haren laudoriozko hitzak bihurtzen ziren nire zorigaitzen eta minen ukendu, beste edozein pilula lasaigarri edo artatze saio baino gehiago.
Bi makuluen gainean nenbilenez geroztik hazi egin zen nire idatzi-ekoizpena. Hanken erabilera baldartu ahala eskuarena azkartu bailitzait. Eskuin eskuaren ekite tai gabearekin ezkerreko hankako mina arindu nahi banu bezala.
Atxilotu aurretiko ohiturak berreskuratuz, ordu txikietan lanean hasi nintzen. Gaueko zaintze txandetakoen urratsak nabaritzen nituen korridorean, gela bakoitzeko argi etengailuaren kliskak entzuten nituen, argiak esnatutako eriren baten purrustada. Nire gelaren aurretik pasatzean, alferrik pizten zuten gaueko zaintze argia, piztua izaten bainuen mahai argia. Ateari bizkar emanda idazten jarraitzen nuen presozainei jaramon egin gabe, ateko beiran kax-kax jotzen zidatenean ere. Itzuli gabe «zoazte zuen arratoi zuloetara» murmurikatzen nuen.
Gosalduko banuen goiz jaiki behar izaten nuen, ordea, gosarikoak jasotzera. Gainera, gela txukuntzera etortzen zitzaizkidanez, ezin nuen berandu arte ohean gelditu. Lo gutxiaren eragina nabaritzen hasi nintzen. Eta ariketa fisikorik ez egiteak sortutako nagia ere gailentzen hasi zitzaidan gorputzean.
Banekien eskuin eskuko erdiko hatzaren berreziketa bukatu ahala ezkerreko hankakoarenari ekin beharko niola. Beraz, hasieran hilabeterako aurreikusitako egonaldia luzatu egin beharko nuen, ezinbestean, auskalo zenbat denbora gehiagoz. Puska baterako nengoen ospitalean bai.
Armiarma sarean harrapatutako euliak bezala, alferrik astintzen nituen nik ere hegoak. Armiarma beste norabait joanda zegoen nonbait, artean ez zitzaion iritsi nire hegalada baldarren herio dei patetikoei erantzuteko ordua.
Idazten nuen minak arintzeko, bai. Idazten nuen adiskidetasuna lantzeko ere. Baina batez ere ahanzteko idazten nuen orduan. Non nengoen eta nola nengoen ahanzteko. Eta idazten nuen gogoratzeko, zergatik nengoen kartzelan, haurtzaroaz oroitzeko, nerabezaroaz, gaztaroaz. Eta idatzi ezin zirenak oroitzen nituenean, hitz eta esaldi eta kontakizun korapilatsuenen sasien artean ezkutatzen saiatzen nintzen.
Idazten nuen horixe nintzela sinesten nuen batzuetan. Eta iruditzen zitzaidan, idazteari utziz gero ezerezaren unibertsoan edo ospitaleko korridoreetako anonimotasunean desagertuko nintzela betirako, beste preso bat, beste gaixo bat besterik ez bihurtzeraino; Xabier bezala ikusezin bihurtzeraino.
Atxilotuz geroztik asko idatzi nuela ohartu nintzen. Idatzitakoari begiratzen nion hitz horiek guztiek zertarako balio zezaketen gogoeta eginez. Sartuta geunden labirintotik ateratzeko gure Ariadna izan bazitezkeen bederen. Edota etorkizunean, norbaitek irakurtzeko astia hartuz gero, egindako bidearen eta borrokaren lekukotza emateko balioko zuten.
Batetik, denbora tarte horretan idatzi eta jaso nituen gutunen zerrenda osatua nuen (gutun bakoitza igorritako dataren ondoan, nori idatzia zen eta zertaz aritu nintzaion aipatzen nuen); bestetik, eguneroko zertzeladak aipatuz, eguraldiaren berri emanez, irakurritako liburuen eta ikusitako filmen zerrendekin betetako kaier mordoa ere banuen metatuta.
Bestetik, eguneroko gertakari aipagarrien berri kodeen bidez ematen zuten eskuz egindako egutegitxoak eta ikasle-tutoreek igorri eta jadanik inoiz irekitzen ez nituen unibertsitateko apunteen fotokopien berridazketarekin betetako karpeta koloredunak nituen pilatuta. Interesgarri iruditzen zitzaizkidan idazleen aipuez kaier eder bat nuen osatua.
Azkenik, egunkarietako berri eta iritzi artikuluen mozketa eta bakoitzari buruz otutako iruzkinekin karpeta-sailkatzaile potolo-potolo bat betea nuen ordurako.
Espetxeratu nindutenetik idatzi gabeko egun bakar bat ere ez zela egon ohartzen nintzen. Kartzelan, idaztea niretzat arnas egitea bailitzan.
Eta gero eta egoera fisiko kaxkarragoa orduan eta gehiago lotzen nintzaion idazketari. Eta ezin asmaturik nago hari honek noizbait irteerarako bidea erakutsiko didan edo kontrakoa gertatzen ari zaidan, alegia, ez ote ari naizen labirintoaren irteeratik gero eta gehiago urruntzen.
Ez naiz inoiz ziegatik ateratzen boligrafoa eta papera aldean eraman gabe. Kartzela-lekualdatzeetan, ur botila bezain garrantzitsua izaten nuen idaztekoak ez ahaztea. Kartzela berri batera iristen nintzen bakoitzean, arrivants-en atalean bakartuta, sarrera-miaketan boligrafoa eta papera kendu bazizkidaten, ez nuen etsiko kartzelazainak idazteko beharrezkoak ekarri arte.
Preso batzuentzat telebista gabeko arrats bat jasanezina zen neurri berean izan zitekeen jasanezin niretzat buruan nerabilzkienak ezin idatzi ahal izatea, idatziko ez banitu buruak eztanda egingo lidakeen beldur nintzen, nire bizitzaren pasarte bat aienatuko litzatekeela iruditzen zitzaidan.
Xabierrenera nindoan korridorean aurrera, poliki-poliki. Lauoindun bihurtu nintzenetik niganako zaindaritza asko lasaitu zen eta askatasun handiagoz ibil nintekeen nire estaian. Patrikan neraman poema, lautan tolestua. Azken ekoizpen literarioa neramakion nire irakurle zorrotzenari, gure berradiskidetzea helburu.
Bere gelaren parera iritsita makuluaz bultzatu nuen erdi irekita zegoen atea. Guztiz zabaldu aurretik nabaritu nuen gelaren hustasuna. Han ez zegoen agure usainik, ez tabako usainik ere. Garbiaren eta desinfektatu berriaren usain tristeak bete zizkidan sudur-zuloak.
Hutsik zegoen Xabierren gela. Hutsik zegoen bere besaulkia. Ohean ez zegoen bere hexur hauskorrek eta haragi zimelek osatzen zuten muinotxoa. Gelako erdi-ilunean, zimurren artean ñirñir egiten zuen begiradarik ez nuen aurkitu. Ez ninduen atsotitz edo zirto batekin agurtu. Adibidez:
— Gaixo txarrentzat sendagile onik ez, konpai.
— Min gutxi, trapu asko, tovaritx —erantzungo niokeen berari plazer egiteko.
Eta berak, ez nuela hain erraz bigunduko eta nire zorigaitzarekin ez zela kupitzen erakusteko edo, gehituko luke:
— Besteen minak ez du inor gaixotzen, gaxte —ahots doinu zorrotzena erabiliz.
Eta nik, bere irakaspenak ongi baliatu nituela ikusarazteko erantzungo niokeen:
— Ez, jauna ez, baina badakizu besteren minak ez duela negarrik.
Atsotitzaren zentzua ez nuela ulertu eta errieta egingo zidakeen orduan. Nik arrazoi emango niokeen, eta bere egoa aski puztuta zegoela ikusiko nuenean erakutsiko nion egun hartako idazkia, gela hutsik aurkitu nuen egun horretan patrikan neraman poema erakutsi asmo nion bezala.
— Xabier... —xuxurlatu nuen, nahiz eta ordurako zalantzarik ez nuen Xabierrik ez zegoela bertan.
— Xabier! —berriro ahapeka, etsitzear.
Jadanik banekien ez zegoela aurreko aldi hartan bezala ohe azpian ezkutatuta.
Elkar ezagutu berri genuen lehen egunetako batean, gela hutsik zegoela iruditu eta nirera itzultzekotan nengoela hots egin zidan burua ohe azpitik ateraz, hatza ezpainetan jartzen zuela:
— Xxxxxt! Hator hona! Azkar!
Ohe azpian baino lokatzetan itotako lubaki batean zegoen Xabier, eskuez heltzen zion buruari, alde batera eta bestera biratuz, urduri, berrogeita hamar kiloko bonbak noiz eroriko zain.
Makurtu eta zalantzati bere ondora egin nuen, arrastaka. Eskutik oratu zidan sendo; beti harritzen ninduen hezur-garro horietan zuen indarrak. Bion sabelek lur hotza musukatzen zuten. Erdi zabalik utzi nuen ateari begira geunden.
Ustekabean, bere marradun pijamaren gainaldeko bi botoi askatu zituen eta kaier bat atera eta ireki zuen. Inurri idazkera sarri-sarri batez betea zegoen, alboetan tarte zuririk utzi gabe ia.
— Hau duk nire egunerokoa, Mikel. Niri zerbait gertatzera hik gordetzea nahi diat. Hik jakingo duk zer egin, nik baino hobeto. Bazauzkaat koaderno gehiago, baina ez ditiat denak batera emango. Hau salbu dagoenean emango diat hurrengoa.
Bonbardaketa amaitutzat eman zuenean atera ginen ohe azpitik. Aurrena pixa egitera lagundu nion, eta ondoren ohera sartzen, hoztuta baitzegoen agurea.
Kaiera aldean neramala itzuli nintzen gelara. Gainbegiratu azkar baten ostean, Xabierren gaztaroko idazkiak deskubritzeko jakin-minik gabe eta inurri idazkera hori deszifratzeko gogorik gabe, hark eskatu bezala, nola edo hala ezkutatu nuen bere altxorra nire kaier eta liburuen artean, eta han gelditu zen, ahaztuta.
Xabier desagertu zen egunean, nola hala makurtu nintzen eta, ziurtatzearren, kontu handiz makuluetako bat sartu nuen ohe azpian. Hutsik zegoen lubakia.
Harrituta, Xabierren gela hutsaren erdian nengoen atean erizain bat agertu zenean.
— Vous cherchez quelqu'un?
— Xabier.
— Xabier, qui?
Ez nekien. Bere abizenik ez bainion inoiz galdetu. Ez nuen adorerik Xabierren deskripzioa egiten hasteko. Xabier hil egin zela entzuteko beldur nintzelako, agian. Xabierrez galde eginez gero ez ote nintzen gu bion arteko sekretua saltzen ari beldur. Edonola ere, ez nintzen ausartu inori Xabierren berri ematera; ez nintzen bere bila hasi. Bertan behera utzi nuen.
— Non, personne.
Ez nabil inoren bila, esan nion erizainari, eta presozainak azaldu aurretik nire gelara itzuli nintzen, nire hanka hautsiak eta bi makuluek uzten zidaten bezain azkar. Xabierren desagerpenagatik kezkati eta triste eseri nintzen, leihora begira. Hotzikara sentitu nuen, Xabierren babesik gabe zernahi gerta lekidakeela sumatu bainuen.