Ospitalekoak
Ospitalekoak
2010, nobela
240 orrialde
978-84-92468-18-8
azala: Lander Garro
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2015, poesia
2012, nobela
1987, ipuinak
1985, antzerkia
1984, ipuinak
Ospitalekoak
2010, nobela
240 orrialde
978-84-92468-18-8
aurkibidea

Aurkibidea

Badakin?, ospitale honetara etorri nintzenean...

Ez zaidan iruditzen ospitaleekiko dudan arbuio jarrerak...

Beldurra, eragile handi, esan ohi zidanan Xabierrek...

Ez zaidan iruditzen, duela ia hiru urte kartzelan sartu gintuztenean...

Nire egoeraren eta hemen gertatu zaizkidanen berri emateko asmoz...

Duela urtebete pasatxo izango zunan...

Gaua dun. Bero hezea egiten din...

Iragan ez hain urrun haren ordezko mozorrotua...

Ospitalearen zuritasuna hilerrien belztasunaren aurrekari begitantzen zaidan...

Ospitale honetan ezagutu ditinat borondatezko bezeroak...

Sudurreko operazio hari itzuri egin eta urtebetera...

Gauetik egunera, kartzelan sartu-eta...

Amak ezkaratzera lagundu gintinan...

Haurtzaroko hausnarketak eten zizkidanan ateko zaratak...

Beti iruditu zaidan susmagarri mediku eta erizainen adeitasuna...

Xabierrek eta biok elkar ezagutu genuen egun hartan...

Xabier ezagutu nuen egun hartan gelara iristean...

Operazio osteko krisialdia gaindituta...

Bederatzi urte izango nitinan...

Noizean behin izaten genitinan hizketaldi gatazkatsu horietako bat...

Ezkerreko hanka hautsi eta makuludun nintzenez geroztik...

Xabierrek ere ez zinan sinesten, noski...

Hona iritsitakoan, asmatutako nire jaiotzari buruzko kontakizunak...

Larrialdi gelatik atera eta gela berri batera eraman ninditenan...

Elbarri gelditu naizenez geroztik...

Christophek nire aldartea alaitzeko...

Itxi dinat kaiera...

Elbarritu ostean aldatu ninduten gela honek...

Ohean etzanda eskuin eskuko erdiko hatzari begira...

Ohiko Diazepam eta Myolastan gaindosiak eragindako loalditik...

Elbarritu nintzenez geroztik Fred eta Veronique batera...

Hodeiertzari begira egoten naun...

Etsaiek nolako etorkizuna apailatu diguten bazakinat...

Arratsaldeko seietan atea ixten didatenean...

Istripu Handia baino lehen...

Erosi: 17,57
Ebook: 3,12

Aurkibidea

Badakin?, ospitale honetara etorri nintzenean...

Ez zaidan iruditzen ospitaleekiko dudan arbuio jarrerak...

Beldurra, eragile handi, esan ohi zidanan Xabierrek...

Ez zaidan iruditzen, duela ia hiru urte kartzelan sartu gintuztenean...

Nire egoeraren eta hemen gertatu zaizkidanen berri emateko asmoz...

Duela urtebete pasatxo izango zunan...

Gaua dun. Bero hezea egiten din...

Iragan ez hain urrun haren ordezko mozorrotua...

Ospitalearen zuritasuna hilerrien belztasunaren aurrekari begitantzen zaidan...

Ospitale honetan ezagutu ditinat borondatezko bezeroak...

Sudurreko operazio hari itzuri egin eta urtebetera...

Gauetik egunera, kartzelan sartu-eta...

Amak ezkaratzera lagundu gintinan...

Haurtzaroko hausnarketak eten zizkidanan ateko zaratak...

Beti iruditu zaidan susmagarri mediku eta erizainen adeitasuna...

Xabierrek eta biok elkar ezagutu genuen egun hartan...

Xabier ezagutu nuen egun hartan gelara iristean...

Operazio osteko krisialdia gaindituta...

Bederatzi urte izango nitinan...

Noizean behin izaten genitinan hizketaldi gatazkatsu horietako bat...

Ezkerreko hanka hautsi eta makuludun nintzenez geroztik...

Xabierrek ere ez zinan sinesten, noski...

Hona iritsitakoan, asmatutako nire jaiotzari buruzko kontakizunak...

Larrialdi gelatik atera eta gela berri batera eraman ninditenan...

Elbarri gelditu naizenez geroztik...

Christophek nire aldartea alaitzeko...

Itxi dinat kaiera...

Elbarritu ostean aldatu ninduten gela honek...

Ohean etzanda eskuin eskuko erdiko hatzari begira...

Ohiko Diazepam eta Myolastan gaindosiak eragindako loalditik...

Elbarritu nintzenez geroztik Fred eta Veronique batera...

Hodeiertzari begira egoten naun...

Etsaiek nolako etorkizuna apailatu diguten bazakinat...

Arratsaldeko seietan atea ixten didatenean...

Istripu Handia baino lehen...

 

 

Galderak egiten zizkidanan Xabierrek. Hik, senideek, adiskideek edota burkide presoek igorritako gutunetan zeren berri ematen zenidaten, adibidez. Berak ez zinan-eta inoren gutunik jasotzen. Ez zinan ere egunkaririk irakurtzen. Sudokuak egitea maite zinan ordea, eta nire egunkarietatik mozten nitinan denbora-pasa orrialdeak berari emateko.

        Ez zuen telebistarik alokatzen. Ni nintzen Xabierrek munduarekiko zuen zilbor-heste bakarra. Alabaina, ikuspegi kritiko oso zorrotza zuenez, ez zituen besterik gabe irensten esaten nizkionak. Astebete lehenago jakinarazi nion berriren bati buruzko desadostasuna azaltzen zidan ezustean, garuneko errotan berria ongi murtxikatu eta gero. Hausnarkariek urdaila nola, berak garuna berdin sailkatua zuela esaten nion txantxetan.

        — Txorakeria galanta esan hidan lehengoan, Mikel!

        Eta Georgia eta Errusiaren arteko gatazkari buruz esandakoak zergatik ziren txorakeriak arrazoitzeari ekiten zion. Alferrik izango nuen Komiternaren garaiak aspaldi bukatu zirela oroitarazten saiatzea.

        — Mekaguenrusia, Mikel! Ez sinetsi pepelerdo horiek esandako guztia! Kontuak askoz argiagoak dituk: aberatsak eta pobreak! Jabeak eta esklaboak! Gu eta haiek! Euskaldunak eta espainolak!

        Eta nik, xaxatzeko:

        — ... eta frantsesak ere bai, Xabier.

        Eta berak, ni amorrarazteko:

        — Vive la République, Mikel! Garai bateko galeno gabatxoak, horiek bai galenoak!

        Gelatik sekula ateratzen ez zenez, etxartean norekin elkartzen nintzen jakin nahi izaten zuen, eta ezagun berrien ezaugarriak ezagutu ahala nori kontu egin ohartarazten zidan.

        Gelan nengoenean zertan aritzen nintzen jakin nahi izaten zuen: telebista asko ikusten ote nuen, zein liburu irakurtzen nuen, ezer idazten ari ote nintzen, kirol ariketak egiten ote nituen.

        Dana ez da jana, sano behar da ere gorputza Mikel! Ez ahaztu!

        Izaten zituen egun txarrak, eta orduan sesioa bilatzen zuen. Ez dakit zergatik egiten zuen hori, aspertzen zelako izango zen, segur aski. Elkarrizketa bide onetik eramaten saiatzen nintzen arren, petraldu egiten zen Xabier. Erretzeari utzi berri dionaren umore erretxina ateratzen zuen horrelakoetan.

        — Zertan ari haiz orain, Mikel?

        — Idazten.

        — Zer baina, Mikel?

        — Zerbait; ez dakit xuxen.

        — Idazten ari haiz baina ez dakik xuxen ari ote haizen. Horiek txoriburuen denbora-pasa txatxuak dituk, Mikel.

        Esaldi bakoitzaren bukaeran «Mikel» esaten zidanean, malo. Banekien ekaitza izango genuela barkua ondo gobernatzeko gai ez banintzen, Xabierrek prestatzen zizkidan amarruei itzuri egiteko gai ez banintzen.

        — Koaderno handi bat daukat eta bururatzen zaizkidanak idazten ditut hor. Batzuetan nire burutazioak dira, besteetan gertaerak, gure arteko elkarrizketak ere bai, zuk kontatzen dizkidazun gertakizun interesgarriak nire erara moldatuak. Badakizu, literatura.

        — Eta zertarako idazten duk, jakin baliteke, Mikel?

        Bazetorren, bazetorren, zezena bezala, xuxen-xuxen, nire izterra adarkatzera. Ez nuen erantzun azkarrik aurkitu. Begira gelditu nintzaion.

        Begira gelditu zitzaidan, erantzunaren zain. Presarik ez zuela adierazten zuen aurrera eta atzerako balantzatxoa eraginez buruari. Irribarretxo gaixto hura ezpain fin-finetan okertuta.

        «Kalapita nahi duk?», pentsatu nuen, «izango duk bada, ez diat nik atzera egingo oraingoan! Abant, Pellot!».

        — Maite dut idaztea. Idazten hasten naizenean, ilunpean dagoen mundu bat argitzea bezalakoxea da, lehenago ez zegoen mundu bat sortzea. Maite dut nire gogoan sortzen diren istorio eta munduak besteei eskaintzen saiatzea, nik buruan dudana besteei helarazten saiatzea.

        — Eta horrek zertarako balio dik, Mikel?

        — Ez du ba balioko? Balio du noski! —protesta egin nion, argudiorik topatu gabe eta gila arroketan sartzen ari nintzela ohartu gabe.

        — Nik ez diat esan baliorik ez duenik, Mikel. Nik galdetu diadana duk ea zertarako balio duen horrek, Mikel.

        Aldi hartan ondo azpimarratu zizkidan bi «Mikel»ak eta «zertarako»a. Bazekien zertan ari zen, agure arraioak.

        — Ez dakit zertarako balio duen xuxen, Xabier —nik ere ondo azpimarratu nuen bere izena; seguruenera horrek erakutsiko zion bide onetik zihoala, amua ondo irentsita nuela—. Ez dakit inori probetxuzkoa izango zaion idazten ari naizena, ez baitakit inork inoiz irakurriko duen ere. Dakidana da niri asko laguntzen didala, gutxienez nire bakardadea uxatzen.

        Xake. Mate hurrengoan. Harrapatu ninduen. Ez zuen berak esan beharrik. Neroni konturatu nintzen. Ezagutzen nuen bere erretolika: indibidualismo burgesa; ikusi ninduen lehen unetik konturatu zela burgeskume bat besterik ez nintzela; jaterakoan bezain mizkina izan behar nuela borroka kontuetan, inoiz borroka zer zen usaintzeko adina adorerik izan banuen, noski, berak zalantzan jartzen zuena nire eskuak begiratze hutsarekin, «aristokrata baten mahaia zerbitzatzeko egokiagoak dituk esku horiek, burdinak hartu eta etsaiari aurre egiteko baino». Eta bukatzeko: «Hik ba al dakik zer den benetako metrailadore bat, Mikel». Nola ez, «benetako» eta «metrailadore» bitan azpimarratuz bezala ahoskatuko lituzke.

        Horrelako zerbaiten esperoan nengoen, bere amarruan berriro ere ondo eroria nintzela ohartuta. Xahartuta zegoelako, bestela halakoetan bere garaipena ospatzeko jaiki eta fandangoa dantzatzen hasteko gai ikusten nuen Xabier. Bere begien dirdirak salatzen zuen garaipenak sortzen zion plazera.

        Ez zuen halakorik egin, ez zuen nire jatorri soziala erabili ni gutxiesteko. Elkarrizketarako zuen bere artearen erakustaldi bikaina eskainiz jarraitu zuen: barkatu zion lepoa erregeari, hurrengo mugimenduan hobeto xehatu eta umiliatzeko asmo hutsez.

        — Baina, Mikel!, ez al haiz hi gudaria? Ez al huke hobe gure herria askatzeko probetxuzko zerbait egitea?

        Nire burua eman nuen. Bera zen irabazle. Ados.

        — Zer egin dezaket, Xabier? Zepoan nago.

        Etsipenezko keinua egiterakoan, nahigabe makuluak erakutsi nizkion. Ez zen inondik ere nire asmoa istripuaz geroztik makuluekin nenbilelako errukia eragitea. Berak horrela interpretatu zuen ordea nire keinu hura. Edo horrela interpretatzea komeni zitzaion, agure petral horri.

        — Horixe, horixe. Hire buruaz kupitu hadi, Mikel. «Zepoan nago». Halakorik!

        — Ez, ez, esan nahi dudana da...

        Hasi nintzen nire esaldiaren esanahia argitu nahian, esan nahi nion ez nengoela etsita, ez nuela nire burua biktimatzat jotzen, makuluen gainean ibili behar izateak ez zuela zerikusirik nire idazteko grinarekin; baina nengoen egoeran, kartzelan alegia, ez nuela probetxuzko gauza askorik egiterik, ez zela lehen bezala, aske nintzenean, gora eta behera nenbilenean, lo egiteko denborarik gabe, arnas egiteko denborarik gabe, ez zela borrokan zoriontsu bizi nintzenean bezala. Gogorra izanagatik egin behar nuena zer zen ongi nekienean bezala. Borroka egun ederren garaietan ez bezala, kartzelan aukera mugatuak nituela.

        — Badakik zer egin dezakean, Mikel. Badakik zer egin behar duan, Mikel —moztu zidan lehor.

        «Badakik zer egin dezakean» esaterakoan «zer» azpimarratu zidan; eta «badakik zer egin behar duan» esaterakoan «behar» hitza zen nabarmendu zidana, letra larriz eta gorriz idatzita baleude bezala entzun nitzan.

        Protesta oro alferrikakoa zela nekien arren, laineza hartutako barruko ahots batek erantzuteko eskatzen zidan, aurre egiteko Xabierri, defendatzeko nirea:

        — Utzi bakean, Xabier! Utz nazazu bake santuan! Zepoan ere ez al dut nahi dudana idazteko eskubiderik. Ezin al ditut nahi ditudan istorioak asmatu eta idatzi? Ezin al dut idaztearen plazera berreskuratu? Hitzak etsigarri, esperantza sortzaile, iraingarri edota hilgarri izango ote diren beldurrik gabe ezin al dut idatzi? Idatzi aurretik, hitz bakoitzaren zama tentu handiz neurtzeko arrazoi bakarra, asmatu dudan kontakizuna irakurleari ahalik eta zehatzen eskaintzeko ardura izatea nahi nuke, ez besterik.

        Baina barru-barruan banekien ez niela hitz horiei nire ahotik ateratzen utzi behar, nire jarrera defendatuko nuela agian, baina ez nuela nire arrazoia aterako horrela. Jarrera neurekoia azpimarratu besterik ez nuela egingo. Eta, gainera, ez zidakeela erantzungo. Erantzunez gero ordura artean galdutako posizioak berreskuratzen has nintekeelakoan. Erantzutekotan batere interesatzen ez zitzaion eztabaidan korapilatu nezakeelako. Ez zidakeen erantzungo, ez. Deabru alaenak bazekien noiz isildu. Bazekien nire purrustadak erantzun gabe uzten zituenean nire buruarekin inoiz baino bakartiago uzten ninduela. Eta betiko mamuek erasotzen nindutela. Babesgabe uzten ninduen Xabierrek halakoetan. Krudela neritzon jokabide horri. Hobe nuen nik ere isilik. Hobe nuen nire sentimenduak ez azaltzea; gero eta etsituago ni, orduan eta gupidagabeago izaten baitzen bera.

        Alferrik nuen nire arrazoiak onar zitzan saiatzea. Nire hiztegian, temoso, setoso, burugogor eta kaskagogor, Xabierren sinonimo ziren. Eta batzuetan krudela eta gupidagabea hitzak ere sinonimo zituen oroimen nahasiko gudari galdu haren izenak.

        Makurrago ere joka zezakeen. Indarrik bazuen oraindik, isildu ordez egurra ematen jarraituko zuen:

        — Ez al huke hobe gure herria askatzeko probetxuzko zerbait egitea?

        — ...

        — Badakik zer egin dezakean, Mikel.

        — ...

        — Badakik zer egin behar duan, Mikel.

        — Xabier, Xabier...

        Hobe nuen makuluak besapetan bermatu eta tiki-taka gelara erretiratzea, egun hartakoak eginda zeuden-eta. Jarraituz gero kapaz baitzen Eusko Gudariak abesten hasteko, bere garaipena sinatzearren. Eta jasotako jipoiaren ondoren hori bai ezingo nukeela jasan, batez ere, bera kantari ari zela, nik irrintzi noiz egin behar nuen eskuaz keinu eginez agintzen bazidan.

        Gelara iritsitakoan, makuluak besaulkiaren kontra bermatuta utzi eta ohean etzan nintzen. Gogogabetuta nengoen ezer egiteko. Idazteko grina noizdanik dudan hausnartzen hasi nintzen.