Aurkibidea
Badakin?, ospitale honetara etorri nintzenean...
Ez zaidan iruditzen ospitaleekiko dudan arbuio jarrerak...
Beldurra, eragile handi, esan ohi zidanan Xabierrek...
Ez zaidan iruditzen, duela ia hiru urte kartzelan sartu gintuztenean...
Nire egoeraren eta hemen gertatu zaizkidanen berri emateko asmoz...
Duela urtebete pasatxo izango zunan...
Gaua dun. Bero hezea egiten din...
Iragan ez hain urrun haren ordezko mozorrotua...
Ospitalearen zuritasuna hilerrien belztasunaren aurrekari begitantzen zaidan...
Sudurreko operazio hari itzuri egin eta urtebetera...
Gauetik egunera, kartzelan sartu-eta...
Amak ezkaratzera lagundu gintinan...
Haurtzaroko hausnarketak eten zizkidanan ateko zaratak...
Beti iruditu zaidan susmagarri mediku eta erizainen adeitasuna...
Xabierrek eta biok elkar ezagutu genuen egun hartan...
Xabier ezagutu nuen egun hartan gelara iristean...
Operazio osteko krisialdia gaindituta...
Galderak egiten zizkidanan Xabierrek...
Bederatzi urte izango nitinan...
Noizean behin izaten genitinan hizketaldi gatazkatsu horietako bat...
Ezkerreko hanka hautsi eta makuludun nintzenez geroztik...
Xabierrek ere ez zinan sinesten, noski...
Hona iritsitakoan, asmatutako nire jaiotzari buruzko kontakizunak...
Larrialdi gelatik atera eta gela berri batera eraman ninditenan...
Elbarri gelditu naizenez geroztik...
Christophek nire aldartea alaitzeko...
Elbarritu ostean aldatu ninduten gela honek...
Ohean etzanda eskuin eskuko erdiko hatzari begira...
Ohiko Diazepam eta Myolastan gaindosiak eragindako loalditik...
Elbarritu nintzenez geroztik Fred eta Veronique batera...
Hodeiertzari begira egoten naun...
Etsaiek nolako etorkizuna apailatu diguten bazakinat...
Aurkibidea
Badakin?, ospitale honetara etorri nintzenean...
Ez zaidan iruditzen ospitaleekiko dudan arbuio jarrerak...
Beldurra, eragile handi, esan ohi zidanan Xabierrek...
Ez zaidan iruditzen, duela ia hiru urte kartzelan sartu gintuztenean...
Nire egoeraren eta hemen gertatu zaizkidanen berri emateko asmoz...
Duela urtebete pasatxo izango zunan...
Gaua dun. Bero hezea egiten din...
Iragan ez hain urrun haren ordezko mozorrotua...
Ospitalearen zuritasuna hilerrien belztasunaren aurrekari begitantzen zaidan...
Sudurreko operazio hari itzuri egin eta urtebetera...
Gauetik egunera, kartzelan sartu-eta...
Amak ezkaratzera lagundu gintinan...
Haurtzaroko hausnarketak eten zizkidanan ateko zaratak...
Beti iruditu zaidan susmagarri mediku eta erizainen adeitasuna...
Xabierrek eta biok elkar ezagutu genuen egun hartan...
Xabier ezagutu nuen egun hartan gelara iristean...
Operazio osteko krisialdia gaindituta...
Galderak egiten zizkidanan Xabierrek...
Bederatzi urte izango nitinan...
Noizean behin izaten genitinan hizketaldi gatazkatsu horietako bat...
Ezkerreko hanka hautsi eta makuludun nintzenez geroztik...
Xabierrek ere ez zinan sinesten, noski...
Hona iritsitakoan, asmatutako nire jaiotzari buruzko kontakizunak...
Larrialdi gelatik atera eta gela berri batera eraman ninditenan...
Elbarri gelditu naizenez geroztik...
Christophek nire aldartea alaitzeko...
Elbarritu ostean aldatu ninduten gela honek...
Ohean etzanda eskuin eskuko erdiko hatzari begira...
Ohiko Diazepam eta Myolastan gaindosiak eragindako loalditik...
Elbarritu nintzenez geroztik Fred eta Veronique batera...
Hodeiertzari begira egoten naun...
Etsaiek nolako etorkizuna apailatu diguten bazakinat...
Ospitale honetan ezagutu ditinat borondatezko bezeroak, ospitale arruntetan egon ohi ez direnak.
Ospitale arrunteko gaixoa bertatik alde egiteko desiratzen dago. Ahal dela bere kabuz eta oinez, senda-agiria jaso ostean. Txarrenean, atarian zain duen taxiraino hurbileko senideren batek bultzatutako nahitaezko gurpil-aulkian.
Aldiz, kartzela-ospitalera etortzea pagotxa izaten da preso arrunt batzuentzat. Errefuxiatzera datoz hona. Kartzela-agintarien eta medikuren baten laguntza behar izaten dute horretarako. Medikuak huskeria bategatik haren ospitaleratzea aholkatzen du aurrena. Ondoren, senda-agiria aspaldi jasotzeko moduan egon arren, kartzela-agintariekiko adostasunez, bertan egoten utziko dute.
Ustezko preso-eri batzuek hilabete luzeak daramatzate bertan. Ustezko eriak, benetako presoak; inolaz ere kartzelako beren ziega-zulora itzuli nahi ez dutenak: kartzela-administrazioak beren salatari lanaren ordaina ospitaleko egonaldiarekin jasotzen dutenak dira batzuk; dibisio arruntean jaso ditzaketen jipoien arriskua ekiditeko isolamenduko hoztasun krudelean baino hemengo anonimotasun goxoan babesten diren bortxatzaileak beste batzuk.
Ahalik eta gehien luzatuko dute egonaldia Moliereren Argan modernook, harik eta gaixotasun larriren batekin iristen den presoren batek beren ohea ezinbestean behar duela-eta lekutzen dituzten arte.
Hemengo pribilegioak ez dira txikiak: egunero dutxatu gaitezke, kartzelako quartier-ean ez bezala. Gainera, ezindu edo ez, OLT batek egunero-egunero garbitzen digu gela, aldatzen zapiak eta izara garbiekin egiten ohea, kartzelako quartier-ean arropa zuriak hamabostean behin eta are hilean behin aldatzen dituzten artean. Zerbitzatzen diguten bazkaria jateko modukoa da, kartzelakoa bezain urria izanik ere. Erizainen presentziak kartzelazainen izaera goxatzen du. Ez digute oihu egiten, kontu handiz ireki eta ixten dituzte morroilorik gabeko ate arruntak. Hau paradisua da batzuentzat. Silence Hôpital.
Beste batzuentzat infernuaren lehen zirkulua da, ordea. Gaixotasun larri baten kausaz hona ekarri dituztenak, bizitza guztirako ezinduak daudenak, gurpil-aulkiari lotuak edo, okerrago, epe labur baten buruan hilko direnak. Batzuetan, bizi arteko kartzelaldi mozorrotura kondenatutakoekin gurutzatzen naiz hemengo korridoreetan eta etxartean. Esaterako, burezurraren atzealdean minbiziak eragindako hamabost zentimetrotako konkorra duen gaztea, gurpil-aulkian baino ezin ibili dena. Gutxienez bi urte badaramatza hemen; laster hilko dela diote. Gerritik behera ezinduta dauden errege eta errege-ordeen artean denetarik dago: aspaldiko elbarriek umoretsu egiten diote aurre beren egoerari. Horietakoa da ordenagailu bidezko iruzurretan parte hartzeagatik atxilotu zuten Erregea. Baina badira ere laurogeitaka urte dituela dirudien agure hori bezalakoak, gurpil-aulkian eserita oxigeno-maskarari eta besoko zainetik xiringa bidez sartzen dieten gazurari lotuta baino biziraun ez dezaketenak, etxartera ezin atera eta promenada ordua kartzela-zaindariek korridoreetan harat-honat ibiliz ematen dutenak.
Ezindu fisikoen ondoan badira etxarteko eserlekuan eguzkitan jarrita itxura osasuntsua dutenak ere. Begiratu batean inolako matxurarik ez dutenak. Ikusezina da haien zauria. Gorputza burdinaz eta porlanaz preso badute, adimena aldiz pilulen espetxean dute sartuta. Haiekin hitz egitea, mundu beldurgarrietan murgiltzea da.
Hona iritsi berritan, zein egoeratan zeuden ikusita, kartzelan zergatik gordetzen zituzten ezin ulertuz, egozten zitzaien izugarrikeria zein izango ote zen asmatu nahian harrapatzen nuen neure burua. Orain, nire ikuspegia aldatu egin dut: erreinurik gabeko errege dira, printzerririk gabeko printze, konderririk gabeko konde. Gainazalean egonagatik ezkutatua den mundu honetako izaki ilunak dira. Beste kode baten arabera antolatuta dagoen hiri bateko biztanleak.
Hor kanpoko munduarentzat ez gara existitzen; egunero La Coupole-n, Boulevard-ean edo Zazpi Kaleetako edozein tabernatan eguerdiko kafetxoa hartzeko ohitura duen hiritar arruntarentzat ikusezin gara, ozeano sakonenetako izakiak bezain. Oroitza bat gara. Urontzian noizean behin ikusten diren arrain arrotzak. Etortzen zaizkigunei ulertzen ez duten hizkeraz egiten diegu. Ez dago hau hitzen bidez ulertarazterik. Eta guri kanpoko munduaren oroitza endekatzen hasten zaigu. Lehendabizi argazki bat bezala finkatzen da, gero koloregabetzen, zuri bihurtzeraino. Ikustera datozkigunak zientzia fikzioko filmetan bezala ezerezetik agertzen dira ikustaldi kabinatxoan.
Pixkanaka-pixkanaka, harea mugikorretan hondoratzen gara, kartzelak irentsi egiten gaitu, bereganatzen gaitu. Kartzelaren arabera bizitzen eta pentsatzen hasten gara, eta esfortzu gero eta handiagoa egin behar izaten dugu hor kanpoko munduarekin komunikatzeko, hor kanpoko mundua ulertzeko.
Hemengo biztanle batzuk naufrago ahantziak direla begitantzen zait, beren gaizkile txostena Justizia Administrazioaren artxibategi erraldoian galdu eta betirako ahaztutako jendea. Min, gorroto eta beldurrezko eraikin honetatik beren kabuz sekula aterako ez diren gizagaixoak.
Buru perlesiak jotako pertsonak behar ditu gaur egungo jendarteak: kontsumitu (ahal den neurrian), ederra izan (edo ederra izatea desiratu) eta ez nahastu bazterrak. Errepresioa eta axolagabekeria dira jendarte antolaketa honetan gehien erabiltzen den txanponaren bi aldeak. Erreboltariari egurra ematen zaio axolagabeen taldera gehitu dadin.
Jendarte antolaketa horren erdigunean kartzela dago. Kartzelak herio kiratsa hedatzen du. Kartzela gabe, horma hauek betetzeko ezinbesteko diren legerik, jujerik, poliziarik, zaindaririk, segurtasun eta armagintza enpresarik gabe hor kanpoko mundua ez litzateke ibiliko. Hemen barrukoa den bezalakoa delako da hor kanpokoa den bezalakoa. Hor kanpokoa den bezalakoa delako da den bezalakoa herioaren aurre-ganbara hau. Hor kanpoan bezala hemen ere ahots loarazle batek une oro diosku: obeditu eta dena ondo joango da; ez hartu erabakirik arazorik izan nahi ez baduzu; alferrik da ezer aldatzea; errebolta oro aldez aurretik galdutakoa da. Xabierrek frantsesei ikasi zien atsotitzak honela dio: pot de fer contre pot de terre.
Etxartera ateratzen garenean gutako bat falta dela ohartzen garenean, ez dugu inolaz ere pentsatzen abokatuak bere akusazio txostenean akats bat topatu-eta ustekabean askatasuna berreskuratu duenik. Badakigu igeri egiteaz nekatu eta hondorik gabeko labar hauetan bere burua botaz desagertu den gutako beste bat dela. Ohe huts bat besterik ez administrazioarentzat. Laster beteko dena, laster beteko dutena. Infernurako treneko eserleku guztiak beti daude hartuta. Norbaitek hartzen du horren ardura hor kanpoan. Ustezko errugabeen kanpoko mundu lauso horretan.