Aurkibidea
Ez zaidan iruditzen ospitaleekiko dudan arbuio jarrerak...
Beldurra, eragile handi, esan ohi zidanan Xabierrek...
Ez zaidan iruditzen, duela ia hiru urte kartzelan sartu gintuztenean...
Nire egoeraren eta hemen gertatu zaizkidanen berri emateko asmoz...
Duela urtebete pasatxo izango zunan...
Gaua dun. Bero hezea egiten din...
Iragan ez hain urrun haren ordezko mozorrotua...
Ospitalearen zuritasuna hilerrien belztasunaren aurrekari begitantzen zaidan...
Ospitale honetan ezagutu ditinat borondatezko bezeroak...
Sudurreko operazio hari itzuri egin eta urtebetera...
Gauetik egunera, kartzelan sartu-eta...
Amak ezkaratzera lagundu gintinan...
Haurtzaroko hausnarketak eten zizkidanan ateko zaratak...
Beti iruditu zaidan susmagarri mediku eta erizainen adeitasuna...
Xabierrek eta biok elkar ezagutu genuen egun hartan...
Xabier ezagutu nuen egun hartan gelara iristean...
Operazio osteko krisialdia gaindituta...
Galderak egiten zizkidanan Xabierrek...
Bederatzi urte izango nitinan...
Noizean behin izaten genitinan hizketaldi gatazkatsu horietako bat...
Ezkerreko hanka hautsi eta makuludun nintzenez geroztik...
Xabierrek ere ez zinan sinesten, noski...
Hona iritsitakoan, asmatutako nire jaiotzari buruzko kontakizunak...
Larrialdi gelatik atera eta gela berri batera eraman ninditenan...
Elbarri gelditu naizenez geroztik...
Christophek nire aldartea alaitzeko...
Elbarritu ostean aldatu ninduten gela honek...
Ohean etzanda eskuin eskuko erdiko hatzari begira...
Ohiko Diazepam eta Myolastan gaindosiak eragindako loalditik...
Elbarritu nintzenez geroztik Fred eta Veronique batera...
Hodeiertzari begira egoten naun...
Etsaiek nolako etorkizuna apailatu diguten bazakinat...

Badakin?, ospitale honetara etorri nintzenean ez ninan uste denbora gutxiren buruan hiltzeko zorian egongo nintzenik. Ez ninan espero ezta ere, bertan berriro jaioko nintzenik.
Nola pentsa nezakeen halakorik, eskuin eskuko erdiko hatzeko lotailu hezur baten hausturaren ondorengo berreziketa egiteko besterik ez bainintzen etorri hona.
Hiltzeko zorian egon eta berriro jaio. Eta bai, bi-biak gertatu zaizkit hemen daramadan denboran. Ez dakit inoiz aterako naizen bertatik, bizirik. Dakidan bakarra da oraindik bizi naizela; berriro ere jaio naizelako.
Nik ez nuen hona etorri nahi. Denek zekiten hori, medikuek, burkideek, senideek, abokatuek... Denak jarri nituen jakinaren gainean, denei esan nien nola gorroto ditudan ospitaleak.
Orain, gertatuak gertatuta, aurreikuspen bat izan nuela esan niezaieke. Sumatzen nuela ospitaleratuz gero nire bizitza arriskuan zegokeela. Edota banekiela desgrazia desgraziaren atzetik gertatuko zitzaidala horma ustez aseptiko hauen artean. Igarria niola etorkizunari prestatua zidan patu hitsa. Ez nintzateke egia esaten ariko, ordea. Ez nuen halako aurreikuspenik izan. Ospitaleekiko dudan arbuio jarrera betidanikoa baita. Jaiotzaz geroztikoa. Horregatik, eta ez beste ezergatik, ez nuen hona etorri nahi. Eta, alde batera, hobe etorri izan ez banintz. Baina, bestetik, etorri izan ez banintz, ez nukeen hirugarren aldiz jaiotzeko izan dudan aukera hau izango.
Berriro jaiotzeak, erditzearen une mingarria jasanda ere, badu alde onik. Izan ere, berriro jaioz gero bizitza zerotik hasteko aukera izaten dugu, iraganeko akatsak eta ukalondo sartzeak ez errepikatzeko aukera. Ospetsuek prentsa elkarrizketetako galdera-erantzun arrunta izan ohi dute berriro jaioz gero bizitza errepikatuko luketela esatea. Beren bizitzaz ez direla damutzen esateko modua dute hori, noski. Niri galdetuz gero, ez nuke gauza bera erantzungo. Betidanikoa baitut errepikapenerako ezintasun moduko bat. Beti egin zait zaila, bigarren aukera izan eta bizi izandakoa berriro errepikatzeko gogo hori agertzen duen jendea ulertzea. Berriro jaioz gero, zertarako bizi jadanik bizi izandakoa? Ez al da hobe beste bizimodu batzuk saiatzea? Egindako erruak errepikatu gabe beste batzuk egiteko arriskua hartzea?
Errepikatzeko dudan zailtasunaren adibide bat: ezinezkoa zait istorio bera bitan berdin kontatzea. Bigarrenez kontatzeari ekiten diodanean aldrebestu egiten zait istorioa: beti asmatzen dut pertsonaia berriren bat; pertsonaia nagusiak lehen esan ez zuen zerbait esaten du; Hego Amerikara ordez Txinara iristen dira protagonistak; hiltzailea errugabetzen dut bertsio berrian; hasieran emakumezkoa zena gizonezko bihurtzen da; hiru anaia zeuden tokian laugarren bat asmatzen dut; semearentzako ipuinetako bidelapurrak pirata bihurtzen zaizkit oharkabean; piratak astronauta eta dinosauroak izaki estralurtar. Hobe dut behin idatzitakoa zuzentzen ez hastea: lerroa zena paragrafo bihurtuko zait orduan, paragrafoa atal, atala... Ez naiz sekula bukaerara iristen. Bukaerara iritsi nahi ez banu bezala. Bukaera hasierarako bidea besterik ez balitz bezala. Amaieran hasten den kiribil-eskailera. Heriotza jaiotza.
Beste adibide bat: amaitu berri dudan antzezlana berrikusterakoan, pertsonaiek beti izango dute zerbait berria aipatzeko, eta horrek korapiloa gehiago estutuko du, eta agertokia hasieran aurreikusita ez zeuden pertsonaiez betetzera behartuta egongo naiz. Idazketa berrosatzen ari naizela, antzerki ekoizlea kexu irudikatzen dut, Euskal Herrian horrelako antzerki lanik ezin dela muntatu, doinu etsiz esanez. Irudikatzen ditut antzezleak purrustaka, bezperako testua zuzentzerakoan bospasei ahapaldi berri txertatu dizkiedala-eta, berriro ere testu guztia buruz ikasten hasi beharko dutelako; irudikatzen ditut atrezzokoak erotu beharrean, dekoratzaileak izerdi patsetan dekoratu berriak egiten; irudikatzen ditut ikusleak lozorroan antzerkia sekula ez delako bukatzen. Edo sekula ez delako hasten.
Ezpata hartzeko tentaldia izaten dut eta zast! gordiar korapilo haren antzera nik sortutakoa askatzeko. Errazagoa da ordea testu osoa hautatu eta edozein tekla zanpatuz dena ezabatzea. Zuri dago berriro pantaila, sorkuntzaren magiaren zain, idatziko dudan lehen hitzaren, lehen hizkiaren esperoan, dardarka, beren bizitzako lehen musua ematear dauden nerabeen antzera.
Hartara, errepikatzea maite ez dudalako, edota ezinezkoa zaidalako, hirugarrenez jaio ondorengo bizitza berri honetan, orain artekoak ez errepikatzeko erabakia hartua dut. Ez errepikatzearena, zentzu batean, nahitaezkoa ere bada, berriro jaio naizen arren, oraingoan ez naizelako amaren umetokitik jaio. Heldua naiz, eta, beraz, horretara jarrita ere ezingo nituzke haurtzaroko, nerabezaroko eta gaztaroko egintzen bertsio hobetuak (edo okertuak) burutu.
Helduarokoak errepikatu nahi izatekotan ere ezinezkoa litzaidake. Orain ospitalean bainago, kartzela-ospitalean.
Eta gurpil-aulkiari lotuta.
Eskuin eskuko erdiko hatzeko lotailu hezurraren hausturaren ondorengo berreziketarako ingresatu nindutenean, gutxi uste nuen gurpil-aulkiari lotuta, gerritik behera ezinduta geldituko nintzenik.
Gutxiago uste nuen, duela bi hilabete iritsi nintzenean, bertan ia hil eta berriro jaioko nintzenik.