Aurkibidea
Badakin?, ospitale honetara etorri nintzenean...
Ez zaidan iruditzen ospitaleekiko dudan arbuio jarrerak...
Beldurra, eragile handi, esan ohi zidanan Xabierrek...
Ez zaidan iruditzen, duela ia hiru urte kartzelan sartu gintuztenean...
Nire egoeraren eta hemen gertatu zaizkidanen berri emateko asmoz...
Duela urtebete pasatxo izango zunan...
Gaua dun. Bero hezea egiten din...
Iragan ez hain urrun haren ordezko mozorrotua...
Ospitalearen zuritasuna hilerrien belztasunaren aurrekari begitantzen zaidan...
Ospitale honetan ezagutu ditinat borondatezko bezeroak...
Sudurreko operazio hari itzuri egin eta urtebetera...
Amak ezkaratzera lagundu gintinan...
Haurtzaroko hausnarketak eten zizkidanan ateko zaratak...
Beti iruditu zaidan susmagarri mediku eta erizainen adeitasuna...
Xabierrek eta biok elkar ezagutu genuen egun hartan...
Xabier ezagutu nuen egun hartan gelara iristean...
Operazio osteko krisialdia gaindituta...
Galderak egiten zizkidanan Xabierrek...
Bederatzi urte izango nitinan...
Noizean behin izaten genitinan hizketaldi gatazkatsu horietako bat...
Ezkerreko hanka hautsi eta makuludun nintzenez geroztik...
Xabierrek ere ez zinan sinesten, noski...
Hona iritsitakoan, asmatutako nire jaiotzari buruzko kontakizunak...
Larrialdi gelatik atera eta gela berri batera eraman ninditenan...
Elbarri gelditu naizenez geroztik...
Christophek nire aldartea alaitzeko...
Elbarritu ostean aldatu ninduten gela honek...
Ohean etzanda eskuin eskuko erdiko hatzari begira...
Ohiko Diazepam eta Myolastan gaindosiak eragindako loalditik...
Elbarritu nintzenez geroztik Fred eta Veronique batera...
Hodeiertzari begira egoten naun...
Etsaiek nolako etorkizuna apailatu diguten bazakinat...
Aurkibidea
Badakin?, ospitale honetara etorri nintzenean...
Ez zaidan iruditzen ospitaleekiko dudan arbuio jarrerak...
Beldurra, eragile handi, esan ohi zidanan Xabierrek...
Ez zaidan iruditzen, duela ia hiru urte kartzelan sartu gintuztenean...
Nire egoeraren eta hemen gertatu zaizkidanen berri emateko asmoz...
Duela urtebete pasatxo izango zunan...
Gaua dun. Bero hezea egiten din...
Iragan ez hain urrun haren ordezko mozorrotua...
Ospitalearen zuritasuna hilerrien belztasunaren aurrekari begitantzen zaidan...
Ospitale honetan ezagutu ditinat borondatezko bezeroak...
Sudurreko operazio hari itzuri egin eta urtebetera...
Amak ezkaratzera lagundu gintinan...
Haurtzaroko hausnarketak eten zizkidanan ateko zaratak...
Beti iruditu zaidan susmagarri mediku eta erizainen adeitasuna...
Xabierrek eta biok elkar ezagutu genuen egun hartan...
Xabier ezagutu nuen egun hartan gelara iristean...
Operazio osteko krisialdia gaindituta...
Galderak egiten zizkidanan Xabierrek...
Bederatzi urte izango nitinan...
Noizean behin izaten genitinan hizketaldi gatazkatsu horietako bat...
Ezkerreko hanka hautsi eta makuludun nintzenez geroztik...
Xabierrek ere ez zinan sinesten, noski...
Hona iritsitakoan, asmatutako nire jaiotzari buruzko kontakizunak...
Larrialdi gelatik atera eta gela berri batera eraman ninditenan...
Elbarri gelditu naizenez geroztik...
Christophek nire aldartea alaitzeko...
Elbarritu ostean aldatu ninduten gela honek...
Ohean etzanda eskuin eskuko erdiko hatzari begira...
Ohiko Diazepam eta Myolastan gaindosiak eragindako loalditik...
Elbarritu nintzenez geroztik Fred eta Veronique batera...
Hodeiertzari begira egoten naun...
Etsaiek nolako etorkizuna apailatu diguten bazakinat...
Gauetik egunera, kartzelan sartu-eta, pertsona desgaituak bihurtzen gaitun. Norbaitek, hizkiekin jolasean, PERTSONA-ren T-a eta N-a kendu: PERSOA; eta R-a eta E-a lekualdatze hutsarekin, beste izaki bat sortu izan balu bezala. Askatasuna galtzen dugun unetik ez gaitun jada lehengoak. Gure zaintzaren ardura dutenengan ikusten dinagu beraientzat pertsona izateari utzi diogula.
Antzinako eta ez hain antzinako esklaboak bezala, espetxeratua ere ez da kalean aske dabilen gizaki arruntaren adinakoa. Horregatik da gaurko jendartean legezko eta zilegi presoa laidotzea eta sufriaraztea, heriotzaren mugan jarriko duen egoeran kokatzea. Eta baita, zergatik ez, sokatik dilindan jarriko duen azken bultzadatxoa ematea.
Luzeegi litzateke hemen xeheki arrazoitzeko baina kartzelan gertatzen diren buru-hilketa guztiak jendarteak manatutako hilketak baino ez dira, hizki larriz idatzi beharko liratekeen hilketak. Hori bai, hildakoak pertsonak ez direnez gero, ezin akusa daiteke jendarte prestua ezein krimen burutu izanaz.
Antzina eta ez hain antzina ere esklabo batek zerri batek baino balio gutxiago izaten zuen. Gaur egun, zenbatetan balioesten da preso baten bizitza?
Atxiloketaren une beretik hasten den halabeharrezko transformazio prozesuaren buruan, bere borondatea zigorraren akuilupean bortxatuz, agindu-eman zale zena esaneko bihurtzen da. Batzuentzat egoeraren itzulikatzea dena, mespretxatzailea mespretxatu eta bortxatzailea bortxatu bihurtzen baitira; beste batzuentzat endekapen prozesua besterik ez da, droga-trafikatzaile handia droga trafikatzaile txiki bihurtuz. Dirudunek, aldiz, beren jendarte maila mantentzea lortzen dute, kanpoarekiko alderatuz txiro diren arren barneko mundu honetan aberats izaten jarraitzen baitute. Hilketaz akusatutakoak begirunez hartzen dituzte bai gainontzeko presoek eta baita presozainek ere. Iruzurtiek beti aurkitzen dute beren gezurrak sinetsiko dituen xaloren bat. Eta atxiloketa unera arte euskal gudari ginenok euskal preso politiko bihurtzen gara.
Preso batek bere buruaz beste egiten duenean, zigilatu egiten dute ordura arte bere bizileku izandako ziega, bere bizi-hobi izandako espazio hertsia. Polizi ikerketarako. Hil arte bertan bizi zena ezagutuz gero, aldiro ikaragarria bezain hunkigarria egiten da ziega aurretik pasatzea.
Cellule bloquée dioen idazkuna erantsi dute nabarmen. Jar zezaketen Requiescat in pace ere. Bakean atseden hartzen ariko denik batere ziurra ez den arren. Batzuetan ziega zergatik ezin den erabili azaltzen dute: pour travaux. Bertan ari direnak ez dira igeltsero eta argiketariak ordea (horiek geroago deituko dituzte agian, herioaren ikustaldi labur bezain eraginkorrak utzitako aztarnak ezabatu behar izatekotan), auzi mediku eta poliziak baizik, berezko arrazoiek eragindako heriotza dela baiesteko mandatuz.
Krimen perfektua baita. Gela kanpotik itxita zegoen, giltzez eta bi morroiloz, atearen goialdean eta behealdean bana. Gainera, leihoa burdin barraz gehi begi sarri-sarridun sarez estalia dago. Ez da inor sartu eta ez da inor atera. Heriotza ordua goizaldeko seiak eta zazpiak artean kokatu du espezialistak, seietako zaintze txandakoek behatze zulotik begiratzerakoan ez baitzuten deus ikusi (ikusi izan balute ere alferrikakoa litzateke, gauez zaindariek ez baitute ziega irekitzeko giltzarik, eta ziega irekitzeko giltza bakarra duen zerbitzuburua iristerako beranduegi zatekeen... beranduegi ere eufemismoa da), eta zazpietan, goizeko deia egiterakoan hortxe zegoen, dilindan, fruitu heldu bat bezala, fruitu ustel bat bezala esango zukeen Barne edo Justizia ministroak, aho bilo gabe mintzatuko balira.
Nork hil du presoa? Denek eta inork ez, Zesar bezala. Denon artean hil dugu, bakoitzak sastakada bat eman dio. Bakar bat ere ez zen hilgarria, baina denek kendu diote bizitza apur bat.
Batzuetan, heriotzaren arrazoi ofizial lasaigarria bilatzen dugu. Ez dugu onartu nahi kartzelak hil duela, gu ere hiltzeko arriskuan gaudela. Preso-zainek, ziegakideak, auzokoak edota zurrumurruak hedatutako zioa lasaitasunez hartzen dugu:
— Azkenaldian ongi zebilen ba! Baina sei hilabeteren ostean emaztea ikustaldira etorri zitzaion atzo eta dibortzioa eskatu zion.
— Azkenaldian pattal zebilen, eta gainera etxarteko kideek haur bat bortxatzeagatik zegoela kartzelan esaten hasi ziren eta ez du jasan.
— Harrigarria da, nik uste nuen sendoagoa zela, hamar urtekoa erori zaiolako buruaz beste egitea ere...
Auzi medikuak ez du inork eragindako biolentzia aztarnarik aurkitu gorpuan, hildakoak bere buruari egindakoaz gain. Auzi medikuek ez dute aldartea arakatzeko gailurik beren poltsan.
Bezperan normal zegoela ziurtatu dute kartzelariek, ez zitzaiola nabari bere buruaz beste egiteko asmorik.
Bestetan, ordea, iragarritako heriotza baino ez da. Zenbat aldiz ohartarazi genituen Dibisioko burua, erizainak, kartzelazainak, gizonak heriotza baino ez zuela buruan? Heriotzaz baino ez zela mintzatzen? Eta hala ere guk ere ez genuen sinesten gerta zitekeenik. Hitzetik ekintzetarako bidea lasterbide dela inork ekidin ez dezakeen ihesbiderantz.
Sendatu asmoz egiten ari zen exorzismo saioan neskato bat hil omen zuen. Neskatoaren sendiak ez zuen salaketarik jarri, ordea. Gizonak, xamanak, ez zuen ulertu nola gertatu zen. Haren gainetik altxatu zenerako deabruak alde eginda zeuden. Neskatoa hilik zetzan, itoa. Basamortuko gizonak ez zuen frantsesez egiten. Sartu berritan ezagutu zutenek nabarmentzen zuten gizonaren gainbehera. Bizarra luzatu ahala burua galtzen joan zen. Azkenean, entzun nahi zuen orori iragartzen zion bere etorkizun hurbila:
— I will die! I will die!
— Be strong! —esaten nion, trakets, adore emateko borondatez.
Moulinseko isolamenduan egarri grebaren infernuan nengoela, behatxulotik so eginda baino ezagutu ez nuen Kamel islamiarrak ate ostetik egunez egun helarazten zizkidan «atxik gogor!» adoretsuen oihartzun apalak.
Buruari eragiten zizkion mugimenduengatik Mp3 gaitzizen krudela ezarri genion gizon hari ingelesezkoek ez zioten emango, noski, niri Frantziaren ipurtzuloan dagoen kartzela haren ganbaran euskarazkoak ateko zirrikitutik entzuteak ematen zidan indarra eta adorea.
Xaman ohia laugarren solairuko ziega batean bakarrik zegoen, baina ziegan mamuz inguratuta igarotzen zituen hogei orduak ingurukoek arintzen zizkioten nola edo hala. Haiei hitz egiten zien, haiei kantatzen zien. Presokideek erantzuten zioten. Bere egoera kaxkarra zela-eta, agintedun burutsuren batek erizaindegitik hurbilagoko ziega batera lekualdatzea hobe zela erabaki zuen arte. Zer gerta ere.
Biharamunean, auzokoen babesik gabe hogeita lau ordu ere egin ez zituenean, kartzela honetan izarekin egin daitekeen ihesbide bakarretik jarri zuen gorputza dilindan.
Krimen perfektua.
Denbora tarte baten buruan ziegako lanak bukatuta, berriro ere erabilgarri egongo da hilobia.
Kartzelatu berritan, segurtasun neurriak aitzakia, hilero-hilero ziegaz aldarazten gintuztenean, ziega berriko atea irekitzen zidaten aldiro burutazio bertsua izaten nuen: nor bizi izan ote duk orain arte hemen? Zeintzuk sufrimenduk zigortu ote ditek bere arima? Bizirik ala hilik atera ote ditek hemendik?
Ospitalera iritsita, gelako atea ireki zidatenean ere, kartzelako ziega arrunten antzik ez zuen arren, gogoeta bertsua egin nuen: zein lokamuts izan ditu nire aurretik gela hau bete duenak? Presozainek gaueko txandetan argia piztuz orduro esnatzen zutenean, haiei oldartzen zitzaien ala barneko munstroen erasoei aurre eginez gaua begia bildu gabe igarotzen zuen?
Gela txukuna eta zabala zen. Ospitale-ohe handi bat zuen ezkerretara, hormaren ondoko gailu botoidun bati esker igo eta jaitsi zitekeena. Ondoan, oheburuko mahaia, tiradera ugarirekin. Besaulki erosoa eta aulki arrunta nituen esertzeko, gaixoei ohetik altxatu gabe jaten emateko mahaitxo bat ere bazen.
Ezker aldean ere, harraska eder bat eta ispilu handi xamarra zeuden. Ispilua ez zegoen harraska gainean, albo batean baizik. Ispilua aurrez aurre jarri ordez eskuinaldean jarri zuenak bizarra egiteko kokagune erosoena bilatzea izango zuen gogoan, noski. Hormatxo baten atzean zegoen komuna, eserleku estalkiduna, kartzelakoak ez bezala. Arropak eskegitzeko tokia eta bi apal zituen armairua ezker horman. Eskuin aldera hormari itsatsitako apalategia. Kartzelatik ekarritako puskak berorietan egokitzeko aski eta sobera nuen.
Gela argitsua. Hormaren zabalera osoa hartzen zuen leihoa sortaldera. Ospitaleko leihoetan ez dago burdin barrarik, kanpoaldea ikusten uzten digun betoi armatuzko erlauntz itxurako egitura baizik, eta kartzelako leihoetako sarearen aldean begi zabal-zabalekoak dira bertakoak. Han ez bezala hemen txoriei ogi papurrak eman diezazkieket.
Atea, ospitaletako ate arrunta; kanpotik giltzaz ixten dena, hori bai. Baina, zorionez, presozainek kartzelako atetzarrak ixten dituztenean presoa hilobi baten barnean dagoela sentiarazten duten morroilorik gabea.
Kartzela-ospitaleko hormen barnean dagoen belardi gozoko parkea ikus nezakeen bertatik. Bi urte luze neraman natura hain eskura ikusi gabe. Omen, aspaldiko ihesaldi saio batez geroztik presoak bertara ateratzea debekatu zuten. Gure ordez ahate talde bat harat-honat zebilen. Zuhaitzetako hosto berdeetan kulunkatu nuen begirada.
Begiak itxi nituen. Bezperako euriteak eguratsean hedatutako lur heze usaina hobeto sentitzeko. Begiak zabaldu nituen gero, belardi distiratsuaren ikusmiran freskatzeko. Denbora askoan sentitutako sentsazio zoragarrienak ziren. Bizirik nengoela esaten zidaten begiek eta usaimenak.
Sartzerakoan nabarmendu ez nuen apalategi zabal bat zegoen leihoaren luzera osoan. Aulkia hartu nuen eta konturatu nintzen lan-mahai ezin aproposagoa nuela. Burua altxa eta parkea ikus nezakeen. Parez pare nituen lizarrondoak eta etxe-orratz bat. Eskuinaldera gizonen kartzelako hiru dibisioak nituen ikusmiran.
«Hortik nator», pentsatu nuen.
Eta gero, «agian hemen berriro ere idazten hasiko naiz».
Hilabete bateko berreziketa neukanan programatuta. Orduantxe bururatu zitzaidanan nire eskuin eskuko erdiko hatzaren berreziketa ez ezik, literaturarako zaletasuna aspaldian galduta zuten beste guztiak ere landu nitzakeela. Dimitriren istorioa idatz niezanakeela pentsatu ninan (geroago gogoratu nindunan Aulkira-Iltzatuarenaz, nire burua haren egoeran ikustean). Nork jakin, agian aspaldian barne munduan giltzapetuta nituen istorioak sortzen hasiko nindunan berriro.
Orduan bururatu zitzaidan, agian ez zela guztiz ideia txarra izan ospitalera etorri izana.
Ate zaratotsak esnatu ninduen ametsetik.
— Le repas! —iragarri zidan presozainak.
Atera hurbildu eta begirada zorrotzeko emakume gazte batek eskaintzen zidan erretilua hartu nuen, mahaitxoan jartzeko.
— Merci!
Hogei minuturen buruan, jatekoa bukatu berri nuela, berriro ireki zuten atea. Zaindaria atean gelditu zen eta, lehentxeago bezala, emakume gaztea sartu zitzaidan gelara. Bukatu nuela nabarmena zen arren, erretiluan ekarritako plastikozko ontziak hutsik eta platera garbi-garbi bainuen, bazkaltzen bukatu ote nuen galdetu zidan, mahai gainekoak bildu bitartean. Oso sentsazio arraroa zen. Jatetxe batean banengo bezalakoa zen, platera, sardexka eta edalontzia ere eraman zituen. Kafetxoa eta kontua eskatzeko txantxa egitea otu zitzaidan. Zalantza une bat izan nuen, txarrera hartuko ote zuen beldur. Berandu zen, Osasun Laguntzaile Teknikoa bazihoan erretiluarekin. Atea itxi aurretik, nigana itzuli zuen burua,
— À demain —esan zidan irribarrez.
Harrituta, ez nion erantzun. Bihar arte, bai, pentsatu nuen, atea itxi zenean.
Emakume gazte harekin gogoeta egiten hasi nintzen. Kartzelako harreman munduan pertsona orok baitu zerikusia zigor sistemarekin. Horrek harremanak errotik baldintzatzen ditu. Aldiz, OLTak, ospitaleko langileak, beste mundu batekoak begitandu zitzaizkidan, kanpoko mundukoak. Pertsona gisa hartzen ez baninduten ere, haientzat eria bainintzen, ez ninduten ere presotzat hartzen; atxiloketaz geroztik jasandako mendekotasun harremanetik babes harremanera lerratzen zen haiekiko harremana berri egin zitzaidan. Tarte gehiena isolamendu eta bakartze egoeran pasatako ia hiru urteko kartzelaldiaren ostean, bereziki preziatu nuen. Pertsonagandik pertsonaganako harremana zelako, ia.
Izena ere ez nekien emakume hura biharamunean berriro ere ikusiko nuela jakiteak nigan sortu zuen irrikaren gainean hausnartzen gelditu nintzen, telebista pizteko edo libururen bat irakurtzeari ekiteko gogorik gabe. Ekarritakoen artetik kaier handia hartu, zabaldu eta idazteari ekiteko tentatua egon nintzen ere une batez. Ez nuen halakorik egin, ez zen oraindik idazten hasteko tenorea nonbait. Oraindik zutik nengoen.
Leihora hurbildu eta parkera begira jarri nindunan. Ikusmira eder eta lasaia. Zuhaitz tantaien hostoek eguzkiarekin eta haizearekin jolasean itzalgune aldakorrak sortzen zitiztenan. Haurtzaroko eskola-urteak etorri zitzaizkidanan gogora.