Aurkibidea
Badakin?, ospitale honetara etorri nintzenean...
Ez zaidan iruditzen ospitaleekiko dudan arbuio jarrerak...
Beldurra, eragile handi, esan ohi zidanan Xabierrek...
Ez zaidan iruditzen, duela ia hiru urte kartzelan sartu gintuztenean...
Nire egoeraren eta hemen gertatu zaizkidanen berri emateko asmoz...
Duela urtebete pasatxo izango zunan...
Gaua dun. Bero hezea egiten din...
Iragan ez hain urrun haren ordezko mozorrotua...
Ospitalearen zuritasuna hilerrien belztasunaren aurrekari begitantzen zaidan...
Ospitale honetan ezagutu ditinat borondatezko bezeroak...
Sudurreko operazio hari itzuri egin eta urtebetera...
Gauetik egunera, kartzelan sartu-eta...
Amak ezkaratzera lagundu gintinan...
Beti iruditu zaidan susmagarri mediku eta erizainen adeitasuna...
Xabierrek eta biok elkar ezagutu genuen egun hartan...
Xabier ezagutu nuen egun hartan gelara iristean...
Operazio osteko krisialdia gaindituta...
Galderak egiten zizkidanan Xabierrek...
Bederatzi urte izango nitinan...
Noizean behin izaten genitinan hizketaldi gatazkatsu horietako bat...
Ezkerreko hanka hautsi eta makuludun nintzenez geroztik...
Xabierrek ere ez zinan sinesten, noski...
Hona iritsitakoan, asmatutako nire jaiotzari buruzko kontakizunak...
Larrialdi gelatik atera eta gela berri batera eraman ninditenan...
Elbarri gelditu naizenez geroztik...
Christophek nire aldartea alaitzeko...
Elbarritu ostean aldatu ninduten gela honek...
Ohean etzanda eskuin eskuko erdiko hatzari begira...
Ohiko Diazepam eta Myolastan gaindosiak eragindako loalditik...
Elbarritu nintzenez geroztik Fred eta Veronique batera...
Hodeiertzari begira egoten naun...
Etsaiek nolako etorkizuna apailatu diguten bazakinat...
Aurkibidea
Badakin?, ospitale honetara etorri nintzenean...
Ez zaidan iruditzen ospitaleekiko dudan arbuio jarrerak...
Beldurra, eragile handi, esan ohi zidanan Xabierrek...
Ez zaidan iruditzen, duela ia hiru urte kartzelan sartu gintuztenean...
Nire egoeraren eta hemen gertatu zaizkidanen berri emateko asmoz...
Duela urtebete pasatxo izango zunan...
Gaua dun. Bero hezea egiten din...
Iragan ez hain urrun haren ordezko mozorrotua...
Ospitalearen zuritasuna hilerrien belztasunaren aurrekari begitantzen zaidan...
Ospitale honetan ezagutu ditinat borondatezko bezeroak...
Sudurreko operazio hari itzuri egin eta urtebetera...
Gauetik egunera, kartzelan sartu-eta...
Amak ezkaratzera lagundu gintinan...
Beti iruditu zaidan susmagarri mediku eta erizainen adeitasuna...
Xabierrek eta biok elkar ezagutu genuen egun hartan...
Xabier ezagutu nuen egun hartan gelara iristean...
Operazio osteko krisialdia gaindituta...
Galderak egiten zizkidanan Xabierrek...
Bederatzi urte izango nitinan...
Noizean behin izaten genitinan hizketaldi gatazkatsu horietako bat...
Ezkerreko hanka hautsi eta makuludun nintzenez geroztik...
Xabierrek ere ez zinan sinesten, noski...
Hona iritsitakoan, asmatutako nire jaiotzari buruzko kontakizunak...
Larrialdi gelatik atera eta gela berri batera eraman ninditenan...
Elbarri gelditu naizenez geroztik...
Christophek nire aldartea alaitzeko...
Elbarritu ostean aldatu ninduten gela honek...
Ohean etzanda eskuin eskuko erdiko hatzari begira...
Ohiko Diazepam eta Myolastan gaindosiak eragindako loalditik...
Elbarritu nintzenez geroztik Fred eta Veronique batera...
Hodeiertzari begira egoten naun...
Etsaiek nolako etorkizuna apailatu diguten bazakinat...
Haurtzaroko hausnarketak eten zizkidanan ateko zaratak. Ospitaleko araudiaren berri ematera zetorkidan kartzelazaina. Nire ustez, batez ere pizti habia berrian goxoan ote zegoen ikustera etorri zunan.
Egunean promenada txanda bakarra izango nuela jakinarazi zidan. Goizez edo arratsaldez, haiek erabakitzen zutela noiz. Goizean atea irekitzean galdetuko zidatela atera nahi ote nuen ala ez, eta orduan jakingo nuela promenadaren ordua, ez lehenago. Ordu eta erdi inguru iraungo zuela.
Eguerdia pasata zenez eta egun hartako txanda goizez izan zenez, biharamunera arte ez nintzela gelatik aterako esanda alde egin zuen.
Ospitalera abiatu aurretik erabakia nuen, espetxeratu nindutenez gero hasitako kirol entrenamendua bertan behera ez uzteko eginahalak eta bi egingo nituela. Hatz baten hausturatxoa ez zela eragozpena izango urtero patioko bakardadean egiten nuen nire Behobia-Donostia partikularrerako entrenatzen jarraitzeko.
Hona abiatu aurretik esan zidaten etxartea txiki samarra izan arren, 50 metro inguruko perimetroa besterik ez, korrika egiteko modurik izango nuela. Baina ez ziren etxartearen tamaina eta denbora mugatua izango korrikaldirako zailtasun bakarrak. Etxartekide nortzuk izango nituen ikusterakoan jabetuko nintzen ez zitzaidala ohi bezain gozagarria izango korrika egitea.
Biharamunean, OLT bikotea etorri zitzaidan gosaria ematera. Bezperako emakume azal zuria eta ordura arte ikusi ez nuen azal beltzeko gizaseme bat ziren. Ogi opiltxoa, gurina eta erreximenta zekarkidaten erretilu batean. Kafea, txokolatea edo tea eskaini zidan aukeran emakumeak. Kafea, eskatu nuen, harrituta, ordura arte ezagututako kartzela guztietan kafe hutsa debekatuta baitzegoen. Ordura arte behin edo bitan baino ez nuen hartua kartzela guztietan gosaritarako ematen diguten %60 txikoria eta %40 kafe nahasketa urgarridun zorrotxoa.
Gizonak kea zerion kafea zekarren pitxar batean; emakumeak esne beroa beste batean. Katilua goraino bete zidaten. Lau urtean egin ez nuen moduko gosaria egin behar nuela konturatu nintzen.
Zerbitzatzen ninduten bitartean haien lanetako zertzeladez ari ziren OLT biak, beren txandako lanak nork egin erabakitzen. Gizonak, nire gela egingo ote zuen galdegin zion emakumeari:
— Véronique, tu t'occupes de cette chambre?
— Oui, Fred, pas de problème, mais n'oublie pas que tu dois nettoyer les douches avant neuf heures.
«Hara! Veronique! Nolako kointzidentzia, Dimitriren arrebaren izen bera dik. Handia izango lukek gero Dimitriren arreba izatea. Hori ezinezkoa duk baina», pentsatu nuen.
Gosari banaketa amaituta OLTek alde egin zutenean, atean zaindari izan genuen giltzariak iratzarri ninduen nire ameskeria literarioetatik.
— Promenade?
— Oui.
— Dans une demi-heure.
Ordu erdi barru etorriko ziren etxartera irteteko atea irekitzera. Banuen aski denbora gosaltzeko, jaikitakoan komunekoen ostean bizarra egin eta kirol jantziak jantzi bainituen. Gosaldu bitartean, beti bezala astebeteko atzerapenez jaso berri nituen egunkariak irakurtzen egon nintzen.
Ordua iritsi zenean atea ireki zidaten eta eskuan ur botilatxoa neramala irten nintzen korridorera.
Aurrena, bi makuluren gainean ozta-ozta zebiltzan lauzpabost eri ikusi nituen. Korridore buruan, igogailuaren ondoan, gurpil-aulkietan jarritako taldetxo bat genuen zain. Bazegoen baita ere bere bi zangoen gainean ni bezala zebilenik, baina haietako inork ez zuen kirolean aritzeko itxurarik. Batek ezkerreko eskuko hatz guztiak metalezko uztarri baten bidez tenkatuak zituen; beste batek aurpegi erdia bendaz estalia, kolpe edo erredura izugarriren bat babesteko, ezin jakin; bazegoen esku bat igeltsuan bilduta zuena eta baita besoa ukondoraino igeltsatua zuen beste bat ere. Gorputzez sano ziruditenek ibileran ageri zuten matxura. Dimitrik hain ederki antzeztutako barraskilo-dortoken espeziekoak ziren. Denak zebiltzan mantso, oinak arrastaka bezala. Hogeiren bat izango ginen guztira.
Kartzelak berez mugimenduak eta bizitza bera mantsotzen baldin baditu, ospitalekoari kamera geldian errodatutako film baten antza hartu nion. Dena kotoien artean bildua balego bezalakoa zen.
Kanpoko behatzaile bati, zauritu multzo haren erdian, nire itxura osasuntsua iraingarri begitanduko zitzaiokeen. Ni bederen lotsaz nengoen, eskuin eskuko erdiko hatza zut, denak popatik hartzera bidaltzen ari banintz bezala, kirol oinetako berri-berriekin eta kirol jantzi dotorea soinean.
Igogailuaren inguruan elkartu ginen, presozainak elbarriak igogailura sartzeko eta hankak sano genituenak eskaileratan behera abiatzeko aginduaren zain.
Heldu berriari eskaintzen zaion jakin-minez betetako harrera mesfidatia egin zidaten kide berriek. Elkarri eskua estutuz, hitz adeitsuz, hurkoaren osasun egoeraz kezka agertuz, ezagun zaharren arteko betiko diosalak egiten zituzten bitartean, ni ez ninduen inork agurtu; denek, zeharka, begiratzen ninduten arren.
Bat ezagun nuen ordea: Aulkira-Iltzatua! Ezusteko galanta izan zen urtebeteren buruan bertan aurkitzea. «Ez dute askatu, beraz», pentsatu nuen. Horrek esan nahiko zuen segur aski salaketa jarri ziela. Ziurra zena zen epaileren batek bere egoera espetxean egotearekin bateragarria zela ebatzi izana; horretarako kartzela-ospitalean denbora luzez atxikitzea beste erremediorik ez bazuten ere. Gerora jakin nuen nire ustea ustela zela. Askatu, askatu omen zuten, baina baita handik gutxira lapurreta bateko gaizkide izateagatik atxilotu ere. Bera omen zen lapurreten ostean, elbarrientzako bere autoan gidari, erretirada ziurtatzeaz arduratzen zena.
Lehen bezalatsu zeukan burua, okertuta, eta ezkerreko hanka oraindik ere uhal batez aulkira lotuta zeraman. Gurpil-aulkidunen artean bere kabuz ibil ez zitekeen bakarra zen. Besteak erroberei eskuekin eraginez edo motor bidez zebiltzanei norabidea zuzenduz zihoazen artean, bere aulkia beste preso batek bultzatzen zuen. Aulkira-Iltzatuak begirada galdua zuen eta ezkerreko eskua ere indarge zetzan bere magalean. Hobera ez, baizik txarrera egin zuenaren trazak zituen. Nabarmena zen ez zela nirekin gogoratzen.
Etxarteko kide guztien buruan nor ote nintzen galdera egongo zela uste nuen orduan. Oker nengoen. Ni iritsi aurretik iragarria zien kartzelazain presturen batek nire etorrera. Hartara, deus esan ez bazidaten ez zen izan ezezaguna nintzaielako; ez eta ezaguna izanik nolabaiteko beldur edo begiruneagatik. Haien barne kodea errespetatzen ari ziren, geroago etorri berriekin nola jokatzen zuten ikusi nuenean ulertuko nuenez. Erregeak bere ondora deitu arte itxaroten ari ziren, Erregearen oniritziaren zain zeuden, egin behar zidaten harrera nolakoa izan behar zen jakiteko.
Artean ez nekien gurpil-aulkian zetzan gizon potzolo hura zenik Erregea. Ez nuen gaixoen arteko hierarkia zorrotzaren berri ere. Eta oso oker nengoke haiek baino gehiago nintzela uste izango banu.
Atzekoz aurrerako antolaketa zeukaten. Egoera fisiko larriena zutenak jendarte hartako piramidearen erpinean zeuden. Alegia, gurpil-aulkietakoek osatzen zuten aristokrazia, haiek ziren zaldunak. Ondoren kokatzen ziren makuludunak, bigarren mailako jauntxoak. Eta azkenik, herri xehea osatzen genuen bi zango osasuntsudunek.
Sail bakoitzaren barnean ere norberaren eritasunaren larritasunak agintzen zuen egokitzen zitzaion kokalekua. Esan beharrik ez dago ni nintzela hierarkia hartako azken putza; ez bakarrik iritsi berria izateagatik, antzinatasunak ere nolabaiteko gradua ematen baitzuen. Nire garuna zer moduz zebilen ikertu bitartean bederen, ni nintzen denetan osasuntsuen ageri zena.
Antolaketa hartatik at zeuden beren ziegetatik ateratzeko gai ez ziren eri larriak. Alabaina, haiek ziren errespetatuenak, Jakintsuen Aholku Batzorde moduko bat osatzen zuten eta, gerora ongi ikasi nuenez, Erregearen zernahi erabaki (presoei ezarri beharreko zigorrei buruz edo gela-aldaketei buruz) behin-behinekoa zen haien onespenik gabe.
Presozainak agindu zigun noizbait beherantz abiatzeko. Hiru eta lauoindunak eta gurpildunak igogailuan sarrarazi bitartean, mailak hirunaka jauzi eginez jaitsi nintzen barraskilo-dortokak eta mainguak atzean utzita, besteekin batera jaisteko agintzen zidan presozainaren aginduei entzungor. Txikitako jolasa genuen, igogailuarekiko norgehiagoka.
Txikitan bezala behean nengoen igogailuaren atea zabaldu zenean. Barnean zetozenen begirada hotzek pixka bat izutu ninduten. Herren eta ezinduen bekaitza nabarmena zen. Herren baten irribarre gaiztoak eman zidan zer pentsatu gehien.
Korrikaldi asmoa bertan behera uztekotan egon nintzen orduantxe. Eskailerak lasterka jaitsi izanagatik halako gorrotoa bazidaten, zer ez ote zen izango beraien muturren aurrean korrika hasiko nintzenean. Hobe, bai, agian, une hartako bihozkadari kasu egin izan banio. Nahiz eta, etxartean ezinduen aurrean korrika egin izan ez banu, oraindik nire bi zangoen gainean ibiliko nintzenik ziurtatzeko modurik ez dudan.
Etxartea ospitaleko eraikinaren arteko zuloa da. Etxartera irteteko lauzpabost maila jaitsi behar dira, badago gurpil-aulkidunontzako arranpatxoa ere. Izkina batean hesiz babestutako kiribil-eskailera bat dago, ate herdoilduaren inguruan hazitako belar txarrek adierazten dutenez inork erabiltzen ez duena, auskalo zergatik. Lurra harri-txirbilezkoa da, euria egiten duenean putzu bihurtzen diren sakonune batzuk badaude, belar ihar batzuk ere bai han-hemenka. Kamamila iruditu zaidan lore bat hazten da udan alderik hezeenean.
Zementuzko oinarri eta zurezko eserlekudun bankuak daude, higatuak eta zahartuak, etxartearen zirkuluaren alde batean bi eta pixatokiaren ondoan, kiribil-eskaileraren aldean, bestea; hiru guztira. Hirutik bik galdua dute bizkarra bermatzeko taula.
«Hemen gaude, Anoetako estadioan!» esan nuen nire baitarako.
Korrikaldiari ekin aurretiko ohiko eginkizunak bete nituen: lekurik aproposena iruditu zitzaidan kiribil-eskaileraren ondoko txokoa hautatu nuen galtza luzeak kentzeko, eta burdin hesiaren atean eskegita utzi nituen; giharrak luzatu nituen ondoren; ur botilatxotik tragoxka hartu eta kronometroa zeroan zegoela baietsita, korrika txikian abiatu nintzen.
Ez nuen asko gozatu ordu erdi besterik luzatu ez zen korrikalditxoan. Etxartea txikia izateaz gain, korrika egiteko bidea estua zen eta promenadan zebiltzanen artean sigi-saga ibili behar izan nuen, baina batez ere ezinegona sortu zidan, bazter batean zeuden gurpil-aulkikoen aurretik igarotzen nintzen aldiro elkarrizketa eten eta niri begira-begira jartzen zitzaizkidala ohartzeak.
«Lehen eguna da. Ez da harritzekoa denak niri begira-begira egotea, ni bainaiz berritasuna. Ez dut uste eguneroko ikuskizuna izango dutenik ospitaleko etxartean eri bat korrika ikustea. Ohituko dira», pentsatu nuen.
Ez zuten azkar batean ohitzeko aukera izango ordea. Biharamuneko korrikaldia ere ez baitzen luzeagoa izan.
Biharamunean, etxarte-aldia hasita zegoela ekarri zuten Dimitri. Operazio osteko susperraldian hobera egin zuenez, gurpil-aulkian eraman zuen etxartera bata zuridun batek. Gurpil-aulkiaren atzealdean kokatutako haga batetik zintzilik zegoen gazurezko poltsatxoa besoko zainera orratz batekin lotuta. Pijama urdina soinean, galtzen eskuineko aldea altxatuta zekarren, hankan operazioak utzitako aztarna odoltsuak agerian.
Bata zuridunak atetik hurbilen zeuden zurezko eserlekuetako baten ondoan aparkatu zuen Dimitri, makuludun batzuen ondoan, gurpil-aulkidunen taldetxoa biltzen zen gunetik urrun. Bere estatusa ez zen izango argia nonbait.
Korrikaldia eten egin nuen hura ikustean. Galtzak utziak nituen txokora hurbildu nintzen, poltsikoak arakatu eta gelako armairuko zokoan aurkitu nuen zigarreta bat atera nuen.
Ez zidan asko iraungo ezagun batekin elkartzearen pozak. Agurtzera hurbildu nintzaion. Nola ez, kontakizunaren amaiera entzuteko aukera izango nuelako pozik.
— Eup, Dimitri!
Etxartekideek harrituta begiratu ninduten, bi egunetan ez bainuen inorekin harremanik izan, ezta kortesiazko esku emate eta ohiko egunonak opatzeko. Dimitrik aldiz ikusi gabe begiratu ninduen.
— Nahi al duk garretzi bat? —proposatu nion.
— Ez al dakizu ez dudala erretzen! —ihardetsi zidan oihuka.
Denak adi jarri zitzaizkigun.
— Dimitri...
— Nor zara zu? Nor zara zu? —hasi zitzaidan bere onetik aterata.
Denak hurbildu zitzaizkigun pixkanaka. Aurrena bi zango osasuntsudunak, gero makuludunak, gurpildunak azkenik, aulkien motortxoari eraginez. Dimitrik gazurezko poltsa dantzarazten zuen bere mugimendu urduriekin.
— Dimitri, baina... —saiatu nintzen lasaitzen.
— Ni ez naiz Dimitri —esan zidan bat-batean lasaiturik baina oraindik kopetilun—. Ni ez naiz Dimitri. Nor da Dimitri?
Saiatu nintzaion azaltzen ospitalerako harrera egin aurretik eduki gintuzten itxaronziegan ezagutu genuela elkar.
Nire azalpenei adi-adi nituen denak.
Elkar ezagutu genuenean kontatu zidanaren berri ematen hasi nintzaion, arreba Veronique aipatu nion, etxetik kanporatu zuen ezkonanaia.
Orduantxe erreakzionatu zuen, ezagutu banindu bezala, begiak zabal-zabal, besoa luzatu zuen eta hatzarekin seinalatu ninduen.
— Bai, bai, orain badakit nor zaren: Arazo Jauna! Arazo Jaun sasikume urde zikina! Arreba Veroniqueren hiltzailea! Akabatuko zaitut!
— Dimitri! Mikel nauk! Ez al duk gogoratzen? Euskalduna, euskal preso politikoa.
Dimitrik ez zidan entzuten, ordea.
— Arazo Jauna! Arazo jauna! Hiltzailea! Hiltzailea! —errepikatzen zuen gero eta urduriago, gurpil-aulkitik jaikitzeko eginahalak egiten zituen bitartean.
Nire inguruan zirkulua itxi zuten etxartekideek, ez nezakeen alde egin. Denei begiratzen nien, laguntza eske, nire azalpenak entzungo zituen norbaiten bila, zentzu pixka bat izango zuen norbaiten bila.
Muturbeltz nituen inguruko guztiak. Horretatik ez nintzela onik aterako pentsatzen hasi nintzen, Marseillako Baumettesera iritsi berritan jendez mukuru zegoen etxartean ukabila altxatuta Eusko Gudariak abesten hasi eta leihoetatik nazitzat hartu nindutenean uste izan nuen bezala. Marseillakoan, ukabila eta faxisten agurra bereizten zekien banku lapur batek estualditik ateratzen lagundu baninduen, ordukoan etxarteko ateak zabaldu eta bi bata zuridun eta lauzpabost presozainen etorrerak atera ninduen Dimitrik sortutako estualditik.
Lasterka hurbildu ziren gugana. OLT batek hartu zuen Dimitriren aulki-gurpildunaren kargu eta etxartetik atera zuen. Alde egiterakoan begiratu zidan moduagatik argi zegoen ni hartzen ninduela gertatu zenaren erantzuletzat. Beste bata zuridunak azaldu zigun, operazioa ondo atera bazen ere, Dimitrik burua nahastua zuela ketaminaren ondorioz eta ez zituela gauzak ondo gogoratzen; hobe zela bakarrik eta lasai uztea gizona. Presozainek taldetxoa sakabanarazi zuten eta norbera bere txokora abiatu zen.
Korrikaldirako gogorik gabe, galtza luzeak janztera abiatu nintzen. Hantxe egon nintzen etxarte-aldia amaitu arte, mugitu gabe. Beste guztiek bazuten puska baterako hizketagaia. Nire ondotik igarotzean marmarraren doinua apaltzen zuten denek. Zaldunak begira-begira nituen, irribarre okerrez, iruditu zitzaidanez. Azalpenak eman beharko nizkien, gogorik ez nuen arren, Dimitriren ezkonanaia ez nintzela argitzeko, eta nekienaren arabera haren arreba Veronique bizirik zegoela, eta hilda zegoena ordea, hain zuzen ere haren hilketa leporatuta baitzegoen kartzelan Dimitri, hark Arazo Jauna deitzen zuen bere ezkonanaia zela.
Makuludun bat hurbildu zitzaidan eta Dimitriri eskaini nion zigarreta eskatu zidan; eman nion.
«Akabo Dimitri», pentsatu ninan, «ez dut bere kontakizunaren amaiera ezagutuko».
Eta baita ere, «zerk erakartzen nau Dimitrirengana?».