Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
2024, nobela
216 orrialde
978-84-19570-27-7
Azaleko irudia: Alex Orbe
Unai Elorriaga
1973, Algorta
 
2019, nobela
2014, nobela
 

 

Francesco Pasquale

 

(Sapri, 1825 - Bermeo, 1910)

 

 

 

Giuseppe Verdiri bezala, gazterik hil zitzaion Francescori emaztea, Juana Josefa Amezua, hogeita hamabi urterekin, tuberkulosiak jota. Lau umeren aita zen ordurako, nahiz eta, berak ere, semeetako bat galdu jaio eta gutxira, Severiano txikia, azken-aurrekoa. Besteak 8, 6 eta urte bakarreko umeak ziren artean.

      Emaztea hil eta lau hilabete eskasera ezkondu zen Francesco berriro Maria Isabel Otero alargunarekin. Maria Isabel bost urte lehenago ezkondu zen Bermeoko itsasgizon batekin, alaba bat ekarri ere bai, Romana, baina sukar horiak eraman zion senarra Habanan. Hori gutxi balitz, elgorriak gaixotu eta hil zuen Maria Isabelen alaba bakarra umea zela. Italiako konpositorea bezala, beraz, bakarrik geratu zen alarguna bi urteren buruan.

      Alaba hil berri ezkondu ziren Maria Isabel Otero eta Francesco Pasquale eta sei seme-alaba gehiago izan zituzten, baina, nola ez, horietako erdiak hil zitzaizkien urtea bete baino arinago. Berrogeita hamazortzi urte zeuzkan Francescok azken semea jaio zenean, berrogeita zazpi amak.

      Maria Isabelekin ezkondu eta gero ere, askotan agertu zitzaion Francescori lehen emaztea ametsetan eta, aitortu nahi ez bazuen ere, biluzik edo erdi biluzik beti gerritik gora. Juana Josefa minduta zegoela ulertu zuen Francescok, goizegi ezkondu zelako berriro, goizegi hasi zelako umeak ekartzen.

      Ciriaco biloba estimatu izan zuen Francescok beste guztien gainetik bere azken urteetan, Jose semearen seme nagusia, familian ikasketa handiak egin izan zituen lehena. Izan ere, italiarrak testamentua egin zuenean, esate baterako, sinatu ere ezin izan zuen egin. Ematen du bilobaren letren mira izan zuela.

      Laurogei urte bete eta gutxira, etxe barrura erretiratu zen Francesco. Hala ere, ez zen orduan ere geldirik egon, mekanismo txikiak egitera zaletu zen, egurrez, metalez, asmatu egiten zituen, familiakoentzat, lagunentzat, umeentzat, ‘mmenzione esaten zien. Bermeoko etxe horretan bertan ikusi zuen familiak hiltzen, 1910eko uztailean, lehen emaztea baino 44 urte geroago.

      Francesco Pasquale eta Giuseppe Verdi herrikide eta garaikideak izan ziren hirurogeita hamasei urtez. Izaera ere oso antzekoa zutela esan izan da.