Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
2024, nobela
216 orrialde
978-84-19570-27-7
Azaleko irudia: Alex Orbe
Unai Elorriaga
1973, Algorta
 
2019, nobela
2014, nobela
 

 

Zertara zoaz? Hartu duzu arropa?

 

 

 

Goizeko lauretan esnatu da Antoni gaur. Hala behar zuen eta hala egin du. Oheko izara bakarra erretiratuz, ahalik eta erarik isilenean altxatzeko ahalegina egin du, mugimendu zakarrik gabe, kolperik gabe. Ondoan daukan emaztea ez da ohartu behar, ezin du jakin, lotan jarraitu behar du. Momentu batean mugimendu txikia egin du emakumeak buruaz eta ezker eskuko atzamarrez, baina ez du esnatzeko keinurik egin. Antonik ondo daki nola egiten duen lo Rosak, zortzi, bederatzi orduz, egundo ez dela gauez esnatu. Gaur ere ez da esnatuko. Hala behar du.

      Lanak izan ditu Antonik prakak eta galtzerdiak janzteko. Zutunik jartzeko ere armairuari oratu behar izan dio. Armairuak berak edo zoruak, bietako batek, kirrinka txiki bat egin du, baina argi dago ez dela nahikoa Rosa izartzeko. Herrenka irten da gelatik. Herrenka baino, arrastaka darama eskumako hanka.

      Zerbait jan du sukaldean, ura edan. Duela hilabete batzuk baino gehiago kostatzen zaio edozer egitea, oraindik bakarrik moldatzen bada ere. Argi dago, hala ere, nahi baino astiroago egiten dituela mugimendu guztiak. Ur apur bat ere jausi zaio, sukaldeko mahai eta zoruan zabaldu da. Ez du sikatu.

      Etxetik kanpora abiatu da, atea tentuz itxita. Eskaileretan ez dio zaratari hainbeste erreparatu behar, zilegiak dira pauso astunagoak, kolperen bat, ez du, nahita ere, etxe barruko inor esnatuko.

      Tailerrera joan da lehendabizi, etxetik berrehun bat metrora. Kalean ez zuen inor espero, ordu honetan, baina hiru-lau lagun ikusi ditu lanera bidean. Arrotz egin zaizkio, ez ditu kale hauetan inoiz ikusi.

      Tailerrean dauka behar duen guztia, azken hiru asteak eman dituelako horretan. Hala behar zuen eta hala egin du. Tailerrean ez daukan materiala gurdi gainean jarrita dago dagoeneko, zalditegian. Gehiegi luzatuko ziren goiz honetako prestaketak bestela. Tailerreko bost zaku gurdiraino eramateko, esate baterako, hogei minutu baino gehiago behar izan ditu.

      Azken zakuetako bat gurdira igotzen ari dela, emaztearen ahotsa entzun du garbi, nahiz eta zalditegia huts-hutsik egon, astoak, mandoak baino ez, nahiz eta ondo dakien Rosa lorik urrunenean dagoela ohean, han, etxean, zalditegitik berrehun metro baino gehiagora. Nora zoaz?, esan dio Rosak, Zertara? Gaur ez zenuen joan behar.

      Lanari adi ari da Antoni, inoiz baino adiago, ez dio emazteari erantzungo, ezin du, Rosak ezin du jakin. Hala behar zuen eta hala izan da. Material guztia gurdi gainean jarri behar du orain, janaria ere bai, ezin du beste lanik hartu, hamazazpi urte ezkonduta egon eta gero.

      Gurdia guztiz prest izateko gutxi falta zaionean, hurrena egin behar duena pentsatzen hasi da, bere buruari gogoratu behar dio, argi izan behar du abiatu baino lehenago, ezin du, batez ere hor, akatsik egin.

      Portura sartuko da beste inora baino lehen, derrigorra portuko lehen geldialdia. Beste leku batzuk ere erabili ditu gogoan, baina portura joatea erabaki du azkenean. Portuan beti da pertsonaren bat gurdi beharra duena, ez duena bidaia portuan bertan amaitu, aurrerantz jarraitu behar duena… Horrela pentsatu du askotan Antonik azken asteetan.

      Gurdiaren abantaila eskainiko dio pertsona horri, abiadura handiagoa, neke gutxiago. Ez dio diru askorik eskatuko, ez du behar, materialarekin laguntzeko baino ez du behar pertsona hori, mandoarekin, gurdiarekin. Gaztea beharko du, hor ez du zalantzarik egiten, aspaldi ezagutzen ditu Antonik bere mugak: gero eta indar gutxiago egin dezake, gero eta oreka gutxiago dauka. Hala pentsatu zuen eta hala beharko du.

      Mandoa gurdiari kostata lotu, gurdira ahal izan duen moduan igo eta zalditegitik irten da Antoni. Argia ikusi du italiarren hotelean, zalditegiaren aurre-aurrean, ez zuen espero. Aspaldi ezagutzen ditu hoteleko italiar guztiak, aita, ama eta osabetako bat kenduta, bere adinekoak dira beste guztiak. Norbait ari da ateko kristal handia garbitzen. Pietro dela iruditu zaio.

      — Buongiorno, Pietro.

      Egiten ari dena egiteari utzi eta atariko eskaileretara atera da Pietro. Hizketan egon dira tarte batez, erdi italieraz erdi katalanez, beti egin izan duten moduan. Ondo moldatzen dira, natural, batak bestearena dezente ikasi izan dute azken urteetan. Momentu batean behar izanez gero, bestearen hizkuntzan zerbait esateko kapaz ere badira. Hori guztia goizeko bostak jotzeko zati bat geratzen denean.

      Aurrera jarraitu du Antonik halako batean eta kristala garbitzera itzuli da Pietro. Rosaren ahotsa entzun du Antonik orduan berriz, Hartu duzu arropa? Hartu duzu arropa egokia? Hotz dago orain. Ez dago hotzik orain? Baina bero handia dakar gerorako. Esan dute bero handia dakarrela gerorako. Antonik pentsatu du arrazoia daukala emazteak: arropa hartu du, nola ez zuen hartuko, baina ez “egokia” beharbada. Izan ere, hotza sentitzen ari da orain besoetan, gerrian. Berdin dio. Ez zuen hala behar, baina hala da.

      Trosta geldoan doala, Eusebi ikusi du perpendikularrean datorren kalea gurutzatzen ari dela, gurdiaren aurrean. Umetatik ezagutzen du, beste auzo batekoa izan arren. Asko ibili dira elkarrekin, umetan, gaztetan ere bai. Arin doala iruditu zaio, pauso luzeak, lurrari begira, begirada galduta.

      — Eusebi!

      Begirada altxatu du Eusebik, Antoniri begiratu eta buru mugimendu labur batez agurtu du. Segituan itzuli da bere aurreko jarrerara, begiak lurrean, begirada galduta. Antonik ez du ulertu, gelditu ere ez da egin gizona, hitz-erdirik ere ez dio esan… Eta umetatik ezagutzen dute elkar, esango luke konfiantza handia diotela elkarri.

      Hain ondo ezagutuko ez balu, Bartzelonako pertsonarik erlijiosoenetako bat dela jakingo ez balu, Jainkoaren beldur bizi dena, astean zazpi meza entzuten dituena, esango luke bere buruaz beste egitera doala Eusebi, goizeko ordu honetan, larunbat batean.

      Rosaren ahotsa entzun du berriz, Nora doa Eusebi? Zergatik ez dizu kasurik egin? Zergatik ez zara haren atzetik joan? Portura joan behar dudalako. Orain bai, orain erantzun egin dio emazteari. Zergatik portura? Zertara? Hala behar zuelako. Eta hala izango da.

      Hutsik daude kaleak bestela, baina andre Maria ikusi du etxeko balkoian handik metro batzuetara, ohe-arropak jantzita oraindik. Eskua jasota agurtu du Antonik. Andre Mariak itxaroteko esan dio, gurdia gelditzeko, esku mugimendu bizi batez, haren azentu bereziaz. Kasu egin dio Antonik, mandoa geldiarazi eta andre Maria ikusi du etxerantz sartzen.

      Handik gutxira atera da berriz, zerbait dakar eskuetan, paperetan bilduta. Antoniri bota dio balkoitik bertatik, eta airean hartu du gizonak. Egunkariko orriak dira, pisuzko zerbait daukate barruan. Puntak kontu handiz erretiratu eta barruan zer dagoen ikusi du. Eskerrak eman dizkio andre Mariari hiru-lau aldiz. Aurrera egin du.

      Auzotik apur bat apartatu denean, pertsona eta gurdi gehiago ikusi ditu baina ezagun gutxiago. Arinago egin ahal izan du porturantz, ez du bestelako geldialdirik egin behar izan. Zertara portura? Ez du merezi. Ez zaitez portura joan, esan dio Rosak. Antonik ez dio erantzun.

      Alabaren ahotsa entzun du hurrena, baina ez oraingo ahotsa, alaba umeagoa zenekoa baizik, orain dela bost urtekoa, aitarekin edonora nahi zuenekoa. Garden sartu zaio buru barruraino, gardenegi, Noiz joango gara, aita? Noiz joango gara merkatura? Noiz, aita? Noiz joango gara? Merkatura, aita, noiz? Gurpildu egin da alabaren ahotsa, zoratu, umeagoa zeneko ahotsa, Noiz, aita? Merkatura, aita? Noiz? Saman hazka egin du Antonik, behar dena baino indar handiagoz.

 

 

Inon baino jende gehiago dabil portuan, ematen du barkuren bat sartu dela, bat baino gehiago beharbada. Horietako bat Italiatik dator seguru, askotan bezala, italiera asko entzuten ari delako Antoni, oihu asko, zarata, zakuak. Gazte bat aukeratu behar du orain, baina ez da erraza: taldean daude gehienak, hirunaka, launaka, familia osoak, eta bakarra har dezake berak, bakarrik dagoen norbait. Hala behar zuen eta hala egingo du.

      Gurdia bazter batean lotu eta oinez jarraitzea erabaki du, herrenka, italiar baten bila, bakarrik dagoen baten bila, bidaia Bartzelonatik harago jarraitu behar duena, berdin dio nora. Gurdi gainetik hobeto ikusten zituen jende multzoak, nor dagoen lagunduta, nor bakarrik; orain metro gehiago egin beharko ditu bilatzen ari dena topatzeko. Bultzatu egiten dute noizik behin, nahi gabe betiere, oreka galdu izan du behin baino gehiagotan, ez da lurrera jausi hala ere.

      Gazte bat ikusi du jende artean, bakarrik, alde guztietara begira, zamaki batzuen gainean jesarrita. Gazteegia da beharbada, baina ez dio ardura, harengana hurreratu da. Gurdia eskaini dio, nahi duen lekura joateko. Esan dio ez duela asko ordaindu behar izango, berari materialarekin lagundu baino ez. Antonik badaki ezin duela gurdia doan eskaini, susmoa sor lezakeela horrek, atzeraka eragingo liokeela gazteari. Italiarrak, edonola ere, ez du proposamena ulertu, harritu aurpegia jarri du, Genovakoa dela esan du inork galdetu gabe.

      Berriro azaldu dio Antonik, astiroago, italierazko hitz gehiago erabili ditu, gurdia ere seinalatu du. Ematen du orain hobeto ulertu duela Genovakoak, baina ezetz erantzun dio. Osabaren zain dago, Bartzelonan bertan bizi da, edo inguruetan. Bila etorriko zaio osaba antza, eta ezin da portutik inora mugitu. Besteren bat bilatu beharko du Antonik.

      Beste gazte asko ikusi izan ditu bidean, italiarrak gehienak, baina guztiek daukate Antoniri ezezkoa emateko arrazoiren bat: lagunduta datozela edo Bartzelonan bertan gelditu nahi dutela… Kontuari susmo txarra hartu dionik ere izango da, pentsatu du. Hala imajinatzen zuen eta hala izan da.

      Uste baino zailagoa da beraz Antonik behar duena, eta gero eta gehiago kostatzen ari zaio jende artean mugitzea. Mutil txiki bat ikusi du orduan, hogei bat urtekoa, makurtuta, bakarrik, aldean daraman zakutik zerbait atera edo sartzen ari dena.

      Italieraz agurtu du, italiarra behar du derrigor. Gurdiarena azaldu dio, nahi duen lekura eramango duela, baldin eta Bartzelonatik kanpora joan behar badu. Aurrekoek baino askozaz arinago ulertu du mutilak, ernea ematen du, prezioa ere galdetu dio. Gainontzekoei bezala azaldu dio Antonik, gutxi ordaindu beharko duela, hutsaren hurrengoa, baina materialarekin lagundu beharko diola horren ordez, gurdiarekin, mandoarekin, gero eta ezinduago dagoela bera, Begiratu nire hankari.

      Pauso batzuk eman ditu Antonik, herrena nabarmendu du, eskuak erakutsi dizkio, atzamar okertuak. Antoniren begiei zuzen begiratu die italiarrak tarte batez orduan, gizonaren egiak eta gezurrak bereizten ariko balitz bezala. Baietz esan dio.

      Gurdira bidera doazela, Rosaren ahotsa entzun du Antonik, beti bezain garbi. Ez duzu ikusten zelako txikia den? Ez dago hoberik? Topatuko duzu hoberik… Ez duzu ikusten txikiegia dela zuri laguntzeko? Egongo da hoberik, Antoni, topatuko duzu beste bat.

      Ez dago emaztearekin ados orain: italiarrak txikia emango du urrunetik beharbada, Rosaren ohetik, baina mutil sendoa da, giharrak ikusi dizkio. Bestela ere gizon sanoa iruditzen zaio, itxuraz eta hizkeraz. Esango luke horregatik ari dela alabaren ahotsa entzuten orain berriz… Ez da alabaren umetako ahotsa hala ere, oraingoa da, gazte berri batena, eta ez zaio lehen bezain gardena iruditzen gainera, lausoagoa da orain, zirrikitu gehiago dituena, konplikatuagoa. Etorriko da etxera, aita? Italiarra… Ekarriko duzu etxera, aita?

      Gurdira igotzen lagundu dio italiarrak, hori egin dion lehen zerbitzua. Erraz ari da, ohituta egongo balitz bezala, Italian ere lan bera egin izan balu bezala. Mandoa askatu eta salto batean eseri da gurdian gero. Abiatu aurretik, baina, nora joan nahi duen jakin behar du Antonik.

      Azalpen nahasiak eman dizkio mutilak, mendebaldea aipatu du, iparraldea ere bai. Une batez, Santiagora joan behar duela pentsatu du Antonik, apostoluarenera, katedralera. Ezetz esan dio italiarrak berehala ordea eta bi-hiru leku-izen ezezagun aipatu dizkio. Antonik ez ditu behin ere aditu, ez dira katalanak, gaztelaniaz daudenik ere ez du ematen, baina mutilaren ahoskera bereziagatik izan daitekeela pentsatu du.

      Galduta dago Antoni, ez daki zer egin, norantz jo, harik eta italiarrak izen ezagun bat bota duen arte. Orain ulertu du lehen aipatu dituen izenak Bilbo inguruko herriak direla, herrixkak, auzoak, horregatik ez dituela ezagutzen. Orain bai, orain badaki norantz joan behar duen, urrun samar dagoen arren. Ez da bere arazoa, mutilak jakingo du, nora joan behar duen, zergatik. Hala behar zuen, antza, eta hala izango da.

 

 

Uste baino gehiago hitz egin dute gurdi gainean, hasieratik. Hiztuna da Antoni, edonorekin hitz egiten du, edonon, gustura hitz egiten du jendeak berarekin, erraz. Francesco lotsatuago egon da hasieran, baina berehala soltatu da, ematen du berehala hartu diola konfiantza Antoniri, mundu guztiak hartzen dion bezala. Barkua Genovan hartu zuela kontatu dio, nola egin zuen Sapritik Genovarakoa ere bai. Antonik ez ditu lekuak ezagutzen, Genova bakarra, besteak ez ditu behin ere aditu.

      Aitaren Sapriko tailerrari buruz ere hitz egin dio, zergatik ez duen bertan lan egin nahi, zergatik barkua. Horretan ez dio, beharbada, egia goitik behera esan.

      Nora doan ere kontatu dio Francescok. Aitaren lagun batek hartuko du etxean, lana emango dio. Enrico Ponzolo e Vita, izen osoa esan dio, aitak berari esan zion bezala. Umetan ikusi izan zuen Francescok Enrico inoiz, behin, birritan, ez gehiago. Hark ere burdina tratatzen duela esan dio, aitak bezala. Idatzi egin diote Enricori, zain dauka gizona Francescok.

      — Gosaldu duzu, seme?

      — Ura.

      Gurdia alde batera baztertu eta andre Mariak balkoitik botatakoa hartu du Antonik eskuetan, papera kendu dio. Bizkotxoa erdi bana egin du gazteari zatirik handiena emateko. Ardo moduko bat ere hartu du zaku batetik. Zulo beretik edan dute.

      Berriro martxan hasi eta Bartzelonatik ere atera dira noizbait. Orain paisaiak Sapri ingurukoaren antz handiagoa daukala iruditu zaio Francescori, ez erabat ordea. Hala esan dio Antoniri. Ulertu egin dio gizonak, halako inguru batean jaio zen bera ere.

      — Zer da? —Francescok orduan.

      — Zer da zer, seme?

      Antoniren eskuak seinalatu ditu Francescok, arrastaka daraman hanka.

      — Gauza onik ez, seme.

      Katalanez nekez azalduko luke zer den, nola hasi zitzaion, noiz… Italieraz guztiz ezinezkoa egiten zaio. Zer esan behar dio gazte honi? Zertarako?

      — Gauza onik ez.

      Antoniren zakutik jan dute biek, bazkaria eta afaria, Francescori apenas geratzen zaio ezer. Antoniri berdin dio, horretarako prestatu du. Hala behar zuen eta hala da.

      Zuhaitz baten babesera baztertu dute gurdia iluntzean. Bertan egin dute lo, egurren azpian, mandoaren epeletan.

      Antzera joan dira hurrengo egunak ere: otorduak, bidea, gauekoak. Eguraldia egokia izan da, beroa zenbait ordutan, harik eta hirugarren egunean ekaitza lehertu duen arte. Busti-bustita daude Antoni eta Francesco konturatu orduko, hondatuta. Iluntzen ari du eta itolarri puntu bat ere sortu diete trumoiek eta argitasun zakar horrek. Erabaki dute ezin dutela, orain arte bezala, gaua kanpoan eman, gaixotzeko ere. Bidean galdetuta jakin dute ostatu bat dagoela hiru-lau kilometrora norabidea hegoaldera aldatzen badute. Ostatu barruan afaldu dute gaur.

      Gela bakarra hartu dute bientzat. Arropa busti guztia kendu behar izan dute lurrean sikatzen uzteko. Ohera sartu dira gero, ohe berera. Erdi biluzik daude, deseroso, estua da ohea. Francescori erreparoa ematen dio besoak gorputzetik banatzeak ere.

      Barreka hasi dira halako batean, ez dute ulertzen zergatik. Gorputza apur bat sosegatu zaienean, ia segundo berean geratu dira lo.

 

 

Biharamunean begiak zabaldu eta gela erdian zutunik ikusi du Francescok Antoni. Arropak lurretik jasotzen ari da. Nekez hasi da janzten, prakak batez ere. Estropezu egin du bigarren hanka sartu nahi izan duenean, lurrera jausi da ia. Botoia lotzeko ere lan handiak egin behar ditu. Eskuek, atzamarrek, kale egiten diote behin eta berriro. Alkandorarekin berdin antzean gertatu zaio, botoiekin. Sufritzen ari da Francesco ohean, baina ez da altxatu, ez du gizona nabarmen utzi nahi.

      Gosaldu ostean, ezer esan gabe, inoren aginduei itxaron gabe, Francescok prestatu ditu gurdia eta mandoa, ez dio Antoniri egiten utzi. Are gehiago, gurdi gaineko materiala ere zegoena baino txukunago antolatu du. Goizetik abiatu dira ostatutik.

      Normalean baino urduriago sumatu du gaur Francescok Antoni bidean. Aita gogoratu du italiarrak orduan: Kontuz ibili gizon urduriekin. Askotan esaten zuen aitak hori: Gorde zaitezte, esaten zien, Ez dakite buruari eusten, esaten zien, berari, anaiei.

      Inork baino hobeto egiten zien aita Biaggiok gizon urduriei aurre, beti zekien zertan ari zen. Hala ere, Francescok ez du uste Antonirekin kontuz ibili beharko duenik, orain gizon urduria den arren. Gurdia gidatzeko ere eskatu dio Francescori momentu batetik aurrera.

      Bidean oinezko bat ikusi dutenean agindu dio Antonik gelditzeko. Gizonak ez du urrunegi ere joan behar eta gurdira igotzeko esan diote. Katalanez hitz egiten hasi dira beste biak, eta hor ikusi du Francescok Antoni beste pertsona modu bat ere izan daitekeela, arinago hitz egiten duela, biziago, aurpegiko keinuak ere zuzenagoak direla. Ezer gutxi ulertu die, inbidia apur bat sentitu du.

      Hurrengo etxe multzoan utzi dute gizona, ez du aurrerago joan behar. Antoni, lasaitu barik, urduriago jarri dela ematen du. Kontuz gizon urduriekin, gorde zaitez. Francescok ez du arriskurik ikusten: Antoniren aurpegiari erreparatu eta gehiago dauka larritik.

      Handik ordubetera berriro agindu dio Antonik gurdia gelditzeko. Arraroa egin zaio Francescori orain: ez da bazkaltzeko ordua, ondo gosaldu dute ostatuan, duela gutxi libratu dute biek, ez du ulertu. Berrogeita hamar bat metrora erreka baten mugimendua aditu du, baina Antonik aurretik zeukan haren berri dudarik gabe. Gurdia harantz eramateko eskatu dio.

      Zuhaitzen arteko tarteak nahikoa zabalak dira, mandoa pasatzeko modukoak, baina sarriegiak sastrakak bidetik kanpo. Gurpilak birritan trabatu bazaizkie ere, erraz heldu dira erreka bazterrera.

      Zabalgune handi batean lotu dute mandoa, erreka ondoan. Orduan hasi da mugimendua, orduan zoratu da Antoni. Atzera eta aurrera hasi da, gurdi gaineko materiala sailkatu du, zaku bakoitza non jarri behar den zehaztu. Lurrera jaitsi dute gehiena bien artean, zaku batzuk baino ez dira gurdian geratu. Eta jaitsitako materialen artean denetarik dagoela ikusi du Francescok: adreiluak, egurra, iltzeak, erremintak ere ugari.

      Leku lau bat aukeratu du Antonik gero, belar finekoa. Harri txiki batzuk erretiratu ditu, belar luzeagoak erauzi, erabat garbi utzi arte. Bertan etzan da. Besoak buru gainetik eman ahala luzatu eta marka bat jartzeko eskatu dio Francescori. Beste marka bat oinetan. Besoak zabaldu ditu hurrena, eskuma eta ezkerrera. Francescok beste bi marka jarri ditu eskuetan, inork eskatu gabe.

      Askozaz agindu gehiago etorri dira ondoren, adreiluekin, egurrekin, non ezarri, nola itsatsi. Antonik oso argi dauka zer egin nahi duen, oso zehatz agintzen du. Francescok hartu behar du kargarik handiena, Antoni trakets moldatzen delako gauza askorekin, gero eta indar gutxiago daukalako, eskuek ez diotelako kasurik egiten.

      Bazkaltzera gelditu direnerako, horma baten zatia eginda daukate, adreiluz. Bi metro inguru ditu luze, baina ez da oso altua oraindik, belaunetaraino edo. Bazkaldu ostean horma handitzen jarraitu nahi izan du Francescok, baina ezetz esan dio Antonik, horma hori amaituta dagoela, horrela nahi duela, horraino, belaunetaraino.

      Beste horma antzeko bat egin dute orduan, paralelo, bi metro luze eta metro erdiko altuera. Horma laburrago batez elkartu dituzte ondoren lehenengo horma biak izkina batetik, U moduko bat sortuz. Egurrez estali dute U handi hori gero, oholez. Francesco ohartu da neurri perfektua dutela oholek teilatu antzeko bat osatzeko. Ematen du Antonik ondo kalkulatuta daukala guztia. Oilategi txiki eta luzanga baten tankera hartu dio Francescok egiturari.

      Asebeteta dagoelako itxura dauka Antonik, ematen du gustura geratu dela. Probatu nahi duen galdetu dio Francescori.

      — Nola probatu?

      Barrura sartzeko esan dio. Francescok belauniko sartzeko ahalegina egin du, baina berehala ulertu du ezinezkoa dela, barruan etzanda baino ezin dela egon. Buruz gora jarri da.

      — Ondo? —Antonik kanpotik.

      Francescok onartu behar du leku gozoa dela, freskoa, ez dela eguzki izpi bakar bat ere sartzen, ez bada atetik, oinak dituen lekutik. Ondo josita daude taulak, adreiluak. Itxi egin zaizkio begiak.

      Kostatu egin zaio irtetea, arrastaka, oinak aurreraka dituela. Min eman dio kanpoko argitasunak begietan, eguzkia azkenetan izan arren.

      Afaldu egin dute, inoizko oparoen. Lotarako prestatu dira: Francesco gurdi azpian, Antoni etxola egin berriaren barruan.

 

 

Dei batek esnatu du Francesco biharamunean. Antoni ezin da etxolatik bakarrik irten, laguntza behar du. Segituan hurreratu da Francesco, irteten lagundu dio, hanketatik tiraka, besoetatik. Ohartu da bustita duela praketako goiko aldea. Hankartearen inguruko belarra ere halaxe dagoela ematen du.

      Gazta eta ogi apur bat jan dute gero. Francesco hasi da hitz egiten:

      — Eta? Bagoaz?

      — Ez, seme: bazoaz.

      Bezperatik sumatu badu ere, ezin du Francescok sinetsi. Lurrera begiratu du, belar bustira. Berriro begiratu dio Antoniri gero, aho okertura, ez begietara.

      — Eta gurdia?

      — Zoaz, seme, zoaz.

      Mandoa askatu, gurdira igo eta aurrera egin du Francescok handik ordubetera, bakarrik. Ez ditu hamar metro ere egin gurpiletako bat sastraka altu batean kateatu zaionean.

      Gurditik jaistean, atzera begiratu du, Antoni utzi duen lekura. Etxolara sartzen ari dela ikusi du, gora begira, etzanda.

      Sastrakaren kontra ostikoka hasi da orduan Francesco, behar dena baino indar handiagoz. Uste baino errazago garbitu du bidea, arin askatu du gurpila. Hala ere, sastrakari kolpeka jarraitu du, gurpila libre dagoen arren, beharrizanik ez duen arren. Min ere hartu du behatzetan, indarrik gabe geratu da halako batean, arnasa estu, izerditan. Gurdira igo eta aurrera jarraitu du.