Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
2024, nobela
216 orrialde
978-84-19570-27-7
Azaleko irudia: Alex Orbe
Unai Elorriaga
1973, Algorta
 
2019, nobela
2014, nobela
 

 

Olara

 

 

 

Goizetik etortzeko esan dit amak, laguntzera, Angelik laguntza handia behar duela, dena beharrean dagoela orain. Eta goizetik etorri naiz, ilun oraindik. Usain arraroa dago etxean, Angeliren gelan batez ere, baina segituan ohitu naiz, ondo ezagutzen dut etxea. Angelik berak ere ez dauka kolore onik.

      Bertan dago Bilbetuko Andresa ere, Angeliren gelan. Hara eta hona dabil, ondo daki zer egin behar duen, zer prestatu, zelan. Ur bila joateko eskatu dit niri, eta zenbat ekarri behar dudan ere esan dit.

      Bidean argitu duen arren, iturrian ez dago inor, eta hori eskertu diot Jaungoikoari, ezin diodalako inori esan zertarako den ur hori.

      Dena beharrean dagoela eta Angeliri laguntzera etortzeko esan dit amak, goizetik etortzeko. Hemen nago orain, eta iruditzen zait etxe honetako usain arraro honek baduela erre usainetik zerbait. Orduan ere etorri ginen laguntzera, etxe zati hori erre zitzaienean. Baina etxeko guztiak etorri ginen orduan, nebak, osaba, gurasoak, eta hori lortu genuen behintzat, zati bat baino ez erretzea, ez osorik. Gaur bakarrik etorri naiz ni, eta esango nuke oraindik dagoela orduko erre sunda etxe honetan. Inoiz ez diot Angeliri kolore txar hori ikusi.

      Laguntzera etortzeko esan dit amak baina ez esateko inori etorri naizenik, ez duela inork jakin behar. Bestela ere nahiko gordean ari dira etxe honetakoak, Angeliren aita Bautista eta, ama Madalena eta. Angeli bera ere oso gutxi ibili izan da aspaldian etxetik aparte, gutxitan hitz egin dut berarekin azken asteetan, azken egunetan batez ere.

      Etxe ondoko ortuan ikusi izan dugu noizik behin gure etxetik, atartean eserita ere bai, egun epeletan, erdi lo, baina gutxi. Ondo-ondoan daude gure etxeak, gorago gurea, hemen behean eurena.

      Bilbetuko Andresa eta biok baino ez gara gaur hona etorri. Etxetik kanpoko beste inor ez da hurbildu, gure ama ere ez.

      Andresak agintzen du Angeliren gelan batez ere, hara eta hona dabil, segundo batean ere gelditu gabe. Alboz begiratu dit Angelik niri, ematen du ez nauela ezagutzen, edo laguntza eskatu nahi dit beharbada, ez dakit, ezin dut seguru esan. Begi zuloak ere handiak.

 

 

Juan Domingo ekarri du Angelik gaur gure etxera. Juan esaten diot nik batzuetan, ez zaidalako iruditzen hiru urteko ume batek horren izen luzea behar duenik.

      Olara joan behar du Angelik antza, Abaitukora. Derrigor joan behar duela esan du eta ezin duela umea eraman. Horregatik ekarri du, gurekin egotera. Baina ez dakit zergatik ezin duen eraman: ume sendoa da Juan, gogorra, ondo ezagutzen dut, eta ola ez dago horren urruti ere. Hori guztia esan diogu, baina arrazoiei kasurik egin gabe utzi du Angelik umea gurean, presaz, berehala abiatu da. Orrazkera diferentea ekarri du, ez diot askotan ikusi, zapata garbiak eskuetan.

      Ortutik egin dit oihu amak orduan, etxe barrura sartzeko. Juan etxera sartu behar dudala esan nahi du, ez du umea etxe inguruetan ikusi nahi, gordean nahi du, inork ez ikusteko moduan.

      Lotsa apur bat ere eman dit, goiko bidean dagoelako Angeli oraindik, presaka doan arren, eta esango nuke entzun egin duela amak esan duena. Ez dakit, baina, ardura handirik dion: umea nirekin utzi du berak eta hara doa, olara, bere orrazkera horrekin, zapata garbiekin. Angeli ezagututa, esango nuke gehiago dagoela horri begira umeari baino, umea ez dela berea orain. Ezkaratzera sartu gara Juan eta biok.

      Ume motela da Juan Domingo, isila, ez dauka amaren antzik, txikerrenik ere ez. Erraz jagoten da, ez du lan handirik ematen, zozpalekin olgetan egoten da bazter batean. Oso lantzean behin egin behar izaten diot kuku bat, baina beti dago antzeko lekuan, apur bat harago, apur bat honago. Begi berde-berdeak ditu, eta hori da pena bakarra niretzat, etxe barruan apenas ikusten zaiolako kolorea, eguzkitara irten behar horretarako, baina amak ez du nahi. Horregatik, ama urrun barrundatzen dudanean, beheko soroetan beharbada, kanpora ateratzen dut umea. Baina inoiz ez ituxuretik harago, badaezpada ere, ama pentsatu baino lehenago agertzen bada ere.

      Iluntzean itzuli da Angeli. Esango nuke zerbait ere edan duela, poz berezi hori dakar. Juan Domingo loak erreta egon da askozaz lehenago ere, baina ez da behin ere lokartu, amaren zain. Angelik eskutik heldu eta, umeari begiratu ere egin gabe, airean eraman du etxera. Eskuan ez darama orain beste zapata parerik.

 

 

Angeliren gelako usaina gainontzeko geletakoa baino gogorragoa da. Beste usain bat gehitzen zaio erreari, lehendik ezagutzen ez dudan usain modu bat. Esango nuke Angeliren ohetik datorrela. Bestela nahiko soila da gela.

      Lastima emateko moduan dago Angeli bera ere, itxi egiten zaizkio begiak lantzean-lantzean, baina berehala zabaltzen ditu, arin, beldur keinu batekin. Baten batek tripan ostikoa jo diola ematen du.

      Aldaketaren bat ikusi du Bilbetuko Andresak Angeliren aurpegian halako batean eta izara kendu dio gainetik. Angelik ez dauka barruko arroparik, hori izan da harritu nauen lehenengo gauza. Alkandora labur bat baino ez, tripako goiko partea eta bularrak tapatzen dizkiona, baina tripatik behera dena dauka bistan.

      Hankak zabaltzeko esan dio Andresak eta hor hartu dut benetako inpresioa. Oso diferentea du Angelik, nik baino askozaz ile gehiago, goian, behean… Erdikoa ere nirea baino gorriagoa da, handiagoa ere bai beharbada, ez dakit, ezin dut seguru esan, baina gorriagoa bai, barrukoa gehiago ikusten da.

      Bilbetuko Andresa eta biok baino ez gaude gelan. Angeliren ama Madalena agertu ere ez da egin hona etorri naizenetik. Baina umea naiz ni oraindik eta Andresak agintzen didana baino ezin dut egin. Esango nuke etxekoandrea agertu beharko litzatekeela momenturen batean.

      Bultzatu eta bultzatu ari da Angeli, Andresak hala agindu diolako, baina ez dakit ondo egiten duen: ezer ere ez da mugitzen, berdin dauka tripa, berdin tripa azpikoa.

      Behin edo behin pentsatu izan dut aldrebes ateratzen zaiola Angeliri dena, garbo handiko neska den arren. Zer litzateke hori guztia Amezuako Marinari gertatuz gero, neska triste hari?

      Zenbat gauza aldrebes Angelik, koitaduak: ezkontza eta, senarra eta… Amak esaten du inoiz ez duela Angeliren ezkontza modurik ikusi, hilabete bi eta erdikoa… Horren gizon gaztea gainera, esaten du amak, zer den batzuetan Jaungoikoaren borondatea, esaten du.

      Berdin pentsatzen dut nik: zer egin du, zergatik dena eta beti Angeliri? Umea ekarriko du orain, senar barik, inor barik, ama Madalena bera ere ez da hona agertu. Horregatik esan dit amak dena beharrean dagoela Angeli eta laguntzera etorri behar dugula, batez ere gaur.

      Nekatuta ikusten dut Angeli orain, bekokiko ileetan nabaritzen zaio izerdia, begietan, ematen du ezin duela gehiago bultzatu. Ezin dut, esan du. Baina bultzatu beharko du, hori baino ez du egin behar, ez dago beste erremediorik. Berdin dio, bultzatu behar duzu, esan dio Bilbetuko Andresak.

 

 

Juan Domingo ez dugu askotan ikusten orain, ez bada atarira ateratzen dutenean. Gure etxetik ikusten dugu, hemendik goitik. Aspaldi ez dute gurera ekarri. Noiz edo noiz neu bajatu naiz hara, umearekin egotera, ortu txikietan bakarrik ikusi dudanean, baina gehiegi ere ez, beti dago egitekoren bat etxean.

      Umeak ibiltzen ikasi duela ikusi nuen lehengo batean, hemendik goitik, eta amari esan nion segituan. Izan ere, arduratuta egon gara etxean, urte bi egingo dituelako irailean eta beti ikusten izan dugulako eserita edo inoren besoetan. Esango nuke Angeli bera baino arduratuago geundela gu.

      Angelirekin egoten da Juan Domingo etxe atarian gehienetan, amak kasu handirik egiten ez dion arren. Gehiago egoten da ortuari adi, edo trentzak egiten, edo bankuan eserita josten, eguraldia horretarako dagoenean. Eskutik helduta ere gutxitan eramaten du Angelik umea, ez bada etxetik irteteko edo atzera sartzeko. Umea ahuspez jausi eta negarrez hasten denean ere, inoiz edo behin baino ez dio altxatzen laguntzen, ia inoiz ez. Egia esateko, negar gutxi egiten du ume horrek; pentsatuko du ez diola ezertarako balio. Egiten duenean, baina, zoroen moduan egiten du, benetako zerbait daukalako. Etxe barruan izaten da hori, baina hemendik goitik entzuten dugu guk argi.

      Aitita Bautistarekin askotan ikusten dut Juan Domingo, amamarekin inoiz ez. Mimo handiak egiten dizkio Bautistak, halakoxea da gizona eta. Hemendik goitik ere igartzen da aititarekin nahi duela umeak, bila joaten zaio beti beheko soroetatik etortzen denean. Andre Madalenarekin ez dut egundo ikusi.

 

 

Bultzatu beste erremediorik ez daukala esan dio Bilbetuko Andresak Angeliri. Ezin duela esan dio Angelik, sats eginda dagoela, baina indarra atera du halako batean, batek daki nondik, eta lehen baino gogorrago hasi da. Unean-unean aurpegi eskasagoa dauka, bihurritu egiten zaio ahoa.

      Elkarrekin egon ginen aurrekoan, hiru aste izango dira, gure etxera etorri zen Angeli. Madalena jarriko ziola esan zidan, neskatoa bazen. Naturala iruditu zitzaidan orduan, amaren izena ematea, amamarena. Horregatik egiten zait arraroa andre Madalena ez agertzea hona, kuku txiki bat ere ez, biloba jaiotzeko daukanean.

      Orain, hemen, Angeliren indarrei begira nagoela, ama Madalena haserre egon daitekeela pentsatu dut, eta alabak poz hori eman nahi izango diola, horregatik pentsatu duela haren izena umearentzat, neskatoa bada, Madalena. Etxean ere halako zerbait aditu diot aitari amarekin ari zela, baina ez dakit zer den egia. Hori guztia ulertu dudanean, pena handiagoa sentitu dut Angeliren aldi txarrari begira.

      Mutikoa bada, Juan Domingo izango dela ere esan zidan, neba bezala, Basagutxira ezkondu zen neba bezala. Lehendik ere banekien hori, aspaldi esan zidan. Orduan ere gehiegizko izena iruditu zitzaidan ume batentzat, baina ez nion ezer esan. Aita Bautistaren modukoa izan da beti Juan Domingo neba, goitik beherakoa, amari aditu izan diot askotan, musikaria izan arren.

      Orain ezin duela atzera egin eta azken indarrak bota behar dituela esan dio Bilbetuko Andresak Angeliri. Nik esango nuke burua ikusten zaiola umeari, baina ezin dut seguru esan, nahasketa handia dagoelako hor, ilea, urak, azalak…

      Ematen du lehen baino bero handiagoa dagoela orain, gela barruan, kanpoan, goizean behe-lainoa izan bada ere. Leiho txikitik sartuta, eguzkia logela erdibitzen ari dela ematen du.

      Nik ez dut gauza berririk igarri, baina Andresak bai, antza, eta eskuak jarri ditu Angeliren hanken artean. Halako batean, amaren azken ahaleginarekin, erraz atera da umea kanpora, itxuraz, labain egin izan balu bezala tripatik behera, hainbeste ordu eta gero. Juan Domingo dela esan diot Angeliri begiak ixten ari zaizkiola iruditu zaidanean.

      Andresak umea hartu, hestea ebaki, zelan edo halan garbitu eta amaren besoetan utzi du. Angelik begiak zabaldu eta zeharka begiratu dio umeari, segundo batez. Aurrera begira jarri da gero: guri batzuetan, leiho txikiari bestela. Begirada galduta ere egon da tarte batez. Andresari pasatu dio umea ondoren eta bere lekuan uzteko eskatu, lo egin behar duela. Ez dut ondo ulertu nork egin behar duen lo, amak ala semeak.

      Juan Domingo negar batean hasi da bakarrik utzi dutenean. Angelik zabal-zabalik dauzka begiak.

 

 

Bost egun dira andre Madalenaren hiletatik. Gure gurasoen adinekoa zen, eta gazte ikusten dut nik ama, aita ere bai, ez ditut hiltzeko ikusten. Andre Madalena disgustuek hil dutela esan zuen amak aurreko batean. Aitak baietz egin zuen buruaz. Sinistu egin nien nik.

      Atzeko partean jesarri ginen elizan, hala agindu zidan amak. Eta hori izan da Angeli eta Juan Domingo ikusi ditudan azken aldia. Aste honetan ez dira gurera etorri, euren etxe atarian ere ez ditugu ikusi, ortuetan ere ez. Desagertu egin direla ematen du, ez dela han inor bizi. Arduratuta ere egon naiz, Angeliren aita Bautistak eman dit batez ere zer pentsatua.

      Baina iluntzea da orain eta zerbait ari naiz entzuten han behean, euren etxean. Barre isilak iruditu zaizkit hasieran, baina ezinezkoa dela pentsatu dut berehala, ama hil berri. Negarrez hasi da Juan Domingo gero, oso argi. Hori bai, hori normalagoa da. Esango nuke, baina, barreak ere badatozela negarrekin nahastuta, negarraren gainetik ere aditzen direnak batzuetan. Ez da Angeli, gainera, barre egiten ari den bakarra: beste norbaiten barreak ere entzuten dira, gizonezko batenak. Eta ez nuke esango aita Bautista denik. Egingo nuke Bautista ez dela etxean egon hileta ezkero.

      Aldikadak dituzte, orain barreak, orain negarrak, orain biak batera. Txistua ere entzun da momenturen batean, gehiegi ere ez, dantza-doinu baten lehen notak. Segituan isildu da. Nik dakidala Angelik ez daki txistua jotzen.

      Juan Domingo ikusteko gogo handia daukat eta Bautista ere zertan den jakin nahiko nuke. Bakea ematen duen gizona da Bautista. Lotarako berandu nabil.

 

 

Umea utzi digu gaur Angelik, azalpenik eman gabe, olara joan behar duela baino ez. Egia esateko, ez du esan behar, etxean denok dakigu zertara doan, arropak ere ez ditu egunerokoak. Aldatsa inoiz baino arinago igo du.

      Egunik txarrena da niretzat, bakarrik nago etxean eta iturrira joateko agindu dit amak. Juan Domingo eraman beharko dut, eta oraindik ez daki ibiltzen, urtea eta hilabete batzuk dituen arren. Umea aldean, ezin izango dut ontzi handi bat baino askozaz gehiago ekarri iturritik, joan-etorria behin baino gehiagotan egin behar izango dut beharbada. Iletik tiratu dit umeak besoetan hartu dudanean.

      Iturrian topatu nahi nuen azken pertsona topatu dut, Jose, Aiagakoa. Esango nuke euren etxetik hurrago daukatela Arrubiko iturria, baina mozoloak hona etorri behar du, ni kinatzera. Beti dauka zerbait esateko, gaur ere bai:

      — Zer, neska? Umea egin duzu, hain gazterik?

      Ez diot erantzun, begiratu ere apenas. Leku siku batean jesarri dut Juan Domingo.

      — Ez ipini mustur hori, neska… Angelirena da, badakit, mundu guztiak daki.

      Orain ere ez diot erantzun, mimo batzuk egin dizkiot umeari.

      — Olara joan da berriz? Gizon horrekin egotera? Italiako horrekin? Nola du izena?

      — Endrico.

      — Aurten etorri da? Hori aditu dut… —Josek.

      — Maiatzean.

      — Asko dakizu zuk… Angelik esan dizu?

      Aurpegira begiratu diot artez baina ez diot erantzun.

      — Angelirena ez dut ulertzen nik. Zergatik Italiako hori? Gizon eskasa da, txikerra, beltza. Angeliren moduko emakume… Zelan esan duzu izena?

      — Endrico.

      — Izena ere eskasa.

      Ontzia hartu eta Joseren aurrean paratu naiz.

      — Amaitu duzu?

      — Zer amaitu?

      — Iturrian, gizona.

      — Aspaldi.

      — Eta zergatik ez zoaz?

      Atzera begiratu du Josek, bidera, arin, norbait datorren ikusi nahi du. Gero niri begiratu dit berriro, nire eskuetara jaitsi du begirada.

      — Zuri begira nagoelako, neska.

      Ontzia bete, umea altzoan hartu eta karraderan bueltatu naiz etxera. Itzulera gogorragoa da, pisua ere handiagoa, aldats gora. Ezkaratzeko zizeiluan tarte luze batez jesarrita egin arte ez zait beroa epeldu.

 

 

Angeliren alaba bataiatu dute gaur, Isabel, Andramarin. Ez gara elizan lagun asko egon, etxekoak eta auzoko batzuk baino ez. Aurreko bankuetan Angeliren aita Bautista eta senarra, Enrico. Enricori Endrico esaten nion nik hasieran, konturatu nintzen arte, gizonak berak zuzendu zidan arte. Alde handia dago Italiatik hona, baina gizon egokia da Enrico.

      Juan Domingo, lau urteko, aitita Bautistaren eskuari helduta dago eta arrebari begiratzen dio, begirik itxi gabe. Bigarren lerrotik atzera gaude gu, auzokoak, baina ez dira nire neba guztiak etorri, bi baino ez. Atzerago, azken lerroetan, inguruko etxeetako andre gutxi batzuk.

      Gure familiak ia osorik hartuta daukan bankuan, izkina batean, Francesco jesarri da. Angeli eta Enricoren etxean bizi da Francesco, baina ez zaio ondo iruditu, antza, eurekin aurrean jesartzea. Pentsatuko du ez dela familiakoa, ez dela bere lekua.

      Italiatik etorri da Francesco bera ere eta Enricorekin egiten du lan, burdinak eta saltzen ibiltzen dira. Lehendik ezagutzen omen zuen Enricok Francesco, hona etorri aurretik, Italiako parte berekoak dira, behin eta berriro esaten du. Oletan ibiltzen dira batez ere, burdinak saldu eta erosten, hemengoetan eta beste leku batzuetakoetan, egun asko egiten dituzte etxetik kanpora. Mutil lotsorra da Francesco, ni baino lau-bost urte nagusiagoa.

      Isabel txikia hurretik ikusi dut elizara sartu aurretik eta esango nuke amaren antz handia daukala, Juan Domingok ez daukana. Ikusteko dago Angeliren bizitasuna izango duen egunen batean. Hasteko, Juan Domingok baino askozaz negar gehiago egiten du.

 

 

Bisitan etorri da Angeli gaur etxera, ia urtebete joan da senarra hil zitzaionetik. Euren etxean ez dago inor, antza: aita soroan da goizetik eta ama Madalena osabaren etxera joan da iluntzera arte. Aspertzen ari zela eta gurera etorri da berbetan, baina bakarrik nago ni hemen. Esango nuke desilusioa ere hartu duela bakarrik topatu nauenean.

      Amak ezkaratza garbitzeko agindu didala esan diot, sartzeko nirekin etxe barrura. Nire aurretik sartu da, eta ibiltzeko modu arraroa ikusi diot, normalean baino motelagoa ere bai. Urrunetik ikusiz gero, ez nuke esango Angeli denik emakume hori, askozaz biziagoa izaten da normalean. Ezkaratzean ere segituan jesarri da, euren etxetik hona etortzeko esfortzu handia egin behar izan balu bezala.

      Alboz begiratu eta orduan konturatu naiz: zabalago dago Angeli, esango nuke dezente loditu dela. Inoiz izan ez duen tripa ikusi diot, horrela jesarrita, aurrerantz makurtuta. Esan egin diot, mejoratu egin dela.

      Alde batera eta bestera begiratu du berak, berriro galdetu dit inor ote dagoen etxean, nebarik edo. Ezetz esan diot. Zutunik jarri da orduan, alkandora askatu, apur bat altxatu eta tripa erakutsi dit. Badator, esan du, besterik ez.

      Esango nuke susto aurpegiz esan duela, baina argitasunez ere bai. Hori da Angeliren izateko modua, inbidia apur bat ere ematen dit batzuetan.

      Mutikoa bada, Juan Domingo jarriko diola esan dit, neba bezala, Basagutxira ezkonduta daukan neba bezala. Izena gehiegizkoa iruditu zait niri ume batentzat, baina ez diot esan.