Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
2024, nobela
216 orrialde
978-84-19570-27-7
Azaleko irudia: Alex Orbe
Unai Elorriaga
1973, Algorta
 
2019, nobela
2014, nobela
 

 

Eztandak

 

 

 

Bost zulo egin zizkion Francescok arraunari. Arrakalak ziren zuloak baino gehiago, arraun osoa inguratzen zutenak. Kordel moduko bat sartu zuen arrakaletan gero eta batetik bestera mugitu, apur bat igurtziz. Egurra leuntzen hasi zen ondoren, heldulekua batez ere. Etxean bertan ari zen lanean, sukaldean, bilobaren zain zegoen bitartean, Ciriacoren zain.

      Hiru egun ziren ordurako bilobari mandatua bidali zionetik, etxera etortzeko, berarekin hitz egin behar zuela, gauza bat ere bazeukala berari emateko. Jose semeari, Ciriacoren aitari, hiru, lau, bost aldiz errepikatu zion mutilari esateko etxera etorri behar zuela, kontu batzuk esan behar zizkiola. Hiru egun oso beteko ziren iluntzean eta agertu gabe jarraitzen zuen Ciriacok.

      Hiru egun horietan, bestela, familiako asko hurbildu zen Francescoren etxera: Jose bera hainbat aldiz, Eusebio, Eulalia nola ez, baina ume ugari ere bai, beste bilobak: Marcela eta Feli, Micaela, Mauri. Familiakoa ez bazen ere, Anselma andrea ia egunero etortzen zen Isabelekin egotera. Mugimendu handiko etxea zen, baina Ciriaco ez zen agertu, mandatu argia bidali zioten arren. Eta biloba hori nahi zuen Francescok beste guztien gainetik.

      Aurreko asteetan, bi edo hiru lehenago, Ciriaco kalean topatzen zuenetan, sinistu ere ez zuen Francescok egiten mutil jantzi hura, mutil serio hura, bere biloba izan zitekeenik. Miraz gelditzen zitzaion begira urrunetik. Hurbildu egiten zen gero, astiro. Jendeak elkarrekin ikusi behar zituen, mundu guztiak jakin behar zuen Francescoren biloba zela Ciriaco, hori nahi zuen.

      Hitz bakan batzuk ere esaten zizkion italiarrak, bere hizkera baldarrean, familiakoak zirela erakutsi behar zuen. Ciriacok egoki erantzuten zion, ahal zuen atseginen, txikitatik konpontzen ziren ondo, errespetu handia zion aititari. Orain, ordea, hiru egun ziren etxera joateko mandatua bidali zionetik eta oraindik zegoen Francesco zain.

      Eulalia alaba ia egunero joaten zen Isabel eta Francescoren etxera, Jose askotan, umeak ere bai. Bigarren egunean Jose semearen emaztea agertu zitzaien etxean, Tomasa, bakarrik. Aldarrika sartu zen sukaldean, askotan egiten zuen bezala, halakoa zen emakumea. Susto txikia hartu zuen Anselma andreak.

      Oso denbora gutxi behar izan zuen Tomasak Isabeli esan behar zion guztia esateko. Angula batzuk ere utzi zituen sukaldeko mahai gainean, gutxi, eskukada eskas bat. Iradoki ere egin zuen hotzitu ez ote zen Jose zomorro haiek harrapatzen egon zenean, gauez, gaixotu ere akaso, eztulka eman zuela goiz osoa.

      Tomasa alde egiteko prestatzen hasi zenean, sukaldeko atean gelditu zuen Francescok. Arrauna lurrean utzi eta errainaren ezker besoari heldu zion, ukondoa baino apur bat goragotik. Aurpegira zuzen begiratu eta ohikoa ez zuen tonu mengel batez hitz egin zion. Seme nagusiari, Ciriacori, esan behar zion Tomasak, mesedez, etxe honetara etorri behar zuela, inportantea zela, kontu batzuk esan behar zizkiola eta zerbait eman. Joseri esan ziola behin eta berriro, baina mutilak ez ziola, antza, aitari kasurik egin.

      Asaldatu ere egin zen Tomasa, ez zion aitaginarrebari aldarte hori ezagutzen, hain ahul, hain bigun. Pena hartu zuen errainak, arranguratu egin zen, pentsatu zuen arrazoiren bat eman behar ziola gizonari. Esan zion ikasten ematen zuela egun osoa Ciriacok, lekutik altxatu ere ez zela egiten, gehiegi ere bai. Tomasak zalantza egiten zuen merezi ote zuen, hainbeste ordu, hainbeste liburu, familian ez zuela orain arte inork ikasi eta ez zirela horren txarto ere bizi izan.

      Horrela hitz egin arren, erdi mespretxuz, ama harro zegoela igartzen zen, bazekielako gauza handia egiten ari zela Ciriaco, nor bihurtuko zela urte batzuk barru, horretan ari zela. Mundu guztiak esaten zuen, irakasleek batez ere, ikasle ona zela, onenetakoa, Ciriacok egingo zuela inork egin behar bazuen. Berdintsu pentsatzen zuen Francescok, zerbait zeukan mutilak, beste inork ez zeukana, baina amorru puntu bat ere piztu zitzaion orain, hiru egun zirelako laster bilobari etxera etortzeko mandatua bidali zionetik eta ez ziolako oraindik jaramonik egin.

      Orain urte batzuk, Ciriaco umea zela, Josek eta Tomasak besterik ez zeukatenean, askotan eramaten zuten Francescoren etxera, tailerrera ere bai. Aititaren bila hasten zen umea etxera sartu eta segituan, eta Francesco lo bazegoen, logelako ate aurrean esertzen zen, ordu erdiz, ordubetez, gizonaren zain. Galderak egiten zizkion, gerrakoak, txapelgorriak, beltzak, bonbak. Italiari buruz ere asko galdetzen zion, zer zen, nolakoa, berdinak ote ziren etxeak han eta hemen, kaleak, handiak al ziren portuak, ba ote zegoen pertsona beltzik. Sapri izenarekin ere obsesionatuta zegoen umea eta herriko plano bat egin behar izan zion Francescok paper mutur batean.

      Orain ez zen umea Ciriaco, ez hain umea behintzat, eta gutxitan etortzen zen Francescoren etxera. Ikasten ematen zuen eguna, mahaitik apenas altxatu gabe. Egun gutxi lehenago ekarri zioten mahai txikia, berarentzat erosi zutena. Etxean beste inork ez zeukan mahai propiorik. Protesta ere egin zuen amak, zer zen hori, ze kapritxo… Nahikoa zen sukaldeko mahaia, hori uste zuen, ordura arte bezala. Baina tematuta zegoen Jose aita, seme estudianteari, lehenengoari, dena erraztu behar, mahaia, liburuak, ahal zena. Lagun bati enkargatu zion.

      Joserekin ados zegoen Francesco eta berak ere, inori ezer esan gabe, isil-gordean, luma bat taillatu zion bilobari. Egunak egin zituen egurra lantzen, hainbat detaile marraztu zizkion. Metala ere urtu zuen eta egur artean sartu. Hartara, pisu gehiago jarri zion atzeko partean, luma lurrera jausiz gero, punta ez kamusteko. Dena zeukan ondo pentsatuta, dena zen dotorea eta fina. Luma-ahoa Bilboko saltzaile bati erosi zion.

      Luma eman nahi zion Francescok bilobari orain, horregatik bidali zion etxera etortzeko mandatua. Baina zerbait ere esan nahi zion, Ciriacorekin hitz egin nahi zuen… Eta esan nahi zion hori, beharbada, luma bera baino inportanteagoa zen. Hiru egun ziren, baina, etxera etortzeko esan zionetik, eta ez zen bilobaren arrastorik ere oraindik.

 

 

Ciriacori etxera etortzeko mandatua bidali eta laugarren egunera, bakarrik geratu zen Francesco etxean, sukaldean. Arrauna belaunen gainean zeukan, azken taillak egin behar zizkion.

      Isabel mezatara joan zen, hileta batera, eta ez zen etxera beste inor agertu. Francescok berak ere hiletan egon behar zuela sentitzen zuen, asko ezagutzen zuen familia. Etxean geratzeko premia sumatu zuen hala ere, bilobaren zain egon behar zuelako, Ciriacoren zain. Izan zitekeen biloba momentu horretan bertan agertzea, hain justu, mundu guztia elizan zegoenean.

      Nahastu egiten zitzaizkion tripak Francescori horrela pentsatzen zuenean, Ciriaco ate aurrean deika imajinatzen zuenean, eta etxe barruan mutilari kasu egiteko inor ez… Ezin zuen eraman. Etxean geratu zen, bakarrik, zain.

      Orduak egin zituen horrela, beste inorekin hitz egin gabe, eta iluntzerako gutxi falta zenean, eztanda handi bat entzun zuen kalean. Gerrako leherketak gogoratu zituen: antzekoak ziren, sikuak, ilunak, biriketaraino sartzen zirenak. Umea zeneko eztanda bat ere gogoratu zuen, han, Italian, Sapriko labeetako bat lehertu zenean. Orduan ikusi zuen lehenengoz labe baten tripa.

      Bi gizon hil zituen Sapriko eztandak, eta herriko ume guztiek ikusi zituzten gizon haiek hilda, Enricok, Tulliok, Corvok, Seppek, Tarata esaten zioten neska hark ere bai. Baita Pietro De Fusco koitaduak ere, eztandaren uda berean hil zenak. Ondo gogoratzen zuen Francescok Sapriko eztanda hura, eta honen oso antzekoa izan zen.

      Egongelako leihora hurbildu zen, handienera, kalera begiratu zuen. Ez zuen aparteko ezer ikusi, surik, kerik, espero zitekeen ezer. Leihoa ere zabaldu zuen, burua ahal izan zuen gehiena atera, albo batera eta bestera begiratzeko, portu aldera, mendira, baina ez zen ezeren seinalerik. Erre sundarik ere ez zegoen. Arraroa iruditu zitzaion, hain hurbileko leherketa baten ostean.

      Kalean ez zebilen inor, ezin izango zion inori galdetu, zer izan zen zarata hura, non. Zalantzan hasi zen orduan, benetan entzun ote zuen eztandarik, ez ote zen beste zerbait izan. Sukaldera itzuli zen, arraunera.

      Handik gutxira marmar motela heldu zitzaion kaletik, euren etxe aurrean jendea biltzen ariko balitz bezala. Arrauna lurrean utzi eta egongelarantz egin zuen atzera. Leihora joan eta hala zen: pertsona multzo bat ari zen euren etxe azpira hurbiltzen.

      Edadeko jendea zen, Francescoren adinekoak batzuk, zaharragoak gehienak. Beltzez jantzita zetozen, edo oso kolore ilunez behintzat. Gehiago ziren emakumezkoak, zapia buruan, baina ez herrian erabiltzen zen moduan, oso diferente. Izan ere, Francescok ez zuen inor ezagutu, eta arraroa zen, hainbeste urte eta gero. Ez ziren herrikoak izango, ezin ziren izan.

      Mugimendu horri guztiari begira, gauza bakarra pentsatu zuen momentu batetik aurrera, ezin izan zuen burutik kendu: eztandak ekarri zituen mamarro haiek, hori iruditzen zitzaion, ia seguru zekien.

      Lehenengo multzo horren atzetik, jende gehiago ari zen euren kalera sartzen, harik eta, apurka-apurka, punta batetik bestera bete zuten arte. Itxura berekoak ziren guztiak, arropa ilunez jantzita, beltzez gehienak, edadekoak, Francesco bera baino zaharragoak. Antzekoak iruditzen zitzaizkion guztiak, mamarroak.

      Minutu batzuk egin zituen leihotik begira, baina kalekoak erdi geldirik zeuden, ez zuten mugimendu berezirik egiten, oso astiro ari ziren aurrera. Izkinetan jesarri ziren batzuk atseden hartzera, eta etxeetako portaleetara ere sartu zen hainbat. Francescok imajinatu zuen bebarruetako eskaileretan jesarri nahiko zutela, gerizpetan. Auskalo nondik zetozen, auskalo non izan zen eztanda, nekatuta behar zuten.

      Euren etxeko eskaileretan ere hasi zen Francesco hots txikiak entzuten handik gutxira. Logikoa ere bazen: gainontzeko etxeetako portaleetan sartzen ari baziren, eurenean ere sartuko ziren, egongelako leihotik ikusi ez arren.

      Kalerako atea ireki eta eskaileretara atera zen Francesco. Imajinatu zuen mamarroak portaleko freskuran egongo zirela, han-hemen eserita, nekeari buelta eman nahiko ziotela. Oker zebilen: eskaileretan gora ari ziren, astiro, kalean bezala, eskailera-maila bakoitza piano tekla bat balitz bezala zapalduz, arnasbehartuta baina gelditu gabe.

      Heldu ziren lehenengoak Francescoren solairura. Begira jarraitzen zuen italiarrak, ahoa apur bat zabalik, gehiegi ere sinetsi ezinik. Hurbilagotik ikus zitzakeen orain eta ulertu zuen ez zirela mamarroak… Jende iluna zen, hori bai, oso erreta zeukaten aurpegiko azala, zimurrak edonon. Edonola ere, usain onekoak ziren, garbi usaina zeukaten.

      Francescori begiratu ere egin gabe, etxe barrura sartzen hasi ziren orduan, sei, zazpi, hamabi, italiarrak berak zabalik utzitako atetik. Zurtuta geratu zen gizona, ez zekien zer egin behar zuen, nola jokatu. Ezin zuen atea itxi, ordurako etxe barruan zeuden batzuk, hainbeste, etengabe ari ziren gehiago sartzen. Barrura sartu zen Francesco bera ere. Mamarro haiek etxetik kanpora bidali behar zituen, hori esaten zion senak. Mamarro esaten zien oraindik noizik behin.

      Egongelara joan zen aurrena. Han zeuden gehienak, aulkietan jesarrita, besaulkian, baina batez ere lurrean; ez zegoen guztientzako eserlekurik. Aurrera begira zeuden, begirada galduta, serio, isilik, elkarri begiratu edo hitzik egin gabe, norberaren nekeari begira beharbada. Berehala bete zituzten egongelako metro guztiak, ez zen han beste inor sartuko.

      Gainontzeko gelak okupatzen hasi ziren orduan, astiro baina etenik gabe: Eulaliarena, Hipolitorena, Jose eta Eusebiorena izandakoa, Ambrosiorena, Isabel eta Francescorena bera ere bai. Egiteko modua berbera zen beti: gelan sartu eta ahal zuten lekuan eseri, lurrean batez ere, begirada erdi galduta, serio, aurrera begira, isilik.

      Bere burua zeharo galduta ikusi zuen Francescok, jende asko zegoen ordurako etxe barruan, gehiegi, ezinezkoa iruditzen zitzaion denak botatzea. Mamarro moduan ikusten zituen ostera ere orain.

      Eurekin hitz egiteko ahalegina egin zuen, baina ematen zuen ikusi ere ez zutela egiten, lurrean eserita, isilik, begirada galduta… Ulertzen ote zioten zalantza ere egin zuen momentu batean, hizkuntza bera ibiltzen ote zuten.

      Gela batetik bestera pasatu zen Francesco behin eta berriro. Apenas uzten zioten bide estu bat hanka, mokor eta sorbalden artean. Ematen zuen aurrekoan baino mamarro gehiago zegoela pasatzen zen bakoitzean. Baina gauza bakar batek obsesionatzen zuen Francesco momentu horretan: ez zekien zer esango zion Isabeli, nola azalduko zion. Arduratu egin zen gainera, Isabelek aspaldian behar zuen etxean.

      Une batetik aurrera neurriz gain larritu zen Francesco, itolarria ere sentitu zuen hainbeste jenderen artean. Bakarrik egoteko beharrizana sentitu zuen, pentsatu behar zuen, zer egin, hurrengo pausoa norantz eman. Sukaldeko atea ikusi zuen orduan, itxita, berak utzi zuen moduan. Sukaldea ere mamarroz beteta imajinatu zuen, etxeko gainerako gelak bezala, baina okertu egin zen beste behin: hutsik zegoen, gela bakarra etxean.

      Hara sartu eta segituan itxi zuen atea berriz. Arrauna jarri zuen gero ate aurrean trabeska. Kanpoko norbaitek sartu nahi bazuen, ez zuen Francescok uste arraunak traba handirik egingo zionik: indar apur batez bultzatuta, berehala zabalduko zen seguruena.

      Aulkietako batean jesarri zen, ateari begira. Intxaur batzuk jateko ahalegina egin zuen, baina ezin, eztarrian trabatuta geratzen zitzaizkion. Eta posizio horretan, ateko eskulekuari begira, beldur bat sortu zitzaion: ez zuen pentsatu nahi zer izango zen norbaitek sukaldeko atea irekitzen bazuen… Edo, are okerrago, inork zabaltzen ez bazuen. Esate baterako Isabelek, esate baterako Eulaliak, Eusebiok, Josek, esate baterako eta batez ere, Ciriacok, bilobak.