Aurkibidea
Aurkibidea
Marmaro, jainkoarren
Betileak burdin hariz josita dauzkatelako
Dante Alighieri, Komedia
Astiro dator Francesco bidetik, pausoari pauso, bizkarrean dakarren zama ez da nolanahikoa. Eskumako sorbaldan zauri txiki bat ere egin diola uste du.
Erritmo horretan datorrela, hainbeste kilometrotan, bakarrik, gauza asko pentsatzeko astia izan du. Pentsatu du, besteak beste, laster izango duela aitaren adinaren erdia. Hori etorri zaizu burura, Francesco, aitortu, Jainkoaren izenean eta lotsarik gabe. Eta, hari berari tiraka, pentsatu duzu zuen aitak lehenengo semea ere bazeukala zure oraingo adinean. Are gehiago, tailerra muntatuta zuen ordurako, inoren laguntzarik gabe, gurasorik gabe, hutsetik. Eta segituan, ezin bestela izan, zeure buruari begira jarri eta aitarekin konparatu duzu. Ohartu zara zuk ez daukazula ezer ere, ez seme-alabarik, ez norekin ekarri, ezta tailer edo antzekorik ere. Zer daukazu zuk, Francesco? Lana aitaren tailerrean, hori bai, lanpostu mizkin bat, hango beroan, hango itolarrian. Eta zama hau ere badaukazu gaur, bizkar gainean daramazuna, eta enkargu bat.
Francescok ez daki zergatik hartu duen enkargua, ezin dio bere buruari arrazoitu. Tailerretik irten nahi zuen beharbada, egun batez behintzat, bero ito hartatik, zaratatik.
Goizean hartu duenean, ez zaio zama hain pisua iruditu, erraz eramateko modukoa ere bai. Ez da konturatu, ordea, gorputza astundu egiten dutela kilometroek, traba egiten duela edozein zamak orduan, denik eta txikienak ere. Orain ordaintzen ari da.
Basora heldu da, azken basora, honen ostean egon behar du mendiak. Imajinatzen du denbora behar duela oraindik magaleraino, orduak beharbada, baina aldi berean pentsatu nahi du etxea, topatu behar duen etxea, ez dela oso goian egongo. Hori esan diote herrian, Saprin.
Baso barruan bake apur bat eman dio eguzkiak, gerizpea sarria da tarteka eta baretu egin zaio arnasa. Argiago ikusten ditu gauzak orain, eguzkia saretuta sartzen bada ere.
Txoko eroso bat hautatu du, bidetik erabat aparte. Prakak jaitsi ditu lehenik eta behin, barrenak arindu, argiago pentsatu du posizio horretan. Zuhaitz zabal baten altzoan eseri da gero, zaku barruan aztarrika hasi da. Hiru ordu goizago bazkaldu ohi du normalean, gosea ostenduta dauka tripetan orain, baina zerbait hartu beharko duela pentsatu du, enkargua ganoraz beteko badu.
Zakua jakiz beteta dago, hori baita enkarguaren funtsa, jatekoak eramatea, bi asterako, hirurako beharbada. Ogi zati bat hartu duzu. Zer gutxiago, Francesco? Gaztari ere zati batzuk kendu dizkiozu, eskukada bat hur. Halako txikikeriak hartuta ez diozu inori kalterik egingo. Zer uste zuten bestela? Hori bide hori osorik egingo zenuela baraurik? Ez da asko hartzea, hori sinetsi nahi du Francescok. Goroldio zati bat erauzi du zuhaitzetik ondoren eta lokietako izerdia xukatzeko baliatu du.
Azken hurra jaten ari dela, kraska bat entzun du bere txokotik eta metro batzuetara, zuhaitz artean. Mastekatzeari utzi dio, gehiago makurtu da, zuhaitz ostean gorde du zakua mugimendu arin batez. Baten bat badator, ez zaitu ikusiko, Francesco, zuhaitz ostean, sastraka ostean, alde horretatik lasai egon zaitezke. Zuk bai, ikusi egingo dituzu bidekoak, orain euren hitzen marmarrak entzuten ari zaren moduan. Badakizu pertsonak direla, ez piztiak, baina ez dakizu zeri diozun beldur handiagoa. Entzuten ari zarenagatik, gizon bat baino gehiago datorrela ulertu duzu.
Lau gizonezko dira. Francesco dagoen lekutik hamar bat metrora pasatu dira, baina ez daukate arropetan bereizgarririk. Zalantza egin du Francescok: ez daki gureak ala gureen kontrakoak diren. Badaezpada ez du arriskatu, ez zaie bidera irten, sastraka artetik zelatatu ditu. Hitz egiteko moduagatik, tonuagatik, ez daki pozik ala haserre datozen, bietako edozein izan daiteke.
Gauza gehiago pentsatzeko astia ere izan du Francescok, ezin dio buruari eutsi, odolaren abiadurari ere ez… Pentsatu du, esate baterako, Marmaro ikustetik etor daitezkeela, Marmarori bisita egitetik, harentzat enkargu bat egitetik, mesede bat. Edo kontrara: Marmaroren bila ari dira beharbada, inguru hauetan ezin topatuta, haserre, batek daki ze asmorekin, kartzela, urkamendia...
Pasatzen utzi ditu Francescok, aldentzen, zer gerta ere. Urrun sumatu dituen arte ez da bere txokotik mugitu. Tentuz egin ditu gero lehen metroak, emeki, zaratarik egin gabe, harik eta konfiantza berreskuratu duen arte, sinetsi duen arte gizonek hainbat kilometrotara egon behar dutela.
Basoak kolorea aldatu duela iruditu zaio Francescori momentu batetik aurrera, muga moduko bat zeharkatu izan balu bezala. Argia motelagoa da, baina aldi berean zehaztuagoa. Zenbait pauso behar izan ditu begiak forma berrietara ohitzeko. Horretan dabilela, karranka motel bat entzun du bidean, apur bat aurrerago, beregana datorrena. Bidetik aldentzea otu zaio lehenengo momentuan, ezkutatzea, baina hurbilegi sumatu du mugimendua. Ezkutaketan harrapatuko luke bidean datorrenak, nabarmenago geratuko litzateke.
Orain arte, basoan sartu arte, behin ere ez da ezkutatu, aurre egin dio guztiari. Ez zara orain mizkeriatan hasiko, Francesco. Aurrera jarraitu du, natural, berehala egin du topo karrankarekin.
Gizon bakarra da, oinez dator, gurdia eta idia dauzka aldamenean. Zakuak dakartza gurdi gainean, asko eta bete-beteak. Francescok esango luke gurdi-ardatza ez datorrela eroso, hortik hots desatsegin hori. Aurrez aurre gelditu dira.
— Arratsalde on, gazte —gurdi gizonak.
— Arratsalde on, jauna.
— Egun ona biderako, ezta?
— Lanerako baino hobea…
— Bietara nabil ni.
Francescok ez dio erabat ulertu, baina ez du galdetu. Ez du gizonarekin gehiegi hitz egin nahi, ez daki aldekoa ala kontrakoa den… Seguruena ez da ez bata ez bestea.
— Bietara nabil ni —errepikatu du gizonak—, gurdia, bidea, zakuak… Guztia lana…
— …
Isilik eutsi dio Francescok. Ez du ezer esan nahi, ez du ezer aditu nahi.
— Atrebentzia handia da beharbada, gazte, baina ez duzu jatekorik izango, ezta? Badakizu, orduak ostaturik gabe…
— Ez, jatekorik ez…
— Ogi zati txiki bat ere ez?
— Ez.
— Eta nondik zatoz, gazte, janaririk gabe? Eta nora zoaz?
— Sapritik.
— Sapritik eta jatekorik gabe? Bistan da ni baino gazteagoa zarela…
Begiak ņarrotu ditu gizonak orduan, Francescoren aurpegian orain arte ikusi ez duen zerbait ikusi izan balu bezala. Hurbildu ere hurbildu da Francescorengana, normala baino gehiago. “Egon” esan du gero, ondo dakien arren inork ez duela handik alde egiteko imintziorik egin. “Egon” esan du.
— Egon: Sapritik esan duzu? Badakit nor zaren zu… Nola ez naiz lehenago konturatu? Sapritik noski… Biaggioren semea? Pasqualerena? Pasqualeren semea zara, gazte?
— Bai, jauna, baina nola…
— Nola? Zuk baino lehenago ezagutu nuen nik zuen aita. Zure edadean seguruena. Lehenago ere bai… Zenbat kilometro atzera eta aurrera Pasqualerekin: Fusco eta Pasquale, Pasquale eta Fusco. Salernoraino joaten ginen. Haren antza daukazu. Zer moduz bizi da Biaggio zaharra? Tailerrean oraindik?
— Tailerrean oraindik.
— Eta zuk, seme? Beste lan bat hartu duzu, bistan da…
— Ez… Aitarekin nabil, tailerrean. Gaur ez…
— Aitarekin? Tailerrean? —alde batera eta bestera mugitu du gizonak burua, ematen du ez lukeela lan hori bere semearentzat nahi—. Eta gustura, seme?
— Ez, jauna, baina…
Isilik geratu da une batez gizona, zaplada bi eman dizkio idiari lepoan. Ematen du zerbait pentsatzen ari dela, kalkulatzen, neurtzen. Astiro mugitu du burua Francesco dagoen aldera gero, samako zainen bat gogortuta baleuka bezala, sakon begiratu dio.
— Etorri nirekin… Lanera esan nahi dut. Negozioak dauzkat Amalfin, handiak batzuk, txikiagoak… Arnasa hartzeko ere, tailerrean baino hobeto. Dirua ere bada…
Begirada argitu zaio Francescori, barrenak ere bai. Askotan pentsatu izan du, amets egin du, tailerretik irten behar duela… Baina nora? Zertara? Ezin aitarena utzi beste zerbait izan arte. Gizon hau orain…
— Baina ze negozio, jauna?
— Saldu eta erosi, seme… Benevento, Salerno, Napoles, Aversa… Bidean batzuetan, edo herrian bertan bestela. Beti behar ditu gauzak jendeak. Planta onekoa zara zu, Pasquale, aita bezala…
Tentazioa handia da, Francesco… Hori behar zenuen, hori behar duzu. Erantzunaren zain dago gizona, kolpe batzuk eman dizkio gurdiko zaku bati, arteztu egin du.
— Eta orain behar du? —galdetu diozu.
— Nola orain?
— Orain joan behar dut zurekin?
— Zeuk ikusi… Ni ez naiz Saprira joango. Gure bidetik kanpo dago Sapri…
Orain joan behar du derrigor, hori ulertu du Francescok. Orain ez badoa, ez du gizon hau berriro ikusiko, ez da Amalfira joaten ausartuko, aitaren tailerrean jarraitu beharko du, hango berotan, hango errautsetan. Aldi berean, baina, badaki ezin dela gizonarekin joan, zakua entregatu behar duela, enkargu inportantea dela, Marmarori eraman behar dizkiola zaku barrukoak, egunak eta egunak egin dituela jan gabe, hori esan diote herrian. Ezin duzu Marmaro orain abandonatu, Francesco, zuen alde egin duen guztiaren ondoren.
— Ezin dut —esan dio gizonari.
— Zeuk ikusi, seme… Ondo pentsatu duzu?
— Ezin dut orain —zakua seinalatu du.
— Pena da, Pasquale… Esanekoa zara, bistan da. Pena… Goraintziak Biaggio zaharrari, seme.
Penatuta entzun du Francescok gurdiaren karranka berriro, luze begiratu die Fuscori eta haren zakuei aldentzen, idiaren ibilera gorriari. Guztiarekin ere, ondo egin duela iruditzen zaio, hitza eman du, enkargua bete behar du, ezin duzu Marmaro jatekorik gabe utzi, zuen alde egin dituen gauza guztien ostean, harro ere bazaudela esan dezakezu.
Aurrera jarraitu duzu, badakizu oraindik ordu batzuk dauzkazula, ilundera arte beharbada. Galdutako aukera erabili du Francescok buruan hurrengo metroetan, izerdia bat-batean hoztu zaiola sentitu du.
Baso barruko giroa ilundu egin da orduan, baina goiz da, arratsaldeko bostak ere ez oraindik. Hodei beteren bat izan dela imajinatu du, eguzkia guztiz estali duela. Baliteke zuhaitzak ere gehiago izatea, hostoak sarriagoak. Ematen du beste baso batean dagoela.
Ikusi baino lehen ez ditu entzun oraingoan: bideko bihurgune batetik bi gizon agertu zaizkio, armatuta, Francescorengandik lau-bost metrora. Elkar ikusi dutenean, pausoa moteldu dute hirurek, harik eta gizon batek “Geldi hor” esan dizun arte.
— Nora zoaz eta zer daramazu hor?
— Trebisaccera, jauna.
— Trebisaccera? Oinez?
— Beste modurik ez eta…
— Eta zakua?
— Jatekoak, jauna.
— Utzi lurrean eta joan zaitez atzera.
Agindutakoa egin du Francescok. Gizonetako bat zakura hurreratu eta barrukoari begira hasi da. Gaztak eta ogiak alboratuta, azpiko fruitu lehorretara ailegatu da, sagar batzuk ere badaude. Behetik gora begiratu dio gizonak Francescori orduan: itxura bereziki ona daukan gazta bat hartu eta lagunari bota dio.
— Zertarako hainbeste? Zertara zoaz Trebisaccera?
— Izeko baten etxera.
— Eta janaria? Izekorentzat? Saltzeko?
— Egun batzuk egin behar ditut han. Ez dut karga izan nahi.
Zutunik jarri da ostera gizona. Francescok zakua hartu, sorbaldara ekarri eta nabarmen sentitu du gaztaren falta.
Gizonek aurrera egin dute, Francescoren parera heldu arte. Argi utzi nahi dute Francescok eta haren zakuak ez daukatela orain ezelango interesik, ez dietela beldurrik. Abisua eman diote hala ere: kontuz ibiltzeko basoan, Marmaro dabilela inguru hartan, mundu guztiak esaten duela. Adi egoteko esan diote behin baino gehiagotan, gizon arriskutsua dela Marmaro, haren bila ari direla, egunak, atzera eta aurrera, ez diela ihes egingo.
Guztiari baietz esan die Francescok, interesa ere agertu izan du, begiradarekin baino ez bada ere. Eskerrak emanez agurtu ditu gizonak.
Izerdia inoiz baino hotzago jarraitu du Francescok aurrera. Ilun dago basoa oraindik, ematen du ez duela egun berrira arte berriro argituko, arratsaldeko lehen orduak diren arren.
Ahots batzuk entzun ditu handik gutxira berriz, bidetik oso aparte. Ez daki, distantzia horretatik, zertan ari diren: barreka, txilioka, kantuan… Ume ahotsak ematen dute, zorrotzak, disonanteak, ezin du hitz bakar bat ere bereizi.
Ahotsak dauden aldera joatea erabaki du, ez du arriskurik ikusten umeak badira. Bidetik irten eta segituan, bere harridurarako, erabat argitu du eguna, inoizko argien dago basoa, zuhaitzik ez balego bezala, adaburuek hostorik ez baleukate bezala. Biziberritu egin da Francesco, hitzen bat ulertzen hasi da umeen kalaka hartatik.
Urmael moduko batera heldu da, bainua hartzen ari da jendea antza denez… Baina ez dira umeak, neskak dira guztiak, Francescoren edadekoak, gazteagoren bat, nagusiagoak bi-hiru. Inpresioa hartu du Francescok, atzera egin du, ezkutatu egin da.
Biluzik daude batzuk, gerritik gora behintzat, urak ez du besterik ikusten uzten. Barruko arropari eusten diote gehienek ordea, gorputzari zeharo itsatsita orain. Zakua lurrean utzi du Francescok zaratarik egin gabe.
Nesketako bat ezagutu du, baina arraro egin zaizu hemen ikustea. Oker ez bazaude, Acquafreddakoa da neska hori, ingurukoa behintzat, inguruko herri batekoa, hemendik, baso honetatik, oso urrunekoa. Inoiz hitz egin duzu berarekin, ahalegina egin duzu neska horrekin hitz egiteko, azoketan batez ere, baina berehala sentitu izan duzu odola aurpegian, zer esan ez dakizula geratu izan zara. Barreka hasi da neska halakoetan, eta zuri barre egiten ari zaizula pentsatu izan duzu beti, jende artean, azoka erdian. Apur bat apartatu izan zara orduan, Francesco, Enricorekin hasi zara hizketan, Tulliorekin. Guztira hirutan saiatu izan zara neskarekin hitz egiten, han eta hemen, azoketan batez ere, alferrik. Ilea gorrizta du.
Besteei ere begiratu die, baina batez ere Acquafreddako neskari. Barruko arropa jantzita daukan arren, besteak baino bereziagoa iruditzen zaio Francescori, biluzik daudenak baino bereziagoa ere bai. Apenas ikusi du neskarik biluzik bizitzan, sekula ere ez hain luzaro. Hala ere, ezin ditu begiak Acquafreddako neskaren figuratik apartatu, etengabe itzultzen zaizkio hara, gero eta aztoratuago dagoela sentitu du.
Minutu batzuk geroago irten dira uretatik neska guztiak. Acquafreddakoak arropa bustiak erantzi eta sikuak hartu ditu, baina Francescok alboz baino ezin izan du ikusi dagoen lekutik. Amorru hori geratu zaio. Nesken artean dena da barrea eta espantua; kutsatu egin diote aldarte hori.
Bakoitza bere aldetik hasi dira neskak halako batean, behin jantzita, eta norabide diferenteak hartu dituzte agurtu eta gero. Francesco dagoen aldera datoz pare bat. Urduri jarri da, zakua hartu eta korrika geldoan aldendu da, zaratarik egin gabe. Badaki Acquafreddako neskak ze bide hartu duen gainera eta hara abiatu da. Harekin egin nahi du topo apur bat aurrerago, han itxarongo dio.
Harri baten gainean eseri da, neskaren zain. Zakutik ogi zapal bat atera du, jaten ari den itxurak egiten hasi da. Segundo gutxira agertu da neska bidean.
Francesco ikusi duenean, tupustean gelditu da. Ez zuen basoan inor espero, are gutxiago ezagutzen duen mutil bat, hain urrunekoa. Ahoa zabalik dauka, ezin du asmatu zer esan behar duen. Abegia egin dio Francescok ahal izan duen lasaien:
— Acquafreddatik urrun, ezta?
— Zer ikusi duzu? —neskak, artega. Besoak bularren aurrean jarri ditu.
— Bidean? Jenero gutxi: zuhaitzak, astoak… Hautsa…
Ematen du apur bat lasaitu dela neska, eskuak aldaketara jaitsi eta Francesco jesarrita dagoen enborrera hurbildu da. Mutila jarri da urduri orain, belarriak berotzen sentitu ditu, aurretik prestatu dituen hitz guztiak lausotu egin zaizkio buruan. Begiak astun dauzka, zakua bezala, ezin ditu neskari begiratzeko altxatu. Neskak hitz egin behar izan du:
— Zeu ere ez zaude etxetik hurbil, Francesco.
Hotzikara batek laztu du orain Francescoren bularra, imajinatu ere ez zuen egingo neska horrek bere izena jakingo zuenik. Lotsatu egin da: berak ez daki neskarena.
Kostata baina, burua altxatu eta zuzen begiratu dio haren aurpegiari. Irribarre moduko bat ikusi diozu, baina ez zaizu iruditzen orain zuri barreka ari denik. Kontrakoa ere bai, baso zati horretan, biak bakarrik…
Enkargu bat egin behar duzula, hori esan diozu, horregatik zaudela han, baso hartan, etxetik hain urrun. Gehiago hurbildu zaizu neska, zure ondoan eseri da.
— Eta gaur bertan itzuli behar duzu?
— Bai.
— Gauez?
— Beharko…
Aurrera begira jarri da Acquafreddako neska, penatuta dagoela ematen du. Berehala bizitu da ordea, senide batzuen etxean dagoela esan dizu, hemen, basotik aski hurbil, joateko berarekin. Hori esan dizu, Francesco, Jainkoarren, berarekin joateko esan dizu, senideen etxera, emango dizutela afaltzekoa, egingo dizutela lekua etxean.
Zorabio gozo batek hartu du Francesco orduan, elkarrekin egoteko eskatu dio neskak, baina min eman dio aldi berean, badakielako ezetz esan beharko diola, enkargua egin behar duela, ezin dela orain desbideratu, zaku demonioa entregatu behar duela. Hala ere, ez dio berehala erantzun, eskaintza ahogozatu nahi du, tarte txiki batez behintzat. Neskaren masailari begiratu dio, ile solteei.
— Ezin dut.
— Zer ba?
— Mandatua… Zakua… Entregatu behar dut…
— Egingo duzu bihar.
— Gaur behar du.
Behera begira geratu da Francesco, belarretara, ilun, triparen bat apurtu zaiola ulertu du. Badaki zerbait galtzen ari dela, gauza handiren bat beharbada, baina ez daki nola konpondu.
Neska antzera egongo dela imajinatu nahi du; eskaintza egin dizu, asko eskaini dizu, eta zuk… Haren aurpegiari begiratu diozu berriro, beldurrez. Baina ustekabea ere hartu duzu: ez dago haserre, ez dago penarik, barreirudi gaizto samar bat ezpainen ertzetan, zuri begira.
— Baina zer zara gizon serioa, Francesco!
Esan du zutunik jartzearekin batera. Inoiz baino bereziago ikusi du Francescok, arinago, zaiak alde batetik bestera mugitzen ari zaizkiola. Agur laburra bota dizu, espero zenuena baino laburragoa, buelta hartu du, zuhaitz artera sartu da.
Berehala zutundu da Francesco, neskaren azken pausoak ikusi nahi ditu. Zuhaitz artean guztiz desagertu denean, inguruari begiratu dio mutilak, abandonatuta sentitu da, bidean lehenengo aldiz. Gehiago ez pentsatzea erabaki du, zakua hartu eta aurrera dator, mendirantz.
Oraindik ere ordubete luzeko bidea dauka aurretik, badaki, mendiko etxeraino, bordaraino. Marmaro umetarik ezagutzen du, Saprin bizi zen, harik eta desagertu zen arte, ezkutatu zen arte, mendian, hainbat menditan. Soldaduek ezin dute topatu, asko mugitzen den arren, askotan agertu izan den arren, han, hemen. Amorratuta daude soldaduak Marmarorekin, ezin dute harrapatu, antzik ere ez diote hartzen, sinetsita daude barre egiten diela.
Heldu zara, halako batean, mendiaren lehenengo aldatsetara. Zuhaitzak bakantzen doaz eta zeru zati zabalagoa ikus daiteke. Eguzkia behera dator, laster galduko da.
Markatu dioten lekutik hasi da Francesco igotzen. Biderik ere ez dago, seinaleak jarri dizkiote enbor eta asunetan, jakinaren gainean egon ezean ikusiko ez lituzkeenak. Ez daki zenbat denbora egin beharko duen horrela, zail samarra egiten zaio pauso bakoitza.
Borda ikusi du azkenean, horrek behar du seguru, forma eta teilatua halaxe deskribatu diote herrian. Sasiak ondo ezkutatzen du, ez da haraino biderik heltzen.
Ehun bat metro falta zaizkio Francescori ate aurrera heltzeko, eta eguzkiaren azken izpiak ikusi ditu bordako teilen ostean ezkutatzen. Pentsatu du eguzkiarenak egin duela gaurkoz, baina guztiz desagertu baino lehen, azken errainua bota du teilatu atzetik, bizi, sendo. Distira ahaltsua izan da, “jainkozkoa” pentsatu duzu, Francesco, aitor ezazu, beldurrik gabe. Berehala amatatu da ordea, orain badakizu iluntasuna erabatekoa izango dela laster. Minutu gutxi batzuk dauzkazu.
Atea motel jo du. Izan ere, borda barruak txikia behar du derrigor, Marmarok argi adituko ditu kolpeak buila handirik egin gabe ere. Ez du erantzunik jaso, ez da aterik ireki, ia minutu oso bat zain egon den arren. Gogorrago jotzera ausartu da, baina bordan ez da orain ere ezer mugitu. Hirugarren joaldiaren ostean, nor den eta zertara datorren oihukatu du ia ahotsik gabe, ahoa atetik oso hurbil.
Orduan ere ez denez erantzunik egon, zalantzek aurretik erabili dute Francesco: hutsik egongo da borda beharbada, berandu dabil… Abandonatu behar izan dute? Harrapatu dute Marmaro? Ez du ematen, ez da ezer entzun…
Egia esan, ez daki zer pentsatu: atzo bertan eman zioten enkargua, borda deskribatu zioten, bidea markatu… Dena dela, pentsatu du Francescok segituan, zakua utzi behar dio, horretarako etorri da, ez du zertan Marmaro ikusi.
Ateari gogor egin eta, nekez bada ere, apur bat mugitu da barrurantz. Lau-bost bultzadatan gorputz osoa pasatzeko moduko zuloa egin du. Barruan uste baino argitasun handiagoa dago, urratua dauka teilatuak atzeko aldean.
Lurrean etzanda dago Marmaro, ahuspez. Esku biak zikin dituela iruditu zaizu, bustita, ia beltz. Hurreratu zarenean, odol sikua bereizi duzu, ez guztiz siku. Ez zaizu lotan dagoenik iruditu, inondik inora ere. Sorbaldatik heldu eta ahoz gora jartzeko ahalegina egin duzu, baina uste baino pisu handiagoa dauka. Bigarren saioan lortu duzu alboz behintzat jartzea.
Goitik beherako zauria dauka gizonak bularrean, saman hasi eta zilborreraino, sakona, zabala, odoldua. Aurpegia bizi dauka oraindik, betiko indarrarekin, baina ozpin usain mina sumatu diozu. Pauso bi eman dituzu atzera.
Zer egin ezean zaudela, bordaren bazter batean, galduta, orain arte oharkabean pasatu zaizun zerbait ikusi duzu: sabaitik zintzilik, hiru kordel datoz behera, ia-ia Marmaroren burua dagoen lekuraino. Kordelen muturretan, hiru sugandila daude urkatuta, korapiloa estu-estu lepoan, bata beste biak baino apur bat aurrerago, hirurak Marmarori begira.
Marmaroren ondoan etzan zara, bertan egingo duzu lo. Bihar itzuliko zara Saprira. Uste baino arinago ohitu zara ozpin usainera.