Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
2024, nobela
216 orrialde
978-84-19570-27-7
Azaleko irudia: Alex Orbe
Unai Elorriaga
1973, Algorta
 
2019, nobela
2014, nobela
 

 

Isabelek esnea

 

 

 

Sukaldeko mahai aurrean dago Francesco eserita. Gazta jaten ari da, intxaurren bat kraskatzen du lantzean behin. Gustura jango luke orain atzoko sagar erreetako bat, erdia, baina semeak hartu zuen azkena. Horren amorrua dauka orain Francescok.

      Kantu zatiren bat iragazten zaio tarteka hortz artetik, suabe, apenas melodiarik gabe. Aspaldi daki ume txikiak dituen etxe batean ezin dela ozenegi kantatu. Ematen du abestia arnasaldi bakoitzarekin datorrela, hasperenka ia, italieraz beti. Isilune laburrak egiten ditu intxaurrak mastekatu behar dituenean.

      Isabel dago Francescoren atzean, aulki zabalago batean. Etxeko umerik txikiena dauka ezkerreko bularrean. Denbora luzea egin du umeak posizio berean, luzeegia… Batzuetan zalantza egin dute ez ote duen loak hartu. Hil dela ere pentsatu izan dute inoiz, inoren besoetan, sehaskan, ez da horren arraroa. Ez dakite Isabelen esneak on egiten dion, behar beste hartzen duen. Azal kolore eskasa dauka.

      Juana Josefa agertu da sukaldean orduan, Francescoren aurre-aurrean paratu da, gizonari zuzen begira. Begirakunea ilun dauka, baina fresko. Isabeli begiratu ere ez dio egin, ondo dakien arren bertan dagoela eta zertan ari den.

      Aztoratu egin da Francesco, ez daki zer egin behar duen, zer esan. Txandaka begiratu die bi emakumeei: zuzen Juana Josefari, Xepiri, eta zeharka atzean daukan Isabeli, gerria apur bat jiratuta. Aurpegia zeharo bigundu zaio eta oraintsu murmurikatzen ari zen kantua zein zen ere ez du gogoratzen.

      — Xepi… —esan dio Juana Josefari motel, etxeko tonuan.

      Juana Josefak ez dio erantzun, Francescoren begietara begira jarraitu du. Alkandorako botoiak askatzen hasi da ondoren astiro. Francescok ez du ulertzen zein den asmoa, zertara etorri den. Juana Josefak orduan, mugimendu dotore batez, alkandorako oihala emeki erretiratu eta bularra atera du kanpora, bakarra, eskumakoa.

 

 

Ohean daude Francesco eta Isabel. Gaurkoa oso beroa izan da, izerditan dago Isabel, eguna hotza den arren, urtarrilaren amaieran. Francescok ez du izerdi handirik egin, ez dauka horretarako joerarik, iharra delako seguruena, mami gutxikoa. Hori da Isabelek estimatzen dion gauzetako bat, Francescok inoiz gutxitan daukala izerdi usaina, hatsa, beste askok duen bezala.

      Baina izerdi nabarmenik egin ez badu ere, oso nekatuta dago Francesco, asko mugitu direlako gaur ohean bata bestearen inguruan. Amaitu dutenean, arnasaldi sakon batzuk egin behar izan ditu birikei buelta emateko. Behin arnasa lasaituta, betazalak ixten ari zaizkiola sumatu du, beti bezala. Isabelekin ohean aritu ostean, segituan eramaten du loak beti, ezin dio kontra egin, berdin dio egun argia bada ere.

      Isabel ez da hain erraz lokartzen. Bizitu egiten da, piztu, artea galtzen du, ezin da geldirik egon ohean, etzanda. Ohetik altxatu eta josten hasi da, gehienetan egiten duen bezala. Egun argia bada, leiho ondoan esertzen da; gauez kandela izetzen du. Ordubete baino gehiago egin du josten, sosegua ekarri dio. Jositakoa desegiten ematen du denbora gehiena batzuetan. Norbaiten zain dagoela ematen du.

 

 

Ohean daude Isabel eta Pio. Uda da oraindik baina ez dago batere berorik. Isabelek esango luke hotza ere sentitu duela momenturen batean izara bakarrarekin, erdi biluzik. Gorputzaldi arraroa dauka, hotzikarak noizik behin. Pentsatu du haurdun egon daitekeela, gorputzaldi hori dela, beharbada, haurdun dagoelako abisua. Pio ari da hizketan orain, oihuka ia.

      Zarata handia egin dute ohean gaur. Lehenengo solairuan dago etxea eta gainean ez daukate inor, duela hiru aste aldatu zen Basilia andrea alabaren etxera, Andramari kalera. Inork ezin ditu euren barreak entzun, antsiak, edozer esaten dute lasai. Bereziki zaratatsu aritu dira gaur, ez daukate argi zergatik.

      Askotan esan izan dio Piok, baina beste behin errepikatzen ari da, euforia puntu batekin orain, Habanatik itzultzen denean etxe handiago batera aldatuko direla seguruena, dirua ekarriko duela, behar beste, gela gehiago ere beharko dituztela. Beste txikikeria batzuekin dago Isabel arduratuta ordea, badakielako, askotan esan izan diote, eguraldia epela dela Habanan, beroa ere bai, baina hotz handiak sufritu behar direla barkuan beti, itsasoan. Kezka zentzunbakoa da beharbada, baina behin eta berriro esan dio Piori arropa asko eraman behar duela badaezpada, artilea batez ere. Eta halako beste hainbat huskeriaz aritu dira leihoa erabat ilundu arte.

      Afaldu aurretik berriro joan nahi izan du Piok ohera, halaxe esan dio Isabeli gerritik helduta. Isabelek txalo txiki bat jo dio masailean eta zarataka egin du barre. Antxoak garbitzen jarraitu du.

 

 

Ohean daude Francesco eta Juana Josefa, bata bestea ukitu gabe orain. Udazkeneko bosgarren egunak hego-haizea ekarri du, eta ezinegonaz egon dira biak oraintsura arte. Ez dute ohean izerdirik bota, baina irakiten daukate azala. Sabaiari begira dago Francesco, leiho txikiari Juana Josefa, Xepi.

      Xepi esaten dio Francescok etxean, etxe barruan. Hala aditu zion behin Juana Josefaren izekori, eta gustatu gizonari. Francescok ez du izekok bezala ahoskatzen ordea, oso sartuta dauka Italiako musika oraindik. Grazia egiten dio Juana Josefari.

      Biharamunean kanpora doa Francesco egun batzuetarako, materiala saltzera. Badaki nora joan behar duen, non saltzen den ondoen, buruan dauzka herriak gutxi-asko, auzoak, baina inoiz ez da jakiten: izen berriak ikasten dira bidean, leku berriak, luzatu egiten da bidaia, askozaz egun gehiago behar izaten dira. Ohean egin dute agurra beraz, betiko moduan, aurreko hiru alditan bezala. Isilik daude orain, datozen egunetan zer behar izango duten pentsatu behar dute.

      Erdi irekita dagoen leihotik beste haize modu bat sartzen hasi dela sentitu dute halako batean, freskoagoa, naturalagoa. Azala epeldu die eta sosegatzen hasi dira biak ala biak, Francesco batez ere. Birritan pentsatu gabe, berriz ere jarri dio eskua Juana Josefari eskumako bularrean eta apur bat laztandu.

 

 

Mahai aurrean eserita dago Francesco, sukaldean, ukondoak egurrean. Gazta eta intxaurrak jaten ari da. Gazta hartu du batez ere, zama handiekin ibili delako gaur, besoak nekatuta dauzkalako, intxaurrak kraskatzea nekeza egiten zaiolako. Bezperako sagar erreen amorrua dauka.

      Italiako kantuak dardararazten ditu tarteka hortz artean, baina oso baxu, bere buruarentzat baino ez. Bere erritmo propioari eusteko balio dute batez ere. Kantatzeari uzten dionean, kantuak eurak baino zaratatsuagoak dira arnasaldiak.

      Atzerago, metro eta erdira, Isabel dago, etxeko umerik txikiena bularrean. Begirada galduta dago Isabel, baina umeari oso adi. Izan ere, kolore eskasa dauka Eusebio txikiak. Beti izan da ume zurbila, arduratzen hasteko modukoa ere bai, baina kolore horixka hartzen ari da orain, pertsonak izan beharko ez lukeena. Isabelek ez daki Eusebio aurrera atera ahal izango duen, ez daki bere esneak on egiten dion.

      Juana Josefa agertu da sukaldean orduan, mahai aurrean jarri da, Francescori begira. Igartzen da Francescok ez dakiela zer egin behar duen: Juana Josefari begiratu dio, gerria jiratu du Isabeli ere begiratzeko.

      Ematen du Isabelek ez diola Juana Josefari erreparatu, edo ez diola erreparatu nahi, baina baliteke Eusebio txikiari begiratzen dion bitartean zeharka begiratzea sukaldean dagoen beste emakumeari, zertara etorri den, zer nahi duen.

      Francescok zerbait murmurikatu du, izen bat, etxekoa, segituan isildu da. Juana Josefa alkandorako botoiak askatzen hasi da, normalean baino astiroago. Hiru-lau botoi askatu dituenean, oihala erretiratu eta eskumako bularra erakutsi du.

 

 

Isabel ez da portura jaitsiko, etxean bertan agurtuko du Pio. Bero handia dago gaur, eta Isabelek berezkoa du beroa azken hilabetean, barruan sortzen zaio, erraietan. Tripa gero eta astunago sentitzen du, gero eta zabalago. Pisua ere hartu du bestela, handituta dauzka orkatilak, oinak. Ez dago portuan zutunik egoteko moduan, orduak beharbada. Etxean bertan agurtuko du Pio, nahikoa iruditzen zaio, gizonari ere bai.

      Azken egunetako beroak ikusita arraroa izan daitekeen arren, Isabelek behin eta berriro agindu dio Piori maletan arropa lodia sartzeko, Habanan eguraldia epela delako beharbada, baina barkuan ez. Dozena erdi galtzerdi pare josi dizkio, zein baino zein trinkoago. Isabelek inpresioa dauka ez duela azken egunetan besterik egin, deskantsurik gabe egon dela josten. Ez daki merezi izan duen hala ere, Piok kasu egingo dion… Esango luke ez dituela behin ere jantziko.

      Etxean bakarrik geratu denean, sukaldeko aulkietako batean eseri da Isabel. Tripak traba egin dio, baina sosegu apur bat behar du bazkaria prestatzen hasi aurretik. Alkandora bularretaraino goratu eta zaia tarte bat jaitsi ostean, zilborraren gaineko tripa zatia laztandu du astiro. Umea ez da larregi mugitzen, lehengusinak besterik esan badio ere. Lehengusinak hirugarrena ekarri du lehengo astean, mutiko handi bat. Isabelek zalantza egiten du batzuetan bizirik jaioko ote den berea.

 

 

Gela txiki bat hartu du Piok Habanan. Eraikin zaharra da, usain arrarokoa, hezea, baina berdin dio, lotarako baino ez du erabiltzen, egun osoa egiten du kanpoan.

      Erdi tatarrez heldu da gaur hara ordea, normalean baino lehenago, iluntzerako asko falta dela oraindik. Zeharo nekatu du gaur egunak, min astuna sentitzen hasi da hanketan, besoetan, sats eginda dagoela esan dio berarekin lan egiten duen Debako gizon bati, normalean baino lehenago erretiratuko dela. Trankil joateko esan dio Debakoak, Manuelek, arduratuko dela bera.

      Gau txarra pasatu du Piok, botaka ere egin du, ohe ondoan, ez du beste inora joateko astirik izan. Gela osora hedatu da hatsa, baina berdin dio, nahikoa dauka bere gorputzaldiari eustearekin. Besoetako min hori, sabeleko presioa, esango luke sukarra ere badaukala, sukar altua. Apenas egin du lo, modu eskasean gainera, ezertarako gauza ez dela esnatu da goiz-alban. Ezin da mugitu ere egin, ez da lanerako altxatu.

      Manuel etorri zaio bisitan iluntzean, arduratuta. Langile fina da Pio, halakoa izan da orain arte, esanekoa. Gaur ez du abisurik eman baina, ez da lanera agertu.

      Gelako hatsak atzera bota du hasieran Manuel, baina sartu egin da halako batean. Txarto ikusi du Pio, dardarka, erdi itxita dauzka begiak, ez die galderei natural erantzuten. Medikua ekarriko diola agindu dio.

      Biharamun goizean etorri zaio medikua. Sukar horren kontra ez dela gauza handirik, hori esan dio, ez dagoela botikarik, pasatu egin behar dela, itxaron, jaitsi arte, indarrak berritu arte, sabela berdindu arte, egun batzuk izango direla. Ur asko edateko esan dio, trapu bustiak jartzeko bekokian.

      Etxean topatu dituen ontzi guztiak bete ditu urez Manuelek eta ohe ondoan utzi dizkio. Oihal batzuk ere erosi dizkio auzoko andre bati. Lanera joan da.

      Iluntzero hurbiltzen izan da Manuel Pioren gelara. Egunean-egunean hobetzen ari dela ikusi du, kolorea itzuli zaiola, agondu egiten dela ohean berarekin hitz egiteko. Egun batzuen buruan lanean ere hasi da, ordu guztiak egin ez arren. Lehen egiten zuen lan bera egiteko kapaz da laster, lehen baino gehiago nekatzen bada ere.

      Handik gutxira, ordea, bost, zazpi egungarrenera, atzera bueltatu zaizkio sintoma guztiak: kalentura, tripako minak… Aurpegiko kolorea ere mudatu zaio, azala horixka duela esango luke Manuelek. Egunak egin ditu ohetik apenas mugitu gabe. Sukarra gero eta altuagoa da. Pisua eta indarrak galdu ditu. Manuelek ordaindu dio hileta-elizkizuna.

 

 

Ohean dago Juana Josefa, ahul, inoizko zurbilen. Eusebio txikia dauka ondoan. Egunean behin ekartzen diote umea, birritan; kontu handiz ibili behar dute hala ere. Beste ume biak oso gutxitan hurbiltzen dira amaren gelara, beldur da familia. Francescok ekartzen dizkio jatekoak, ura, baina batez ere izekok jagoten du Juana Josefa, goiz eta arratsaldez etortzen da ia egunero.

      Juana Josefak ezin dio Eusebio txikiari bularra eman, jakina, nahi duen arren, munduan besterik nahi ez duen arren. Askotan eskatu du, negarrez ere hasi da inoiz, baina ez diote utzi, ezin diote utzi.

      Inoiz edo behin, bakarrik utzi duten momenturen batean, umea besoetan hartzeko ahalegina egiten harrapatu dute, eskumako bularra kanpoan ordurako, zuri-zuri, zainak agerian. Segituan kendu diote haurra, ez dauka kontra egiteko indarrik. Negarrez etzan da berriro ohean, kolkoko arropa guztiak zabalik. Izekok penaz eta amorruz begiratu dio, zerbait esan nahiko lioke, lasaitzeko, bere onera ekartzeko, baina ez du ahoa zabaldu.

      Juana Josefa apurka kontsumitu da, eztulka. Arropak, arrakadak eta izarak labean erre dituzte emakumea hil eta biharamunean.

 

 

Alaba jaio eta hiru astera jakin du Isabelek hil zaiola senarra hango urrunetan, Habanan. Egunak egin ditu negarrez, asteak. Alaba, Romana, beste batzuen eskuetan utzi du tarteka, ezin dio behar beste jaramon egin.

      Ume gaixobera izan da Romana jaio zenetik, inoiz ez da guztiz ondo egon, beti mukiak, eztul txikia, kalentura, beti zerbait. Ematen du amaren mina hartzen ari dela orain bularrean, gero eta zimelago dago.

      Azalean puntu gorri batzuk dituela ekarri du gaur umea auzoko batek kaletik. Inoizko motelen ari da negarrez, indar barik. Isabelek esango luke sukarra ere badaukala. Bost egun gehiago egin ditu bizirik.

 

 

Ohean daude Francesco eta Isabel. Ohi baino denbora gehiago aritu dira gaur bata bestearen inguruan. Oso nekatuta dago Francesco, izerditan Isabel. Isil-isilik egin dute guztia ordea, mutu, ez dute hitz bakar bat ere esan, badakite umeak oso erraz esnatzen direla bestela, gertatu izan zaie inoiz.

      Lokartzen ari dela sentitu du Francescok orain, betiko moduan. Isabel ohetik altxatu dela ikusi du, baina ezin izan du nora doan begiratu, zer egitera, begiak guztiz itxi zaizkiolako, pisu, berriro zabaltzeko aukerarik gabe. Lo atsegina dela esango luke Francescok.

      Bere burua sukaldeko mahai aurrean eserita ikusi du orduan. Gazta eta intxaurrak jaten ari da, nekatuta, neke arraro batez. Bezperako sagar erreak ekarri ditu gogora.

      Bere atzean, hormaren kontra dagoen aulkian, Isabel dago jarrita. Eusebio txikia dauka bularrean, zuri, kolore barik. Ez dakite esne horrek on egiten dion, behar beste hartzen duen, aurrera atera ahal izango duten umea.

      Juana Josefa agertu da sukaldean orduan, orain urte batzuk bezain fresko. Francescok ez daki zertara etorri den, zergatik. Hilda dago, hilda egon beharko luke. Ez dio hori esan noski, ez dio ezer galdetu, haren izena baino ez du ahoskatu, etxekoa, etxe barruan erabiltzen zutena.

      Juana Josefak ez dio erantzun, alkandorako botoiak askatzen hasi da, astiro, zer esan behar duen pentsatzen ariko balitz bezala. Mugimendu dotorez, eskumako alkandora zatia erretiratu eta agerian utzi du bularra.

      Segundo batzuk egin ditu horrela, aurrera begira, erronkan. Ondoren, besoa luzatu eta Eusebio txikia seinalatu du. Orain ulertu du Francescok zertara etorri den Juana Josefa, zer nahi duen, zergatik dagoen minduta. Umea seinalatzen ari da, baina gizonari begira dago aldi berean, Isabel existituko ez balitz bezala.

      Ematen du Eusebio txikiak berak ere ulertu duela zertara etorri den ama, zer nahi duen, zergatik ari den bera seinalatzen. Isabelen bularra askatu eta negarrez hasi da.

      Negar bizi horrek esnatu du Francesco. Lehertzeko moduan dauzka birikak, bihotza, lotan sortu zaion larria barru-barruan darabil oraindik.

      Begiak zabaldu dituenean, apur bat kostatu zaio non dagoen ulertzea. Burua altxatu eta Isabel ikusi du logelako aulki bakarrean eserita. Eulalia txikia dauka bularrean. Eulalia totoloa, Eulalia kolore ederrekoa. Negarrez egon dela esan dio Isabelek Francescori, ito beharrean, beste ume guztiak esnatu dituela. Hartu behar izan du, bularrean baino ez da lasaitu.

      Handik gutxira, atea apur bat bultzatu eta begi bat sartu du logela barrura Eusebiok, bost urtekoak, beti bezain zurbil, jaio eta segituan tisiak estali izan balu bezala.