Aurkibidea
Aurkibidea
Zerrien urak
Bostak eta iluna, zerri hiltzeko eguna
Herri esakunea
Plazako putzura zerri bat bota zutela esaten hasi ziren orduan. Zerria gaixorik zegoela esan zuten, oso gaixorik hil zela, horregatik bota zutela putzura. Esan zuten ez edateko ur hura, galduta zegoela, harrezkero tripak lehertu beharrean zeudela handik edan zuten batzuk, esate baterako Ruggiero Leone, esate baterako Cesare Merola.
Hainbatek galdetu zuen orduan nork bota zuen zerria putzura, zertarako, zergatik galdu nahi zuen herriko inork herriko ura. Ezetz erantzun zuten, kanpotik ekarri zutela zerria, Acquafreddatik edo Trecchinatik. Salernoko jendeak ekarri zuela esan zuen baten batek ere, hango gaixotasuna zela zerriarena, horregatik ari zirela Cesare eta Ruggiero tripak botatzen. Baina zertarako ekarriko zuten zerri gaixo bat Salernotik, horren urrutitik, herri txiki batera, putzura botatzera, zergatik ez zuten itsasora bota edo Salernon bertan lur eman, hain gaixorik bazegoen. Guztiarekin ere, esaten jarraitu zuten zerria putzutik atera arte, ez edateko hango ura. Gauez aterako zutela esan zuten, ez zekiten noiz.
Hori guztia gertatu zenean, zerriarena, ura galdu zenekoa, bederatzi urte zituen Francescok, hamar beharbada. Kalean egiten zuen egun osoa, udan, ez zuen etxean lan egin behar oraindik, aitarekin, tailerrean, anaiek egiten zuten bezala. Ito egiten zuen Francesco tailerreko beroak, udan batez ere. Horregatik ematen zizkion eskerrak Jaungoikoari ia egunero, ez zuelako oraindik han lan egin behar, anaiek bezala, aitak bezala, Salvatorek bezala. Hurrengo urtean hasi beharko zuen seguruena, hori esaten zion amak, baina kalean egiten zuen orain ia egun osoa, Enricorekin batez ere, beste lagun batzuekin ere bai.
Igelak lehertzen zituen Francescok Enricorekin, barraskiloak, bareak, erleak erretzen zituzten, hegoetatik hasi, hankak, gorputz erdia, burua. Katu bat sartu zuten zaku batean behin, kolpeak eman zizkioten hondartzako harearen kontra, uretan sartu zuten, buztana imajinatu zuten lekuan zapaldu zuen Enricok. Zorabiatuta irten zen katua zakutik, apur bat odolduta, marru batean. Lehenengo bi-hiru pauso motelen ostean, ziztuan galdu zen kale artean.
Kanpotar gutxi etortzen zen herrira orduan, baina haren atzetik abiatzen ziren Francesco eta Enrico baten bat agertzen zenean. Haren atzetik joaten ziren merkatura, tabernetara, haren atzetik leku guztietara. Hori zen euren okupazioetako bat, udan, igelekin, erleekin batera, kanpotarren atzetik ibiltzea. Izan ere, mundu guztiak esaten zuen, kalean ere entzuten zen, beti izaten zela zerbait kanpotarrak agertzen zirenean: kartzelara botatzen zuten herrikoren bat, jipoiak egoten ziren kale bazter batzuetan, desagertu egiten zen gazte jendea… Hori guztia kanpotarrak herrira agertu eta gutxira izaten zen beti. Horregatik egoten zen Francesco adi, kanpotarren bat noiz agertuko, horregatik ibiltzen ziren haien atzetik leku guztietara.
Kanpotar bi ibili ziren herrian aurreko udazkenean, luzeak biak, antzekoak, bikiak ematen zuten. Orduan desagertu zen Antonio Cilea, hogeita hiru urtekoa, ikazkina, ikazkinaren semea. Otsailean beste hiru-lau kanpotar agertu ziren eguerdiarekin eta arratsalderako borroka-saio batzuk izan ziren portutik ez oso urrun ere. Zazpi lagun atxilotu zituzten egun horretan bertan, Maria Cilea tartean, Antonio ikazkinaren arreba. Atxiloetako bat Amalfira eraman zutela esan zuten eta apiriletik aurrera Napoleseko kartzela batean zeukatela. Zerbait ekartzen zuten kanpotarrek beti, hori esaten zen, horregatik egoten zen Francesco haiei begira.
Lehengusu batek eman zion abisua, uztailaren amaiera aldera, kanpotar bat agertu zela herrira bezperan eta halako ostatutan zegoela. Goizetik joan ziren beraz Enrico eta Francesco ostatu aurrera eta kale bereko etxe-atari batean eseri ziren, hara begira.
Luze begiratu zioten hasieran ostatuko ateari, begirik mugitu ere egin gabe; ezin zuten kanpotarra galdu, haren atzetik ibili behar zuten derrigor. Baina aspertu egin ziren halako batean, ia ordu oso baten ondoren, zirkinik ere ez zuen ateak egin… Harri txiki batzuk topatu zituzten inguruan, jolasten hasi ziren, lantzean behin baino ez zioten ostatuari begiratu handik aurrera.
Zabaldu egin zen atea azkenean, harriak bota zituzten Enricok eta Francescok, adi jarri ziren, erdi zutitu ere bai. Baina Vincenzo irten zen etxetik, ostatukoen semeetako bat, beltza azalez, mutil amorratua beti.
Zalantzan hasi ziren orduan: goizago atera zen kanpotarra beharbada, ez zen herrian egongo ordurako. Edo beste ostatu batean egongo zen agian, okerreko lekua eman zion lehengusuak Francescori… Eztabaida txikian ere hasi ziren, zalantza egin zuten han jarraitu ala ez, merezi ote zuen.
Ez ziren handik mugitu ordea, eta ordu erdi baino lehenago agertu zen azkenean kanpotarra ostatu barrutik. Gizon betea zen, sabela normala baino handiagoa, aurpegia ere puztua, abere guritu batena. Arropa egin zitzaion deigarriena Enricori hala ere, koloreak batez ere: urdin argi-argia eta banda urrekarak, zabalak. Inork ez zuen halako kolorerik erabiltzen Saprin, inoiz ez zituen Enricok arropetan ikusi. Bere tamaina gorabehera, uste baino pauso arinagoa zuen gizonak.
Enricok eta Francescok, atezuan jarri baziren ere, ez zuten mugimendu handirik egin behar izan kanpotarraren atzetik abiatzeko: ostatu ondoko tabernan sartu zen gizona, handik hamar bat metrora. Denbora egin zuen barruan, gosaltzen imajinatu zuten, edo goizetik edaten, errementariek egiten duten moduan. Berriro aspertu ziren zati batean.
Tabernatik irten zenean hasi ziren benetako mugimenduak. Kale artera sartu zen kanpotarra eta galduta zegoela ematen zuen batzuetan: paper luze bat ateratzen zuen jakako poltsikoetako batetik, adi begiratzen zion, kaleei erreparatzen zien gero, etxeei, ateei. Beste batzuetan seguru antzean egiten zuen aurrera, kale esturen batetik, zalantzarik ez balu bezala, paparra gorarik. Lanak izaten zituzten halakoetan Enricok eta Francescok, korrika ere hasi behar zuten, estu ibiltzen ziren kanpotarra ez galtzeko.
Bastoiaren puntaz seinalatu eta etxeak zenbatzen zituen lantzean behin gizonak. Ematen zuen etxe-atari bat topatzeko modu bakarra zela hura. Alboz ikusi zuten halako batean eta aurpegia erabat izerdituta zeukan, lokietatik behera tantaka zetorkion izerdia. Arropa gehiegi ekarri zuela iruditu zitzaion Enricori.
Ate baten aurrean gelditu zen gizona orduan, paperari begiratu zion, berriro ateari. Bilatzen ari zena topatuta, poltsikoan gorde zuen papera. Bastoiaz atean kolpe gutxi batzuk jo eta atzera egin zuen pauso bakar bat, zain egotera. Ez zen atea zabaldu, eta berriz jo behar izan zuen. Aurrekoan baino kolpe bat gutxiago egin zuen, baina nabarmen ozenago.
Emakume batek zabaldu zuen azkenean. Kanpotarrak azalpen batzuk eman zizkion, eskuari eta bastoiari eragiten zien bitartean, amorru apur batez, gora eta behera, ezkerretara… Enricok eta Francescok ez zuten hitz bakar bat ere aditu, horren urrunetik. Emakumeak, berriz, adi begiratzen zion gizonari, baietz egiten zuen buruaz, kikilduta, ahoa zabalik, lepoa oker, behera begira. Etxera sartzen utzi zion azkenean, atea itxi zuten.
Denbora egin zuen gizonak etxe hartan, baina ez tabernan bezainbeste. Handik irten zenean, zapi oso zuri batez aritu zen aho ingurua garbitzen edo sikatzen, eta ez zuen behin ere atzera begiratu etxeko andreari agur esateko. Oso astiro itxi zuen emakumeak atea.
Kale artetik jarraitu zuen kanpotarrak, hari begira Enrico eta Francesco. Antzekoa izan zen prozesua hurrengo etxean: kolpeak atean, gazte batek zabaldu zuen orain, antzeko mugimendu haserretuak kanpotarrarenak, eskuak, bastoia, antzeko azalpenak imajinatu zituen Francescok. Etxe barrura sartzen utzi behar izan zioten azkenean.
Bosgarren etxeak aztoratu zuen kanpotarra ordea. Denbora gehiago behar izan zuen ataria topatzeko lehenik eta behin, hamar minututik gora. Emakume sendo batek zabaldu zion gero, eta betiko azalpenak abiatu zituen gizonak. Emakumeak siku erantzun zion hala ere, beste etxeetan egin ez zutena, goitik behera begira. De Fusco andrea zen, ezagutu egin zuen Enricok, arropak egiten zizkion haien amak. Azalpen eta oihu gehiago saiatu zituen kanpotarrak, arinago, mugimendu asko bastoiaz, izerdia sarriago. Hitz gutxi batzuekin erantzun zion emakumeak, zurrun, harro ere esango zukeen Francescok, eta aurpegi aurrean itxi zion atea.
Petril baten gainean eseri zen kanpotarra horren ostean, izerdia bekokian, izerdia ezpain gainean, izerdia saman. Bi-hiru aldiz atera zuen papera poltsikotik, begiratu laburra egin, berriro gorde. Orria biguntzen hasita zegoela iruditzen zitzaien umeei distantzian, esku izerdituetan. Jaka ere kendu zuen une jakin batean gizonak, baina ez zekien non utzi, petrila zikin zegoela irudituko zitzaion, eta eskuetan eutsi zion tarte batez, berriz janzteko laster. Berehala altxatu eta kale artera sartu zen ostera. Bastoiak traba egiten zion pauso bakoitzean.
Etxerik etxe ibili zen kanpotarra eguerdira arte. Berdintsu jokatzen zuen beti eta etxe barrura sartzen uzten zioten gehienek. Beste behin baino ez zioten atea itxi: gizon edadetu batek, iharra bera, aho bigunekoa. Indarrez itxi zuen atea, kanpotarra kalean utzita, egurraren kolpea ere zaratatsua. Aztoratu barik, haserretu egin zen orain kanpotarra, “nori eta niri” pentsatzen ariko balitz bezala. Hori iruditu zitzaion Francescori: bekainartea ilundu zuen, ahoa ere bai, pausoa luzatu. Hamar-hamabi etxe egin zituen guztira goizean.
Eguerdi partean ostatura erretiratu zen, bazkaltzen ariko zela ulertu zuten Enricok eta Francescok. Eurak ere bazkaltzera etxeratu ziren, ostatu aurrean ez zuten gauza handirik ikusiko orain.
Bazkalostean elkartu zirenean, agurtu eta bat, eztabaida luzean hasi ziren lagunak. Merezi ote zuen galdetu zuen Enricok, kanpotar honek ez zeukala ezer berezirik, aspertzen ari zirela. Aurreko kanpotarrak agertu eta berehala hasten ziren gauzak mugitzen, atxiloketak, borrokak, istiluak. Goiz osoa egin zuten honen atzetik eta ez zeukaten ezer ere, bisita batzuk baino ez, oso normala guztia, oso aspergarria.
Uretara joan nahi zuen Enricok, betiko lekuan bainatzera, han elkartuko ziren besteekin, Tulliorekin, Corvorekin, han aprobetxatuko zuten eguna. Francescok ez zuen berdin ikusten, itsasoa beti egongo zen han, kanpotarra ez, biharamunean alde egingo zuen, handik bi egunera, hirura. Orain aprobetxatu behar zutela uste zuen. Hala eta guzti ere, amore eman zuen azkenean, ez zuen bakarrik geratu nahi, Enricorekin nahi zuen, besteekin ere bai. Portu alderantz egin zuten.
Harkaitzetan topatu zituzten lagunak, Tullio, Corvo, Seppe, neskato hura ere bai, Tarata esaten ziotena, herren txiki bat egiten zuena. Betiko lekuetan bainatu ziren, biluzik, Tarata bera ere bai, apur bat aparte. Orduak egin zituzten uretan, atzamarrak zimeldu arte, begiak ziztatu arte, sartu eta irten. Hodeiak trinkotu zirenean joan ziren harrietan jesartzera, biluzik lehortzera.
Gorputza erdizka lehortu, arropa jantzi eta harriak botatzen hasi ziren. Itsasoari botatzen zizkioten lehenengo, gehiegi pentsatu gabe. Txoriak deskubritu zituzten gero eta haien kontra hasi. Baina oso zaila iruditzen zitzaien, ia ezinezko, mila begi txoriek… Gutxien espero zutenean baina, txori txiker bat aparatu zuen Tulliok, haitz artean geldirik zegoena, harri handi samar batez. Mugimendu eskasak egiten zituen txoriak kolpearen ostean.
Hurbildu egin ziren, odolduta zeukan burua, hegoetako bat oso posizio arraroan eta, mugitzen zenetan, herren egiten zuen, Taratak bezala. Harekin zer egin ez zekitela geratu ziren, harik eta Tulliok hartu eta itsasora bota zuen arte, indarrez, urruti, urak nola zerabilen ez ikusteko moduan. Azazkaletako batean sartu zitzaion txoriaren odola.
Iluntzea azkartu zuten hodeiek, inoiz baino goizago lausotu zen argia, eta Enricok zeharo gautu baino lehenago egon behar zuen etxean. Francescok lagundu zion, egunero bezala. Hondarretan geratu ziren besteak.
Etxera sartu baino lehen, plazako putzuan gelditzea pentsatu zuten; egarri zen Enrico, erreta zekarren eztarria. Oraindik ez zegoen zerri konturik herrian, oraindik ez zuten abere gaixorik bota putzura, oraindik ez zegoen ura galduta, tripak ustelduta.
Inoizko ilunen zegoen plaza, ilargia hodei artean, ozta-ozta ikusten zen putzua. Kalean ez zebilen inor, baina ate bat zabaldu zen orduan, argitasun txiki bat ikusi zuten. Ezin sinetsita zegoen Francesco: kanpotarra ari zen etxe hartatik irteten.
Ukondotik heldu zion Enricori, kanpotarra seinalatu zuen, haren atzetik joan behar zuten, orain bai. Zer ari zen horren berandu?
Ezetz esan zion Enricok, etxean behar zuela berak aspaldi. Besoa askatu eta putzuan edan barik sartu zen kale artera, etxerantz. Kantoi baten ostean geratu zen Francesco, bakarrik jarraituko zion kanpotarrari.
Pauso batzuk eman zituen gizonak, plazan, putzu aldera, beti bezain harro, beti bezain luze. Abiadura moteltzen hasi zen berehala ordea, eta guztiz gelditu zen halako batean. Bastoia lurrera bota zuen orduan, edo jausi egin zitzaion, soin-enborra aurrerantz makurtu zuen, lurrera begira. Francescok ez zuen ulertzen.
Belauniko jarri zen gizona, baina jarrera horri eutsi ezin izango balio bezala, alboz jausi zen, lurrean etzanda geratu arte. Belaunak sabelera hurbiltzen zituen behin eta berriro, eta kexu arin batzuk entzun zizkion Francescok.
Atea ireki zen berriz, minutu batzuk lehenago kanpotarrak zeharkatutakoa, eta etxe hartako anaiak irten ziren handik. Alde guztietara begiratu zuten, lurrean zegoen gizonarengana hurbildu. Oinetatik heldu zion batek, besapeetatik besteak. Etxera sartuko zutela pentsatu zuen Francescok.
Baina etxera barik, putzurantz egin zuten anaiek. Kanpotarraren intziriak entzuten ari zen Francesco urrunetik, erregu hitzen bat. Ematen zuen anaiek argi zeukatela zer egin behar zuten, kanpotarrak ere bai.
Putzura heldu eta zuloan jarri zuten gizonaren burua, aurretik adostuta izan balute bezala. Bigarren anaiak kanpotarraren izterrei gora eragin, eta berez desagertu zen gorputz osoa putzu barruan. Zarata itoa entzun zuen Francescok gutxira.
Segundo batzuk egin zituzten anaiek putzu ondoan, baina bietako inork ez zuen zulotik behera begiratu. Altuenak zerbait esan zion besteari, ahopez. Buelta hartu eta etxera sartu zen bigarrena, astiro, atea guztiz ireki barik. Handik gutxira irten zen berriz, baina argia zekarren eskuan orain. Berehala ohartu zen Francesco, hala ere, ez zela argi arrunta, paper moduko batzuk zirela, eta su eman ziela anaiak punta batean etxe barruan. Oraindik ez ziren paperak guztiz erre, baina horretan ari ziren. Putzura hurbildu eta bertara bota zituen, une batzuk lehenago kanpotarra bota zuten bezala.
Segituan erretiratu ziren anaiak etxera. Zain zeukaten arreba atean, eurei begira. Francescok oso ondo ezagutzen zuen, bera baino hiru urte nagusiagoa izan arren. Kolpe isil batez itxi zuten atea.
Bakarrik geratu zen Francesco kalean, putzuari begira. Argitasun badaezpadako bat ageri zen han barruan, asko iraun ez zuena. Putzuaren ondotik pasatu behar zuen etxera joateko eta astiro mugitu zen, tentuz. Hango arteko distantzia luze egin zitzaion. Argi ikusi zuen putzu barrutik ke-hari fin bat irteten, zuzen, delikatu, arimen modukoa. Hilda imajinatu zuen kanpotarra han barruan, odolez, kolpatuta, edo odol barik, itota, ahoa zabalik. Kexu bat entzun zuen orduan, oso motela. Korrika hasi zen.
Hatsanka heldu zen Francesco etxera, arduratu egin zitzaion ama, galdetu egin zion, ez zuen ganorazko erantzunik jaso. Gutxi afaldu zuen, arraro egin zuen lo.
Orduan hasi ziren esaten zerria bota zutela putzura, gaixorik zegoela, oso gaixorik hil zela, horregatik bota zutela putzuko zulora. Ur hura ez edateko esan zuten, galduta zegoela, honezkero tripak lehertu beharrean zeudela handik edan zuten batzuk, esate baterako Ruggiero Leone, esate baterako Cesare Merola, esate baterako Helen txikia, eskoziarraren bosgarren alaba.