Monogamoak
Monogamoak
2024, narrazioa
160 orrialde
978-84-19570-26-0
Azaleko irudia: Peter Fischli & David Weiss
Iņigo Astiz
1985, Iruņea
 
2019, poesia
2012, poesia
 

 

Oreina

 

 

Talde txikitan joaten ginen beti kanpamentura, eta nola gutako batzuek maiz kointziditzen genuen, azkenerako, lagun talde moduko bat osatu genuen; ez talde egonkorregia, nahi bada, baina talde bat, edonola ere. Urtea hasterako guztiok izaten genituen opor egun batzuk gordeta hartzak ikustera joateko. Orduko hartan, adibidez, Rosa zen ezagutzen ez nuen bakarra. Eta hori ere ez da guztiz egia. Zeren normalean lana izaten baitzuen kanpamentu sasoia heltzen zenean eta, ondorioz, bere senarra bakarrik joaten baitzen beti, Pedro, eta hari entzundakoen bidez ezagutzen genuen denok Rosa, zeharka bazen ere. Horregatik diot hura ere pixka bat ezagun sentitzen genuela. Gainera, onartu behar dut poztu egin ninduela Pedro, azkenik, lagunduta etorriko zela jakiteak. Ongi moldatzen gara, ez da hori, baina urte batzuk lehenago egin genuen topo lehenengoz eta ez genuen oso ongi hasi harremana. Pentsatu nuen Rosaren agerpenak, agian, erraztu egingo zuela gure artekoa.

      Nire lehen kanpamentuan ezagutu nuen Pedro. Kalkulatzen dut 40 urte inguru izango zituela orduan, medikua, uste dut, edo bai, behintzat, medikuntzarekin lotutako zerbait. Erizaina izango zen agian, ez dut uste sekula erabat zehaztu duenik hori. Bitxia da. Ez nuke esango lodia zenik, baina taldeko batez bestekoa baino forma okerragoan zegoen. Hori argi. Ahotsa zuen polita; izaten da ba gaueko irrati esatariena, bada halakoa. Batez ere horrek deitu zidan arreta lehen momentuan. Denona, suposatzen dut, baina besteek ezagutzen zuten ni iritsi nintzenerako, eta goxotasunez hartzen zutela uste dut.

      Logela berean tokatu zitzaizkigun literak lehen gauean: ni goian, bera behean, eta hori ere, ez ezer bereziarengatik; hala suertatu zelako baizik.

      Gogoan dut lehen urte hartan eguraldi bereziki hotza egin zuela, eta erabat elurtuta ikusi nituela gerora sasoi berean hainbestetan berde ikusi ditudan paisaiak. Sekula ez dut izan aukerarik Asturias orduan bezain zuri ikusteko. Nire baitan, lotsa pixka bat ere ematen dit orain hau esateak, baina nire baitan, beti pentsatu dut naturak ere, zuritasun harekin, bere modura, lagundu egin nahi izan zidala. Hain zirudien denak garbia urte hartan. Gaua argia zenean, mendiak bigarren egun bat eskainiko baligu bezala izaten zen, ilargiak dena argitzeko zuen moduagatik eta bere dirdira zilartsu harengatik. Bigarrenez hasteko aukera baten iragarpentzat hartzen nuen irudi hura nik gauero.

      Lehen gaua beti izaten da berezia: taldean beti egoten da partaide berriren bat, ni neu urte hartan izan nintzen bezala; luzatu egiten dira solasaldiak halakoetan, zertan aritzen den bakoitza, zenbatgarren aldia duen kanpamentuan, noiz ikusi duen bere lehen hartza…

      Lehen aldi hartan, nik ere arretaz entzun nituen haien istorioak, eta hartz bat ikusteko gogoa indartu besterik ez zidaten egin besteen kontakizunek. Txandaka, aurpegia piztu egiten zitzaien. Berandu oheratu ginen, beraz, edo ohi baino beranduago, gogoratzen dut, beltza zelako gaua eta, logelara bidean, malutak ikusi nituelako leihoan geldo erortzen, aldrebeseko ehunka eltxo balira bezala, iluntasun haren aurka nabarmentzen.

      Elkarri gabon esanda luze gabe lokartu ginen Pedro eta biok, baina gero, gau betean, ez dakit zenbat denborara zehazki, litera mugitzen hasi zen, eta aztoratuta esnatu nintzen. Ez zen mugimendu handiegia, baina kirrinka erritmikoak egiten zituen metalezko egiturak. Nahikoa, larrituta esnatzeko. Hasieratik egin zitzaidan ezaguna zarata hura, zer zen esaterik ez banuen ere. Arrisku moduko batekin lotzen nuen lausoki, eta alerta neukan gorputza. Hortzak ere gogor estutuko nituela pentsatzen dut, hurrengo egunean matrailezurra apur bat minduta nuelako.

      Eta bat-batean, ez dakit zerk eraginda, ulertu egin nuen.

      Ez nuen begiratzeko ausardiarik bildu eta, hortaz, ezin dut erabat ziurtatu hala izan zenik, baina urteotan guztiotan beti jakin izan dut: Pedro, nire azpiko literan, masturbatzen ari zen. Ez nuen ikusi, baina badakit. Minutu gutxi batzuk iraun zuen kontuak; agian ezta hori ere, baina urduri pasatu nuen gau osoa gero.

      Hurrengo goizean, alboetara begiratu ere egin gabe egin nuen dutxarainoko bidea, eguzkiaren lehen printzekin batera taldea mugitzen sentitu eta berehala. Garbitu beharra nuen oraindik ez dakit oso ongi zer.

      Gosaritan ikusi nuen berriz. Ez dut gogoan ezer esan ote nion, ezetz pentsatzen dut, baina badakit ez niola nirekiko inolako tratu berezirik igarri eta, horregatik, zalantza ere egin nuen hasieran, agian guztia nire asmazio bat besterik ez ote zen. Amets moduko bat edo. Ez nion inori ezer aipatu, behintzat. Eta, gainera, zer esango nien, ba? Zalantza egiten dut, neure begiz ikusi izan banu ere, diferente jokatuko ote nukeen. Bestalde, paisaia elurtu hark guztia ahaztera animatuko banindu bezala zen niretzat, eta besteei zerbait aipatzeko asmoari eutsi izan banio —gauean lo egin ezinik nengoenean burutik pasatu zitzaidan bezala—, ezin izango nukeen sekula ezer frogatu.

      Ez dakit zergatik aipatzen dudan orain ere. Oreinarena kontatzen hasitakoan etorri zait gogora.

      Hartz bat ere ikusi nuen lehen kanpamentu hartan eta, halako batean egon den edonork dakienez, gainontzeko guztia bigarren mailako bilakatzen da hartz bat bere habitat naturalean ikusten duzun lehen aldian. Eta egindako lehen bidaian ikusi nuen nire lehen hartza nik. Denek esan zidaten oso zortekoa nintzela, eta ni neu ere hala sentitu nintzen. Eta, orain pentsatzen dut, poz horren mantupean lotan bezala iraun duela urteotan guztiotan Pedrorenak, nahiz eta Andonik bai igarriko zuen zerbait agian, kanpamentuko bigarren egunerako beste litera batera lekualdatu ninduelako, aitzakiaren batekin, eta hurrengo kanpamentuetan ere sekula ez gintuelako berriz Pedro eta biok logela berean jarri. Orain ez dut gogoan aldaketa hura inori arraro egin zitzaionik, ezta Pedrori berari ere.

      Kanpamentuko arduraduna zen Andoni, eta berak banatzen zituen lo-lekuak aldiro. Alaba baten modukotzat hartzen ninduen, eta niri ez zitzaidan inporta.

      Elkar ikusi genuen lehen egunetik igarri nuen gure artean bazegoela zerbait, eta lagun min izatetik gertu izan ginela ere esango nuke. Berez, Sestaon jaiotakoa da Andoni, baina urte mordoa zeramatzan Asturiasen bizitzen Alberto senarrarekin. Bien artean zeramaten negozioa, eta argia zen beren lan banaketa: mendian gidari ibiltzen zen Andoni, eta sukalde eta garbiketa lanak egiten zituen Albertok. Maiz izaten ziren elkarrekin kanpamentuan horregatik, eta halakoetan biek batera eta bakarrik egiten zuten lo aparteko logelan. Andoni bakarrik izaten zen aldietan, ordea, nik hartzen nuen preferentziazko leku hori. Ez dakit Pedrorenagatik ote zen, edo bestela. Andonirengatik ere izango zelako, seguruenik.

      Gustatzen zitzaidan Andoni, tira, gustatzen zait oraindik, eta esango nuke berak ere sentitzen zuela, edo sentitu izan zuela inoiz halako erakarmen modukoren bat nirekiko, baina sekula ez zen ezer gertatu. Maiz pentsatu izan dut akaso horixe bera izan dela hainbeste urtez lagun mantendu gaituena eta, aldi berean, erabat lagun bilakatzea galarazi diguna.

      Pedro eta Rosa elkarrekin etorri ziren urte hartan sei pertsona baino ez ginen izan guztira. Gutxi, beste urte batzuekin konparatuta, inoizko talderik txikiena, eta ezagunak ginen denak, gainera. Pedro eta Rosarekin batera, Fatima eta Jose Javier granadarrak ere etorri ziren, eta Andoni eta nirekin, sei.

      Berez, bederatzikoa zen kanpamentua martxan jartzeko gutxieneko kopurua, baina sei izanik ere aurrera egitea erabaki zuen Andonik. Une batez, kanpamentuagatik dirurik ez kobratzeko asmoa ere azaldu zigun, lagunartean gindoazelako, baina guk ez genuen onartu, eta esango nuke falta ziren hiru leku horien partea guztion artean ordaintzen bukatu genuela. Hori ez dut zehatz gogoratzen. Albertogatik ere egin genuen, neurri handi batean, bera ez baitzegoen ados Andoniren erabakiarekin. Azkenean, ez zen etorri. Denborarekin begiratuta, bitxia iruditzen zait zeinen gertu izan ginen kanpamentu hura galtzetik.

      Logelak eskuzabal banatzeko aukera izan genuen, eta bikote bakoitza gela apartatu batean jarri zuen Andonik. Rosa eta Pedro batean, Jose Javier eta Fatima beste batean, eta ni Andonirekin, arduradunen gelan. Bazeuden beste gela huts gehiago ere, baina elkarrekin jarri ginen Andoni eta biok.

      Erreparorik gabe biluzten ginen ordurako elkarren aurrean.

      Banekien, bestetik, Rosa Pedro baino nabarmen gazteagoa zela, baina inpresioa egin zidan aurrez aurre ezagutu nuenean. Eta Andonik irribarre baino ez zuen egin, aipatu nionean.

 

 

Hartz kume txiki bat ikusi genuen hirugarren goizean. Aurrez aurre genuen maldan zebilen amarekin jolasean, eta hari begira luze egoteko aukera izan genuen. Arre-arrea zen, mutur luzexkaduna, eta saltoka eta korrika ibili zen batetik bestera, ama zuhaitz artean ezkutatuago janari bila zebilen bitartean. Sasi gutxi batzuk baino ez zeuden kumearen eta gure artean. Une batez, jolasean zebilela, sastraka haietako batekin irrist egin, eta metro gutxi batzuk egin zituen maldan behera amilka. Taldeko guztiak gogoratzen ditut bakoitza bere prismatikoekin, isilik, eta behin ezer gertatu ez zitzaiola ikustean, guztiak irribarre ergel zabal berarekin.

      Une hartan azaldu zitzaigun mendizale ingeles talde bat alboan. Txoriak ikusten ari ginela esan zien Andonik, eta bakean utzi gintuzten berehala, mendia zaratatsu gurutzatzen jarraituz, presaka bezala, beren kolore biziko markako jantziekin, basoan gertatzen den gauza bakarra eurak balira bezala.

      Eta gero bosgarren gauean agertu zen.

      Lokartzen hasiak ginen Andoni eta biok, eta Pedro eta Rosaren gelan entzun zen kolpeak esnatu gintuen, eta gogoratzen dut kolpearen ondoren Rosaren oihu bat ere entzun genuela. Gelatik korrika atera, eta negarrez topatu genuen Rosa pasilloan, eta jadanik bertan ziren Fatima eta Jose Javier ere. Badakit Rosarekin zegoela Fatima, hura lasaitzen, eta, aldiz, Jose Javier logela barruan zegoela Pedrorekin hizketan; bero xamar biak. Ni zer egin ez nekiela geratu nintzen. Andonik Rosa aparte batean hartu zuen, eta Polizia deitu behar ote genuen galdetu zion. “Autoridad” esan zuen. Arreta deitu zidan zeinen bare hitz egin zion. Inpresioa izan nuen ez zela galdera hori egiten zuen lehen aldia. Bazuten berezko naturaltasun moduko bat bere mugimendu eta esaldiek, lehen aldiz egiten diren keinuek izan ohi ez dutena. Erantzun modura, ordea, oraindik guztiz deszifratzen asmatu ez dudan begirada bat bakarrik eskaini zion Rosak, eta ez dakit Andonik ere asmatu ote zuen zer esan nahi zion ulertzen. Ez zuen poliziarik deitu, behintzat.

      Halako batean, Pedrok Jose Javier bultzada batez apartatu, eta aterantz jo zuen ziztuan. Ez genuen haien solasaldia bereizterik. Piztia amorratu bat zirudien, bortitz, baina justu atea ireki eta babeslekutik ateratzear zegoenean, buelta erdia eman zuen, atzean atea irekita utzita. Irudi zuen zerbaitek bultzatu zuela atzera gure artera, eta Andonirengana joan zen zuzen-zuzenean. Jo egingo zuela pentsatu nuen, nik eta seguru aski denok, baina aurpegitik zentimetro gutxira jarri zitzaion soilik. “Zer?”, galdetzen zion erdi oihuka. “Zer esan behar duzu zuk?”. Eta orduan egin zuen oihu Fatimak:

      — Isildu. Ez duzue ikusten?

      Hitz horiek bai gogoratzen ditut zehaztasun osoz. Sekula ez nuelako ikusi Fatima orduan bezain asaldatuta. Inpresioa egin zidan horrek. Isila zen berez, eta agian isiltasun horrekin kontraste egiten zutelako datozkit hain bizi bere hitzak, eta silaba bakoitza ebakitzeko izan zuen modu irmoa. Fatima ere, ni bezala, tentsioagatik, ordurako negarrez ari zela iruditu zitzaidan. Edonola ere, ez zen pena edo amorrua bere aurpegiak transmititzen zuena. Kontrakoa, agian. Edo ez kontrakoa zehazki, baina bai penaz eta amorruaz bestelako zerbait, orain distantziarekin azaltzea zail suertatzen zaidana. Zabalik zegoen atea seinalatzen zigun eskuaz. Han iltzatuta zituen begiak, eta orduan ikusi genuen gainerakook ere.

      Orein heldu zuri bat zen. Arra. Adar zabalak ditut gogoan batez ere, eta haren purutasuna. Haren begirada.

      Erabateko isiltasuna sortu zen, eta negarrez jarraitzen nuela gogoratzen dut, baina malko haiek jada bestelakoak ziren, tenperatura ere aldatu balitzaie bezala. Gain egin zidan zerbaitek. Ez nuen sekula sentitu halakorik. Atariko aterpearen ertzean zegoen oreina, zutik, eta lepoa etxe barrualderantz biratuta; Pedrok momentu bat lehenago zabaldutako atetik ari zitzaigun begira. Orbanik txikiena ere ez zuen bere ilaje zuriak, eta nola islatzen zuen etxolako argia, kasik dirdira egiten zuela emateraino. Guztiz geldi zegoen, eta patxadaz aztertzen gintuen. Ez nion errukirik igarri begiradan, baina ezta arbuiorik ere, eta barea zen bere arnasa. Lurrun hodei txiki bat sortzen zitzaion muturraren inguruan hatsa botatzen zuen aldiro, agertu eta desagertu, eta une batzuetan lurrun hodei horrek bakarrik gogorarazten zigun bizirik zegoela, hain baitzegoen geldi.

      Nolabait, pausatu egin zuen dena bere geldotasunak.

      Ez dakit zenbat denbora egongo zen hor. Gero, denok ikusi ahal izan genuen oreinaren keinu gardena, berriro ere patxada osoz burua ezkerretara biratuz, eta nola joan zen, guri bizkarra emanda, apatxen zarata mutuaz iluntasunean itzaltzen, atzean inolako arrastorik utzi gabe.

      Besteak ez dakit, baina gogoratzen dut nik jarraitu egin nuela iluntasunari begira, oraindik ere ilaje zuriaren azken lorratza erabat desagertu ez balitz bezala. Zerbaiten bila ilargiak argitutako bigarren egun moduko hartan. Etxea nabarmen hoztu zen berehala, baina luze joan zen denbora, inor mugitu, eta atea ixtera joan zen arte. Ez dut gogoan nork itxi zuen, baina badakit ia-ia isilik jarraitu genuela guztiok hurrengo goizera arte. Pedro irribarrez oroitzen dut, eta Andoni ere irribarre txiki batekin hari begira, aurpegia ia aurpegiaren kontra. Gogoan dut hori ere, deigarria egin zitzaidalako nola egiten zioten elkarri irribarre orain. Gero suaren inguruan manta batzuetan bilduta jarri ginen, isilik, loak hartu gintuen arte; bakean, esango nuke.

      Berez bezala, goizean, ohiko giroa berreskuratu zuen taldeak. Zorionez beteagoa bezala. Ematen zuen oreina kanpamentuko giroan urtu zela. Inork ez zuen haren agerpenik aipatu, baina egiten genuen guztiak gordetzen zuen haren zerbait. Une hartan bertan izan nuen inpresio hori, eta bakea baino ez dut gogoratzen oraindik ere. Babesleku guztia hartzen zuen bake egonkor eta bare bat, akaso, geroztik guztiz abandonatu ez nauena. Inork inoiz ez du berriz sekula aipatu oreina agertu aurreko momentuetan gertatutakoa eta, benetan, ez dakit gogoratuko duten ere.

      Beste hainbat aldiz joan nintzen gerora Asturiasera urte sasoi berean, baina inoiz ez nuen berriz ikusi orein zuri hura; ez hura, eta ezta haren pareko beste inolako oreinik ere.

      Noizbehinka egiten ditugu oraindik ere afariak. Fatima izaten da halakoetan huts egiten duen bakarra. Badakigu Jose Javier hil zenetik makal dabilela eta, nahiz eta beti bidaltzen duen bideoren bat, ez du sekula afarira agertzeko adorerik biltzen. “Oroitzapen gehiegi”. Andonik urte batzuk gehiago eman zituen monitore, baina, senarraz bereizi zenean, piraguak alokatzen dituen enpresa bat sortu zuen bere mutil-lagun berriarekin, Jordirekin. Umeekin etorri izan dira inoiz Pedro eta Rosa, eta, azken emailean esan zigutenez, hirugarrena izan berri dute orain.

      Ez da beti pertsona bera izaten afaritan haren aipamena egiten duena, baina aipamena edonork egiten duela ere, beti hitz egiten du ahapeka, ahotsa gehiegi altxatuz gero, oreinaren oroitzapena izutuko duen beldurrez balego bezala, eta berehala bere baitara begira gelditzen da talde guztia, irribarre erdiz harro eta erdiz errudun batekin. Nik uste denok igartzen dugula ikustea ez zegokigun zerbait ikusi genuela gau hartan, nahiz eta, denborarekin begiratuta, jadanik ez dudan uste orein hartan denok gauza bera ikusi genuenik.