Monogamoak
Monogamoak
2024, narrazioa
160 orrialde
978-84-19570-26-0
Azaleko irudia: Peter Fischli & David Weiss
Iņigo Astiz
1985, Iruņea
 
2019, poesia
2012, poesia
 

 

Monobolumena

 

 

Presaka zebilen eta ez zen aldaketaz ohartu, harik eta autoaren eserlekuan jarri, eta pedalak ohi baino urrunago zeuzkala sentitu zuen arte; ez urrunegi ere, baina bai aldeaz konturatzeko beste. Ez zuen denborarik detaile horiek ongi neurtu eta konprobazioak egiten hasteko, baina hura ez zen bere autoa: berak Fiat Punto zahar bat zeukan, bere-berea ere ez zena, bestalde, anaiak utzia zelako, eta gidatzen ari zena Renault bat zen. Monobolumen bat. Martxekin asmatzea ez zitzaion gehiegi kostatu; bere autoan baino gogorxeago zeudela sumatu zuen, baina horren jakitun balitz bezala jokatzen zuten bere muskuluek, eta ez zen askorik entretenitu erretrobisorea egokitzerakoan zintzilik ikusi zituen pinu itxurako anbientadorearekin eta ondoan itsatsita zegoen familia argazkiarekin, nahiz eta berak ez zuen sekula izan pinu itxurako anbientadorerik autoan, eta are gutxiago familiarik. Presak zeraman aurrera.

      Ordurako hasia zen bere buruari galdetzen ea nola sartu ote zen hain leun berea ez zen auto horretara, ez baitzuen gogoan atea behartu behar izan zuenik, ez eta inori autoa ezertarako eskatu zionik ere. Edonola ere, zuzen zihoan ezezagun zitzaion helmuga baterantz.

      Ez zuen ulertzen nola, baina bidegurutze bakoitzean bere keinuek argi izaten zuten hartu beharreko norabidea zein zen. Baina berak dena nola onartzen zuen egiten zitzaion bitxiena; nondik zetorkion oso ongi ulertzen ez zuen naturaltasun batek gidatzen zituelako bere mugimenduak. Ohartzerako, autopistan aurrera zihoan, sekula erostea bururatuko ez zitzaion jazz edo blues moduko disko bat entzuten eta are, baita, tarteka, bere kolkorako melodiaren zatiren bat xuxurlatzen ere.

      Hirira heltzerakoan, ezagutzen ez zuen pertsona bat agurtzeko bozina jotzen ikusi zuen bere burua. Haren izena ere oihukatu zuen erabat propio sentitu ez zuen ahots batekin. Eta, halere, ez zuen izurik sentitu, poz bare moduko bat baizik; batez ere, ezezagun hark agur eginez erantzun zionean. 40 bat urte izango zituen gizon hark eta burusoiltzen hasia zegoela ikusten zitzaion korrika egiteko zeraman biseraren azpian. Lagunak zirela argi zegoen, baina hartu-eman labur horretan oinarriturik, ezin izan zuen jakin zerk lotzen zituen. Lankideak? Bazitekeen, baina ez zuen gogoan gizon hura fabrikan sekula ikusi zuenik. Aurrera jarraitu behar zuela esaten zion zerbaitek eta, beraz, aurrera jarraitu zuen.

      Kilometro batzuk egin ostean, bigarren ilaran geratu zuen autoa kiroldegi baten aurrean, gisa berean aparkatutako beste marka eta neurri batzuetako zenbait monobolumenen parean, eta hor egon zen tartetxo batez. Auto haien neurri eta egokierak konparatzen jarri zenerako, ume sorta bat ikusi zuen kiroldegitik korrika ateratzen, eta normaltasun osoz onartu zuen haietariko bi, bikiak, patinetan bere autoraino irristean iritsi, atea ireki, masailean muxu bana eman eta, autoa martxan jarri ahala, entrenamenduari buruzko zehaztapenak ematen hasi izana, guzti-guztia izotz pistetako dantzariek beren jauzi eta bueltekin marrazten dituzten mugimendu bakar eta leun horietako bat osatu eta, haren aurrean, berak koreografiaren jario naturalaz gozatzea beste aukerarik izango ez balu bezala.

      Nonbait, Aitor izeneko bikiak errieta moduko bat izan zuen Mikel izeneko beste mutil batekin, eta, kontatzen zuenagatik, bazirudien Mikel hura taldeko liderra-edo zela. Beste bikiak behin eta berriz errepikatzen zuen Aitorrek ez zuela ezertxo ere egin, eta benetan Mikel izan zela, argi eta garbi gainera, falta egin ziona pilotaren bila joan gabe. “Bere kontra joan da, aita”.

      Autoa martxan zela, atzeko eserlekuetatik mugitu beharrik gabe joan ziren umeak beren hockey makilak, patinak eta motxilak autoaren maletategian uzten, eta entrenamenduko sesioari buruz azalpen gehiago ematen jarraitu zuten.

      Bera, ordurako, hain zegoen bere izaera berri hartan murgildurik, inpresiorik ere ez ziola egin bere bizitzan lehenengoz ikusten zituen ume ezezagun haiek, lehentxeago lehenengoz eta behin eta berriz gero, aita izendatu izanak. Berak ere argi ikusten baitzuen aita zela, edo behintzat aita balitz bezala jokatzera bultzatzen zuela giroak edo aireak, edo presak edo ez zekien oso ongi zerk. Dutxatu ote ziren galdetu zien, izerdi hezetan zirela igarritakoan. Eta hori egiterakoan ere, ez zuen bere keinuen aurkako erresistentziarik sentitu: “Hurrena dutxatu zaitezte, bale?”. Errepidean ezkerreranzko errebuelta luze bat hartzeko bolantea leunki biratu ahala, harrigarriki eroso zihoakion dena, eta halako harrotasun bat sentitu zuen gidatzen zuen monobolumenaren kalitateagatik, nolabait ere, arrazoiren bategatik, ziur baitzegoen itxuraz antzekoak izanik ere, eta akaso baita espaziotsuagoak izan arren, kiroldegi atariko gainontzeko autoek ez zutela bereak besteko erosotasunik eskaintzen, batez ere, bihurgune luzeetan.

      Urbanizazio moduko batera sartu zen. Patroi berean eraikitakoak ziren etxe guztiak han, eta berdin-berdinak iruditu zitzaizkion denak, baina instintuz bezala jakin zuen haietako zeinen aurrean geratu behar zuen autoa. Agur muxua eman zioten haurrek irteterakoan, nor zen ere ez zekien Mireiaren urtebetetzean ongi portatzeko esan zien berak, eta agur bat bidali zion gero eskuaz, autoa itzali ere egin gabe, etxeko atarira bikiak saludatzera azaldutako emakumeari. Sartzeko keinua egin zion eskuaz hark etxe sarreratik, baina ezetz erantzun zion buruarekin berak. “Presa daukat”, markatu zituen hitzak ezpainekin, ahoskatu ere egin gabe, eta hatzaz erlojuari keinu eginez, enfasi modura. “Egon hor nire zain”, esan zien bikiei.

      Eta martxan berriro gero, ordukoan, hiri kanpoaldeko gune industrial baterantz, zuzen kasu hartan ere, bidegurutze bakoitzean instintuak-edo gidatuta. Han aparkatu zuen autoa. Maniobrarik egin beharrik gabe utzi zuelako erabat bere sentitzen hasia zen auto hura, haren pareko Renault monobolumen ezin berriagoz osatutako ilara baten erdian, eta han itzali du motorra, atera da autotik eta, behin kanpoan, irratiko jazz edo blues doinuak beren kasa nola apaltzen joan diren entzun ostean, autoa gelditu duenetik beregana gerturatzen ikusi duen trajedun gizonarengana jo du zuzenean. Berehala errekonozitu du, orain bai, eta eskua eman diote elkarri, tratua erdi itxita dutela dakitenen ziurtasunarekin.

      — Erosoa, ezta? Oso espaziotsua da. Leuna. Oraindik akaso ez duzu hainbeste igarriko, baina eskertuko duzu umeen estraeskolarrekin hasten zarenean... Garaiz pentsatu behar dira gauzak.