Gure bazterrak
Gasolindegiko ikurtxoa agertu zitzaionean, kilometro batzuk gelditzen zitzaizkion oraindik ospitaleraino. Atzeko eserlekuan txilio batean ari zitzaion alabaren katua, oinazetan; egunak zeramatzan arraro, askorik jan gabe, eta jaten zuen gutxia bota egiten zuen berehala. Okerrera egin zuen gau hartan. Albaitariarenera eramateko hartu behar izan zuen, horregatik, azken unean, bestela ere nahikoa kontu ez balitu bezala.
Katuaren marruak ez ezik, bere pentsamenduak ere zarata artean ezkutatu ahal izateko piztu zuen irratia, eta ezeri erreparatu gabe jarraitu zuen bideari begira. Memoriak gidatzen zuen haren ordez. Futbol partida bati buruz ari ziren esatariak, edo partida klaseren bati buruz behintzat, ahotan zerabiltzaten euforia eta desengainu txandakatze etengabeek ulertzera ematen zutenez. Edozer zela ere, Marisari on egiten zion haien jardunak: sasitza moduko bat eskaintzen zioten, bueltaka zerabilena tarte batez bere buruari ere ezkutatu ahal izateko.
Amak istripua izan zuenetik, egunero egiten zuen bide bera: ordubete ospitalera, eta ordubete etxera, eta bost minutu inguruko bisita labur bat bi bidaia horien artean. Hamar minutukoa ere bai, agian, egun hartan ospitalean lanean zegoen erizainaren arabera. Eta, haien abisua heldu artean, han egoten zen bera amaren ondoan eserita, isilik, haren eskuari heltzen, makina haien guztien zarataren artean, sikiera berotasun pixka bat helarazi ahalko zion esperantzan.
Berez ez zuen bidaia hura egunero egin beharrik. Nebak istripuaren egunean bertan eskaini zion etxean lo egitera geratzeko aukera. Ospitaletik gertu xamar bizi zen, hirian, baina Marisa ez zegoen prest urteekin euren artean metatzen joandako distantzia, salbuespenezko kontziliazio une horrekin apurtzeko.
Gustura noa autoan; distraitu egiten naiz.
Nahikoa izan zitzaion esaldi hura nebak bakean utz zezan, eta, gainera, egia osoa ez bazen, ez zen erabat gezurra ere.
Ama esnatu egin zela esateko deitu zuten goiz hartan.
Oraindik larri jarraitzen zuela azaldu zioten, baina tarte batzuez berreskuratu egiten zuela kordea. Kontziente dago. Hori esan zioten, eta Marisak utz zezakeen bere horretan, baina ea hitz egiten ote zuen galdetu zien. Galdetzen ari zenaz gehiegi konturatu gabe. Hitz egiten du? Lehenengoan ez zuen erantzunik jaso. Berriz saiatu zen. Orduan, hitz egiten du edo ez? Kontziente dago, errepikatu zioten beste aldetik, tonu berean eta hitz berekin, errepikapen horrekin esandakoari sendotasun geruza bat gehitu nahi izan baliote bezala. Ospitalean azalduko dizugu xehetasunez, ongi iruditzen bazaizu, baina albistea ona da. Bai, bai, pozten naiz. Gero ikusiko gara orduan. Bai. Ados ba. Gero arte. Eta gero arte.
Ez zen ohartu noiz baretu zen zehazki, baina ospitalera iritsi zenerako, lo zegoen katua bere kaiolatxoan, eta han utzi zuen.
Neba izan zen aukera mahai gainean jarri zuen lehena. Istriputik egun gutxi batzuk baino pasatu ez zirenean izan zen; goizegi, Marisaren ustez.
Proposamenak ez zuen harritu. Nebak erakutsitako pazientzia falta iruditu zitzaion gustu txarrekoa. Ezinegona sortu zion amari medikazioa eta laguntza kentzeko aukera hain goiz mahaigaineratzeak, eta, batez ere, itsusia iruditu zitzaion gai hain delikatu bati buruz aritzeko nebak izan zuen modua. Hauta zezakeelako ama lo zegoen gelatik urrunago zegoen lekuren bat, adibidez, eta, aldiz, bisitatik irten berri aipatu ziolako, oraindik oinez zihoazenean eta esertzera itxaron gabe. Kasik ez zirudien amaz ari zenik ere. Sedatu egiten dituzte, esan zion.
Nebak ez zuen hiltzen uztearena bere horretan aipatu. Amaren sufrimendua bukatu edo halakoren bat izan zen. Eta ez zen gehiago esateko beharrik: egoera hartan, leku hartan, tonu hartan, sakonean, esaten zen ia edozerk esan nahi zuelako gauza bera. Ez zuela ulertu esan zion Marisak, halere. Hori esatearekin batera bakarrik izan zen kontziente neba zigortzeko zuen gogoaz. Nebak muturra okertu gabe errepikatu zion esaldia lehenik, hitzez hitz, eta gero gehitu zuen, nahi duzun bezala, zuk ikusi, baina, kasu hauetan, ez erabakitzea ere bada erabakitzea.
Denbora batez izan zuen buruan oihartzun egiten esaldi hura Marisak. Eta egun batzuk pasatzean soilik aipatu zuten berriz gaia. Telefonoz ordukoan. Eta, kasu hartan, Marisak aterata.
Pentsatzen egon naiz, eta arrazoi duzu, esan zion, esplikazio gehiagorik eman gabe. Onena izango da. Bai. Hitz egingo dugu. Bai. Medikuekin zehaztu beharko dira gauzak. Bai. Nahi baduzu, bihar bertan ere gera gaitezke ospitalean. Ados. Eta bai eta ados. Eta komunikazio distira labur horren ondoren ohikora itzuli zen haien arteko solasaldia. Umeak? Ongi. Amaia ere bai? Bai. Ongi ba, bihar arte orduan. Bai. Bihar arte. Aio. Eta aio.
Biharamunean deitu zuten ospitaletik ama esnatu zela esateko. Kontziente dago.
Autoa ospitale inguruan ahal izan zuen lekuan aparkatu berritan ikusi zuen senar ohiaren mezua sakelakoan. Marisa, dena ongi? Alabari buruzkoak komentatzeko bakarrik idazten zioten elkarri, eta hori baino ezin zen izan, beraz.
Bereizi zirenez geroztik, aitarekin bizi zen alaba. Hiritik gertuago bizi nahi zuelako izan zela esan zion amari, lagunengandik apartatu gabe, baina minik egin nahi ez ziolako ere izan zitekeen.
Ni ongi, zu? idazten... Ongi ere bai, kontu bat. Alabak dirua eskatu ziola esango zion. Hori espero zuen Marisak, erdi bana egiten zituztelako halakoak. Baina tardatzen ari zen. Amaiagatik da? Bai, uste dut zerbait duela. Ez dizu esan zer? Ez, zuri kontatuko dizu, pentsatzen dut, orain entrenamenduan dago. Deituko dut ateratzean, larria da? idazten... Ez dit esan, baina berak deituko zizula esan dit. Ondo. Marisa, esan zerbait dakizunean, bai? Bai. Katua oso gaixo dago. Hiltzeko? Ez. Ez dakit. Agian. Albaitariarenera eraman duzu? Orain eramango dut, baina ez esan Amaiari. Nik esango diot zer duen jakitean. Ados. Ongi segi ba. Bai, berdin. Muxu. Eta agur eta muxu eta agur.
Medikuek ama komunikatzeko gai zela esan zioten ospitalean Marisari. Aldaketa handia da hori, zehaztu zioten. Telefonoko kontziente dago hura baino gehiago zen komunikatzeko gai hura. Pentsatu zuen protokoloren batean egongo zirela hitz horiek, eta ordena horretan; kontziente dago, telefonoz, komunikatzeko gai, aurrez aurre. Oso albiste ona da, esan zioten gero, jadanik protokolotik kanpo seguruenik, hobetzeko marjina egon daitekeela esan dezake horrek. Ematen ari ziren informazio berri hura nola hartu behar zuen ulertzen lagundu nahi ziotela sentitu zuen Marisak. Harrigarria da nola eman dion buelta. Bai. Beti izan da gogorra. Benetan. Pixka bat itxarongo dugu denok etorri arte, bai? Bai, noski. Ongi bidaia? Ez zaizu pixka bat luze egiten? Partidua entzuten etorri naiz. Ze partidu zen? Partidu bat.
Medikuburua heldu zen tarte batera. Bueno, albiste onak, eta gainera, badirudi esna topatuko duzula. Gero, ordura arte jasotako azalpen berak errepikatu zizkion mediku hark ere, ia hitz berberekin, eta amaren gelara jo zuten. Barruan zeudela, demostrazio bat egingo ziotela esan zion medikuak Marisari. Egun on, Mari Carmen. Amarekin zeudenean, hura lo egon arren, medikuak beti aritzen ziren kanpoan baino ozenago eta animo gehiagorekin. Egun ederra gaurkoan, ezta? Lander naiz, medikua. Hemen nago Marisarekin eta Itziar eta Clara erizainekin. Ezagutzen dituzu. Begira. Kaixo esaten dizute haiek ere. Egun on, Mari Carmen. Egun on, bai, oso guapa zaude gaur. Arreta pixka bat eskatuko dizut orain, ados? Badakit nekatuta zaudela, baina inportantea da.
Amak isilik jarraitzen zuen, eta makina haien martxari lotuta. Ariketa berezi bat egin behar zutela azaldu zion medikuak, halere. Ez kezkatzeko esan zioten erizainek, erraza zela.
Mingaina atera dezakezu?, galdetu zioten, eta amak mingaina atera zuen. Poliki eta neke handiz egin zuen keinua lehen aldi hartan. Irribarre egiteko biratu zuen burua medikuak, urrats bat atzerago zuen Marisak argi ikus zezan, eta amarekin jarraitu zuen gero. Ea, pixka bat zailago orain. Begiak behin kliskatu, baietz esateko, eta, ahal baduzu, bitan egin klisk ezetz esateko. Galdera errepikatzea nahi baduzu, atera mingaina. Ulertu duzu? Eta begi kliskada bat, amak. Motel hori ere, mugimendu apal hura abiatzen zuen borondatearen jatorria gela hartatik oso urrun balego bezala. Oso ongi ari zara. Egin dezakezu orain bitan kliskadarena, mesedez. Eta bitan itxi zituen begiak amak. Oso ongi, txapeldun hutsa zara. Ea ba orduan, azken esfortzua eskatuko dizugu orain, Mari Carmen. Galdera batzuk egingo dizkizugu, eta zuk baietz edo ezetz erantzun beharko duzu, bale? Ulertu duzu? Begi kliskada bat. Ongi zaude? Begi kliskada bat. Mina daukazu? Bi begi kliskada. Mina duzunean, itxi eta ireki begiak ahal duzun eta azkarren, ulertu duzu? Begi kliskada bat.
Izango ziren hori, guztira, hiru minutu, eta jada nekea igar zitekeen amaren begietan. Marisak ikusten zion, behintzat. Berak ere saiatu nahi al zuen galdetu zioten medikuek ondoren, eta gero, erantzuna itxaron gabe, bakarrik utzi zuten gelan, amarekin. Begira, Mari Carmen, hemen duzu alaba ere. Harekin utziko zaitugu. Mila esker. Mila esker eta agur. Gero arte, Mari Carmen. Eta gero arte, bihotza. Eta gero egongo gara berriz. Eta agur. Eta ezer ez.
Aurpegian iltzatzen sentitu zituen amaren begiak Marisak.
Orduko hartan, bakarrik atera zen lehen aldiz gelatik, inor haren bila abisu ematera joan beharrik gabe, egunero zegozkion bisitarako bost minutuak agortu baino askoz ere lehenago. Korridorean topatu zituen erizainak elkarrekin hizketan, eta urrundik egin zien agur. Mila esker. Bai. Ongi joan da? Bihar arte ba, eta bihar arte, bai.
Kafetegian egin zuen nebarekin hitzordua. Han botako zion buruan zerabilena. Marisak argi ikusten zuen ama zela erabakia har zezakeen bakarra. Bisitan gertatua ongi kontatu nahi zion horretarako, eta esan behar zizkion esaldi zehatzekin asmatu nahi zuen.
Kafeak atera eta eserita zeuden arte itxaron zuen. Gauzak aldatu egin dira, esan zion Marisak. Ahal izan zuen bezain lasai azaldu zizkion amaren bisitan egindako ariketak eta, azkenik, pentsatua zuen bezala, aurrerantzean egin beharrekoari buruzkoak amari berari kontsultatzea proposatu zion. Amak erabaki dezake orain. Onena izango da, ez duzu uste? Beti izan da oso gogorra.
Nebak hasieratik ikusi zuen proposamen hura etortzen, baina utzi egin zion azalpen guztiak eman zitzan. Haserrea ezkutatzen saiatu zen, baina ikusi egin zezakeen Marisak. Isiltasun tarte baten ostean, deitu gauean soil batekin erantzun zion nebak, beste ezer gehitu gabe. Eta hori izan zen agurra: zutik, kafea zurrupada bakarrean bukatu, kikara bare itxuraz mahaian utzi, eta alde egin zuen, besterik esan gabe.
Soinurik gabe zuen telefonoa Marisak, hala jartzen zuen ospitaleko atea gurutzatzerako, eta horregatik ohartu zen berandu alabaren deiaz. Mezu bat ere bazuen. Ama, idatzi ahal duzunean. Alaba konektatuta zegoela ikusi zuen, eta idatzi egin zion. Amaia, zer moduz? idazten... Zer moduz amama? Kafetegiko hormako erloju erraldoiari begiratu eta, ordua ikusita, alabak entrenamendutik atera berria behar zuela kalkulatu zuen. Ongi, goraintziak bidaltzen dizkizu. idazten... Ama, mesedez, ez hasi berriz; zer esan dizute. Betikoa, ezer ez, badakizu, gogorra dela, eutsiko diola... zu egon lasai. Baina oraindik han zaude? Ateratzen.
Tabernan inguruan zen jendeari begiratu zion Marisak. Egunak zeramatzan bertan, baina, ordura arte, ez zion sekula inguruari gehiegi begiratu. Ama, fabore bat. Esan. Pentsatzen nabil ea joan naitekeen gaur zure etxera. Gaur bakarrik. Bai, klaro, etorri. Egun bakarra izango da, eta bide batez Pitxitxi ere ikusiko dut. Nahi duzunera arte gera zaitezke, badakizu. Ongi dago? Marisak ez zuen animorik bildu egia esateko, eta albaitariarengana eramateko ordua ere pasatua zuela konturatu zen, gainera. Bai. Beti bezain astun. Bihotz emotikono bat. Egun bat bakarrik izango da. Baina ongi zaude? idazten... Gauean joango naiz, bale? Nahi duzunean, albondigak ditut. Ez dakit noiz iritsiko naizen. Berandu. Ez itxaron. Ados. Ba frigoan utziko dizkizut. Bale. Aio. Aio eta muxu. Eta aio eta muxu eta muxu emotikono bat.
Erizain talde zaratatsu bat kafetegiko ezkerreko mahaian esertzen ari zen: elkarren bikotekideen garbiketarako baldarkeriaz ari ziren barrez. Ilegorri bat zen ozenen ari zena. Bistakoa zen atsedenerako tartea zutela. Haien solasaldiaren bizitasunaz aparte, gainerakoan, Marisak inpresioa izan zuen ospitaletik kanpoko tabernetan baino apalago eta motelago hitz egiten zuela jendeak han. Bakarrik zegoen emakume edadetu bat ikusi zuen, eta irribarre triste batez bueltatu zion begirada hark. Mobilera itzuli zuen arreta Marisak, lotsa moduko batek bultzatuta.
Une hartan soilik ohartu zen emakume haren ikuspegitik izango zuen itxuraz. Ordura arte, besteen egonaldiaz bestelakoa iruditu zitzaion berea Marisari. Salbuespen gisako bat. Eta, aldiz, emakume edadetu haren begiradan ikusi zuen aurrenekoz, gertatzen zena gertatzen zela ere, ez zela ospitaletik amari eskutik helduta aterako, ez eta haren aulkiari bultzaka ere. Erizain ilegorriak eskuaz egin zion agur emakume edadetuari, eta elkarrengana hurbiltzen ikusi zituen gero biak. Poltsa eta jertsea aulkitik jaso, eta alde egiteko baliatu zuen unea Marisak.
Ateratzerakoan, bonboi kutxa batekin eta zorionak zioten bi globorekin zihoan lau gazteko talde bat gurutzatu zuen kafetegiko atean. Gero, lehertzen entzun zuen bi globoetako bat, eta barreak, berehala tabernan apaltzen joango zirenak.
Espektatibak kudeatu behar ditugu, esan zion medikuak bisitaren osteko kontsultan. Ditugu. Marisak eskatu zion eguneko bigarren zita hura. Ez zuen lehenago inoiz halakorik egin, baina iruditu zitzaion agian berak, eskatuz gero, asmatuko zuela nebari nola hitz egin behar zion topatzen. Neurritsu eta edukazioz entzun zuen ideia medikuak, baina Marisa berehala ohartu zen hura ere ezezkorik eman gabe ari zitzaiola ezezkoa ematen. Eta gero, bai, gero hitzez hitz esan zion. Ez dut uste ideia ona denik, Marisa. Sentitzen dut.
Marisak ez zuen gogoan denbora hartan izandako solasaldi haietan guztietan medikuak ere heriotza hitza inoiz erabili zuenik. Hori ere protokoloaren parte izango zela pentsatu zuen. Gertatu behar duena gertatu ondoren esaten zuen gehienetan. Arnasteari utziko dionean ere bai, oso tarteka, eta, kasu hartan, indarrak ahitzean esan zuen.
Boligrafo lehertu baten arrastoak igarri zituen Marisak medikuaren bata zuriko poltsikoan, eta hainbatean behin mantxa hartara itzultzen zitzaizkion begiak. Ez zion ezeren forma atzematen lohiune hari. Baina ulertzen duzu, ezta?, galdetu zion bat-batean zuzenean medikuak. Irudikatu zeure burua egoera horretan. Galdera handia da. Handiegia, ez duzu uste? Izan daiteke. Apal atera zitzaion erantzuna. Ez zituen azalpenak arreta gehiegiz jarraitu.
Orduan soilik altxatu zuen begirada Marisak medikuaren aurpegira, eta hala konturatu zen medikua zuzen begira izan zuela berak begirada inon guztiz pausatu gabe eduki zuen denbora tarte hartan guztian. Zaila dela badakigu. Badakigu. Berriz pluralean. Eta joango gara ikusten bere garapena. Eta oraingoz albisteak onak dira, eman diezaiogun denbora pixka bat. Eta horrekin geratu behar dugu gaur. Eta bai. Eta agur, eta bihar arte, eta mila esker, eta agur eta agur, bai. Eta behar duzunerako hemen gaude, badakizu. Mila esker. Zuri. Eta agur. Eta agur.
Ilun zen arratsa kontsultatik atera zenerako. Parkingera bidean, eraikinen artean eta hodeiekin, zeruertzik gabea zen paisaia. Neba deitu behar zuela pentsatu zuen Marisak. Gero, etxean, alabarekin, ezinezko egingo zitzaiolako. Baina ez zuen autoa non utzi zuen gogoratzen, eta galduta ibili zen tarte batez.
Medikuarekin izandako solasaldia kontatu behar zion nebari, baina zehazki zer eta nola esango zion erabaki gabe hartu zuen telefonoa eskuetan. Alabaren mezu bat zeukala ikusi zuen. Azkenean ez noa. Deituko. Eta muxu emotikono bat. Baina ez zegoen konektatuta. Ados. Muxu emotikono bat. Eta poltsan gorde zuen berriz sakelakoa, neba deitu gabe.
Katuaren marru ahulei segika topatu zuen autoa, azkenik. Oinazerik gabe ari zen jada. Gose izango zela pentsatu zuen. Loak on egin ziola zirudien. Kafetegitik eskuan zeramala ohartu berri zen ur botilatxoaren tapoian ur pixka bat eskaini zion Marisak lurrean, atzeko eserlekuen atea zabalduta, eta hanka artera jaitsi zekion utzi zion, kaiola irekita. Pare bat tapoi edan eta hanketan kiribilka aritu ostean, alboko autoaren azpialdean desagertu zen. Marisak ez zuen deitu. Atea itxi, autoan sartu, eta giltzarekin kontaktua egiterakoan, depositua erreserban zeramala gogorarazi zion gasolindegiaren argitxoak. Poeta baten heriotzaren berria zabaldu zuen irratiak autoaren barrualde osora, aurreko partiduaren arrastoen bolumen berean. Kanta bat hasi zen gero, nonbait, hildakoaren letra zeramana. Marisak arrankatu, eta leihoak ireki zituen, gauari barruraino sartzen uzteko.