Arco Iris
— Ez duzu pentsatu horretan?
— Horretan zertan?
— Gure kasuan. Salbuespen moduko bat garela gurasoengandik frankismoko errepresio sexualaren traumak heredatu dituen belaunaldi batean.
Iratxek gidatzen zuen autoa, eta hura zen, ahizpa txikia izan arren, solasaldiari bizien ekin ohi ziona. Josunek lagundu egiten zuen horretan ere. Hitz gutxikoa zen, eta erosoa zitzaion ahizparen jarioari korritzen uztea. Hitz handiegiekin aritzen zela iruditzen zitzaion beti, eta ernegatu egiten zuen horrek tarteka, baina, era berean, gustuko zuen nola pentsatzen zituen gauzak hain zabal.
Txina desegiten hasi zen eskuan, ahizpak esandakoari ezer gehitzeko beharrik sentitu gabe. Metxeroarekin berotzean, autoa bete zuen usainak. Erre behar bazuen, mesedez, leihoa irekitzeko esan zion Iratxek. Nahiz eta gero, bazekien, hark ere eskatuko zion.
Kanpoan, horituta zeuden bihurguneen ertzetako lursailak, eta nekazariek bildu berriak zituzten soro gehienak. Han-hemenka mitxoleta gorriek zipriztintzen zituzten lautadak kolore tanta batzuekin eta, autoaren abiadak eraginda, haizearekin batera, beroa ere sartzen zen leihotik. Bakarrik zihoazen bidean, nahiz eta, hainbatean behin, txirrindulari talde sakabanaturen batekin topo egin, eta moteldu egin behar izaten zuten martxa. Haien abiadan denak ederrago izan behar zuela pentsatu zuen Josunek, baina beretzat gorde zuen gogoeta.
— Izango dituzte bizikletak, ez?
— Alokatzeko diozu?
— Bai. Txango bat egiteko-edo.
— Ez nekien bizikletan ibiltzea gustatzen zitzaizunik.
Ia hamar urteko aldea zuten. Amaren begi argiak zituzten biek, baina euren azal koloreek eta altuerek bistako egiten zuten aita ezberdinen alabak zirela. Baxua zen zaharrena, Josune, eta altua, berriz, txikiena, Iratxe; eta hala zituzten banatuta euren rolak ere, alderantzizkatuta.
Oso gazte zela izan zuen euren amak Josune. Lizason martxan zen komuna batera egin zuen etxetik ihes 19 urterekin, Josuneren aita izango zena ezagutu zuen han, eta bederatzi hilabetera jaio zen alaba. Ez zen bilatutako zerbait izan, baina, giro hartan, zaila zen halakoak saihestea. Gorputza muturrera eramaten zuten hainbat ariketaren eta berdin handik edo hemendik hartutako erritu espiritual batzuen artean, sexu tantrikoa ere sustatzen zutelako komunako gidariek. Eta inor gutxik lortzen zuen sarketan ez isurtzerik.
Egun batetik bestera desagertzen ziren emakumeak halakoetan. Inoiz baita haien bikotekide ohikoenak zirenak ere; klinikara joateko gurutzatzen zuten muga, eta zenbait asteren buruan itzultzen ziren batzuk eta, aldiz, beste batzuk sekula ere ez. Aurrera egitea erabaki zuten Josuneren gurasoek, ordea, eta komunan bertan izan zuten haurra, mediku eta emagin ikasketak hasiak zituzten beste kide batzuek lagunduta. Ez zen lehena izan, ez eta azkena ere.
Arco Iris deitzen zioten komunari, 80ko hamarkada hasieran. Urte batzuk iraun zuen, harik eta, pixkanaka, gidari lanak egiten zituztenek proiektua Mediterraneoko kostaldera hedatu eta, zela kideen arteko tirabiren eraginez, zela besterik gabe denboraren igarotze hutsagatik, azkenean, erabat desagertu zen arte, apenas arrasto gutxi batzuk utzita.
Lagun talde batekin hasia zen dena, baina berehala zabaldu zen albistea inguruetan eta, hilabete gutxiren buruan, ehunka gaztek bete zuten bi solairuko etxea. Beren buruak topatzeko ez ezik, han askeago arnastu ahalko zuten esperantzak erakarrita joan ziren gehienak. Ahoz aho zabaltzen zen informazioa. Denbora tarte labur batera, moldaketa batzuk ere egin behar izan zituzten etxean, gazte haiek guztiak behar bezala hartu ahal izateko. Hainbeste izanik, ordea, beti agertzen zen zurgintzan ez bazen, arotz lanetan trebea zen norbait, eta kanpoko laguntzaren beharrik gabe moldatzen ziren gehientsuenetan, inguruko herritarren etsipenerako, kanpoko jendeari horrek barruan gertatzen zenaren inolako irudirik ez ziolako uzten, hango gaztediaren joan-etorri bizia ez bazen.
Bera jaio eta gutxira egin zuten alde Josuneren gurasoek. Sekula ez zuten erabat argi jakin zergatik. Tantaka baino ez zuten jaso horri guztiari buruzko informazioa alabek, eta ez detaile gehiegirekin. Baina nahikoa zen apur hori, Nafarroako herri txiki hari buruzko guztia distira bitxi batean bilduta irudikatzeko.
Tartean behin egiten zituzten bazkarietan harrapatzen zieten zerbait. Gurasoek eta lagunek, ordurako, atzean utziak zituzten komunako kontuak, baina alaben harridurarako, Lizasori buruzko aipamen guztiek hartzen zuten erabat ulertzen ez zuten aire triste bat: ez hainbeste damuarena, ezpada, bai, akaso, betirako galdu dela ziur jakiten den gaztetasunarena. Eta, susmatzen zutenez, sasoiari lotutako etsipen zabalago baten barruan ere urtzen zen gurasoen etsipen hura.
Bazekiten, halere, komuna utzi eta gutxira bereizi zirela Josuneren gurasoak.
Beste gizon batekin bizitzera joan zen aita, eta herri okupatu batera jo zuen amak, alaba berarekin eramanda. Neska-mutil gazte talde batek denbora zeraman bertan bizitzen ordurako, eta haiei batu zitzaizkien ama-alabak. Herriko beste gazte haietakoren baten alaba izango zen Iratxe, seguruenik, baina bi ahizpek ez zuten sekula jakin zeinena. Gainera, berriz ere haurdun geratu zela jakitean, herri okupatura mugitu ziren Josuneren aita eta haren orduko mutil-laguna, haurrekin laguntzeko. Eta, beraz, guztien artean hazi zituzten umeak.
Urteak ziren bi ahizpak etxetik joan zirela, eta denbora zeramaten Arco Iris egondako eraikina bisitatzeari buruz hizketan. Azkenean, uda hartan joatea erabaki zuten. Lanean libre tokatzen zitzaion asteburu bat baliatu zuen horretarako Josunek, eta bikotekidearen kargu utzi zuen herriko okindegia Iratxek egun pare baterako.
Bazekiten klausurako mojen bizitokia zela aspaldi. Sartzeko baimena ere eskatu zuten, baina ezetz erantzun zieten arduradunek. Ordenako kideak baino ezin zirela sartu han.
— Aukera bat izan daiteke.
— Zertarako?
— Moja sartzeko.
Gidatzen tarte bat eman ostean ikusi zuten, errepidearen bazter batean, egun haietan bizitoki izango zuten landetxea, ezinago zuri eta apain, justu herrixkaren amaiera adierazteko jarritako seinalearen parean.
Emakume batek egin zien gelditzeko keinua aurrealdeko arku formako ataritik.
50 urte inguru izango zituen, gorpuzkera luzea, eta aurpegiko makillajeak ez ezik, haren manerek ere estuago lotzen zuten hiriko bizimodura, inguruan zituen soro eta baratzeetako lanetara baino. Agurtzeko elkarri besarkada bana onartu, eta bailarari buruzko azalpen batzuk eman zizkien ia ongi etorria amaitzearekin batera.
Desenkusatu egin zitzaien gero.
— Barkatu beharko didazue...
— Barkatu zergatik? Ederra da etxea.
— Jakin banu, beste gela utziko nizuen prest, hirugarren solairukoa, matrimonioko ohea daukana.
— Ez da behar. Egon lasai horregatik.
— Nahi baduzue, gero, momentu batean presta dezaket, eta erosoago egongo zarete.
— Benetan, ez da beharrezkoa —adeitsu azaldu nahi izan zuen Iratxek, baina berehala eten zuen ahizpa nagusiak, kortesiazko irribarre keinurik txikiena ere gabe.
— Aber eskertzen dugula, e, baina ahizpak gara.
Emakumeak barkamena eskatu zien berriz, pixka bat gorrituta, eta zurezko eskailera ikusgarrian gora lagundu zituen egun haietarako eurena izango zen gelara. Ez kezkatzeko eskatu zioten ahizpek eta, besterik gabe, mendiaz eta isiltasunaz gozatzera zetozela baino ez zioten adierazi. Egia ere bazena, bestalde.
Urteak ziren Josunek ez zuela txirrindularik hartzen, eta igarri egiten zion ahizpak. Aspaldi joan zen herritik, Iratxe nerabe ere ez zela, eta ahizpa txikiak ez zuen gogoan inoiz bizikleta gainean ikusi izan zuenik. Bistakoa zen gerora ere ez zela gehiegi ibili. Ez bizikletan, ez eta beste ezertan ere. Hatsa handiturik, kolpeka bakarrik lortzen zuen ahizpari esan nahi ziona esatea.
Landetxeko emakumeak gomendatuta egin zuten errekarako bidea, bero kolpeari aurre egiteko, eta hurrengo goiz edo eguerdirako utzi zuten komuna izandakoaren eraikinari egin beharreko bisita. Putzura heltzeko biderik gerizpetsuena hartzeko gomendatu zien emakumeak, errepide alboan hasten zen pista bat hartuta; luzeago izanik ere, erosoagoa egingo zitzaielakoan. Eta okerrik gabe heldu ziren adierazitako lekura. Baina autoz beteta topatu zituzten putzu inguruko errepidearen bi bazterrak.
Argi heltzen zitzaien jendearen harrabotsa: umeak jauzika eta garrasika, gazte jendearen barre ozenak, musika ekipoak irrati komertzialen doinuekin.
— Ez dirudi aspertuko garenik behintzat.
Bizikletak sasitza batean utzi, eta arbola arte bat gurutzatuta heldu ziren putzura. Orduan konturatu ziren zaratak iradoki baino lasaiagoa zela lekua, eta erraz topatu zuten txoko atsegin bat, errekan gora metro gutxi batzuk eginda. Gazteek uretara jauzi egiteko erabiltzen zuten harri handitik hurbil zegoen gune apartatuxeago batean. Lizar baten gerizpean zabaldu zituzten toallak. Arrantzale batzuk baino ez zituzten inguruan, isil antzean, edanean, errekaren beste ertzean, keinu nabarmenegirik gabe, buruarekin agurtu zituztenak.
Orduan konturatu ziren Iratxe eta Josune bainujantziak landetxean ahaztu zituztela, eta biluzik bainatuko zirela erabaki zuten.
Giroko tenperaturarekin kontraste eginez, hotz biltzen zituen urak errekan, eta min ere egiten zuen burua murgiltzeak. Eguzkitara ateratzean irrist egiten zieten tantek azalean. Harriak busti, eta gutxira idor zeuden berriz.
Arratsaldea eman zuten han, hizketan, uretan eta erretzen, eta bikote adindu bat baino ez zuten utzi putzuan, gazta eta urdaiazpikoa afaltzen hasita, haiek joandakoan. Iluntzen hasia zen ordurako: eguzkiak luze jaurtitzen zituen ibai ertzeko zumarren itzalak zelaietarantz, eta goxoa zen giroa, azkenik. Utzitako lekuan, mugituta bezala topatu zituzten bizikletak ahizpek.
Norbaitek gurpil bana zulatu zien.
— Baina benetan ari zara?
— Bene-benetan.
— Baina, tia... Nola ez zenidan lehenago kontatu!?
Landetxeko jabeak eman zien afaltzen gau hartan. Bizikletenak berandutu egin zituen, eta inora joateko gogorik gabe heldu ziren logelara. Jaki xumeak izango zirela abisatu zien etxekoandreak, baina, dutxatik ateratakoan, arrautza pare bana, magrak, odolkiak eta patata frijituak zituzten prest jangelako mahaian. Kaligrafia zainduko barkamen mezu bat zuen paper bana ere utzi zien emakumeak edalontzien ondoan, goizekoagatik desenkusatuz. Gero, logelako balkoira erretzera aterata, mutil-lagun batekin egindakoa kontatu zion Josunek, eta arindu egin zuen horrek putzutik etxerako bueltak sortutako tentsioa.
— Urtebetetze opari bat izan zen.
— Bai, baina norentzat?!
Urruneko kontrolarekin pizten zen bibradore bat erosi zuen Josunek behin. Txosnetako komunean nola sartu zuen kontatu zion, eta mandoa mutilari eman ziola, zinta batekin oparitarako bilduta. Mutilaren harridura aurpegia ere imitatu zuen, ahizparen algara artean. Nonbait, mutilak ez zuelako kontua lehenengoan harrapatu, eta gero soilik hasi zitzaizkiolako begiak pizten.
— Benetan, ikusi behar zenuen ze lerdo aurpegia jarri zitzaion!
— Eta zu ezer esan gabe! Baina zergatik?
— Joder, ba lotsagatik!
— Baina ze lotsa?
— Aber, Ira, ba imajinatu... Joder, zu txosnan zeunden zerbitzatzen gau hartan!
— Bai zera!
— Klaro! Ez duzu gogoratzen?
Mutil-lagun harekin gerora gertatutakoekin joan ziren pixkanaka barreak apaltzen. Hasieran ez zuela ezer igarri esan zion Josunek, eta beranduegi zenean bakarrik izan zela gai gertatzen ari zenaz jabetzeko. Horrek egiten ziola minik handiena. Gero etorri zen guztiaren abisu modukotzat ulertzen zuen orain kontrol mandoarena. Baina ikusezina zitzaion orduan. Hala kontatu zion ahizpari. Denborarekin, Josune nora joaten zen kontrolatzen saiatzen hasi zelako mutil hura, norekin egoten zen, eta berak, halere, ez zuen handik garaiz ateratzen asmatu.
Bibradorearen gau hartan gozatutako guztia berriz ere gozamenarekin lotzea zaila egin zitzaiola onartu zion ahizpari.
— Ordukoan beragatik egin nuen.
— Kabroia.
— Bai. Baina badakizu zer den onena?
— Zer?
— Orain hori gustatzen zaidala gehien.
— Zer?
— Inoren menpe sentitzea. Horretara jolastea. Ohera lotu, eskuak esposatu... Badakizu, gauza horiek.
— Joder. Ez zara sentitzen arriskuan?
— Ez. Bueno, ez dut askotan egiten, eta ez edonorekin, desde luego, baina bai, gustatzen zait. Uste dut mendeku moduko bat ere badela niretzat. Irabazi egin dudala sentitzen dut.
— Sekula ez nizun entzun.
— Hori gustatzen zaidala?
— Mutilarekin gertatu zitzaizuna.
— Mireiari bakarrik kontatu nion.
Apenas egongo zen kilometro bete landetxetik komunaraino, baina autoz egin zuten bidea biharamunean. Beroagatik ordukoan ere.
Etxetik zeramatzaten apuntatuta haraino iristeko jarraibideak. Halere, inguruan zuen babes hesiagatik ez balitz, berdin amaitu ahal izango zuketen alboko etxeren bati begira. Autoa kanpoan utzi eta, tinbrerik jo gabe, burdinazko atea gainetik pasatuta sartu ziren barrura. Diskretua zen dekorazioa: inon ez zen gurutze, ama birjina edo bestelako erlijio ikurrik ageri. Etxe handi bat zen, zelai handi batekin; terraza gerizpetu bat lehen solairuan, bizi arrastorik gabeko mahai eta aulki batzuekin, eta gurdi gurpil bana atariaren ezker-eskuinetara. Herri hartako edota, are, bailara hartako beste edozein etxe bezala, alegia.
— Atea joko dut.
Iratxeren ezezkoa jasotzera iritsi baino lehen bete zuen hitza Josunek, eta oihartzun egin zuten kolpeek etxe barruko hutsunean. Isiltasun tarte baten ostean, oinatz zarata urduri batzuk entzun zituzten barruan, zurrumurruan, baina inork ez zuen aterik zabaldu. Eskaileren zura kirrinka egiten aditu zuten. Eta isiltasuna gero. Atea berriz jotzeko keinua hasi zuen Josunek, baina, ordukoan bai, Iratxek lortu zuen ahizpari eskutik heldu, eta geldiaraztea.
— Total, behin hona helduta...
— Lasai utzi behar genituzke.
— Horixe dute problema, ordea, lasai daudela. Zer kontatua emango diegu.
— Ez ba. Nahikoa egin dugu sartuta. Polizia deitzen badute ez dugu jakingo zer egin ere.
— Polizia honaino etortzen denerako kafea eta pastak bukatzen egon gaitezke, haiekin.
— Klausurakoak dira-eta. Goazen.
— Buelta bat emango diogu etxeari behintzat, ez?
Gogoz kontra onartu behar izan zuen ahizpa zaharrenaren proposamena Iratxek. Ez zegoen ikusteko handirik, ordea. Eraikinaren ondoan, bazen eraikin txikiago bat, giltzaz itxita, seguruenik biltegi lanak egingo zituena, eta atzealdeko lorategian oilo gutxi batzuk ere ikusi zituzten, aske, belarretan sakabanatutako arto aleak mokoratzen. Haietako bat hurbiltzen hasi zitzaien, eta aurrealderantz itzuli ziren.
— Ojala sartzen utzi izan baligute.
— Ez dut uste ezer topatuko genukeenik.
— Ez nuen ezer berezirik espero. Zuk bai, ala?
— Ez dakit. Arrastoren bat igual geldituko zen, zerbaitena. Ez dut asko pentsatu.
— Barruan gurutziltzatuak eta, despistatuz gero, igual zilizioak.
— Zer, orain bai, goazen, orduan? Nahikoa izan duzu?
— Bai. Bero honekin, gainera...
Ahizpak esandakoak eraginda, beharbada, kamiseta altxatu, eta hari eraginez, hesirantz jo zuen Iratxek, eta une hori baliatu zuen Josunek lurretik harri bat hartu, eta etxearen aurka jaurtitzeko. Lehen solairuko kristal bat puskatu zuen kolpeak.
— Baina zu? Zu ez zara normala, ez?
Korrika hasita, eskutik heldu zion ahizpa zaharrak Iratxeri, etxe irteerarantz bidean. Hesia gainditzeko soilik askatu ziren, eta Josune helduko zain geratu behar izan zuen Iratxek auto barruan, kopilotuaren atea harentzat irekita utzita. Bigarren saialdian bakarrik lortu zuen motorra arrankatzea, eta gurpilekin lurrean irrist eginda eta, aldi berean, barrez atera ziren, azkenik, errepide nagusira.
— Baina zer ostia ari zinen pentsatzen?
— Ez nuen uste kristala apurtuko nuenik.
— Joder, kasik bihotzekoak eman dit!
— Ba pentsa niri! Ostia, baina guapo egon da.
— Guapo? No me jodas, guapo. Susto ederra emango zenien mojei!
— Klaro, ba horregatik egon da guapo!
— Eta orain zer egingo dugu?
— Nola zer egingo dugun?
— Joder, ba zer egingo dugun.
— Etxera joan. Zer egingo dugu ba?
— Eta zer esango diezu?
— Ez dut pentsatu.
— Baina esan diozu etortzekoak ginela?
— Ez. Zuk bai?
— Ez, nik ere ez. Zurekin egongo nintzela baino ez.
Txirrindulariz beteta zegoen bueltako errepidea, ardiek multzo zuriak osatzen zituzten belardien bazterretako sasien itzal apurretan, eta bailara osoa ikusteko aukera ematen zuen muino batean gora egiten zuen bideak. Seguruenik ahizpen autoa beste norbaitenarekin nahasita, agur adeitsua luzatu zien gizon batek gidatzen ari zen traktoretik. Txakur bat bakarrik zihoan atzean lotuta zeraman zama gurdi hutsean, zaunka batean paisaiari.
— Baina inpresionatzen du emakume horiek guztiak han bakarrik eta ezertarako atera gabe bizi direla imajinatzeak, ezta?