Monogamoak
Monogamoak
2024, narrazioa
160 orrialde
978-84-19570-26-0
Azaleko irudia: Peter Fischli & David Weiss
Iņigo Astiz
1985, Iruņea
 
2019, poesia
2012, poesia
 

 

Santua

 

 

Zurgina nuen aita. Inguruko onena zela esaten zuten, eta hala usteko zuen berak ere. Gure aurrean sekula ez zukeen halakorik adieraziko, ordea. Ez gehiegizko umiltasunagatik, ezpada sasoi eskasean bizitzea suertatu zaien gizonak nekez izan daitezkeelako harroak, eta benetan eskasak izan zirelako guri bizitzea suertatutakoak.

      Oihartzun urrun bat bezala heldu zitzaigun gerraren hotsa hasieran, eta hurbil zedin utzi baino lehen erabaki zuten gurasoek alde egitea. Elizetara sartu eta su ematen zietela esaten zuten. Apurtu egiten zituztela ama birjinen irudiak. Martirienak. Dena. Benetan hala ote zen jakin baino lehen jo genuen mugarantz. Altzari gutxi batzuk eraman genituen gurdira goiz batez, eta eguerdirako bidean ginen, sekula berriz ez itzultzeko.

      Urteekin ia erabat ahaztua dut lehen urte haietako oroitzapena, baina bada gogoan iltzatuta gordetzen dudan irudi bat: gure gurdiaren arrastoak ikus ditzaket oraindik, lokatzetan, gu pasatu ahala, pixkanaka ur zikinez betetzen, zirimolek osatzen zituzten marrazki bihurriekin.

      Herriko ermitara joan ginen lehen-lehenik.

      Apaizak ere entzunak zituen elizetako erasoei buruzkoak, eta berehala eman zigun onespena. Hark lagunduta kargatu genuen gurdira aitak aspaldi egindako santu baten irudia. Mahai eta aulki artean sartu genuen. Hura zen aitak egin zuen lanik onena, eta saltzeko ez bazen, lana lortzeko ongi etorriko zitzaigula esaten zuen aitak. Horregatik, harekin batera gogoratzen ditut geroztik egin genituen bidaia guztiak. Neba txikia eta biok joaten ginen gurdian harekin; ama astoaren gainean aurreraxeago, eta aita lehena, denari tiraka.

      Kolore biziko gizon bizardun luzexka bat zen santua, apenas gu orduan ginena baino handiagoa. Begiak zabal, irribarre bare moduko bat aurpegian, eta jantzi gorrizta batekin, eskuineko besoa bakarrik bereizten zitzaion aurrerantz gorputzaren enborretik, bedeinkapena ematen balego bezala, bi atzamar zutik. Liburu bat irudikatzen zuen egur puska landu bat ere bazeraman ezkerreko besoaren azpian, Biblia baino izan ezin zena, inon horren adierazgarririk ez bazuen ere.

      Ez dakit ihes egiteko benetako motiborik ba ote genuen, baina beti beldurrez gogoratzen ditut gurasoak. Izango zen zerbait, agian. Ez ziguten inoiz esan. Bidaietan, ezkutuan joan gabe ere, badaezpada, izkin egiten genien bide nagusiei. Baina norbaitek emango zuen gure berri, aldiro, bisitatzen genituen herri guztietan, kanpoalderaino etortzen zitzaizkigulako haurrak bila. Santua ikusi nahi izaten zuten, eta oinutsik eta bustita egoten ziren gehienak, gu geu ere orduan egon ohi ginen bezala. Santuaren izenari eta haren mirakuluei buruzko galderaz josten gintuzten.

      Oinarrizkoa baino ez genekien guk irudiaz. Gurasoek ez ziguten askorik kontatzen. Aita ez zelako bereziki fededuna, esango nuke. Baina, seguruenik, zehaztugabetasun horrek aukera ematen zuen, behar izatera, figura hura beste santu bat balitz bezala saltzeko. Amari inoiz entzundako istorio txatalek eta gure asmamenak laguntzen ziguten ume haiei kontatu beharrekoa osatzen. Gaixoak sendatzen zituen batzuetan, edo hildakoak berpiztu, egunaren eta lekuaren arabera. Arreta gehien pizten zuenaren arabera moldatzen genuen haren istorioa. Ona zen neba arrasto horiek igartzen.

      Aho zabalik begiratzen zuten haurrek haren egurrezko aurpegi lasaia, haren bizarra beti zuzen, begiak zeruari adi. Dibertitu egiten gintuen haien miresmenak. Gurasoek nahikoa zela esan arte. Erdi korrika bueltatzen ziren orduan beren etxeetara edo ohiko beste jostaketetara.

      Lan txikiak lortzen zituen aitak herriz herri. Jatekoa eta gau batzuetarako aterpea jasotzen zituen haien truke, baina sekula ezin izan zion santua inori saldu. Agian ez zuten saldu nahi. Edo lana agian ez zen guk hasiera batean uste bezain ona. Ermita bateko figura bat baino ez zen, azken batean. Edonola ere, sasoi nahasiak ziren inork halako figura bat gordetzeko arriskurik hartu nahi izateko. Beldur izango ziren elizako jendeak, ezer erosten hasteko. Eta orduan nork zuen, bestela ere, etxerako halako ezer erosteko dirurik?

      Denbora baten buruan, motibo guretzat argirik gabe, aitak berriz ere gerraren mehatxua pizten sentitu, eta abian jartzen ginen, berriz ere hurrengo herrira abiatzeko. Ordurako izenez agurtzen genituen despeditzera hurbiltzen zitzaizkigun umeak, eta nola ez genekiela, hurrengo herrian, beste izen batzuk, edo maiz antzeko izenak zituzten beste ume batzuk aurkitzen genituen gure zain.

      Errezoan gogoratzen dut beti ama, eta, igandez, mezetan. Aitari erreguka aritzen zitzaion, mesedez, egun hartan lanik har ez zezan, jainkoak atseden egun izendatu bazuen, zerbaitegatik izango zela esanez, eta kristau onari ez zitzaiola atseden hartzea beste aukerarik geratzen, baldin eta ez bazuen nahi okerrik gerta zekion. Aitak gogogabe onartzen zituen amaren eskari haiek. Elizetako atzeko aulkietan esertzen ginen laurok, kanturako ahotsa altxatzeko izuegi. Jende guztia atera arte itxaroten genuen han, eta figurak aztertzera joaten zen aita gero. Batzuetan gutako bat eraman nahi izaten zuen, detaileren bat erakusteko. Akatsik ikusiz gero, haiek konpontzeko eskaintzen zion bere burua apaizari.

      Denborarekin, joan-etorriko bizimodu horrek eragina izan zuen aitarengan. Nahasten hasi zitzaion burua. Gero eta maizago galtzen zitzaion gogoa ezerezari edo suaren garren distirei begira. Zahartzen eta osasuna makurtzen joan ahala, urritu egin zitzaizkion lan aukerak eta, une batetik aurrera, adinez aurreratu xamar egon arren, amak neskame lanetan hasi behar izan zuen, horretarako onartzen zuten etxeetan. Basora jo zuen nebak, orduan erruz izaten baitzen lana, itsasontzietarako ez bazen armatarako, eta ama laguntzen hasi nintzen ni, hasieran, eta denborarekin, neure kasa jo nuen neure etxe propioetara.

      Santuaren aurpegian opaitzurrarekin egindako koxkak topatu genituenean hasi ginen benetan egoeraren larritasunaz ohartzen. Sukarrak jota, irudia konpondu egin behar zuela esan zigun goiz batez aitak. Biltegian topatu genuen gero, santuaren ondoan eserita, ezpalak inguruan zituela.

      Ama eta bion artean erraz eraman genuen ohera, baina antzeko ikaraldi gero eta gehiago etorri ziren gero, eta guztiek uzten zuten bere marka figuran. Zerbait falta zitzaion, soberan izaten zuen detaileren bat. Ezkutatu egiten genion, baina topatu egiten zuen.

      Besapean zeraman liburua galdu zen lehenik, eta pixkanaka joan ziren gainerako apaingarri eder haiek guztiak desegiten. Jantzien pleguen dekoraziorik zein beso bedeinkatzailerik gabe, aitaren azken uneetan, santua apenas bereiz zitekeen nebak basotik ekar zezakeen edozein enbor hondatutik. Baina hori gero etorri zen.

      Ihesean jarraitu genuelako bitartean, eta gurekin eramaten genuelako aldiro santua. Gero eta interes eskasagoa pizten zuen, halere. Azkenerako, inoiz gutxi gerturatzen zen haurrik gure etorrera ikustera. Ahulago eta ahulago iristen zitzaizkigun gerraren oihartzunak, bestetik. Eta adinarekin, zalantza egitera iritsi naiz mehatxu hark, inoiz benetakoa izan bazen, ez ote zuen aitaren buruan bakarrik jarraitu indarrean. Baina, orduan, oraindik kasu egiten genion.

      Gurasoen minek eta nekeak behartuta egonkortu ginen, azkenean, abegi ona egin zigun herrixka batean. Sorterritik urrun ginen ordurako. Aitak, oraindik, izaten zuen tarteka enkargu txikiren bat, baina amaren zaintzapean izaten zen gehienetan. Basora jo zuen berriz nebak, eta ni herriko etxerik onenetako batean hasi nintzen zerbitzuan. Ez nuen hizkuntza erabat ulertzen, baina lanerako erakusten nuen kemenari eta gaztetasunari esker onartu ninduten. Jaun-andreak ere atzerritarrak ziren, eta horrek ere lagunduko zuen, neurri batean. Gustuko zituzten gure sorterriko manerak, nonbait. Lan bera egiteko hartutako beste bi neskarekin batera nengoen etxe hartan, eta haiekin eman nuen denbora hura izan zen nire bizitzako aldirik zoriontsuena.

      Giovanna eta Vincenzo ziren etxeko jaun-andreak, bikote aristokrata itxurako bat, edukazio handikoa. Liburutegi bat ere bazuten. Aldiro aritu behar izaten genuen liburuetan pilatzen zen hautsa kentzen eta, lanak bukatutakoan, han biltzen gintuen andreak egunero. Tematuta zegoen irakurtzen eta idazten ikas genezan. Nik sekula ez nuen inor irakurtzen ikusi ordura arte, elizatik kanpo esan nahi dut, eta are gutxiago bikote bat, eta elkarrekin. Baina, gauetan, han biltzen ziren biak, haien artean aritzeko soilik erabiltzen zuten hizkuntza arrotz hartan, esku artean zerabilten liburua elkarri irakurtzera, txandaka. Andreak pianoa ere jotzen zuen eta, larunbat gau batzuetan, denok gonbidatzen gintuen piezaren bat entzutera.

      Ume txiki bat zuen bikoteak, Mariana, eta, tamalez, beti gaixo eta eztul txar batek hartuta egoten zen. Lanik ere ez zuen ematen, gajoak, hain egoten zenez ahul, mugitu ere, apenas mugitzen zelako. Erruki handia izaten genion hiru neskok. Mimatu egiten genuen. Medikua maiz etortzen zen hura artatzera eta familiako kide bat gehiago balitz bezala hartzen zuten etxean. Ez genuen gehiegi maite guk. Beti izaten zuen etxeko andreari pianoan egin beharreko gomendioren bat, niri beste mundu bateko edertasunez beteta iruditzen zitzaizkidan emanaldi haietan.

      Lurdes eta Milagro deitzen ziren nirekin zerbitzuan zebiltzan beste bi neskak. Inguruko herrietakoak ziren, nire adintsukoak. Gazte ginen, eta erraz eramaten genituen etxe hartako egitekoak. Jaun-andreek ez zuten gustuko etxearen hesitik harago joan gintezen, eta guk, elkarrekin geunden bitartean, ateratzeko behar handirik ere ez. Ongi ematen ziguten jaten eta, lanean ez genbiltzanean, kartetan eta kontutan pasatzen genuen denbora, barrez, edozer txorakeriarekin. Azkar ikasi nuen hizkuntza. Baina poz haren erdian zamatsuak zitzaizkigun guztioi Mariana txikiaren gaixoaldiak.

      Ez dut gogoan nik proposatu ote nuen, edo Lurdes izan ote zen, ordurako haiek ere bazutelako gure aitaren santu irudiaren berri, nik neuk kontatuta. Txantxa modura hasi zela badakit. Baina, gero, Mariana txikiak gaixoaldi bereziki luze eta larri bat izan zuen. Hiltzat jo zuen medikuak, ia. Eta Milagro izan zen ordukoan, hori ziur dakit, umea santuarengana eramateko ideia serio hartu zuena. Gure lana jarri genuen jokoan, gehiago ere ez bazen, baina umea hartu eta gauez eraman genuen santua gordeta genuen biltegira.

      Haren gorputz txiki hura. Sentitu egin dezaket oraindik haren berotasun ahula besaurreetan. Hezur eta azal, arropa haien guztien azpian.

      Santua oihalez estalita edukitzen genuen beti eta ilunpetan ez genuen lehenengoan topatu. Amak lekuz mugituko zuen, seguruenik. Gogoratzen nuen baino okerrago zegoen irudia, gainera. Baina aurrera egin genuen, behin haraino helduta. Oraindik ere gorputzetik bereizita zuen eskurantz gerturatu genuen umea, santuak kopeta uki ziezaion, eta alde egin genuen berehala, oihalak lurrean bere hartan utzita.

      Jaun-andreak eta medikua esna topatu genituen itzuleran. Larritu egin ziren eta okerrena pentsatu zuten. Ez dakit nola bururatu zitzaien ume hari kalte egin geniezaiokeenik. Poliziari abisu ematera joatekoa zen medikua iritsi ginenean, eta momentuan bota gintuzten kalera. Baina ez zuen luze iraun, goizean bertan bidali zutelako mutiko bana gure bila.

      Sukarrarekin jarraitzen zuela kontatu zigun medikuak, baina umeak, probabilitate guztien kontra, hobera egin zuela. Hura zen gure poza. Mirakulu bat izan zen. Baina haserre begiratu zigun medikuak hori entzundakoan. Beragatik balitz, kalean jarraituko genukeela esan zigun, baina jaun-andreak bihozberak izan zirela gurekin. Bazekiten asmo onez aritu ginela, nola ez zuten jakingo ba. Elkar besarkatzen eta zorion hutsez negarrez topatu gintuzten Giovannak eta Vincenzok, Mariana txikia besotan zekartela gelara sartu zirenean. Lo zegoen, eta munduko izakirik ederrena iruditu zitzaidan. Aingerutxo bat.

      Hilabete gutxira, etxera laguntzera joateko deitu zidan amak egun batetik bestera. Berehalakoan agurtu behar izan nituen etxeko guztiak, eta elkarri idaztekotan geratu ginen. Eta hala izan nuen Mariana txikiaren heriotzaren berri, lau urte ere egitera iritsi gabea zenean.

      Etxean berehala ulertu nuen amak zergatik deitu ninduen. Oso gaizki zegoen aita. Eta ez zuen laguntzarik onartzen.

      Iskanbilak izaten zituen herri bateko edo besteko tabernetan, gerora jakin genuenez, guztietan zeuzkalako zorrak, eta odoletan eta mozkortuta ere iritsi zen behin edo behin. Maizter gintuen etxeko atarian ezkerretik eskuinera gogoratzen dut ama, aita noiz itzuliko, mugimenduarekin eskutan eramaten zuen kandela ere ikaratan jartzeraino bezain bizi, urduritasunak jota, harik eta, gau haietako batean, besterik gabe, aita etxera gehiago itzuli ez zen arte. Goiz hartan luze egona zen santuarekin lanean, eta orain harrigarria egiten zait nola ez genion orduan detaile horri merezi besteko arretarik jarri.

      Amak egunak eman zituen atean aitaren zain. Tinko. Uko egiten zion etxera sartzeari, eta bertara eraman behar izaten nion jatekoa. Ia-ia joan bezala itzultzen ziren platerak sukaldera.

      Inork ez zuen aitaren berririk, eta basoan, auskalo non, galdu eta zuloren batera eroriko zela ondorioztatu genuen. Nebak baimen berezi batekin egin zuen etxerako buelta. Gizonduta topatu nuen. Etxean zerbait larria gertatu zela esan zioten mendian eta, etxera iritsitakoan, nire ahotik jakin zuen dena. Agian esperoko zuen.

      Egunak joan ziren. Ez dakit zenbat. Eta, gero, bat-batean, beste abisurik gabe, ama beltzez janzten hasi zelako jakin genuen, azkenik, onartu zuela aita ez zela sekula itzuliko. Ez genuen berriro ikusiko beste kolore batean jantzita.

      Gorpuaren faltan, santuaren irudia ehortzi genuen aitaren ordez, apaizak horretarako baimendutako kanposantuaren baztertxo batean. Tinta pixka batekin idatzi nuen haren izena lehenik, eta nebak markatu zuen gero harria, zizeltxo batekin. Han gelditu zen, eta han egongo da oraindik. Baina ni behintzat ez naiz geroztik berriro itzuli.

      Giovanna andreak nolabait izan zuen gertatutakoaren berri, eta gurekin errukiturik, besterik bururatu ez, eta ispilu bat bidali zigun opari. Etxe atarian topatu genuen, zapi erdi garden eder batean bilduta, ohar bat ere bazekarrela. Zenbat lagundu genuen eta nola estimatzen ninduen kontatzen zidan. Sentitzen zuela benetan eta ezer behar bagenuen haren etxea beti zabalik topatuko genuela. Baina egun hartan bertan egin genuen honainoko bidaia gure gauzak eta ispilua gurdian hartuta. Gordeta dut paper hura oraindik. Marko urrekara ederra zuen ispiluak, eta hura saltzeko aukera izango genuela pentsatuz kargatu genuen. Gaitzeko ispilua zen, eta dena beharko genuen aurrerantzean. Okertu antza bakarrik sartu ahal izan genuen gurdian, eta ilunabarreko zeru berdea nola islatzen zuen gogoratzen dut. Ilea bi trentza baldarretan bilduta zeraman neskatxa bat ere ikus dezaket, herri kanpoaldean, bakarrik, bide bazterretik gure igarotze motelari begira. Gogoan dut agur egin niola eskuaz, eta ez zuela erantzun.