Galletak
Bisitan agertu zaio biloba. Gutxi gorabehera hilabetean behin joaten zaio, eta hain justu gaur da hilabeteko egun hori. Maiatzaren 9a da, astelehena, eta telebista ikusten ari dira biak: gaizki erantzunez gero, lehiakideak zulo batetik behera erortzen uzten dituen lehiaketa horietako bat da, eta saioa zuzenean ikustera platoraino joandako publikoarekin dantzan dabil aurkezlea. Garrantzitsua da detailea, edo izan daiteke garrantzitsua, baldin eta, azkenean, gerra lehertu, eta super potentzia nagusiak elkarren aurka bonba atomikoak jaurtitzen hasiko badira, balitekeelako, horren ondorioz, gizateriaren bizi arrasto guztiak kolpean desagertu eta, milioika argi urteren buruan, alien batzuek testu hau soilik errekuperatu ahal izatea, planeta alderik alde beteko duen hondakin multzo erraldoitik, eta kasu horretan, estralurtar horiek, gutxienez, telebista programari buruzko datu horri esker jakin ahalko baitute, lausoki behintzat, nolakoa izan zen eguneroko bizitza xxi. mendearen hasiera xamarrean, planeta honetan bizitzak iraun zuen tarte estu horretan, gaizki eta azkar hitz eginda, garatu deitzen diren —ia— herrialde horietako batean. Hain urrun joan beharrik gabe, ordea, jarraitzen dute aurkezlearekin dantzan platoan telebistarako apain jantzi diren hainbat gizon-emakumek, eta haiei begira daude Luisa amona eta Fermin biloba, ez bereziki ongi pasatzen, baina bai entretenituta.
“Rockaren historia aldatu zuen zer beste abeslariren egun berean jaio zen urtebete geroago David Bowie?”.
18:47ak dira zehazki eta, egunero 19:00ak baino minutu gutxi batzuk lehenago gertatu ohi denez, amonaren bila etorri da goiko pisuko laguna, Consuelo. Hiru kolpe jo ditu atean lehenik, kask, kask, kask, eta hiru aldiz sakatu du tinbrea gero, din, dan, don. Ez da kasualitatea. Hiru kolpe eta hiru tinbre hots horiek dira lagun taldean darabilten kodea. Izan, lagun taldeko guztiak direlako nahiko zaharrak eta guztiak bizi direlako bakarrik, eta beldur direlako etxera lapurtzera sartuko ote zaizkien edo norbait engainu bidez beren aurrezkiak lortzen saiatuko den.
Hego Amerikako zaintzaileak dituzte lagun taldeko kide guztiek, edo Moldaviakoak bestela —kasuen % 20 baino ez da hori—, eta zaintzaile horien izenak ongi ahoskatzen ikasteko asmo handiegirik gabe uzten dituzte egunak pasatzen; seme-alaba lizentziatuak, biloba masterdunak, atzerrian haietakoren bat beti, euren arteko eguneroko elkarrizketa bestela errepikakor xamarrak bixitzen dituzten detaile exotikoak eskainiz, eta astean hirutan ile-apainketak auzotik urrun dagoen ile-apaindegi garesti baina oso onean. Konparatuko duzu ba. Nolanahi, kask, kask, kask, eta din, dan, don, eta egunero ohi duen moduan eta amonak ere espero duen bezala, goiko bizilaguna topatu du atean.
— Arratsalde on, Luisa. Aizu, zer da hori?
— Zer da zer?
— Ate ondoan dituzun poltsa horiek. Ez dira zureak?
— Arratsalde on, Consuelo —ilobak zerbait arraroa igarri du elkarrizketan, eta sofatik altxatuta, ateraino joan da, zer pasatzen den ikustera—, zer gertatzen da ba?
— Zuk utzi dituzu hor poltsak?
— Poltsak? Ze poltsa?
Consuelok hatzaz seinalatu dizkie kanpoaldean, atari alboko horman, gorde antzean dauden plastikozko bi poltsak.
— Ez dakit. Esne kutxa batzuk daude eta galleta batzuk ere bai. Ez dituzu zuk utzi, Fermin?
— Nik ez.
— Lehengo emakumea izango zen agian? —galdetu du amonak.
Amona: Luisa. Adina: 90 urte. Nafarroako Parlamenturako azken bost hauteskundeetako boto bilakaera: Nafarroa Bai. Nafarroa Bai. Nafarroa Bai. Geroa Bai. Geroa Bai. Likidezia: 18.000 euro Santander bankuko akziotan, 8.000 euro bbvan, eta 900 euro inguruko alarguntza transferentzia hilabetero. Lanbidea: Etxekoandrea. Bere bizitzako ametsa: Erroma ezagutzea. Plater gogokoena: Kokotxak. Edari gustukoena: Martinia, baina aspaldi utzi zuen, buruko mina eragiten ziolako. Kolore bat: Nola kolore bat? Kolore bat: Kolore faboritoa edo? Kolore bat: Urdina, baina a zer galderak, zer inportako du ba koloreak.
— Lehengo emakumea? —galdetu du amonaren lagunak—. Ze emakume?
— Bai, lehen atea jo dute, eta Ferminek zabaldu du.
— Eskale zahar bat zen —azaldu du Ferminek.
— Eta eskale batek utzi ditu hor esnea eta galletak?
— Pentsatzen dut.
— Eskean etorri, eta berak janaria utzi?
— Atea ireki dudanean, eta gaztea nintzela ikusi duenean, hau ikasle pisu bat ote zen galdetu dit. Baietz nik, eta “orduan lasai”, esan dit, “orduan ezer ez”, eta joan egin da.
— Ez da begira gelditu-edo? —amonak.
— Begira gelditu?
— Izkinaren batean-edo, igual.
— Ez, ez dut uste.
— Ba, zer nahi duzue esatea, ez zait normala iruditzen.
— Zer ez zaizu normala iruditzen, Consuelo?
— Beste bizilagun batzuek emango zizkioten esnea eta galletak, eta berak hor utzi? Ez zuen gehiegi beharko.
— Ez zuen goserik izango.
— Klaro, dirua nahiko zuen... —eta isilune labur baten ondoren pixka bat apalago ahoskatu du amonaren lagunak azken hitza—... drogatarako.
Amonaren laguna: Consuelo. Adina: 82 urte. Nafarroako Parlamenturako azken bost hauteskundeetako boto bilakaera: cdn, upn, upn, upn, upn. Lanbidea: Idazkari izan zen gaztaroan, baina enpresari ertain batekin ezkondu —denborarekin eta esfortzu askoren ondoren enpresari ertain ohi izatera iritsiko zena—, eta familian ez zuten ongi ikusi lanean jarrai zezan. Egia esan, ez da ez zutela ongi ikusi, besterik gabe, ez zuten gauzak bestela izan zitezkeenik ere pentsatu. Jabetzak: Bi etxe, eraikin berean. Bi arrano disekatu haietariko baten sarreran, rokoko dekorazioko ispilu bat ere bai, eta burkoan 30.500 euro. Kontraste eginez, Ikeako altzariak ditu beste etxeak, nordiko esango litzaiokeen dekorazio soilagoarekin, eta semea, haren emaztea eta euren bost seme-alabak bizi dira bertan. Afizioak: Etxea oro har, eta lagunekin eguneroko kafea. Kolorea: Zilarrarena, batez ere benetakoa bada, noski.
— Drogatarako? —galdetu dio izu puntu batez amonak Consuelori.
— Ez dut uste, amona —moztu du Ferminek serio—. Janari eske zebilen. Aber, eskale bat zen.
— A, baina janaria eskatu dizu orduan?
— Ez, ez. Niri ez.
— Eta nori eskatu dio orduan?
— Aurrekoei.
— Ikusten da, bai, zertarako nahi zuen.
— Beste zerbait beharko zuen.
— Bai: drogak —Consuelok berean.
— Beste janariren bat, esan nahi nuen. Esnea eta galletak... ez dira gauza handia.
— Beste zerbait nahi, eta esnea eta galletak utzi? Mesedez, mesedez, Fermin, ez izan inozoa.
Amonaren iloba: Fermin. Adina: 40 urte. Nafarroako Parlamenturako azken bost hauteskundeetako boto bilakaera: Abstentzioa. Abstentzioa. Alderdi Kanabikoa. Ahal Dugu. Ahal Dugu (ildo ez-ofizialista). Ikasketak: Arkitektura, Granadan. Iraupena: Hamar urte, haietako bost, karrera egiten, eta beste bostak proiektua prestatzen. Proiektua: Lasto fardoz egindako eraikin bat. Balorazioa: “Ez zait oso ideia ona iruditzen”, esan zion zuzendari izango zuenak proiektua hasi aurretik, eta bost urteren ostean, behin proiektua bukatuta, errepikatu egin zion esaldi bera, hitzez hitz, “ez zait oso ideia ona iruditzen”. Nota: Sei. Etxea: Lasto fardoz egindako etxea. Ez, ez, etxea, baina bizitokia: Aitaren etxea, herrian, baratzearekin. Kolore bat: Berdea. Betiere, irribarrez esanda. Bestelako afizioak:
— Ba zer nahi duzu esatea, gose handirik ez du izango eskale horrek, poltsak hartu ez baditu.
— Esnea ematea da errazena, ez duzu uste, Consuelo? Ziur mundu guztiak ematen dizkiola esnea eta galletak. Nazkatuta egongo da hainbeste esne eta hainbeste galleta.
— Baina zuk uste duzu normala dela janaria eskatu eta gero hor uztea, etxera eraman gabe?
— Normal-normala ere ez da poltsak jendearen atean horrela uztea, Fermin. Horretan arrazoi du Luisak.
— Eta nola dakizue ba emakume horrek etxea duela?
— Baina, baina —ihes egin dio barreak Consuelori—, baina, mesedez, zer ari zara esaten?
— Zer ari naizen esaten? Zuk zer uste duzu? Badakizu zenbat etxegabe dauden Nafarroan?
— Ez. Esan, zenbat?
— Ba... asko —isiltasun une bat behar izan du ilobak, Consueloren garaipen keinuak eragin dion amorrua kontrolatzeko—. Asko, Consuelo, asko. Uste duzuna baino gehiago.
— Bueno, goazen pentsatzera —baretu nahi izan du elkarrizketa amonak—; zer egingo dugu orain poltsekin?
— Ez dakit ba, Luisa. Zuk hartuko dituzu?
— Nola hartuko dugu hori? Auskalo nola dagoen.
— Aber, amona, esnea da, kutxetan.
— Ez dakit... Igual kadukatuta-edo egongo da.
Consuelok eskutan hartu ditu poltsak, eta nazka keinu txiki bat igar daiteke bere aurpegian. Badaezpada, gainera, gorputzetik apur bat urruntzen ditu besoak luze jarrita, eta hau guztia eraikinaren eskaileretan ari da gertatzen, gainontzeko bizilagunek ezer igarri ez arren, eta are igarrita ere, poltsekiko ardura eta kezka handirik ez dutela. Orokorrean, halako herrialdeetan —edo— hori baita halako hirietan eta halako eraikinetan ezarrita dagoen batez besteko gizalegea.
— Zuk nahi dituzu galleta hauek? —galdetu dio zuzenean Consuelok amonari. Nekatzen hasita baitago hainbeste bueltarekin.
— Zertarako nahiko ditut ba galleta horiek?
— Zuk, Fermin, nahi dituzu?
— Nik ez. Bestela ere badut nahikoa poltsa eta tuper etxerako.
— Bueno, ba orduan?
Poltsen edukia: Leche Asturiana, bi tetrabrik: 1,88 €; 2018ko otsailaren 8ko iraungitze data. Maria galletak, pakete bat, 250 gramo: 2,85 €; 2017ko abenduko iraungitze data. Guztira, 4,73 € eta 2.250 gramo. Eta neurri batean horrek ere azaltzen du amonaren lagunaren insistentzia. Zamak, alegia. 82 urte ez baitira alferrik pasatzen, eta Consuelo nekatzen hasia da pisu horri eusteaz. Gainera, 19:00ak jota dira jadanik, eta horrek esan nahi du zain izango dituztela lagunak kafetegian, zeren eta, elkarren ateetan, kask, kask, kask, hiru kolpe jotzeaz eta, din, dan, don, txirrina hiru aldiz sakatzeaz aparte, puntualtasuna baita taldeko kide guztiak batzen dituen beste ezaugarrietako bat.
— Baina hartzen baditugu, igual pentsatuko du onartu egin ditugula.
— Horretarako utzi ditu.
— Bai, baina eta onartzen badituzu ez da bueltatuko?
— Igual pentsatuko du janaria hartu dugunez, janari gehiago behar dugula, eta igual hasiko da gehiagotan etortzen.
— Akaso bueltatu egin behar zenituzke —zalantza egin du orain amonaren lagunak.
Consuelok bukatu egin nahi du. Azken batean, poltsa haiek ez daudelako bere etxeko atarian eta, ondorioz, ez dagokiolako berari haiekin zer egin erabakitzea. Hasteko, berak ez zukeen atea ireki ere egingo, eta jarrera hori berretsi baino ez du egiten poltsekin gertatu denak. Eta han jarraitzen badu Luisa estimatzen duelako da. Nahikoa du gajoak. Eta lagun onek hori egiten dutelako. Eta lagun batek laguntza behar badu, adibidez, galleta batzuekin, ba lagun on batek lagundu egiten duelako. Baina puntu bateraino. Hori ere bai.
— Bueltatu? Bueltatu nori?
— Ez dakit ba. Supermerkatura?
— Hemen ez ditugu utziko, behintzat.
— Ba zuek esan beharko duzue, Luisa. Zuei utzi dizue oparitxoa.
— Atartean utzi, ez? Eta horrela norbaitek esnea behar badu-edo, ba hartuko du, eta listo.
— Baina nork beharko du esne hori, maitea?
— Emakume horrek behintzat ez, bistan da.
— Zu etxean geldituko zara, ezta, Fermintxo? —galdetu dio amonak ilobari, eztabaida amaitu nahirik, bera ere presatua baitago orduarekin.
— Bai. Zer ba?
— Jakiteko. Zuk itxi ongi atea, bale?
Amonarekin eta Consuelorekin batera desagertu dira esnea eta galletak igogailuan. Itxi du etxeko atea ilobak, eman dio giltzari buelta, eta telebista ikusten jarraitu du egongelako sofan etzanda. Aurkezleak ez du dantzarik egiten orain. Serio dago, gorputz osoarekin finala gero eta gertuago dagoela adierazi nahi balu bezala. Lehiakideei begira dago adi-adi, galderen txanda hasteko puntuan. Musika solemneak isiltasuna sortu du bat-batean.
“Nola deitzen da Saturno planetaren sateliterik handiena?”.
Lehiatzen ari den emakumeak 30 segundo ditu erantzuteko. T T N. Hizki batzuk bakarrik falta zaizkio erantzunari, baina batzuetan, lagungarri suertatu beharrean, nahastu egiten ditu horrek lehiakideak, eta erantzunik sinpleena ere eman ezinik bukatzen dute zuloan behera jausten, justu, gutxien espero duten momentuan eta, batez ere, saria ia-ia eskura sentitzen hasiak direnean. Eta o ze pena. Eta o ze pena publikoak ere. Baina segundo gutxi batzuk falta dira oraindik. Cuencakoa dela esan du lehen. Garbiketa langilea. Dirua irabaziko balu zor batzuk kendu nahi lituzkeela, eta zerbait geldituko balitzaio bidaiaren bat egin. Hondartzara, esan du, gehiago zehaztu gabe. Denek ulertu dute esan nahi zuena. Kolorea, berdea. Esperantzarena.