Monogamoak
Monogamoak
2024, narrazioa
160 orrialde
978-84-19570-26-0
Azaleko irudia: Peter Fischli & David Weiss
Iņigo Astiz
1985, Iruņea
 
2019, poesia
2012, poesia
 

 

Monogamoak

 

 

Gauza gehienak ahaztu egiten ditut, baina oso ona naiz dokumentalekin. Amak beti esaten dit. Adibidez, gepardoa da lurreko ugaztunik azkarrena, ze 130 kilometro orduko abiadura har dezake, eta zaldiek gehienez ere 88 kilometro ordukoa. Eta panterek badakite arboletara igotzen, eta horregatik gordetzen dituzte euren ehizakiak adarretan, gazelak eta zebrak, batez ere, edo haien puskak, ze han goian seguru daude, ze harrapari handiagoei zail egiten zaie haraino iristea, eta ze han hienek ere bakean uzten dituzte. Horregatik pantera da nire felino faboritoa. Ze beti bakarrik dago, baina ez du inork molestatzen. Felinoak dira katuen familiakoak direnak, baina handiak. Hienak ez ditut gustuko: ze beti dabiltza taldean, beren barre horrekin, eta orain ez dut gogoan haiek ere felinoak ote diren edo ez, baina lehoiak bai, badira. Eta lehoien artean, emeak dira beti ehizan aritzen direnak, eta arrak ehiza jadanik eginda dagoenean bakarrik azaltzen dira. Zatirik onenak haiek hartzen dituzte beti. Odolarenak beldur pixka bat ematen dit, eta begiak ixten ditut batzuetan, baina, gainerakoan, lehoiak bai, gustatzen zaizkit; emeak batez ere. Lehoiak dira nire bigarren felino faboritoak. Eta badakit ere pinguinoak monogamoak direla, eta horrek esan nahi duela beti bikotekide berarekin ibiltzen direla. Ze amak esplikatu zidan hori. Gero arrak dira arrautzen gainean egoten direnak, eta oskola puskatzen denean, orduan ez dakit nork irakasten dien igeri egiten pinguino kumeei, baina azkar ikasten dute. Orkek jaten dituztelako da, ze orkak ugaztunak dira, gepardoak eta panterak bezala, baina ez dira felinoak, ze uretan bizi dira eta, gainera, badute hizkuntza bat euren artean komunikatzeko. Hizkuntzarena ere gustatzen zait, batez ere nola zabaltzen den itsasoan, lagunak topatzeko-eta. Eta badira txinpantze batzuk ere zeinu hizkuntza erabiltzen dakitenak, eta bazegoen txinpantze bat, izena ez dut gogoan, baina zeinu hizkuntza horri esker jakin zuten bera zela, behin, ze eduki zuten hizkuntza ikasten lehenengo, baina gero eraman zuten beste leku batera, eta han egin zizkioten esperimentu pila bat txarrak, eta edukitzen zuten kaiolan sartuta eta orduan, urte pilo batera, txinpantzeak ikusi zuen bere zaintzailea izan zen emakume bat, keinuak irakatsi zizkiona, eta txinpantzeak egin zion eskuarekin keinu bat, horrela, esateko bezala bera zela, eta horri esker ezagutu zuen emakumeak txinpantzea, eta orduan bai, atera zuten handik eta eraman zuten lehenengo lekura. Ez dakit beste txinpantzeak ere atera zituzten, ze hori ez zuten kontatu. Baina igual txinpantze hori da nire hirugarren animalia faboritoa, felinoen ondoren esan nahi dut. Ze dokumentalak asko gustatzen zaizkit eta, gainera, beti-beti botatzen dituzte telebistan, berdin du zer ordu den. Amak esaten dit oso ona naizela dokumentalak ikusten, ze gogoratzen ditut gauza asko gero. Gizonak etortzen direnean jartzen dizkit dokumentalak amak, eta gero, joaten direnean eta berriz bakarrik geratzen garenean, galdetu egiten dit ea zer ikusi dudan, eta ea gustatu zaidan, eta nik azaldu egiten diot ahal dudan guztia. Baina gizon bat geratu egin zen behin nirekin dokumentalak ikusten. Makilen antza duten xomorro batzuei buruzko bat ikusi genuen, eta kamuflatzeko zela ikasi nuen. Amari gustatu zitzaion xomorroena esan nionean, baina ez dut gogoan arra edo emea ote zen kamuflatzen zena. Gizonari galdetuko diot, igual. Ez dakit gizonak itzultzen diren edo ez; ze elefanteak bai, beti, eta kilometro pila egiten dituzte.