Poz aldrebesa
Poz aldrebesa
2017, nobela
424 orrialde
978-84-92468-94-2
Azaleko irudia: Txuspo Poyo
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

27

 

Gin-tonikaren alaitasunarekin egin zuten Oiartzundik Errenteriarako bide laburra. Mirenek amorantearen kontuari buruz ezer gehiago ez esatea erabaki zuen, eta Axik ez zuen ezer erabaki, aurrera egitea baino, aurrea non zegoen ez bazekien ere.

      Niessenen ondoan bertan aparkatu, eta sartu zirenean kamerak bertan zeuden, nahiz eta aretoa erabat hutsik egon. Mirenen telebistako albistegirako berria emateko iradokizuna, agindu entenditu zuen Axik, ongi entenditurik. Urteak zeramatzan kameren aurrean agertu gabe, Euskadi Irratiko berrien erredaktore lanean, eta gustatzen ez bazitzaion ere bere buruari aitortu behar izan zion oraingoan ez zitzaiola inporta izan. Halako poz bat nabaritzen zuen bere baitan.

      Seiak aldera hasi ziren agintariak agertzen; lehendabizi, Julen Mendoza alkatea ailegatu zen, gero Jose Angel Rodriguez (pse-ee), Maite Pe๑a (eaj), Jose Maria Herzog (pp) eta Jose Manuel Ferradas (Ezker Anitza). Banan-banan identifikatu zituen Axik, ongi ikasia baitzekarren eraikizi buruzko guztia.

      Denak aurkeztu zizkien Julen Mendozak: Miren Akerreta, “Euskal Telebistako burua” esan zuen gazteleraz, eta Dolutan filmaren zuzendaria, eta gero Axi, “kazetaria” eta filmaren gidoigilea. Mirenek, usadioaz bestela, eskua eskaini zien andreei zein gizonei.

      Gero egonen zirela eta Mirenek, Julen Mendozak eta Axik kamera teknikariak zeudeneraino alde egin zuten. Sarreratxoa grabatu behar zuten zuzeneko faltsu bat egiteko, eta gero, elkarrizketatxo bat egingo zioten alkateari telebista eta irratirako.

      Mirenek, beharbada izan zuten haserrea leuntzeko-edo berezkoa egin ez zitzaion keinu batez, ilajea orraztu zion amakiro kamera aurrean paratu aurretik. Butaka marroi ilun lerro hutsek —jakin gabe zergatik Kennethen etxetik ageri zen pareko loredun eraikinaren leiho lerroa ekarri zioten gogora bere burua harritu ere egin zuen elkarketaz— eta argi ilunxkek abegia iradokitzen zuten, eta bera argituko zuten foku erregarriak izeki ondoren, magia galdu bazen ere, erabaki zuen hortik joko zuela. Minutu erdi batez eseri, lau hitz zirriborratu, eta prest zegoelako keinua egin zion kamerari. Fokupean kokatu eta mikrofonoa hurbildu zuen.

      Kamera teknikariak erpurua jaso zion. Urduri zegoela ohartu zen. Telebistan agertzera zihoalako edo, beharbada, irudia sedukzio tresna gisa erabiltzera zihoalako.

      “Errenterian gaude. Gaur eraikiz ekimenaren hirugarren saioa burutuko da areto huts honetan. Miren Akerretaren —errotik saihestu zuen lankidea zela aipatzea— Dolutan dokumentala eskainiko dute, eta gero bertan parte hartutako biktimekin eztabaida izango da, orain hutsik baina gero jendearen abegiz beteko den areto honetan”.

      Grabatua utzi zuten erreportajetxoa sartuko zuten gero.

      Mirenen irribarreak ongi ari zela adierazten zuen. Julen Mendozari beregana hurbiltzeko eskatu zion keinu nabarmenez.

      “Erraza izango da. Bi galdera. Hori bai, gero gazteleraz grabatu beharko dugu”.

      Mendozak baiezkoa egin zion. Guapoa zen, isila ematen zuen, neurritsua, eta, iruditu zitzaion, Josebaren demasa aztertzeko ohitura txarrari jarraiki, baita izua ere. Zalantza egin zitzaion ondo egingo ote zuen.

      “Zer da eraikiz ekimena?”.

      eraikiz ekimenak duen dohainetako bat zera da: partidu guztiek hartu dutela parte prestatzen eta bultzatzen. Berez, film eta antzerki zikloa da. Udaletxean gaudenon artean hasita gaude elkarren arteko konfiantza lantzen, eta bururatu zitzaigun gogoeta giroa sortzea film eta antzerki lan horiek akuilu harturik. Bertan ageri ziren testigantzak ekartzea, edo antzekoak, hori igual da, hortik eztabaida sortu ahal izateko. Eta hori da gaur hemen gertatuko dena”.

      “Zer lortu nahi duzue eraikiz ekimenarekin?”.

      “Guk, udaletxeko talde guztiek, bakea eraiki nahi dugu eta horretarako denok hitz egin beharra dugu, denok elkarri entzun behar diogu ezer ukatu gabe. Bi aukera ditugu, edo korromioan jarraitu, edo iragana azterturik, korromioa atzean utzi eta etorkizuna denon artean eraikitzen saiatu. Ez daukagu besterik”.

      “Honaino Julen Mendoza, Errenteriako alkatea. Eskerrik asko, Julen. Errenteriatik, Asier Iminizaldu”.

      Jendez bete zen istant batean aretoa. Klase guztietako jendea, Axik batez ere zaharrak espero bazituen ere, gazte samalda sartu zen, batzuk-batzuk, seinale egin zion Miren Akerretari, ezker abertzalez jantzita.

      Mendozak aurkezpenak egin ondoren, argia itzali zuten. Mirenek bere baitara so egin zuen, baina ez zegoen urduri, profesionaltasunak iragazgailuarena egiten zion, beraren, gertatzen ari zenaren, eta izan litzakeen sentimenduen artean halako sare sarri bat paratuz. Aita. Aita, uxatu egin zuen Etxarri Aranazko gizon hura. Baina susmoa zuen, lanean ari zela une batez zalantzan paratuko balitzaio, berehala eginen lukeela bat aitaren galerarekin; eta uste zuen hari ere neurriari eustea gustatuko litzaiokeela, Glencreen urtu zenaz bestela egin, eta eitbko albistegietako buru eta zinema zuzendariaren iragazgailua paraturik aparte mantentzea.

      Filma hasi zenean Axi telefonoa begiratzen ikusi zuen.

      Zerbait edan beharra zuela pentsatu zuen Axik. Lasaitzeko. Mirenekiko eztabaidak hondoan zuena azaleratu zion, eta azalaraztean ertzak ikusi zizkion ia izaki bat zirudienari; ez zen egoera bat, baizik eta beste izaera bat hartu zuen zerbait, ez luke jakinen zer. Ardailatu egin zen eta kalera atera zen, zerbeza bat behar zuen. Zerbeza, zerbeza, zerbeza. Mirenen harridurarako kalera atera, eta Niessenen pareko tabernan sartu zen.

      “Zerbeza bat. Ez, gin-tonik bat”.

      Filma ikusia zeukan. Barrako aulkietan eseri zen. Bazekien Mireni ez zitzaiola gustatu atera izana, baina laneko kontu bat zelakoarekin zuri zezakeela jakiteak lasaitu egin zuen, Mirenek ez baitzekien gehiegi irratiko kontuez.

      Zerbitzariak paraturiko gin-tonika hartu eta itokarrean edatean kontrako eztarritik joan zitzaion. Eztulka hasi zenean esku bat nabaritu zuen sorbaldan.

      “I๑igo!” bota zuen.

      Burua altxatu zuen. Serio zegoen. Bizarduna. Sendoa. Begi berdexkak. Bizkar zabalak. Ezker Abertzaleko janzkera. “Euskal fantasia bat” pentsatu zuen pentsatuko zuela Landerrek, edo Begok. “Euskal fantasia bat”.

      “Zer moduz?”.

      Beti egiten zuen duda, seme-alaba eta andreari buruz galdetu behar ote zion, egoera arraroa baitzen, baina Axik aurrera eginez konpontzen zuen arazoa izan zuten bigarren zita alditik.

      “Zer moduz familia?” galdetu zion, zerabilen pentsamendutik ihes egin nahirik.

      I๑igok baiezkoa baino ez zion egin galderaren deserosotasuna leuntzeko. Baiezkoa buruarekin, bai, ongi zeudela haren bi seme-alabak eta andrea, Oiartzunen, ez zirela etorriko, andreari ez zitzaiola egokia iruditu.

      “Prest zaude?”.

      Eta oraingoan ere I๑igok ez zuen hitzez erantzun, begien baiezko keinu batekin nahikoa iruditu zitzaion, eta Axik pentsatu zuen, beharbada, horixe zela harengandik erakarri zuena, erantzunak urre gorria balitz bezala gordetzea. Armairua laburtuko zion Josebak kontatu izan balio.

      Elkarri so egin zioten.

      I๑igo, aspaldi, larrualdi batzuk baino gehiago zen, Mirenekin izandako eztabaidak azaleratu zion dena. Beste begi batzuekin so egin zion gorpuzkeraz harantz: alegranzia topatu zuen.

      “Sartu beharko ginateke”.

      Axi ohartu zen ez ziola galdetu bera nola zegoen.

      Filma bukatzen ari zen eta Axik Mirenen ondoko eserlekua bilatu zuen. I๑igo lehendabiziko ilarara zihoala ikusi zuen. Batzuetan gertatzen zitzaion elkar ikusi gabe egoten ziren hamabost egun-hilabete arteko tarteetan, aurpegia ahaztu egiten zitzaiola, eta aurrean zuenean, gaur bezala, lehendabiziko unean harritu egiten zela betileen luzerarekin, edo kopetako zimurren batekin, edo bi eguneko bizarreko ilajearen sarriarekin, gorpuzkerarekin edo keinu batekin.

      Filma bukatzen ari zen eta han agertu zitzaion I๑igo, berriz ere, oraingoan tamaina itzelean pantailan. Beste bat ematen zuen, ez hamar minutu lehenago tabernan izan zuen hura.

      Mirenek, Axiren iritziaren kontra, dokumentala elkarrizketatuen aurpegien lehen plano eta Mikel Laboaren Lekeitio batekin ixtea erabaki zuen; txalaparta eta atonalitatearen soinu eta karranken airera zihoazen aurpegiak: I๑igorena, etak hildako ertzainaren andrearena, galek hildako gaztearen amarena, Arrasateko zinegotziaren alabarena, unibertsitateko irakasle mehatxatuarena, frankismo garaian herriko komando batek hil zuen alkatearen semearena. Lehen planoa aukeratu zuen Mirenek, ezkerretik eta kontrapikatu arin batekin. Handiago ematen zuten denek, bisaia urruntzen zitzaiela, “ahotsak urrunagotik sortzen zirela” iradokitzea nahi izan zuen Mirenek nolabait doluan minaren jabaltzea adierazi nahian. Josebari sentimentalegia iruditu zitzaiola akordatu zen.

      “Sentimentala izan beharra dauka, ez?” erantzun zion Axik, “sentimenduen bidez gizartea eraikitzean datza kontua, ez?”.

      “Sentimentalegia” indartu zitzaion Joseba. Eta harendako halaxe geratu zen erabakita, gerora filma aipatzen zuten aldi orotan izenondoa erantsiz.

      Argiak piztu zituzten. Axik jende hura guztia bere baitatik atera eta ingurukoarekin lotzean jariotako energia sumatu zuen; animalia erraldoi baten moduan nagiak ateratzen nabaritu zituen gogoak.

      Hizlari-aktore-biktimak banan-banan igo ziren patxadan oholtzara eta prestaturik zeuzkaten aulkietan eseri ziren abangoardiako antzerkia izan nahi zuen kutsu batekin.

      Axik erabaki zuen prestatu egin zutela, igoera, jaitsiera, esertzea eta baita oholtzako aulkien kokalekua ere.

      Lehendabizi andreak igo ziren: etak eraildako ertzainaren andrea, Maria Jesus Plateado; galek hildako gaztearen ama, Felisa Dorado; Arrasateko zinegotziaren alaba, Patricia Jurado; eta gero gizonak: frankismo garaian herriko komando batek hil zuen alkatearen semea, Josu Erreparatz; I๑igo.

      Foku bana zegoen bazterretan eta Maria Jesus Plateado ertzainaren alarguna hizketan hasi zenean, behetik gora argitu zien Axik zein Mirenek dramatikoegia iritzi zioten argi-itzal jokoaz.

      Halako patxada batez aletu zituen etak leherraraziko bonba batek senarra hil ondorengoak; noraeza, gorrotoa, ezin sinetsia, zentzurik eza, kanpotarra izanik —Extremaduran jaioa eta Madrilen hazia—, baskoarekiko gorroto itzela; eta urteekin, nolabaiteko itzulera, seme-alabak hemengoak izan eta asko lagundu izanaren ondorioz “lur hau, nire senarrarena zena eta nire seme-alabena dena” berriz ere maitatzen ikasi eta haren alde zerbait egiteko beharra; gaurko ekintza hau esaterako.

      Banan-banan aletu zituzten arrazoiak, sentimenduak, minak, oinazeak... I๑igok, txanda ailegatu zitzaionean, xehe-mehe aletu zituen anaiaren heriotzaren deia jaso zuten unetik hasi, Guardia Zibilak gorpua bahitu eta lurperatu arteko lokamutsetik pasa eta amaren oinazera arte; gerora urtetan bizi izandako erretenitze zentzugabeak, jazarpena, haien baserri inguruetan Guardia Zibilak egiten zituen tiro ariketak. Eta errua gero, bolada luze batean bizitzaren gainean itzala eragiten zuena anaia salbatu ezin izan zutelako.

      “Familiari esker gainditu nuen” esan zuen I๑igok.

      Hortxe gelditu ziren aitortzak dilindan une batez, jendearen gogoetan ๑ir๑irka gogoeragile, harik eta seguru aski tentsioa lehertzeko norbaitek txalo bi jo eta aretoa txaloka hasi arte. Luze. Katartiko. Hainbeste, eztabaida izan behar zuena isilune izan zen.

      Elkarrekin egin zuten, jendeak alde egin zuenean, hizlari-aktore-biktimek, zinegotzi-alkateek, Miren eta Axik ondoko tabernarako bidea, pote bat hartzera. Julen Mendozak baretu zien zaputza saioak horrela zihoazela azaldu zienean, jendeak, hunkiturik, nahiago izaten zuela gerora eztabaidatu, etxe edo tabernetan, eta ez kezkatzeko.

      Zer nahi zuten galdetu zien. Mirenek pentsatu zuen markoa ezabaturik —aretoa, kontaketa erritualizatua, udaletxeko bilera—, biktimak eta zinegotziak, bere ezezagunean, ez zirela elkarrekin konponduko, izango zela ardoa eskuan paratu arteko tarte horretan ezezagunen artean gertatzen den deserosotasun hori, ordukoan areago, nolabait ere, batzuk intimitate mingarria kontaturik, arrasoan gelditu zirelako edozein komentario gaiztok edo desegokik mina berritzeko agerian. Mirenek berriz galdetu zion bere buruari filma errodatzen ari zirela galdetu ziona: berak, hitzaren bila aritu zen, “lasatzeko” behar izan zituen urteak behar izan zituzten zinegotziaren alabak, Maria Jesus Plateadok, galek hildakoaren amak, alkatearen semeak —bereziki mingarria hiltzaileak eta hildakoak herri berekoak izaki—. Bat-batean jende oso arrunta iruditu zitzaion, hantxe, basoak eta kopak eskuan, Errenteriako alkateak ekitaldia ondo atera zela eta proposaturiko topa egitera altxaturik. Jende arrunta, ez biktimak.

      Mendoza alkateak “Nola sentitu zarete?” galdetu zuenean, harekiko lilura puxika moduan hustu zitzaion, irudi baitzuen hura —tabernako barrako pintxoei erreparatu zien zeharka, haiengandik hurbil zeuden bizpahiru talderi, argi foku erregarriei— ez zela galdera hura —“nola sentitu zarete?”— egiteko toki egokiena, hura taberna baitzen.

      Baina Mari Jesus Plateadok “Hasieran pixka bat urduri, baina gero lasaitu naiz” erantzun zuen ez herabe.

      “Ohitura hartzen ari gara” erantzun zion alkatearen semeak irribarrez. “Profesional bilakatzen” gehitu zuen gero barre artean. Denek egin zioten barre, eta Miren ohartu zen barre hark eman ziela baimena besterik gabe talde bat zirela onartu eta aisatzeko, ordura arte osatu zuten zirkulu hutsa —euskal kuadrillaren lotunea— utzi eta ondokoarekin hizketan hasteko. Mireni inbidia egin zitzaion, mina agerian uztearen pasioz bezatu zutelako. Edo hori ematen zuen. Alkatearen semearen aurpegiari erreparatu zion. Axirekin ari zen Lekunberri Aranatzi buruz hizketan, Lekunberritik Bilbora alde egindako familia aitzakia.

      Taldea fauntzen joan zen; alde batetik alde egin zuten alkatearen semeak eta Arrasateko zinegotziaren alabak, biak ere etaren biktimak; Maria Jesus Plateado joan zen gero, agurtu eta Bilbora bide luzea zutela aipatuz; galek hildakoaren amak Donostiako autobusa hartzera zihoala “eramango zaitut neuk, Donostiara noa” bota zion Herzog ppko zinegotziak. Eta alde egin zuten, espanturik gabe, bizkarrean txaplatarik gabe, ohiko afari baten azken kopatik edo ostiral gaueko poteotik alde egingo luketen bezala, filmaren azken errodaje egunean egin bezala.

      Mendoza, I๑igo, Axi eta Miren gelditu ziren azkenean. Mendozak autoraino lagundu zituen.

      “Eskerrik asko, benetan”. Eta “benetan” errepikatu zuen gero.

      Eskua eskaini ondoren autora nola sartzen ziren begira gelditu zitzaien.

      “Eramango nauzue, ez? Autobusez etorri naiz” bota zuen I๑igok.

      Mirenek atzeko atea seinalatu zion.

      Zuberoara goaz, probatzera, etorri nahi baduzu” esan zuen Axik.

      “Ez, familia zain daukat”, I๑igok, “Zuberoa ez da egunero joatekoa, gainera”.

      “Aprobetxatu” erantzun zion Axik, “nik pagatuko dut, honekin apustua galdu nuelako”.

      Mirenek bolanteari heldu zion sendoago han zer gertatzen ari zen galdezka.

      “Ez, eskerrik asko, familia zain daukat”.

      Zuberoan afaldu eta hotelera itzuli ziren. Gin-tonika proposatu zion Axik eta baiezkoa egin zion Mirenek.

      Axi goizean egondako tabernan sartu ziren.

      “Utz ezazu whatsapp zikin hori, gizona, bestela ez dut hartuko gin-tonikik zurekin”.

      Axik barra gainean utzi zuen telefonoa, zeinak ti eta ti jarraitu zuen. Tanqueray, Larios Dry, Bombay...

      Gin-tonikak eskatu zituzten. Halako batean telefonoak soinu desberdina egin zuen.

      “Hartu beharra dut hau”.

      Mirenek sabaira altxatu zituen begiak.

      Axi, iPhona jiratuta, idazten hasi zen, zeharka Mireni begiratzen zion bitartean, erdi desenkusa, erdi ume malizios.

      “I๑igo da”.

      “Zein I๑igo?”.

      “I๑igo, galek hildakoaren anaia. Etxeberria”.

      Baiezkoa egitearekin bat ohartu zen Miren nor zen I๑igo. Ez zen posible... “Horrekin ari zara? Zenbat denbora daramazue? Armairu bat?!”.

      Axik esperaraztearen plazera luzatu zuen telefonoan mezua bidaltzen; gero begiak jaso zituen eta ume malizios bisaia paraturik, begietara so egin zion arratsalde osoan sekretua gorde izanaren plazerak harturik. Irribarre egin zion.

      “Bai”.

      “Zenbat denbora daramazu berarekin?”.

      Axi berriz ere sekretu baten jabe izan, eta galarazi nahi izan zionez, esan beharrean, irribarrea erakutsi zion, I๑igorekiko bere harremanaren jolasaren erakusle.

      “Josebari esan behar diozu!”.

      Begiak altxatu zituen telefonotik. Ninien hondoan jolasa ageri baldin bazen ere, kezka, eta makurrago, zaputza sortu zitzaizkion; eta gero, Mirenekiko halako nazka bat, jolasa hausten ari zitzaiolako.

      Axiri bururatu zitzaizkion hainbat erantzun Mireni emateko baino areago aurpegiratzeko: Joseba eta bere artekoa bikote irekia zela, eta horren arrazoia Josebaren garai bateko —berak ez zuen nahi— bikotea eraikitzearen matraka hura zela “harreman berriak sortzeko”; Josebak ere izanak izango zituela horrelakoak, bat baino gehiago; berak, Axik, paratu zuela ezer ez kontatzeko baldintza.

      Eta azkenik bere buruari orain arte aitortu nahi izan ez zion arrazoi garrantzitsuena, I๑igorekiko sentitzen zuenak beldurra ematen ziola, eta, neurri batean, Joseba ordezkatu ziola I๑igok. “Armairu bat!” arrapostu egin zion berriz Mirenek garrasika —bazekien garrasika egiten—, azkena esango balio bezala. “Esan egin behar diozu. Ezin zara horren koldarra izan”.

      Koldarra. Mindu egin zuen izenondoak, eta mintzen zen guztietan bezala gogoa bolbolka nabaritu zuen, pilota baten antzera uraren burbuilen menpe, batetik bestera, baina bazekien Mirenekin ezin zuela jokatu Begorekin edo Josebarekin jokatzen zuen moduan, bolbola isiltzeko aurrera egin, kontrarioa atzean utziz ala hari garrasi eginez.

      Bere burua lasaitzen saiatu zen. Beharbada Mirenek arrazoia zuen, Josebarekin hitz egin beharra zuen.

      Whatsappak jo zion berriro.

      “Joan beharra dut”. Begia keinatu zion eta Mirenek irribarrea itzuli zion haren indarraz harriturik. Urtebete birekin?

      Gin-tonika dzangada batez edan eta plazaren beste aldean gelditu zen auto baterantz abiatu zen, Mirenek kalea gurutzatu eta plazako plataneroen artetik bidea nola egiten zuen begiratzen zuen bitartean.