Poz aldrebesa
Poz aldrebesa
2017, nobela
424 orrialde
978-84-92468-94-2
Azaleko irudia: Txuspo Poyo
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

17

 

“Zer esan dizu?”.

      “Joanen zaigula bila aireportura”.

      “Zer moduz dago?”.

      “Ongi”.

      “Ongi? Oso ongi? Ongi, beste barik? Ala gaixorik?”.

      “Zergatik egon behar du gaixorik?”.

      Axik bere baitakoa pol-polean nabaritu zuen. Bazekien, eta Josebak bazekiela bazekien, gero borborra ailegatuko zela, eta gero, irakin aldia, haserreak gainezka eginez.

      Izan zena izan zela zuela urte eta bederatzi hilabete inguruko hura, ustekabean harrapatu zuela onartzeaz gainera, kitzikagarria egin zitzaiola aitortu beharko lioke bere buruari eta, neurri batean, asaldagarria, segurantza gabezia sortzen ziolako, eta Joseba ere borrokan ikusten zuelako bere buruarekin, bien artekoa gabeziak eragindako oreka berri hari ezin egokiturik; Gayakanpadaren ondoren elkarrekin, artean elkar hiru zirela, iragandako aste eta erdi hura pasatuta, behin Kennethek alde eginda, azaleratu zuen Josebak bidenabarrean bezala —ezagutzen zituen Josebak egiten zizkion bidenabarrean haiek—, “Kennethek hiesa dauka. Beno, seropositiboa da”. Seropositiboa! Denetatik egin zuten-eta Orduρako baserri hartako gau hartan hasi eta Kenneth Sondikako aireportura eraman aurretiko azken zera hura arte. Kondoiarekin, zorionez! Hura izan zen hoberena, urte eta bederatzi hilabete pasatu ondoren oraindik gogoratzen zuen larrualdi hura. Elkarrekiko akabantzan zeudelako adakerak sena zorroztu zien eta basago ariarazi zituen. Aireporturako joakera zein etorrera tristeak izan ziren, eta Bilbora bizitzera etortzeko asmoa erabili zuen. Bai, kostatu egin zitzaien antzinako oreka hartara itzultzea; bolada batean hutsa nabaritu zuen, ez propio Kennethena, baizik eta bizi izan zuten harena, edo lehendik zutenarena, edo besterik gabe ohiturak, errepikatzearen saturazioz, eragiten zuen hutsa. Eta hustasun hartan topo egin behar izan zuten elkarrekin, hartara, elkarrekin bi zirela. Hasieran, akordatu zen, gezak iruditzen zitzaizkion ordura arte balekotzat, edo kilikagarritzat jo zituen larrualdiak, edo elkarrizketak, edo besterik gabe egoterak, gero, zorionez, joan ziren berriz ere bata besteari ohitzen. Atzera berriz Axi eta Joseba izaten; ordena horretan, egin zion txantxa bere buruari.

      “Hiesa daukalakoz?!” bota zuen Axik. “Utziko dugu. Badakizu gaizki egin zenuela. Esan nizun asko harritu ninduela ez esan izanak”.

      Joseba errudun sentitu zen atzera berriz, gertatu zenetik gaia mahairatu zen aldiro bezala, Axik —nornahik esan beharko luke beharbada— gaitasun handia baitzuen, handiegia beharbada, bera errudun sentiarazteko.

      “Bai, hobe. Gose zara?” bota zuen Josebak antsia ahotsean, zerabiltenetik ihes egin nahia ezin ezkutatuz.

      “Ez. Taberna batean bazkaldu dugu”.

      “Zer moduz bilera?”.

      “Ondo. Bilboko lanpostu kopurua handituko dute. Bi erredaktore lanpostu aterako dituzte interino, gero igual oposiziotara ateratzeko. Euskadi Irratian eta Radio Euskadin aritzeko. Irail aldera”.

      Bidaia luzea zuten aurretik, Bilbotik Frankfurtera, handik New Yorkera, han aireportu inguruan lo egin, eta, gero, San Frantziskora.

      Eguzkiak jotako jarlekuetan eseri ziren. Joseba eskutik heltzen saiatu zenean ihes egin zion Axik. Bazekien ez zitzaiola gustatzen, zertara zetorren hura orduan?

      Irribarre egin zion Josebak, adarra jotzen ari zitzaiola aditzera eman nahian, gustatu ez izanagatik beragatik egin ziola eskua hartzeko keinua.

      Azken finean, jakin bai baina besteak arrazoia zuela ez onartzeko modu bat zen, azken hitza esateko modua.

      Aspaldi ikusi gabekoak sortu zalantza egin zitzaion Josebari gorputz trajeduna hurbiltzen ikusi zuenean. Jaka beltz estuaren azpitik ageri ziren giharrak areago nabari zitezkeen poltsaren uhal gurutzatuak egiten zizkion zimurretan. Josebak berehala jakin zuen ikusi zituela, eta susmatu zuen ezikusiarena egin ziela, eta egokia ez bazen ere, erosoa egin zitzaion.

      Ukondoa sartu zion Axiri ijaretan, “Oskar” esan zion ahopeka buruarekin aurrerantz seinalatuz.

      Hantxe agertu zitzaien, txiki; ez zeraman patillarik eta azken aldiz ikusi zuteneko orrazkera hura, atzean luze eta aurrean motz, kaskamotz moztua zuen. Trajearen azpitik besoetako bizepsa nabari zitzaiola miretsi zuen Axik, Oskar miretsirik Kenneth laztanduz.

      “Ezikusiarena eginen digu” bota zuen Josebak, berriz ere ahopean.

      Axik bekainak jaso zizkion.

      “Uste dut minduta dagoela. Txatok esan dit behin ikusi zuela Bilboko Kaskoan eta ezikusiarena egin ziola”.

      Axik, atzera berriz, aretora so egin zuen. Oskar hurbiltzen ari zitzaien eguzkiak zoru distiratsuan marrazturiko laukien artetik, halako ametsezko figura baten eitea zuela.

      “Ez nau harritzen!”.

      “Nola?”.

      “Ez nauela harritzen. Bizkarra eman zenioten. Denok egin zenuten Juanilloren alde”.

      “Ez da hala” argudiatu zuen Josebak, zeharka Oskarren etorrera zaintzen zuela. “Eta hala bada, zuk ere ez duzu haren alde gehiegi egin”.

      Axi haserreak hartu zuen oldean.

      “Ni ez naiz inoiz ehgamekoa izan. Nik ez dut ezer ikustekorik izan zuen...”, hitzaren bila aritu zen, “zuen txorradetan”.

      “Txorradak?!”.

      Josebak batzuetan —gero eta maizago, ametitu beharra zuen— ez zuen Axiren arrazonamendua ulertzen, itxitura, arrazoiek errealitatearen analisiari bainoago barne aldarteari erantzuten baitzioten, eta, gero eta ohartuago zegoen, jenio biziari aldakortasuna erantsi behar zitzaion. Ongi zegoenean, ongi, gaizki zegoenean, gaizki.

      “Zuk ere bazenuen deitzea. Nik gainera deitu nion pare bat aldiz eta saiatu nintzen gelditzen”.

      “Joseba, ametitu behar duzu bizkarra eman zeniotela eta Juanilloren alde egin zenutela banandu zirenean”.

      Eta bat-batean Josebak entenditu zuen Axik erabateko arrazoia ez bazuen ere, Oskar baztertua sentituko zela, bikotea modu ez-adiskidetsuan eteteak harreman-ezak hutsik utzitako tokian kokarazi zituela lagun eta adiskideak zirt ala zart aukeratzera behartuz. Baina —erabaki zuen Josebak— bera ez zen mugitu, Oskar izan zen taldera etortzeari utzi eta lekutu zena, eta, neurri batean, Juanilloren bikotea eramateko modua konprenitu ez zuena; Juanillok ez zion gezurrik esan, bueno, Txatorenez hasieran bai, baina gero biek adosturiko zera bat izan zen.

      Ohartu zirenerako Oskar iragana zen aretotik. Biek so egin zuten haren bila baina desagertua zitzaien, eta une batez uste izan zuten benetan ez zutela ikusi, eguzkitik jalgitako agerpen moduko bat izan zela. Josebak atzerantz itzuli zuen burua atzeko jarlekuetan zegoelakoan, baina ez zegoen.

      “Ez duzu jakingo ez ikusiarena egin dizun” bota zion Axik, burloso.

      “Egin digun” azpimarratu nahi izan zion Josebak, baina pertsona aldaketa indarrik gabe gelditu zen airean, erdipurdiko gauza baten moduan.

      Axik ez zion erantzun, erabaki baitzuen ez zuela atzera berriz ere horrekin aritzea merezi. Barregarria iruditzen zitzaion bikoteak osatzeari buruzko horren mutxoasmoko iritziak zituen jendeak gero horrelako jarrerak izatea, nahiz eta ez jakin oso ongi horrelakok zer esan nahi zuen. Oskar eta Juanillo ehgamdarrak baino ez ziren. Eta Oskar desagertu bat, beste barik.

      Bere buruari galdetu balio zer sentitu zuen aretora atera, eta lehenengo bistadizoan ez ikustean, zaputza erantzun beharko zuen, etorri ez zelako susmoari noraeza gehitu baitzitzaion. Baina bigarren eskaner aldian, han zuten, espera. Berotasuna egin zitzaion, eta halako poz oparo bat, Axi eta Kenneth hartzen zituena. Ez zuten Axik eta biek asko hitz egin gertatu zenari buruz; gerozkioz saiatu ziren ohera besteren bat ekartzen, baina egin zuten bitan-edo ez zitzaien ongi atera. Azkenekoa batez ere, Takonerara propio joanda jasotako mutil gazte bat, etxera, Jarautako pisura ailegatu —harrigarria egin zitzaien biei Lekunberri Aranatzekin zer edo zer ikusteko zeukala jakitea—, ur basoa eskaini eta ohera sartu zutenean, ez zuten jakin harekin zer egin; betidanik haragian txertaturiko jakintza —Kennethekin ikasi gabean jario zitzaiena— ahaztua izan balute bezala izan zen; eta dorpe aritu ziren, hura egiten zuten lehendabiziko aldia izan balitz bezala, eta ez zuten topo egin. Korritu ere, presaka eta beharturik korritu ziren, lehendabizi mutila, gero Axi eta gero bera, bakoitzak bereari eraginez, plazer derrigortuari —derrigortua, harako bidea hasirik bidea utzi eta helburuari uko egitea haragiaren kontrakoa zelako— bukaera ezdeusa emanez. Kennethekin aste eta erdi hartan desberdina izan zen: hasierako gorputz-adar gehiegizko haiek ordenatzen joan ziren, eskuak non jarri ikasten, lehentasunak aurkitzen, binaka baten zuloak arakatzen, banaka bata bestearen gorputza limurtzen, eta batez ere, hiru izaten. Kennethek lotsa galarazi zien, batak bestea beste norbaiten eskuetan, menpean, nagusigoan ikusi eta naturaltzat jotzen. Baina, batez ere, bien artekoa, Axi eta Josebaren artekoa, nahierara sortu, eraiki eta osa zezaketela sinetsarazi zien aste eta erdi hartan, nahiz eta gero, lastima, beharbada, nahierara sortu, eraiki eta osatze hura... nola esanen luke... hutsean ez bazen bai exkax gelditu, biak bakarrik saiatu zirenean lortutako emaitzak froga. Eskuaren keinu faun batez uxatu zuen gerora Axi eta bere artekoari, beharbada, “indarra” ahitzen joan zitzaiola, beste “lurralde” batzuk —Txatorena zen hitza— bisitatu izanak norberaren lurraldearen txikitasunaz errepararazi balitu bezala. “Lurraldeak!? Lurralde asko zagon, neska!” esan zion Txatok, azken maitasun zapuzketaz hizketan ari zitzaiola, Josebak, lan itxurak eginez, Axi eta bere arteko harremanean zerbait aldatzen ari zelako susmoa iradoki zionean. “Zer ari da aldatzen? Nena, zu beti horren esoterika!” bota zion. Eta Josebak ezin esan izan zion ez zekiena. Kenneth eta Takoneratik ekarritako mutil lekunberritarra —beno, Lekunberrirekin zerikusia zuena— aitatu zionean bota zuen Txatok hura, “lurraldeak!, guhaurren buruak konkistatzekoak dira”. Haren esaldi deszifra ezinezko bat, erdi pelukeriarako edertasun produktuen publizitate-lelo, erdi coflheeko bileretan ikasitako gay mugimenduaren kontsigna, bien artean landu zuten Etika Marikaren ezdakitzenbagarren puntua.

      Gorputz topor sendoa gihartsuagoa, bizarra errubioagoa, bisaia —esoterika etorri zitzaion gogora— itzal arrasto batek zarrasten ziola. Irribarre egin zienean, ordea, itzala faundu egin zen.

      Lehendabizi Joseba besarkatu zuela ikusirik, nekez aitortu zion Axik bere buruari jelosiaren antzeko batek hartu zuela. Gorputz txiki eta sendoaren giharrek Joseba behetik nola besarkatzen zuten begira gelditu zen, deseroso, bere txanda noiz ailegatuko zain, eta ez zekien zergatik, besteren begiradapean, nahiz eta jakin inor ez zeukatela so.

      Kennethen gorputzak Joseba utzi eta beregana itzuli zenean aisatu egin zen. Beso sendoak nabaritu zituen bere bizkarraren kontra, Josebak zeharka begiratzen zion bitartean.

      Joseba samurtu egin zuen besarkadak. Ederra iruditu zitzaion gorputz haien bat egitea, ederra besterik gabe, edo ederra nahiko, edo ederra, asko eta gehiegi. Axik, ezusteko batean, Kennethen kokotsa hartu eta ezpainetan musu eman zionean, zorua mugitzekoa egin zitzaion une batez, baina, berehala itzuli zen bere baitara, garunaren hondoan Axiren ausardiarekin alderaturik bere ausardia eza deitoratuz.

      “Zer moduz bidaia?” galdetu zien, bokal itxiak ezin irekiz.

      “Ongi” erantzun zuten biak batera.

      “Ongi” gehitu zuen gero Josebak.

      Trenera bideratu zituen. Josebak ba-bart irakurri zuenean, egon zen iruzkinen bat egiteko, baina Axiren erreakzioaren beldur-edo, isildu egin zen. Ez zion bere buruari aitortu nahi, baina azken boladan ez zituen bururatzen zitzaizkion hainbat gauza egiten Axiren gaitzespenaren —batzuetan ageriko, besteetan ezin ezkutatu, besteetan ezkutatu eta, askotan, onartu behar zuen, bere irudipenekoaren— beldur.

      Aireportua atzean utzi eta ortzian zintzilikaturiko hariak ziruditen autopisten azpitik iragan ziren. Eta gero etxe sailak agertu ziren, behe antzean, trenak ere ortzitik zintzilikaturik ematen zuen. Kennethek irribarre egiten zien, baina biak ere sekulako akitze batek hartu zituen eta Kenneth ikustearen pozak ezin izan zuen munduaren beste muturrean egoteak sortzen zien arroztasuna gainditu. Josebak norbaiti irakurri zion, nekaturik gaudenean omen garela guen, nekeak zer garenaren hesi guztiak eraisten baititu. Ez zuen logurarik, ordea.

      Josebak leihotik so egin zuen, Kennethekikoak neurri batean Axiren esku utziz; oso nekeza, ia ezinezkoa, egiten zitzaion akiduraren kontra borroka egitea, ezin izaten zuen bere burua gainditu, eta amore ematen zuen, Axi ernegatzen zuen utzikeriara lerratuz. Une batean dena igual izan zitzaion, San Frantziskon egotea, Axi eta Kenneth ondoan izatea, leihotik ageri zen etxe ordenatuen saila, susmatu arren zenbatera egon zitekeen jakiterik ez zegoen itsasoa, oporrak, haien gainean egindako egun argiko ametsak, eszenatokiak, eta baita aste hura gogoan irudikatu zituen larrualdiak, kidetasunak, laguntasunak ere

      Begiak itxirik entzun zituen.

      Hogeita hamar minututan bertan zirela esaten ari zitzaion Kenneth Axiri eta hark baiezkoa egin zion,, areago gizalegetsu ezen ez interesatu.

      Eguerdi aldera esnatu ziren, Kenneth unibertsitatetik itzuleran sukaldean atzera-aurrera entzun zutenean. Gosaria prestatua zien, irribarrea ahoan.

      Joseba galtzak eta kamiseta jantzita zegoen, baina Axi ohi bezala galtzontzillo hutsean agertu zen egongela-sukaldean. Seguru aski, onartu behar zuen Josebak, haren gorputzarekiko berezko segurantza hura zen Axirengandik gehien erakartzen zuena, gorputza bera bainoago, gorputzari batzuetan gustuko ez zituen akatsak aurkitzen baitzizkion, deltoide eza, esaterako, edo ile gabezia.

      Zentzu horretan, Kennethen gorpuzkera areago zen bere gustukoa, topor antzekoa, sendoa, besondo nabarmenduak, eta ilajea petxuan.

      Hala ere, Axik aurpegitik makarrak kentzeko egin zuen keinu ezusteko batek adiskidetu zuen Joseba haren gorputzarekin, eta bat-batean halako alaitasun bat jabetu zitzaion. Kenneth lepotik heldu eta Axirenganaino eramanaraziz biak besarkarazi zituen eta, gero, berak bota zizkien besoak gainetik. Mingainek bat egin zuten. Hatsa zuela iruditu zitzaionean atzera egin zuen une batez. Axiren eta Kennethen mingainek elkar ukitzen zuten, Kennethek Josebaren ipurmasailean zuen eskua, Axirena Kennethen hankartekoan zebilen, Josebaren eskuak Axiren eta Kennethen ipurdi erretenetan zebiltzan. Gayakanpada aurreko bilera hartan leku berean izan zuenekoan gelditu zitzaion usainaz akordatu zen. Ia erreparatu gabean eraman zituen ezkerreko hatzak sudurretara. Mintzak zorroztu zitzaizkion. Axirena baino minxeago.

      “Breakfast is ready...” aitzinatu nahi izan zuen Kennethek, baina Axiri irrikaren potintze oldarkorrez aho hura irensteko gogoa egin zitzaion, eta kokotsetik heldurik mingaina sartu zion erdi keinuan sor erdi Joseba ikusleari egindako ikuskizun.

      Eta bat-batean anabasa zirudiena ordenatu egin zen. Txandak hasi ziren, zirkuluak osatu, jarrera aldaketak, gorputz atalen azterketa, giharren guritasunaren dastatzea, eman eta hartzea, mingainen joan-etorria. Bukatu zutenean sofa aurreko alfonbran gelditu ziren besarkaturik, kondoi erabiliak bazterretan, Kennethek, zubi bat bezala erdian, biak lepotik helduta zituela. Hirurak sabaiari so. Josebak Kennethen sabelaren gainetik Axiren eskua bilatu zuen. Ongi ezagutzen zuen: erpuruko marka ρimiρoa, eraztunaren —gurasoen aliantza— hotz metalikoa nahiz eta eskua bero egon. Heldu egin zion. Beharbada bien arteko intimitate keinua bilatu zuela pentsatu zuen eta, beharbada, Axik intimitatea bilatzen zuela jakin izan balu hura zertara zetorren itaunduko liokeela. Ez zuen, ba, pentsatu zuen Axik, Kenneth bilatu intimitate hura “beste” intimitate bat izan zedin. Ez zuen entenditzen batzuetan, eta ez entenditzeak ernegatu egiten zuen, haren zalantzak besteei erakutsi behar hura, si-es-noka aritze hura.

      Egongela argian eserarazi zituen. Eguzkia sartzen zen leiho handietatik.

      “Goi aldea... Lainoa” azaldu zien. Missionen mikroklima zegoela, seguru aski Castron, han goian, lainoa izango zela eguerdira arte. Galduta zeuden, entzuten zuten, baina bazirudien lilurak ez ziela ikusten uzten. Axik aurrean zuten etxebizitza-eraikin pintatuari erreparatu zion: paper loredunez bildua zirudien, eta solairu bakoitzean motiboak —loreak beraiek, hostoak, konposizioa— aldatzen ez baziren ere, koloreak goraka aldatzen zihoazen sotilki urdinetatik hasi eta gorrixketaraino. Emaitzak mundu nabar erraldoia ematen zuen, puntu erdiko arkudun leihoen ordenak aireratzea galarazten ziola.

      22. kalean zegoen artista etxe batekoek egin omen zuten.

      “Papera da?” galdetu zuen Axik, zehaztasuna zio.

      Kennethek ez zekiela erantzun zuen. Ez zuela uste, hilabeteak eman zituztela egiten eta pintura zela iruditzen zitzaiola. Bera Espainian... isildu egin zen hori esan ahala... bueno, Europan ibili zen urtean egin zutela; handik etorri eta egina topatu omen zuen. Orduan ez zela bertan bizi, baizik eta hiru kale harantzago.

      “Hil zen lagun batekin bizi nintzen”.

      Irribarre egin zioten baina ez zuten ulertu zer esan nahi zuen.

      “Lagun batekin bizi nintzen. Hil egin zen”.

      Isilik jarraitu zuten. Josebak zerbait esateko tentazioari eutsi zion, uneagatik edo Axiren erreakzioaren beldur, ez zuen egin, hala ere.

      “Aids”.

      Aitortzak ustekabean harrapatu zuenez, Axiri dramatikoegia iruditu zitzaion, batzuetan Josebak bilatzen zuen gehiegizko dramatismo jendaurreko estonagarriaren pareko, espantu larregiagatik berehala nekagarri.

      Josebak ez zion behar zenean kontatu. Eta orduan Kennethek, haren pentsamendua irakurri balu bezala, azaldu zuen Espainian, bueno, Euskal Herrian zegoenean ez zuela hiesaz pentsatu nahi, ihesean joan zela, 91. urtea oso gogorra izan zela, hiru lagun hil zitzaizkiola, etsita zegoela. Sabatikoa hartzeko aukera izan zuela eta hartu egin zuela. Fresnon egon zela gurasoekin, amonarekin (orduan hil zen, Elizondokoa). Oso gogorra izan zela azpimarratu zuen: “A tough time”.

      Axiri itzuli zitzaion gero... esan behar ziola seropositiboa zela, baina, konprenitzeko, nekaturik zegoela esateaz, eta ez esateaz, seropositiboa izateaz... urteak zeramatzala...

      Hitz egiteari utzi zion. Hirurek so egin zioten kale eguzkitsuari; etxe lorez papereztatuak kontsolamendu antzeko bat zirudien, bizitzaren nabarraren analogia. Josebak loreen urdinari erreparatu zion eguzkiak jotako eta leihoen kosketan itzalpean hartutako urdinaren nabarkara desberdinei, eta bizitza horrelako xehetasun ρimiρoetan erabakitzen zela ahoskatuko zuen, Axik salatuko liokeen dramatismoarekiko joerak isilarazi ez balu.

      Axiri, aldiz, Kennethen aitortzak on egin zion, zituen irudipenak uxarazi zizkion-eta.

      “Nahi duzuenerako nago. Egun pare batez lan egin beharra dut, baina gero erakutsiko dizuet S.F. Zer egin nahi duzue?”.

      Biek so egin zioten elkarri, bi baino ez izateaz harriturik une batez. Ideiarik ez. Hiria bisitatu. Alcatraz. Gauez atera. Giroa ikusi.

      Orduan Kennethek esan zien larunbatean lagun baten hileta —“a kind of” bota zien, han egindakoaz bestela hasi zitzaien hizkuntza nahasketan— bat zuela eta joan zitezkeela. “Ez dira gauza oso alaiak”.

      Elkarrekin eginak zituzten hiru egunetan halako ordena bat sortu zitzaien. Bazekiten zein hurrenkeratan eseri; mahaiaren inguruan izterrek ustekabean elkar ukitzean ez zitzaien atzerako zartakoaren ondoren gorputzaren ukitzeak eraginiko ezerosotasun llabur hura sortzen; besoak bata bestearen sorbaldetan paratzeak urduritu barik, beste besoa hirugarrenaren sorbaldetan paratzera bulkatzen zituenean, ematen zuen gorputzen epeltasunak batetik bestera egiten zuela bide argindar harien artezaz; edota, gauean, elkarrekin lo egitea egokitu zitzaienean, ohearen aurreko lehendabiziko noraeza zeinen azkar gainditu zuten Kenneth erdian paratu eta ijiili-ajalaka, musuka, zirrika, arropak, kamisetek, galtzek, galtzontzilloek hegaka hormak eta altzariak joz lurrera egiten zuten bitartean; edo goizean, esnatu berritan, beso, hanka, bular, ipurmasail ugaritasun hartan bakoitzak bere bidea zeinen aise topatu zuten.

      Gosaria prestatzerakoan ere ematen zuen urteak zeramatzatela elkarrekin bizitzen, Axik eta Josebak senak aginduta —Txatok barre egingo lioke esamoldeari, marikitek ez dutela senik, eta izatekotan gizonen gorputzekikoa dutela argudiatzeaz gain, sena hitzaren gipuzkoar-bizkaitartasuna eta heteronormatibitatea salatuz— berehala ikasi baitzuten non zegoen kafea, non zekaleak, non marmelada, non azukrea, non katiluak, egoeraren eta lekuaren arroztasuna erabat gainditurik.

      Downtownean eman zuten eguna. Union Squaren, La Marina auzotik paseatzen, Chinatowneko kale nabar eta abartsuetan, eta, jakina, zubi famatua ikustera hurbildu ziren.

      “Urteak daramatzat hona etorri gabe. Uste dut amarekin etorri nintzela atzena. Autoz bai, pasatu naiz” esan zien Kennethek.

      Joseba eta Axik ez zuten dudarik izan eta zubian aurrera hasi ziren trafikoaren zarata izugarriaren artean. Soinuak halako irrealtasun kutsua eransten zion paisaiari; haiek ziren turista bakarrak. Behean itsasoa ageri zen. Zubiak dardara egiten zuen haize kirri eta trafikoaren burrunbaren pean.

      Kennethek eskuina seinalatu zien. Alcatraz irakurri zioten ezpainetan entzun bainoago. Eskuinetara begiratu zuten. Badia ixten zuten bi muturretatik harantz, halako malkor bat ageri zen, urrutiegi ongi ikusteko. Alcatraz. Kartzela. Ez zien ezer esan.

      “Joan nahi duzue?”.

      Elkarri begiratu zioten. Eta gero Kennethi: “Ez dut uste. I don’t think so”.

      Eta urrutiago Berkeley. Itzuli eta zubiaren muturrera ailegatu zirenean, egitura sustengatzen zuten kableen lagin batera eraman zituen. Kable gorriaren barneko kable-osagaiak ageri ziren. Argazkirako jarri zituen Kennethek Axi eta Joseba.

      “Hirurok” bota zuen Axik. Inguruan zebilen asiar itxurako bati eskatu zion Kennethek argazkia egiteko. Josebari bururatu zitzaion itzuleran, argazkia errebelatu eta begiratzean, tristuraren antzeko bat sartuko zitzaiola, denbora iraganaren min antzeko bat.

      Kenneth batzuetan xor eta beste batzuetan haien artean nabaritzen zuen Josebak. Gehiago ezagutu izan balu galdetuko zion zer gertatzen zitzaion, edo, askotan egiten zuen bezala —Bernardo Atxagari entzun zion esapidea Iruρean eman zuen hitzaldi batean—, “Sareak botako zituen” eta sareek, menturaz, Kennethen errotiko tristura ekarriko zioten, beharbada beldur ezkutu bat, altxor baten moduan oso barnean gordea, zaindua ia. Bat-batean geroa ikusteko halako bihozkada bat izan zuen, eta orduan iruditu zitzaion ikusi zuela lehendabiziko aldiz Kenneth, ikusi x-izpien soraio hotzarekin, odola zainetan zuri, eta birusak pikosta beltzez, eta gero... ez zen hitzarekin ausartu. Eta galdetu zion bere buruari Axik halako klartasunez ikusi ote zuen behin ere. Kenneth eta giba, eta haren ondorio guztiak. “Ondorio”, hitz-falta denak azaltzeko.

      Oinez abiatu ziren.

      “I will take you throught the Golden Gate Park. Pixka bat aldendu behar dugu baina...”.

      Eskuinetara Golde Gate zubiaren inguruko parkea, eskuinetara etxe sailak. Lyon street irakurri zuen Axik. Presidio Avenue gero. Geary Boulevard etorbide zabal bat. Zerbait hartzea proposatu zuen Kennethek, baina ezezkoa egin zioten. Pozik zihoazen oinez, eguzkiaren pean, “ia beren buruez ahaztuta”. Eraikinak zoragarriak ziren, estilo amerikarrekoak asko, lorategiak aurrean, fatxadak hainbat kolorez margoturik. Trafiko gutxi zebilen. Masonic Avenue. Fulton Street. “Han... there is Folsom Street”, izugarrizko festak egiten zirela gehitu zien Kennethek, hiriaren erdigunea seinalatzen ziela. Eman zuen urrutiko zerbait zela, airean dilindan, urruti, tokiz eta denboraz.

      “Orain ez?” galdetu zuten.

      Kennethek azaldu zien bera etorri zenean, 79. urtean, izugarrizko festak izaten zirela, baina gero, batez ere 84tik aurrera denak gertatzen ari zenaz jabetzen hasi zirenean, mundu guztia beldurtzen hasi zela. 82an saunak itxi zituzten, gero ireki zituzten, baina gero berriz ere itxi. Josebari iruditu zitzaion Axi urduritu egin zuela gaiak, eta beregana hurbildurik laztan antzeko bat egin zion, Kenneth bat-batekotasunaz ohartzen zela.

      “What’s up?”.

      “Ezer ez” erantzun zion Axik, Joseba haserre begiratzen zuela.

      Istant batean jabetu zen kalearen zarata haietaz, eta hautsi egin zitzaien ia ordubeteko paseoan sortu zuten dantza moduko armonia.

      “Sentitzen zara...”.

      Axik hitzaren bila nabaritu zuen. Orduantxe akabatu egingo luke Joseba. Zer daki horrek bere ezerosotasunez.

      “Ezeroso?”.

      Erronka bota zion aurpegia pixka bat altxatzen zuela.

      “Ez” erantzun zion. “Josebaren gauzak dira. Bera da ezeroso dagoena”.

      Golden Gate parkearen ertz batean zeuden; zuhaitzen artean parkeko sarrera, bide asfaltatua, etorbide baten modura abegi eginez. Ezeroso. Hori zen hitza, “incσmodo”, “awkward”.

      Josebak bere burua madarikatu zuen, ez zegokion tokian sartzeagatik. Axik Kennethen hiesarekin arazoak izateraz, konpon zitzala berak.

      “I was disappointed because he hid me that you were...” zuzendu du, “hiv positive”.

      “I did not hide you anything”.

      “You did”.

      Kennethengana itzuli zituzten bisaiak epaile baten bila. Epailea, ordea, epaiaren zioa zen.

      Kenneth isilune baten ondoren barrezka hasi zen.

      “Ez du garrantzirik. Ergelkeriak dira. Esan, ez esan”.

      Bere baitara itzuli zen. Zuhaitzak zituzten atzean, harendako propio paraturiko dekoratu antzeko bat. Txikiago ematen zuela pentsatu zuen Axik.

      “Thousands are dying. Pila bat. Eta nik ez dut hil nahi”.

      Besarkaturik utzi zituen ohean Axi eta Kenneth, bere buruari Axirekin kontuz ibiltzea ohartarazten ziola. Etxe loredunari begira egon zitzaion galtzontzillo eta kamisetatan. Sofa aurreko mahaiaren gaineko San Frantziskoko mapari erreparatu zion. Hiria aztertzen hasi zenean kafea hartzeko gogoa egin zitzaion. Altxatu eta kafetera izeki, kafea aurkitu, iragazgailuan paratu, kafea tantaka hasi zenean so egin; bukatutakoan katiluan bota, esnea gehitu eta mapa aztertzera eseri zen, bakarrik egoteko paradak pozturik. Hiri maparen lerro, azpil eta koloreak aztertu zituen. Mapak argazkiak zituen. Hight-Ashbury auzoko kolore bizi eta desberdinez margoturiko etxe sailak Bilboko Irala auzoko etxe saila ekarri zion gogora, estiloagatik, aldapagatik, miradoreengatik, kutsu viktoriarrarengatik; argazkiko etxe saila, ordea, koloretsua zen, Iralakoa ez bezala, halako beigekara zikin eta laru batez lausoturik. Erdiguneko Financial Districteko argazkiek eman zioten arreta: San Frantziskoko ikur bilakaturiko etxe-orratz puntaduna —Transamerica Pyramid—, ondoko besteak; gorago San Francisco Public Library. Castro: leku mitikoa, Txatok betidanik amestu zuen tokia. Josebak aitortu behar izan zion bere buruari mapan —gay mapa bat zela ohartu zen, bertan leku turistikoez gain gaytasunarekin loturiko tokiak ageri baitziren, tabernak, erakundeen egoitzak, ekitaldi eta festen datak— ez zuela berak amesturikoa bezain handia ematen. soma (South Market), nonbait leitua zuen, hainbat tokitan arriskutsu. Etxea bilatu zuen, etxe hitza pentsatu izanaz harritzen zela. 21. kalearen eta Valencia kalearen arteko gurutzea. Burua altxatu zuen mapatik. Hurrupada eman zion kafesneari begiak fatxada koloretsuan pausatzen zituela. Loreak urdinkaratik gorrixketara. Bizipozak hartu zuen. Mapara itzuli zen bertatik bizitzarekiko jakintza jasotzera doanaren lehiakortasun eta afanez. Folsom Street, Kennethek urrunera seinalatu zien kalea. Egonak ziren Golden Gate Parkeko ertzetik urrutiago zegoen beren etxetik baino, eta, hartara, etxetik hiru kale hutsetara zegoenez, harrigarria egin zitzaion Kennethek kalea horren urrutitik seinalatu izana. Pentsatu zuen, beharbada, Kennethendako dena urruti zegoela.

      Gelan azantzak entzun zituenean zeloek hartu zuten. Eutsi egin zion lasterka Axi eta Kenneth ohean ari zirenera joateko irrikari. 22. kalea, Mission, Capp, S Van Ness Ave, Shotwell, Folsom, Treat Avenue, Harrison, Alabama; Axik eta Kennethek algara egin zuten. Haien gorputz biluziak etorri zitzaizkion gogora. Seguru buztanak zut zituztela, eta jolasean ari zirela. Ez zuen zeloek janda agertu nahi. Hasieran sufrikario egin zitzaionari —arrapaladan pasatzen zitzaizkion kaleak begien aurretik— plazer gaixoa topatu zion: bere burua bazterturik agertu zitzaion, San Frantziskoko kaleetan alderrai. Florida kalea, Byant. Axik eta Kennethek eskutik helduta beregandik ihes egiten zuten bitartean. York, Hampshire. Bazekien masokismorantz zihoala: euria ari zuen eta urruntzen ikusi zituen, Castro bidean aldapan gora, eskutik helduta bera negarretan urtzen zen bitartean. Braust batez utzi zuen katilua mahaiaren gainean. Potrero Avenue, Potrero Avenue egin zuen oihu korridorean zehar.

      “Wait for me!” garrasi egin zien, ohera jauzi egiten zuten bitartean. Algaraz hartu zuten.