Poz aldrebesa
Poz aldrebesa
2017, nobela
424 orrialde
978-84-92468-94-2
Azaleko irudia: Txuspo Poyo
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

21

 

“Felizmente casado y armarizado; buscando similar para vivir la cara B de nuestras vidas”. Gaydarreko profileko argazkiak ez zuen ezer prometagarririk iragartzen, bular zati bat ilaje, beharbada, iradokigarriaz, besondo sendo samarra, baina ezer gehiagorik ez. Beste argazkirik bazen klik egin zuen baina lauki griskara baino ez zitzaion agertu. Ezer prometagarririk ez, salbu eta esaldiaren zinikotasun erakargarria. Axik berrogei urteko donostiar txatxu bat irudikatu zuen, luma ezin estalirik ezkonduko zen gizon soil txiki bat, “felizmente casado” hura andrearen maskarilla-, jantzi- eta kosmetiko-kide, senar, nola esango luke, ar bainoago, kontrakotasuna ahuldurik andrearen anaia bilakaturiko armariatua; gogoaren zolan ageri zitzaion Joseba eta bere artekoa berdintsu izan zitekeelakoari jaramonik egin gabe hasieran; baina gero ordenadorearen pantaila bezain presente egin zitzaionean, haiena bikote berezia zelakoak kiliki egin zion eta lasaitu, bere buruari aitortuz bazutela amodioaren mitologia oraindik: bikote irekia izan eta elkarrenganako konfiantza, zeinak harreman hura munduak ekar lezakeena baino indartsuago zela aditzera ematen baitzuen, harremana zeloez harantz zegoelakoa, bata zein bestea beste batzuekin egoten zirela jakin eta —horretan ez zion Josebari amore eman eta bazekien ongi egin zuela— jakinmin barik besteari kontatu beharrik ez izatea; bata bestarekiko bereziak zirelakoa aditzera ematen zuten txantxa pribatuak; haien bikotea berezia zelako segurantzia. Bat-batean ohartu zen Josebak pentsatuko lukeen bezala pentsatzen ari zela, hark bikotea osatzeko jarritako oinarriak zituztela eta hainbeste urtetan ez zela ohartu, benetan hark agintzen zuela horrelako gauzetan. Errabia egin zitzaion pentsatu izan baitzuen alderantziz izan zela, berak paratu zituela oinarriak, berak gidatzen zuela hura eta ez...

      Klik egin zuen berriz ere pantailan. Baraka36. Soy: hombre solo. Rol: Activo. Velludo: no, poco. Pene: no circunciso. Grande. Cuerpo: medio. Etnia: caucαsico. Sexo seguro: hay que hablarlo. Fuma: socialmente. Drogas: socialmente. Distancia: 6.7km.

      Aurpegia ageri zen argazkian. Ezer interesgarririk ez, gaztea, irribarretsu, mehea, egosi gabea, hein batean. Josebak segur aski barre egingo zuen horrelako aplikazioetan ageri zen “buztan handien” ugaritasunari buruz. Pantaila txikitu zuen eta bulego argitsuan bira egin zuen begiradarekin. Han Felix Linares buru zuen kuadrilla bat, inguruko mahaietan inor ez. “Gure bizitzen B aldea”. Orrialdea ireki eta istant batean idatzi zuen mezua gazteleraz: “Antzeko, zure B aldea bizitzeko gogoz”. Eta profila argazki gabekoa zuenez Josebarekin Bermeora egindako txango bateko argazkietatik bat aukeratu, klikatu eta erantsi zion mezuari. Irribarretsu ageri zen moilaren kontra neguan izaten diren egun eguzkitsu aratz horietako baten argitara; gazteago ematen zuen gainera, begi beltzak ilintiak bezala aurpegi zurbilean; zurbilegian, pentsatu zuen, beste argazki bat aukeratu ez izanaz damuturik.

      Donostian online egin zitekeen bilera bat aurrez aurre egitera behartu zituen lankideak, aurreko urtean bbck antolaturiko ikastaroan parte hartutakoan entzundakoak azalduko zizkiela —ahoskera, tonua, enfasiak eta beste hainbat ergelkeria— aitzakia; eta gero bazkaritxoa proposatu zien esatariei, eta haiek ametitu. Bazkaldu ondoren di-da batean kafe legeak egin eta gasolindegira jo zuen. A4 familiar gorriaren bila, “autoa garbitzen arituko naiz. Aparkatu eta zurea garbitzen hasi”. Kitzika egin zion egoerak.

      Josebak barre egingo ziola pentsatu zuen horren maskulinitate eskematikoan aritzeagatik, baina kitzika egin ziola onartu behar... ba... Joseba. Autoa ikusi zuen gasolindegiko sarrera hartu zuenean. Bakarra zen garbiketa eremuan. Sendoa iruditu zitzaion gurpiletan mangerarekin ari zen gizakia. Ondoan aparkatu zuen. Jaitsi eta harengana hurbiltzekoa egin zuenean, beste aldeko gurpiletara jo zuen besteak ihesean. Zur eta lur gelditu zen, besoa erdi luzatua airean. Amorraturik baina onartu behar zuen amorruaren azpian desira egin zitzaiola, kreatura hura domeinatzeko nahia, egin zion itsuskeria pagaraztekoa. Bere autoari erreparatu zion. Esanen luke garbi zegoela. Eta ez zuela zentzu gehiegirik garbia zegoena garbitzen hastea baina zer egingo zuen han bestela.

      Manera deserosoan kuzkurturik, mangeraren gakoa bilatzen ari zela burua altxatu zuenean bazkaltzen egondako Donostiako egoitzako Arantxa lankidea ikusi zuen autotik jaisten, depositua betetzera. Langilea etorri, tapa ireki eta zenbat nahi zuen esandakoan burua altxatu eta begiradek topo egin zuten. Irribarre egin eta hurbiltzen hasi zitzaion.

      bmwa garbi-garbia ageri zitzaion, distirant itzaletan.

      “Kaixo Asier, kasualitatea!”.

      Ergela iruditu zitzaion, ergelak baitira jendeak ustekabean topo egitean erabiltzen zituen estereotipoak, handik gatoz eta hara goaz guztiak.

      “Bai, garbitzera konprometitu nintzen eta hementxe. Ez dago oso zikin baina Josebari agindu nionez” bota zuen desenkusaz.

      “Zer moduz dabil?”.

      “Ondo”.

      “Emazkiozu goraintziak. Eta garbitu ondo autoa, gizonon lana da eta... ondo egiten duzuen gutxietakoa”.

      A4 gorrirantz so egin zuen.

      “Hara, Iρigo, zer kasualitatea. Zu ere hemen autoa garbitzen. Zein txikia den mundua”.

      Auto aurrean kuzkurturik zegoen gizona ez zen mugitu, kontua harekin ez balihoa bezala. Lankideak Axiri so egin ondoren autora hurbildu zen.

      “Iρigo!”.

      Burua altxatu zuen. Serio zegoen. Bizarra. Sendoa. Begi berdexkak. Bizkar zabalak. Ezker Abertzaleko janzkera. “Euskal fantasia bat” pentsatu zuen pentsatuko zuela Landerrek, ala Begok, “euskal fantasia bat”.

      Halako batean irribarre herabe bat egin zitzaion aurpegian. Oso urruna ematen zuen, nonbait babestua. “Agerian harrapatua” pentsatu zuen Axik. Eta Joseba eta haren “armairuaren paranoia” kontzeptua etorri zitzaion gogora, eta zita zalantzan ikusi zuen.

      “Kaixo, Arantxa. Lanetik?”.

      “Bai, eta zu autoa garbitzen...”.

      “Bai, erietxera bisitan etorri, eta autoa garbitzea bururatu zait etxera joan aurretik, umeak biltzeko ordu pare bat falta zaidala”.

      “Eman ba...”.

      “Agur, Axi. Eman eskumuinak Josebari”.

      Autoan sartu eta bozina joz alde egin zuen. Axi ohartu zenerako gizona, Iρigo iruditu zitzaion ulertzea, auto aurrean zegoen aurreko lohitakoa garbitzen. Axi pazientzia galtzen hasi zen. Berak autoaren aurrealdera jo zuen eta mangera irekiz lohitako garbia garbitzeari ekin zion. Gizon kuzkurtuak zeharka so egin, eta irribarre itxia eskaini zion. Eskua hankartera eraman zuen jarrera behartuan, eta errepara gabean galtza busti zuen.

      “Mekagoenlaputa!”.

      Axik algara egin zuen.

      Iρigok ere barre egin zuen esku bustia hankartera eramaten zuen bitartean.

      Altxatu egin zen. Txalekotik ateratzen ziren beso sendoek mangera pilareko eskegigailuan utzi zuten. Esku mardula eskaini zion.

      “Iρigo”.

      “Asier”.

      Sendo eman zizkioten eskuak elkarri.

      “Zu ere oiartzuarra, Arantxa bezala?”.

      Urruntzen nabaritu zuen berriz ere, Arantxak auto aurretik aterarazi zuenean bezala.

      “Barkatu... galdera bat egiteagatik baino ez zen”.

      Jarrerak erakarri zuela ohartu zen.

      “Ongi da”. Ia nafarrera egiten zuen. Lesakako jatorria ote zuen galdetzekotan egon zen, baina uxatuko zuelakoan isiltzea erabaki zuen.

      “Miarritze inguruan bada hotel bat, harrerarik gabeko horietako bat, txartela sartzearekin nahikoa da”.

      Axi zahar sentitu zen, eta itsusi.

      “Jarraitu”.

      Joder armairuarekin!, pentsatu zuen bmwa pizten zuela. Hankarteak kilika egin zion. Mugitzeko manera, hitz egiteko modua, gorpuzkera, janzkera. “Euskal fantasia bat”, Begoρa eta Lander adar joka.

      Audi A4 gorria begi bistan egin zuen Miarritzerako bidea. Aireportu inguruan ibili ziren harik eta Formule 1 paratzen zuen eraikin anodino baten aurrean aparkatu zuten arte. Ematen zuen “euskal fantasiak” bazekiela haren berri, zuzen-zuzenean jo baitzuen ate nagusiaren ondoan zegoen kutxazain automatiko batera. Txartela atera, sartu, gakoa markatu, bi txartelak —berea eta irekitzeko giltza—, jaso eta irribarrez itzuli zitzaion. Bizar errubio distira galtzen hasiak ederrago egiten zuela pentsatu zuen Axik, begiek sorbaldatik sorbaldarako bide amaiezina egin zuten bitartean. Hotelean sartzeko itzuli zenean ipurdiari begiratu zion. Axi pozak hartu zuen, galtza bakeroak ederki betetzen zituen haragi puska hura alaitasunaren arrazoi izan zitekeela susmatu zuen.

      Gorputz gihartsu eta ar hark —buztana zut, potroak zintzilik— “Sartuko didazu” eskatu zionean —Axi ez zen ohartu baina eskaera hartan manua zihoan, berak uste ez bezala— susmatu zuen jada atxilotua zegoela, sendotasun haren errenditzeak, lau hankatara paratze hark, musua burukoaren gainean, ipurdia irekita kondoiez estalitako buztana jasotzeko prest egote hark atzerabueltarik ez zuela, artasuna domeinatze hura ez baitzen parte onekoa, eta maskulinitatearekin arazorik izan ez bazuen ere —Josebak ez bezala, horregatik aitatzen zuen etengabe eraikia zela— hankartean artasun hura guztia izateak arrago egiten zuen, sexuaren merkatuaren legeen egokiera bitxi batez, istantean poseditzailea poseditutakoaren ezaugarriez beztitzen zuela.

      Iρigori, lehendabiziko larrualdi ero haren ondoren izandako hizketaldian, harrigarria eta beldurgarria egin zitzaion Axik horrenbeste urte eramatea bikotekide gizon batekin; harrigarria eta beldurgarria, “Nire bizitzarekin jarraituko dut” erantzun baitzion Axik egindako bigarren zitaren proposamenari.

      Hala ere, hamabost egunetan hamar aldiz elkar ikusi zuten, denak Miarritze inguruko Formule 1 hartan. Bakoitza bere autoan ailegatzen zen, Axi askotan lanetik zuzenean, Miarritzeraino zeuzkan 150 kilometro pasatxoak itokarrean eginak. Gehienetan hantxe aurkitzen zuen, autoan sarturik, aire klandestino batek inguraturik, Ternua ipar polo gorria eta galtza adabakidunak, bizar urdintzen hasi errubio hura, sendotasuna. Eta gero, eman egiten zitzaion, oinetara paratzen zen nahi zuena egin ziezaion, eta askotan eskatu beharrik ere ez zuen izaten, etzanda ipurdia gora, bi esku sendoez bidea seinalatzen zion, eta Axi, ustez bere buruaren jabe, ohartzen zihoan zulo hura irekitzearekin berarekin gero eta gutxiago zela bere buruaren jabe.

      Lehendabiziko hamabostaldiaren ondoren —whatsappez aritzen ziren etengabe zerrikeriak eta bestelakoak elkarri botatzen— Iρigo desagertu egin zitzaion whatsappez bakarrik desager daitekeen moduan; bidalitako mezuen erantzunak ez ziren bat-batekoak, lehorragoak ematen zuten, urrunagoak. Axiri, horrelako harreman bat bizi gabea inoiz, arraroa egiteaz gain desesperagarria egin zitzaion ulertzen ez zuen urruntze hura, eta antsiatu ere egin zen gorputzean artasun dosi hura gabe.

      Pare bat aldiz deitu zion hanka sartzen ari zela jakinik, bai baitzekien armairu bati deitzea izugarrizko bekatua zela; telefonoaren beste aldetik baiak eta ezetz lehorrak baino ez zitzaizkion etorri.

      Eta etsi egin zuen. Ez zituen horren egun tristeak aspaldi gogoratzen. Autoa hartu eta Iruρera jo zuen astegun buruzuri batean —urteak zeramatzan horrelakorik egin gabe— eta Josebak erdi ilusioz erdi mesfidantzaz so egin zion egongelako atetik sartzen ikusi zuenean.

      “Zer gertatzen da?”.

      “Ezer ez. Zu ikusteko gogoa nuen” bota zion, bera ere esandakoaz sinetsirik.

      Eta erabateko egia ez bazen ere, ez zen erabateko gezurra, Iρigorekiko pasioaren erauzketan —harriturik zegoen pasioa zeinen azkar sortzen zen ohartzen —Joseba eta bien artean eraiki zuten mundu eroso, eta jada monotono eta aspergarri samar hura hil ala biziko aterpe bilakatu zitzaion. “Gutxienez hura zuen, eta hura asko zen” pentsatu zuen “gutxienez” eta “asko” termino haien arteko kontrakotasunaz jabeturik, hainbeste bazekien testugintzaz.

      “Eta Ternua ipar-forro hori? Berria?” galdetu zion Josebak. “Galtza adabakidunak bakarrik falta zaizkizu!”.

      Sorbaldak jaso zizkion.

      Larrua jo zuten, eta orduan kontsolatuago sentitu zen. Gero afaltzera atera ziren aspaldiko partez, Josebaren pozak —“Zenbat denbora horrelako bat egin gabe” bota zion behin baino gehiagotan— errotuladore fosforito baten moduan bere obsesio eta tristuraren azpimarra egiten zuela. “Zergatik ez zion mezurik idazten?”.

      “Zuk zer uste duzu erabateko pasibotasunari buruz?” bota zion Josebari hitzetik hortzera, larrua jo ondoren.

      Josebak harrituarena egin zuen, ala harritu egin zen, ez zekien.

      Iρigoren larrualdietatik ederki ikasitako erantzuna Josebak emango zionaren antzekoa izango zela baldin bazekien ere, egin egin zion galdera: “Pasibotasunak gizon maskulino bat maskulinoago egiten du heterosexualitateak uste duenaren kontra, ez zaizu iruditzen?”.

      Josebak barrezka besarkatu zuen.

      “Joder, Axi, queertzen ari zara?! Noiztik interesatu zaizkizu horrelakoak zuri?”.

      Isiltasuna egin zen, bien artean sinaturik zuten ituna zio. Amildegi bat beharbada.

      “Dena dela” gehitu zuen Josebak, berak izandako azken pasiboa zeinen aspergarria iruditu zitzaion, bost minutu garreneko “Sartu, sartu” hasi baitzitzaion, sinatu zuten itun madarikatu hari nekez eutsiz “bat emetzea edo artzea generoarekin jolas egitea da, hori ipurtzulotik hartzea emetzea delako uste heterosexuala kontuan harturik. Ni %100 aktibo direnek molestatzen naute, badirudi gizarteak homosexual izateagatik kendu nahi izan dien artasunean gotortu direla; homosexualitatea onartzeko desertutik iragan eta azkenean, gizarteak nahiko lituzkeen gizon bilakatu direla desertutik ateratzean. Zu ere aktiboa zinen, neuk bertsatilitatera pasarazi arte. Gainera, gizarteak, homofobia medio, norbait pasiboa delako iraindu nahiko balu, denok pasibotarako joko beharko genituzke geronen buruak. Horixe zioen Txatorekin erdi adar joka idatzi genuen Etika Marikaren puntu batek”.

      Berriz ere gehiegi esandakoaren hondarrak haien artean gelditu ziren.

      Axiri ituna sinatu zuten egun hartara egin zion gogoak, Lekunberriko hotel hartara, San Frantziskotik bueltan, elkarrekin ibiltzeari utzi ziotenekora. Gerora, behin baino gehiagotan gogorarazi dizkio Josebak une hartan esandakoak: “Badaude nire nortasunean zuri min egin dizuten gauzak”; gero pause egin omen zuen; “Horregatik barkamena eskatu nahi dizut”. Stop. Josebarengandik daki, ze berak gogoratu, haien arteko hitzak baino areago, ingurukoak gogoratzen ditu: edaten ari zen Coca-Cola basoaren distira, eta gero begiak altxatu zituenean likore botilen ardora berdea, marroixka, gorrikara, eta barraren zuraren halako laztasunak begietara egiten zuen mataza itxura, kamareroaren joan-etorriak, edalontziak eskutrapu zuri batekin sikatzen zituen bitartean. Eta gero, hori bai gogoratzen zuela, “proposatzen dizut norberak bere aldetik larrua jotzea nahi duenarekin, baina ez biok hirugarren batekin” esan ziola Josebari.

      Eta berriz ere botilen ardora, mantel arrosa, kamareroa edalontziak lehortzen, eta Josebak elkarri gauzak kontatzeko egindako proposamenari “nik ez dut ezer jakin nahi” erantzun ziola. “Ez dut ezer jakin nahi!”. Eta Josebak elkarrizketa hartaz hitz egin nahi izan zuen bakoitzean ihes egiten zion.

      “Ja, Etika Marika” arrapostu egin zion Josebari, “baina orduan aktibo bat, zuk diozun bezala, desertutik iragan eta gizarteak ezarri dion parametroetara itzultzen bada, pasibo batek bide hori egin eta gizarteak paraturiko emetasun parametroetan aterako litzateke desertutik. Eta ez da horrela. Galdu egiten naiz”.

      “Ni ere bai” erantzun zion Josebak. “Dena dela, generoa eta aukera sexuala nahasten ari gara, queer teoriak ongi azaldu bezala, nahiz eta nahasirik egon. Esaterako gay jendearen artean emetasunaren baloreak erabiltzen dira gaur egun iraintzeko, gure garaian ez bezala; gaiztakeria, promiskuitatea, ‘oso puta da’ esaten da; esaterako, ‘pasivaza’ eta horrelakoak... Badirudi artasuna-emetasuna dikotomia gainditurik dagoela gay girotan, baina egon, ez dago”.

      “Ja” onartu zion Axik, interesa galtzearen plantak eginik, elkarren aitorpenek lurralde arriskutsuranzko norabidea hartzeko aukera saihesteko, mahai gaineko liburua hartzen zuela. “Eta liburu hau... zelan?”.

      “Euskal Literaturaren azken hita, Muρoz Eugirenez gure adiskide Begoren azken fitxajea. Queer omen. Ale bat erosi dizut”.

      Eta horretan Axik, hala ere, lehendabiziko egunetatik aurrera, aurkitu zuen bere obsesioari, artasunaren gabezia hari, aurre egiteko modua: gorrotoan ez bazen haserrean ezarri zuen bere gogoa, eta horrela hamabost egunetan hankartean izan zuen gorputz hura ia suntsitua zuen, txorimalo baten modura arrastaka erabilia, labanaz pasata, txikitua, desegina. Uste ez bezala, ordea, ez ahaztua.

      Eta gero tristura etorri zitzaion, baina abegitsu, ia sofa baten moduan. Egunero mintzatzen zen Josebarekin, eta pentsatzen zuen pozik zegoela eraiki zutenaz, “eraiki” hitza ere erabiltzen hasi zen, hamazortzi urtetan sortu zuten hartaz, eta azkenean, pasioa etxafueroak baino ez zirela erabaki zuen.

      Eta, hala ere, telefonoaren atezuan bizi zen, ez zetorren mezu haren egarriz askotan lanaldiak luze egiten zitzaizkion eta deseroso sentitzen zen, bizimodua absurdoaren mugetara hurbiltzen zela.

      Eta egun batean, isildu bezala whatsappa jaso zuen:

      Zmz?

      “Putakumea” pentsatu zuen, eserita ezin egonik eitbko areto erraldoitik paseatzen hasiz. Argia argiago egin zitzaion, isiltasuna —harrigarria zen sabai altuek nola biltzen zituzten soinuak ondoko ordenadorekoak hitz bakarraren marmarra ere ez aditzeko— isilago, eta bihotzak jauzi egin zion bularrean.

      Bere buruaz beldurtu zen, Iρigoren gabezia domeinatzea kostatuko zitzaion lan eta sentimenduen indarra ez zetorrelako bat Iρigoren presentziak eragin zion poz eta sentimendu uholdearekin. “Maitasun” hitza iragan zitzaion hanka puntetan gogoaren eszenatoki atzetik. Eta iragan ahala alde egiten utzi zuen.

      Denbora pixka bat hartu zuen erantzuteko. Ordenadorean eseri zen berriro ere, Donostiatik emititzen zen goizeko hamabietako albistegirako berriak erredaktatu behar zituen, baina ezin izan zuen.

      Zmz? idatzi zuen whatsappean.

      Ezabatu egin zuen.

      Ausarta izango zen. “Ez daukak ezer galtzekorik, izan hadi ausarta” esan ahala bururatu zitzaion bazeukala galtzeko, lohitan sartzen ari zela eta, beharbada, kolkoan dantzan zituen gorabehera haiek guztiek “eraikita” zeukatena pikutara botako zutela.

      “Non ibili haiz, kabroia? Kristorenak jasoko dituk!”.

      Bere buruari galdetu zion zein eremutan hasten zen pasibo bat, eta zein eremutan bukatzen zen. Ohean pasiboa zena pasiboa zen bizitzan? Pasibotasuna continuum bat ote? Josebaren analisi zorrotza faltan izan zuen. Hobe eremu seguruan.

      Gauzak egiten

      Noiz geldituko gtuk?

      datorren astean?

      A2. Bota eguna.

      Formule 1 hotelaren atarian gelditu ziren berriz ere. Bere buruari galdetu zion ea galdetu behar zion errurik sentitzen ote zuen. Zergatik? Kontua ez maitemintzea zen. Zakila tentetu zitzaion Iρigoren autoa aparkalekura sartzen ikuste hutsarekin. Eta estalian ibili behar hura zegoen. B aldea. Gero etorri zen Dolutan filmean elkarrekin egon beharra, A aldea eta B aldea partekatu beharra. Eta Axiren ilusioa.