20
Miren Akerreta eitbko egoitzaren ezkaratz erraldoian hurbiltzen ikusi duenean hots egin dio hainbatgarrenez Muρoz Eugik, badaki zertarako, eta hainbatgarrenez ez dio hartu; baina, badaki, zer edo zer erantzun beharko diola oraingoan.
Telefonoa hartu eta whatsappa zabaldu du. Muρoz Eugi.
Eginak
Zuzentzea falta. Bilbon
Bihar bidaliko
A2
ongi ibili
biharko!
Miren Akerretak irribarre batekin eskaini dizkie bisitarien txartelak eta poltsa metal detektagailutik pasatzeko agindu die, manatzeko duen berezko dohainez. Joseba nekatzen hasia dago bigarren izate horrekin, nahiz eta jakin Axi dela, oraingoan ere, lehendabizikoa besarkatua izaten, oraingoan ez Axi delako baizik eta —pentsatu du ogen apur batekin— Axi erdia delakoz. Urtebetean ikasi du bi besarkatuetatik aldendu eta behatzen; bizirik dagoen leku horretantxe, hor, berarengandik aparte. Nahiz onartu Mirenek ez duela ez deitu ez bisitatu, Miren leiala da. Miren ez da bere adiskidea, Axirena baizik, eta, hartara, Mirenen distantzia ulergarriago egiten zaio bere adiskideek, Begok eta Landerrek, hartu duten distantzia baino. Zahartua ematen du, baina aldi berean zaildua; baina senak ez daki harantzago joaten, Mirenen opakutasuna zio; eta, izan ere, horixe zen Mirenengandik Axi gehien kilikatzen zuena: hotsanditasuna eta opakutasuna oztopo, hura erabat ezin seduzitua.
Bukatu arte itxoin du pobre batek amoina nola. Mirenen aitarena jakin zutenekoaz akordatu da. San Frantziskoko gau hura, Axi eta bere artekoa aldatu zuen gau hura. Istripuaren ondoren behin baino gehiagotan pentsatu du gau hartan gertaturikoak baldintzatu duela gerora Axirekin izandako harremana —orain ez da horren harro sortu dutenaz, zutenaz—, ziur aski onerako, ordutik aurrera itun hura sinatu baitzuten, han Lekunberri Aranazko jatetxe hartan. Eta esan ere esango lioke —behin ere ez du aukerarik izan, nahiz eta uste duen Axik azalduko ziola nola jakin zuten—: “Oraindik gogoan dut zure aitarena nola jakin genuen”; edo “badakit zer gertatu zitzaizun harekin, zurekin nago, zurekin bat egiten dut”, “zu etxerako”; baina bi musu eman dizkio ordeko, Axiren begirada irribarretsuaren pean. Zein normala ematen duen batzuetan! Harrigarria!
“Zer moduz haurra?” galdetu dio, nexka ala muttikoa den ezin akordatuz.
“Ongi”.
Eta une batez Miren hor geldituko zela uste izan badu ere, hark aurrera egin du.
“Beranduegi etorri zaigu, baina Idoiak hala nahi zuen”.
Josebak gogoratu du umea pitilinduna dela, eta Pablo duela izena, euskal izenetatik aldengarri.
Mirenek eskaileratan gora gidatu ditu.
“Non gaude?” galdetu du Axik, Mirenen harridurarako.
“eitbn, Axi” erantzun dio Josebak, pazientzia tonua erantsiz, neurri batean Mirenek hotsandiaren pean Axirekiko pazientzia erakutsiz onaren plantak egiten dituela iruditzen zaiola.
Mirenek begirada bilatu dio, Axiz zer pentsatu ez dakiela. Hasieran baino ez du ikusi eta ez dio denborarik eman ohartzeko Axiren gaztaro zaharraz, kolokaz, dardaraz eta erdiaren faltaz.
“Oraindik badugu tarte bat. Lander ez da etorri, gainera”.
Josebak ez du ulertzen zergatik dauden han. Egia da Axi izan zuela Dolutan filmaren zuzendariak laguntzaile eta gidoigile, baina, seguru dago, Axi bere burua dagoenean ikusteko gauza balitz, ez lukeela honetan egon nahiko, elkarrizketa bat aurrera eramateko ezgai, baina Mirenek ezohiko argudio sendoez-edo gainditurik ekarrarazi du Axi, eta Axirekin bera, noski, filmari buruzko elkarrizketa batera, giza eskubideen zinema esaten zaion horren esparruan izandako arrakasta dela medio —Human Right Watch erakundeak hainbat hiritan (Nairobin, Londresen, Amsterdamen) egindako zinemaldietan proiektatu dute— bi urteren ondoren, berriz ere mustuko baitute, ikastetxe, kultur etxe eta antzekoetan zabaltzeko; nahikoa, Miren Akerreta albistegietako buru izanik eta kanpoan arrakastatxoa izaten duten bertako produktuekiko probintziakeria tarteko, eitbko albistegiak filma harrabotsez hedatzeko.
Josebari filma ez zaio txarra iruditzen, beste kontu bat da Axi honaino ekarri beharra, Mirenen gogoaren auskaloko zein morrontzagatik. Ezetz esan behar zion, Axik nahikoa baitu Iruρea eta Jarautako etxetik ateratzea desorientatua egoteko, nahiz eta onartu behar duen iluntzeko Bilbo ikustean, poztu egin zitzaiola bisaia, hainbeste ezen Joseba Axi Axi zeneko hura ikusi uste izan eta esperantza izeki zitzaion.
Mirenek zalantzan nabaritu du norabidearekin eskailera buruan.
“Bulegoetan sartuko gara?”.
Axik nagusien bulegoetako eremuari begiratu dio. Ilunxko dago, erdiko iturri antzeko horrek... akordatzen da… harantzago...
Axi korridorean barna hasi da Mirenek bulegoa behar duenerantz. “Hemen nagusiak egoten dira” bota die ozenegi argi iragazien ahultasunerako.
Moketa mardulean oinetakoen firfira entzun da.
Berrogeita hamarreko emakume lodikotea da. Zuzendari nagusia. Eszenatokiaren dekoratu lako argiek, sabaien altuerak, hormen zuritasun griskarak geldotasuna —Josebak ederki ezagutzen du— eransten die mugimendu eta hitzei.
“Asier” bota du zuzendari nagusiak.
Axik burua jiratu du ahotsarengana. Nor da? Zergatik da dena horren isila hemen?
Zuzendari nagusiak ez du zalantzarik egin; eta Asier besarkatu eta bularraren kontra estutzen saiatu denean, Axik bazterrarazi egin du keinu itsusi batez.
Zergatik besarkatu nahi du andre honek? Joseba bilatu du. Hortxe dago Mirenen ondoan, atzetik argiak dituzte, eta gero ez dago ezer. Zergatik nahi du andre honek besarkatu?
“Nor da andre hau?” galdetu dio Josebak.
“Baina”, hasi zaio Maite Iturbe zuzendari nagusia, “elkar ezagutzen dugu. Askotan egin dugu lana elkarrekin, Asier” mintzatu zaio haur batekin ariko bailitzan, Josebaren suminerako.
“Begira, ni naiz, Maite Iturbe. Eta zu, Asier Iminizaldu zara. Bilbotarra. Eta hori Miren Akerreta da”.
Josebak ez du inondik ezagutzen emakume hori, baina berehala jakin du hark ere badakiela lokatzetan sartu dela, izan ere, orain Joseba nor den seinalatzea tokatzen zaio, eta jakinaren gainean egongo bada ere, kostatu egingo zaio zure... senarra?, nobioa?, bikotea? ahoskatzea hetero askori bezala, moderno plantak eginagatik labur gelditzen baitzaie bi gizon edo bi emakumeren artekoa irudikatzeko gaitasuna, batez ere ordenaren zaindari baldin badira, eta eajkoak, izan, badira.
Miren Iturberi erori egin zaio emakume zuzendariaren aiurria.
“Guk ez dugu elkar ezagutzen” bota dio Axik, muturturik.
“Bai, Asier, elkarrekin...”.
Josebari so egin dio. Joseba nazkaturik dago Axiren bozeramaile izateaz, haren keinuen interpretazioa egiteaz, nazkaturik dago hura izateaz non eta Axi ez denean gai, barnetik, Axiren baitan hedatzen diren zoko, muino, bidexka, etxe eta abarretan —horrela irudika badaiteke konszientzia—, 12 segundoko tartean kanpoko eta barnekoaren eskaner etengabea egiten duen jarduera elektriko horri eusteko.
Iturbek “Zer etorri zarete, filmari buruz mintzatzera?” galdetu du.
Mirenek baiezkoa egin dio buruaz, eta Axi besotik heldurik bulegoetarantz abiatu dira, Josebak, sadismo ukitu batekin, sorbaldak jaso dizkiola Maite Iturberi.
Axi itzuli egin da: “Ez dugu elkar ezagutzen” egin dio garrasi Mirenen besotik askatzen den bitartean.
Konfabulazioa. Eta betidanik gauzei kontra egiteko izan duen joera, ehgamekoei, esaterako, edo kazetaritzako joera nagusiei, edo Josebari berari. Sartu direnean zoragarria iruditu zaio Josebari areto nagusia. Sabaiak hamar metrotik gora izango ditu, mahai zuri korrituek, bata bestearen ondoan ordenagailu eta paperez beteak, bulego itxiarena egiten dute; arkitekturaren auskalo zein ezaugarrirengatik metro erdira duten kazetariaren zarata edo soinurik ez da entzuten, eta harrigarriki, espazioan oso aparte dagoelakoa egiten da, zabaletara ez dagoen espazioa bertikalera dagoenak ordezkatuko balu bezala.
Mahai ilarak eta ezkerretara dagoen hormak osatzen duten irudimenezko korridoretik egin dute aurrera. Roberto Moso ezagutu du Josebak, laurogeiko hamarkadako Oskarren sinbolo sexuala, rocka, euskalduntasuna eta baskotasunaren sedukzioa biltzen zituena; ez zion telefonorik eskatu saunan ikusi zuen aldian eta beharbada... oraindik zut dituen giharrekin akordatu da desioa eraiki nahian, adiskideen arteko muga gainditu eta sexukide ere bihurturik, Eduarden aldarriari bide eman beharko liokeela pentsatuz, “Maitasuna ere adiskidantzatik sortzen da”. Axik, ongi izan balitz, adarra joko lioke, “Baita zera ere”, Axirendako harreman nabarrak, gauza bat izan eta beste batean nahastea, adiskide eta amorante, esaterako, harreman baino areago anabasa izan baitira. Baitziren.
Felix Linares ezagutu du, eta Almudena Cacho, eta Fermin Etxegoien.
“Komunera joan behar dut” esan du Axik. Hirurak zutik gelditu dira Mirenen bulegoaren aurrean, Miren espera Axi noiz komunetarantz bideratuko; Joseba espera komunak non diren noiz adieraziko; Axi galdurik, galdera eta imintzio larria bisaian.
“Pixa, ostia!” bota du haserre.
“Ostia” ahoskatu du, “ostia” lehendabiziko aldiz. Duela hilabete batzuetako esperantza aienatua piztu egin zaio. Mirenek, Axik komunak non dauden ez dakiela ohartzean, “Han, han” seinalatu dio. Presaka aldentzen ikusi dute. Josebak esanen luke pixka bat ezkerretarantz makurtzen hasi dela.
Bulegora sarrarazi du. Mahaiaren beste aldean eseri da bera, leman, hotsanditasunari eutsiz, halako pisutasun bat dario, zeinak, Axiren denetan lehendabiziko izan beharra armarik gabe utzirik, xamurtasun bilakatu duen —zuen, zuzendu du—.
“Radio Euskadin da. Gazteleraz. Lander oraindik ez zen etorriko”.
Josebak badaki zurruntasun hori puska hautsiekin eraikitako ezkutu baten antzeko zer bat dela, urteen pasioz eraiki izana arrazoi, distantzia ironikoa ezabaturik bigarren natura moduko bat bilakatua; izan ere, Miren Akerretak, hainbat lesbianaren modura, ez dio berezko naturaren eta eraikitako bigarren natura “gizonezko” horren arteko tarteari erreparatu ere egiten, eta hartara, bigarren natura eraikia bilakatzen da lehenengo, segur aski, imitaturikoa —maskulinitatea, alegia— hegemonikoa delakoz.
Mirenek, gainera, badu hirugarren natura bat, aitaren heriotzak —erailketak, pentsatu du herri honetan gauzei bere izenez deitzea kostatu egiten dela erabakirik— harilkarazirikoa, tropoilu segur aski; eta laugarren bat ere izango duela erabaki zuen Axik haien 19. urtemugan kontatu ziona tarteko. Pentsatu du berari ere beste natura bat sortzen ari zaiola Axirena gertatu denetik; zaionetik; zaienetik. Minaren bidez.
“Eta Axik zer egin behar du?” galdetzera ausartu da, Mirenen lemazaintzaren sinboloek herabeturik, silla birakaria, kristal zurizko gaindun mahaia, Zorrotzaurreko irlaren paisaia postindustriala (horregatik da ederra Bilbo, bigarren naturako edertasuna duelakoz, bi aldiz pentsatu ondorengo edertasuna, esan liteke), moketa hau, isiltasunaren bermea.
“Hitz egin dezake, bere lana azaldu”.
Joseba durduzaturik gelditu da atzeko Ibaizabalen paisaiari so, Lekunberriko jatetxe hartan Axirekin bikoteari buruzko akordio hura sinatu zutenean zeru urdin hari so geratu zen moduan.
Nonbait Miren ez da jabetu Axiren egoeraz; ez daki ez dela gauza elkarrizketa bat jarraitzeko, ez dela gauza hamar minutu lehenago entsalada jan duela gogoratzeko; ez eta testa egiteko ere; eta batez ere, ez da gauza galdutako Axi erdia berreskuratzeko; Joseba maite duela esateko.
“Miren, ezin du hori egin. Esan nizun telefonoz...”.
Mirenek ezinegon keinu bat egin dio, eta Josebak —Bilboko egonaldi honen ondoren dena aldatuko da— amore eman du keinurik gabean; izan dadila izan behar duena.
“Desastre bat izango da, baina hala nahi baduzu”.
“Moldatuko gara”.
Josebak pentsatu du honezkero igual dela, kartak emanda daudela eta berari eta Axiri karta exkaxak egokitu zaizkiela, eta erabakia hartuta dagoela.
Mirenek altxatzekoa egin duenean Josebak ondorioztatu du Axi atera dela komunetik. Bizkarrez, Mirenen erdi-harridura, erdi-jakinmin bisaiari so egin barik, irudika dezake eszena: Axi, komunaren ate zuria atzean, begirada galdua, areto itzelari so, izan den zutiarekin sorbaldak aurrerantz, desoreka ia nabariezin bat ezkerretarantz, eta, batez ere, non dagoen ez dakiela. Eta badaki, ez du aurrera egingo, hortxe geldituko da komuneko sarrera oztopatzen, harik eta ezagunen batek —neroni, alegia, pentsatu du Josebak— hurbildu eta noraez horretatik ateratzen duen arte.
Josebak jaidura sadiko batekin unea luzatu du Axiren noraezaz errukitu barik, Mirenen durduzaz gozatzearren, ezen Miren, behin altxatzekoa eginda, sillan egokitu da atzera berriz Josebaren bisaiaren imintzio arinenari ere adi, zer egin behar duen jakiteko. Josebak kristalezko hormatik harantz so egin du; goibel bilbotarrak zerua estalita dauka, eta ageri den ibai berunezkoak eta Zorrotzaurreko ola erdi eroriek garai bateko Bilbo herdoildua iradokitzen dute, Quincocesen koadro batean bezala.
Azkenean altxatu da. Irudikatu bezala dago Asier. Miren beirazko bulegotik atera, ikusi eta poztu denean berritu zaio Josebari Axik benetan maite zuela eta duelakoa, horren da benetakoa adierazten duen poza —ia aldrebesa— ezen Axirendako, halaxe azaldu zion neurologoak, Joseba ez da bakarrik maite duen norbait, baizik eta baita ere dardara eta durduzatik salbatzen duen norbait. Orduan ohartzen da maite duela, eta zuela, eta berak ere izugarri maite duela eta maitasun horren izenean honek ezin duela horrela jarraitu.
Hurbildu zaionean zera bota dio Axik: “Non zeunden? Zergatik utzi nauzu bakarrik?”.
Haserre dago. Zorrotzaurre ikusi du han behean. Sirenak entzun ditu. Eta gero anabasa, porlanezkoa, zorua, oinak, zapatilla gorri batzuk...
“Bakarrik utzi nauzu”.
“Hau zure lantokia da”.
Sorbaldatik heldu dionean eskua kenarazi dio Axik erresuminez, eta Miren begiz jorik harantz alde egin du, Joseba atzean utzi nahian. Orain, Joseba izan da, galdurik, deslai, komuneko atearen parean gelditu dena; hasieran horrelakoek min egiten bazioten ere, ikasi du garrantzia kentzen, nahiz eta oraingoan Mirenen begiradapean izanik, lotsa izatera ailegatzen ez den herabetasun batek jo.
Gaurko eguna desastrea izango delakoa egin zaio gogoan. Desastrea hona etorri izana Mirenen eskaera —orain ohartzen da— inuxenteari ameto eginik; desastrea aurreikusten duen programa; desastrea bihar entregatu behar duen presakako itzulpena; desastrea Begoρaren etxean izango duten afaria.
Landerren etorrerak faundu dio desastre adakera.
“Ez zinen etortzekoa!”.
Elkar besarkatu dute. Iruρean egon zireneko azken aldian alde egiteko zuen gogoaz akordatu da Joseba. Lander eta gizonak, Lander, gizonak eta giharrak; etengabe larrua jotzen egon beharra, telefono aplikazioetan kateaturik, nahiz eta gero kontatzen duenaren arabera, gauzatu, oso gauza gutxi gauzatu.
“Non da Axi?”.
Josebak Mirenen bulegoa seinalatu dio.
“Uste dut desastre bat izango dela. Ez da biktimetatik inor etorriko. Batek ezin duela, bestea gaixotu dela. Baiezkoa eman zuen bakarrak, ustez etakoa zen anaia hil zioten Oiartzungo hbko zinegotzi izandakoak, ez dakit filmetik akordatzen zaren, azken unean ezezkoa eman omen duela esan dit lehentxeago Mirenek telefonoz, mintzatzea tokatuko zaidala iradokiz. Bueno...” gehitu du Landerrek, “aginduz. Zeinen zurruna den emakume hori! Axi izango da mintzatzeko gauza?”.
Joseba suak hartu du, baina eustea erabakirik “mesedez!” adierazten duen keinua egin dio.
Landerrek “Nik zer dakit ba!” bota dio, eta Josebari ez zaio argi gelditu baiezkoa ala ezezkoa uste duen; ez du jakingo, gainera, gehiago egon balitz Axirekin eta berarekin ederki jakinen luke Axik ezin duela horrelako elkarrizketa bat jarraitu, noiz eta eguneroko gauzei buruzko elkarrizketa bat ezin jarraitu duenean. Orain errudun sentitu da, bera da dena desastrea izango dela dakiena, Axiren gabeziez jakinaren gainean dagoena, bikotekidea dena eta Mireni ezezko borobila eman behar ziona. Baina badaki ez dela ausartuko dena iraultzen. Bego. Izan dadila izan behar duena, agindu dio bere buruari, budismoaren bertsio kaletar eta arrunkeriazkoak dioenaren modura, halabeharrezkotasuna onartzea horren erraza balitz bezala.
Eserita aurkitu ditu hirurak. Miren lemazaintzan eta Lander eta Axi, silla birakari banatan, kristalezko hormari begira. Zutik gelditu da, beste eserlekurik ezean.
“Baina... nola deitzen da” ari zaio azalpenetan Lander —seguru gaur jada larrua joa dela baten batekin telefonoa tarteko—, “Oiartzungo zinegotzia izandakoa, torturatu zuten hura...”.
“Iρigo Etxeberria” zehaztu dio Mirenek.
“Hori, Iρigo Etxeberriak baiezkoa eman zuen. Gainera ongi mintzatzen da, guapoa dela ez aipatzeagatik”. Tentuz ahoskatu du azkena, Mirenen arrapostuaren beldur, bai baitaki nolakoak dituen potroak mahai gainean paraturik dituenean.
Mirenek, ordea, ez du ezer esan.
“Zergatik ez da hura etorri ba?”.
Mirenek sorbaldak jaso ditu. Josebari iruditu zaio Axiri begiratu diola, Axik Iρigo Etxeberria Hendaian hildako ustezko etako militantearen anaia eta Oiartzungo zinegotzi ohia zergatik ez den etorri baleki bezala.
“Itxuraz bestela mintzatzen da”.
“Itxuraz bestela? Zer esan nahi du horrek?”.
Lander atzipetua sentitu da. Orain ez daki esaldi borobilak egiteko ohiturak lokatzetan sartu duen.
“Ba hori, itxura, abertzale, sendo, irmo, isilarena daukala baina gero, batez ere euskaraz baina baita ere gazteleraz, oso egoki adierazten duela bere burua. Ez da hala, Miren?” eskatu dio laguntza.
Eta Mirenek baiezko arin bat baino ez dio eskaini, berriz ere Axirengana ihes egiten diola begiradak, arrapostua hark baleuka bezala.
“Bai, baina ez dator. Laburpena horixe da”.
“Baina zer aitzakia paratu du?”.
“Ez dakit, Lander”.
Argi gelditu da Mirenek ez duela gehiago eztabaidatuko horri buruz. Hiruren artean moldatu beharko dute, Mirenek gainera ez du —ez du inoiz izaten— haren biktimatasunari buruz, horrela esan badaiteke, mintzatu nahi izango. Ez mintzatu ez galdekatua izan. Landerrek Miren zaila dela pentsatu du. Badauzkate esatekoak, dena den, nahiz eta Axiren mintzatzeko abileziaz zalantza egin. Lau-bost hilabete daramatza ikusi gabe eta zer edo zer aurreratu badu, nahikoa. Gaizki ateratzeraz, gainera, ez da ezer pasatzen, berrestreinua da.
Josebari iruditu zaio Landerren ustezko zaputza areago dela zinegotzi ohia ez etortzeagatik ezen ez elkarrizketa gaizki ateratzeagatik. Begiratu dionean samurtasuna egin zaio, traizio txikiak gorabehera, adiskide du, nola oso ongi ez dakitela gayakanpada hartan elkar ezagutu zutenetik bidearen sigi-sagek honaino ekarritakoa.
“Loreto Larunbe eta Almudena Cachok egingo digute elkarrizketa” aurreratu da Miren, “eta ongi aterako da, lasai”.
“Lokarri, deuseztatu egingo zaretela!”.
“Bai, filmaren bigarren mustualdiaren promozioa izango da gure azken lana. Eta gero oraindik ez dakigu nola —segur aski agur ekitaldi bat egingo dugu— agur esango diogu...” segur aski, pentsatu du Josebak, Lander eusten ari zaion tarte teatrala Begorengandik ikasitakoa da, Lander ez baita queen bat, Axi edo Bego diren moduan, “agur esango diogu euskal gizarteari”.
Lotsaren antzeko bat dario Landerri, badaki Josebak.
“Euskal Gizartea”. Arranditsua da kontzeptua, baina segur aski, Landerrek Lokarrin —oinarrizko militante moduan hasiera-hasieratik— sartu dituen ordu guztiekin, hura da kontzeptu hori erabiltzeko eskubidea duen horietako bat.
Isilik izan dira une batez, beirazko hormaren eraginezko zabaltasunagatik ere, itxituran jende gehiegi direlako, edo Mirenek zein Landerrek Axirekin egoteko ohiturarik ezean zer egin ez jakiteak halako loditasun bat erantsi diolako uneari.
Mirenek erlojuari begiratu dio. “Hamar gutxi dira. Bost gutxitan estudioan egoteko agindu didate”.
Altxatu egin dira eta tropelean atera, elkarri bulkaka. Mirenek sarrerako aterantz gidatu ditu. Hantxe, kristalezko gela batean kazetariak daude, aurikularrak buruan, mikrofonoei hizketan. Josebak esanen luke Axik piztua ematen duela, bisaia alaiago, lehengo nora eza aienaturik.
“Zer moduz zaude?” galdetu dio, barrukoek sartzeko keinua noiz egingo espera dauden bitartean.
“Ondo. Zer ba?”.
Josebak ez daki zer erantzun. Badaki urduriago paratuko lukeela azalduko balio irratian hitz egitera erdi-behartu dutelakoz urduri dagoela; ez lukete hemen egon behar.
“Nik hemen lan egiten dut” esan dio Axik.
Josebak ez daki hemen lan egiten zuela jabetzea ona ala txarra den. Azken boladan etsi egin du lehen esperantzarendako txingarra bihurtzen zitzaizkion oroimenaren horrelako distirekin, ohartu baita —urtebete baino gehiago pasatu da— aurrerakuntza apurrek ez dutela ez sendotasunik ez iraupenik, distira ilauna baino ez direla, ilaunagatik distirago.
Esatariek sarrarazi egin dituzte. Azkar agurtu dituzte. Almudena Cachok eskua eman die Mirenek aurkeztu dituenean. Joseba lotsatu egin da Axiren berri izanen duelakoz; oroimenik gabea delakoz, inguruan duen orok haiek baino istorio zoriontsuagoa izango duelakoz, Almudena Cachok, esaterako, umea eta senar sano bat izango duelakoz; edo Mirenek Idoia eta umea; edo Landerrek berak, aplikazio informatikoetako gizon horiek guztiak.
Almudena Cachok ongi etorria egin dien bitartean, Loreto Larunbek sillak eskaini dizkie, mikrofonoetatik hurbil haiei hirurei, urrunago berari; bai, denek dakite Axiri zer gertatu zaion, “bestela kanpoan gera dadin aginduko zioten”, baina inortxok ere bera han egotearen desegokitasunari erreparatu ez dionez, ulertzen dute, gaixoaren aurrean izaten den ohikotasunetik kanpoko arau, salbuespen hori eskaini dietela, diotela zaintzaile den neurrian.
Axik oso galdua dirudi; atezuan ematen du mikrofono, belarri-entzungailu eta abarrekin. Berari so egiten dio laguntza bila eta berak, begien keinada batekin nahikoa du lasaitzeko.
Loreto Larunbek arreta eman die, eta kristalaren beste aldeko teknikariak sartzeko keinua egin dio Cachori.
“Hementxe gaude” hasi da, “Miren Akerreta, Asier Iminizaldu eta Lokarriko Lander”. Isilune arin bat egin du.
“Nola diren gauzak, guztion abizenak ditut zurea izan ezik Lander, barkatuko didazu” jarraitu du, eskarmentuko kazetariaren ahotsez.
“Lander Laka”.
“Eta Lander Laka, Lokarrikoa. Neurri batean ekoizlearen lanak egin dituena. Bide batez, eta nahiz eta hau ez izan honetaz hitz egiteko parada, desegitea erabaki duzue...”.
“Bai, gure helburua erabat bete ez bada ere, uste dugu bidea erakutsi dugula, Aieteko Konferentziarekin-eta. Iruditu zaigu beste ekimen batzuei lekua egin behar zaiela”.
“Eta, besteak beste, Lander, bukaerari halako xingola bat paratzeko Miren Akerreta gure lankideak zuzenduriko film hau ekoiztea erabaki zenuten. Zergatik?”.
“Baketzearen inguruan egin diren jardunaldi, ekintza eta lan guztien artean iruditzen zitzaigun falta zela biktimen dolua aztertzea, alegia, biktima den subjektu postraumatikoak egin duen bidea aztertu eta gizartearen dolua egiteko lagungarri suerta daitekeelako gizarteari aurkeztea. Horixe izan dugu helburua”.
“A orduan... entzuleei esan behar zaie” jarraitu du Almudena Cachok, “esatari honek ikusi duela gure lankide Miren Akerretak zuzenduriko filma, eta film oso sentikorra baina aldi berean zuzena iruditu zaiola. Esan daiteke sentimenduei eragitea bilatu duzuela, politikaz, alegia, atentatuei eta hilketei buruz jardutea baino areago? Zer deritzozu, Miren, zu zuzendaria izateaz gain biktima zaren aldetik?”.
Miren totelka hasi da: “Ni... beno... nik nahiago...”.
Beharbada hauxe da Miren Akerretari, lankide izatearen konfiantza zio, zuzendaritzaz gainera biktima izateaz galdetu zaion lehendabiziko aldia, ohartu da Lander.
“Beno, barkatu, nik filmarekin hasi aurretik Lokarriren asmoez zer edo zer zehaztu nahi nuke. Film hau egitea bi filosofo amerikarren lanak irakurri ondoren bururatu zitzaigun: bat, Richard Rorty, zeinak adierazten baitu sentimenduek duten eta izango duten garrantzia humanitatearen aurrerabidean; eta, Judith Butler, zeina ohartzen baita doluaren balio terapeutikoaz gizartea eraikitzeko”.
“Bai” hartu du hitza Mirenek, “ideia hori buruan, erailketa baten ondorioz norbait galdu osteko trauma nola elaboratu zuten, iragan zituzten aldiak, bizi izan zituzten sentimenduak, ibili zituzten gogoak, erailtzaileekiko harreman mentala nola elaboratu zuten, eta azkenik, nola ailegatu diren barkamenera, eta barkamena ez bada, bakera. Eta filmean hori kontatu nahi izan dugu modu oso xumean”.
“Bai, hementxe dugu gidoigileetako bat, zuzendari laguntzailea izateaz gainera, Asier Iminizaldu, gure lankidea... Gidoia doluaren faseen arabera antolaturik dago, biktima bakoitzak fase bakoitza nola iragan duen kontatzen dela... zergatik erabaki zenuten hala egitea?”.
Almudena Cacho Axiri begira gelditu da, Miren Akerreta Axiri begira gelditu da, Lander Axiri begira gelditu da, Josebari Axi elkarrizketara ekarri izana damutu zaio. Hagitz.
Uhinetako isiltasun mundukoa erori da estudioko isiltasunaren gainean Axi aldika mikrofonoari aldika Josebaren laguntzari so egon den bitartean.
Josebak Axiren gogoa sigi-saga irudikatu du; Joseba, mikrofonoa; hustasuna, behin baino gehiago aipatu dion moduan, “Hutsik nago”, gero Landerri so egin dio, gero Mireni, eta Mirenekin beharbada, xamurtasunarekin batera, aspaldiko iragana gauzatuko zaio gogoan, gero mikrofonora berriz, gero, urduri jarriko dela iruditu zaio, eta mikrofonoa. Ez ote da urduri paratuko, estudio honetaz aparte elkarrizketa sukaldeetan, kiroldegietan, tabernaren batean, autoetan, dendetan, kaleetan belarrietako entzungailuetan milaka aldiz errepikatzen dela jakinda? Behin ere ez? Segundo batzuetan ere ez? Mundua bere erantzunaren zain dagoela ohartuta ere ez?
Anbulantziak.
Axik Josebari so egin dio berriz ere, Almudena Cacho urduriturik Miren Akerretaren begiradaren bila hasi denean.
“Bueno” hartu du hitza Mirenek, “horretarako zenbait psikologo eta medikuren laguntza izan genuen, haien artean, eta eskertu nahi diot laguntza hemendik Aulki Hutsak filmaren egileari, Iρaki Peρari. Baina gure helburua biktimek bizi izandako prozesu hori erakutsiz eta gizarteratuz, gizartea sendatzeko baliagarria nola izan daitekeen proposatzea da”. Miren isildu egin da hitzen bila une bat lehenago isiltasunaren aurrean izandako izulaborria berriz ere piztuz.
“Zentzu horretan, biktimek dolua egiteko egindako bidea erakutsiz gizarteak egin dezakeena erakutsi nahi izan dugu”.
Josebak, bat-batean, desiratu du hori dena Axik esatea, behin baino gehiagotan eztabaidatu baitzuten berak eta Axik gai horren inguruan. Josebak desiratu du Axi gidaria, Axi segurua, Axi manatzailea agertzea, baina Axi erdia baino ez dago mikrofono horiari so, bizitza, inguruan, joan-etorrian dabilen bitartean.
“Bai, horixe da gure proposamena” gehitu du Landerrek, “eta neurri batean salatu nahi dugu krisi ekonomikoarekin, beno argi gera dadila hau nire iritzi pertsonala dela eta ez Lokarrirena, dolu egitera bideratu beharko litzatekeen dirua ez dela ailegatzen. Esaterako, uste dut dagoeneko egon beharko lukeela irrati-telebista saio zorrotz bat kasuak banan-banan aztertu, zer gertatu zen kontatu, horretaz eztabaidatu, zein giza-eskubide urratu zen ikertuko lukeena. Baina hemen gatazka bukatu da, eta ezer gertatu ez balitz bezala egin da. Eta hori ez da arazoa konpontzea”.
Mirenen aurpegiera aldatzen ikusi du Josebak, asaldatzen esango luke, Miren gutxitan asaldatzen dela ez baleki.
Loreto Larunbe altxatu egin da estudioko ateraino kazetari laguntzaile baten seinalearen ariora. Berrogei urteko abertzale itxurako batekin dator, bizarra oraindik errubio antzean, begiak urdin, sendo, esanen luke Josebak. Almudena Cachok prestatua dutena paratzeko agindu dio teknikariari eskuarekin, “Gogoeta honen atzetik entzun dezagun gure lankideek baketze eta adiskidetzearen inguruan egin diguten erreportajea”.
Loreto Larunbek atea ireki du eta “Kristoren gizonkotea duk” erabaki du Josebak, han sartutakoan.
“Iρigo Etxeberria” aurkeztu die Mirenek Almudena Cachori eta Loreto Larunberi. “Anaia galek hil zion hbko zinegotzi ohia”.
Cachok eta Larunbek eskua eman diote, “Urte askotarako” diotela. “Gainontzekoak ezagutzen dituzu” esanez bere sillan eseri da.
“Nik ez dut ezagutzen” esan dio Mireni Josebak, tonu abegitsuan. Mirenek, Axik Iρigori irribarre egiten dion bitartean, ez entzunarena egin dio, Joseba seguru baitago entzun entzun duela. Emakume hau nonbait urduri dago filmaren birmustutzearekin.
Joseba altxatu eta harengana hurbildu da: “Joseba, Asierren bikotekidea”.
Badaki esatean askori, Miren eta Landerri barne —gezurra dirudi— nabarmendu beharra irudituko zaiela bikotekidea esatea, baina bost axola zaio oraintxe bertan direna eta ez direna; ez lukete hemen izan beharko.
Eskua eman dionean ergela dela pentsatu du, ahotxulora begira geratu baitzaio, bi ideia lotzea kostatuko balitzaio bezala.
Josebari Txatorekin batera landutako Etika Marikaren bosgarren puntua egin zaio gogoan: “Ez zara heterosexual batekin inoiz maiteminduko, gizon heterosexuala bi ideia lotzeko ez baita gauza. Eta oheratu, bakar-bakarrik berak eskatzen badizu”.
Eskua eman diote elkarri. Josebak, eskuaren irmotasuna gorabehera, urduri nabaritu du, Axirengana zeharka begira, Axiri zer gertatu zaion jakingo balu bezala. Eta orduan berriz ere hemen egotearen haserrea egin zaio, Axi hona ekartzearen gehiegikeria, bere ahulezia zio.
“Axi ezagutzen duzu?” seinalatu dio Josebak Axi. Eskua eskaini dio. Anbulantziak. Deustuko Erriberako pabilioiak. Arraun Kluba. Ur arrea. Noruega auzoa, beste aldean. Zorrotza mendia.
“Bai” esan dute Iρigo Etxeberriak eta Axik batera; eta gero, altxatu ondoren, elkar besarkatu dute. Josebak utzi egin dio Axiren oroimenaren funtzionamendua ulertzeko ahaleginari; gainera, jada dadoak boteak direnez ez du inporta, baina iraganeko jendea eta gertakariak gogoratzeak patroi zehatza jarraitzen ote duen ulertzen saiatu bada ere, ez du ulertzen Axik noiz gogoratzen duen istripu aurretiko jendea eta noiz ez. Neurologoak printzipioz aurretiko guztia —“denok gogoratuko genukeena” xehatu zion— gogoratu beharko lukeela azpimarraturik, oroitzapenak sortzea, sendotzea eta gogoratzea emozioekin lotuta dagoela azaldu zion —Josebak ted hitzaldi hartatik gerora zehatzago ikasi zuen zerbait—; horregatik galdetu dio bere buruari zergatik ez duen Axik Maite Iturbe ezagutu eta zergatik bai Iρigo Etxeberria hau; zergatik ez Felix Linares eta bai Almudena Cacho.
Iρigok besarkatu egin du Axi, eta Axik gogor besarkatu du Iρigo; eta Joseba ohartu da besteren maitasun imintzio jendaurrekoen aurreko ezerosotasunak hartu dituela denak.
Anbulantziak isildu egin dira Axirengan. Deustuko Erribera. Oiartzun. Arraun Kluba. Bertako gizon gazteak. Aita ala ama.
“Erreportajea bukatzear dago. Zuk baduzu hitz egiteko asmorik?” galdetu dio Cachok.
Iρigok baiezkoa egin dio.
“Badugu hemen Dolutan filmeko protagonistetako bat. Iρigo Etxeberria... Kaixo, Iρigo”.
“Kaixo”.
“Iρigok nonbait arazoren bat izan du errepidean”.
“Trafiko handia zegoen”.
“Bai, Oiartzun urruti samar egon daiteke Bilbotik. Izan ere, zu oiartzuarra zara, Ezker Abertzaleko zinegotzia izandakoa baina, batez ere, ez dakit horrela esan daitekeen, Euskal Gatazkaren bortxaren biktima, film honetakook biktima zareten moduan... Zure anaia Hendaiako taberna batean hil zuten ustez galekoek egindako tiroketa batean. Kontaiguzu zure istorioa”.
Eta orduan Iρigo hitz xehez istorioa aletzen hasi da, anaia hil zutelako jaso zuten telefono deitik hasita.