Poz aldrebesa
Poz aldrebesa
2017, nobela
424 orrialde
978-84-92468-94-2
Azaleko irudia: Txuspo Poyo
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

12

 

Negarrez esnatu da. Iruρean ohiko diren egun hotzetako argi klaroa txapitularen leihotik barna sartzen da lurrean lauki laru bat eginez. Txikitatik iruditu zaizkio eguzkiak horma eta zoruetan egindako errainuak beste mundu —hobeago— baten seinale, norbaitek, handik esperantzari eusteko, argi ikurren bidez komunikatu nahiko balu bezala. Malkoen artetik so egin dio. Gaur ez da prometagarria. Eta gero tristura sakon, goibel, are nare batek hartu du. Deslaitasuna. Axi besarkatu du adakerari ihes egiteko, gorputz gizentzen baina aldi berean ahultzen hasi berritako honen kontsolamendua “ugaztunaren” kontsolamendua delakoa gogoan erabiliz, ezen Axiren baitan ez baita Axi, baizik eta bakarrik —gogorra egiten zaion pentsatzea bera— Axi ugaztuna, izerdi, usain eta epeltasun; ez ekinik, ez elkartasunik, ez kidetasunik, ez... oroimenik, zer den, non dagoen, nola den, haien bizitza nola eraiki duten jakiteko. Nori eta haiei gertatu behar, nonbait ez dago munduan inor gehiago bihotzekoak eman eta oroimena galtzeko. Landerrek ere ihes egin zuen —susmatu zion itzulpena eta testu atontzea bukatu ondoren Quertytik atera eta emandako paseoan sartu zitzaion kakalarria—. “Lotua nago, Durangon”. Tarteak harritu zuen. Non egongo zen bestela. Eta gero begia keinatu zion, marikiten artean lotuak gizon batekin, edo birekin, kasu horretan bezala, lotua, eta segur aski larrua jotzeko, adierazi nahi zuelako konplizitate keinua eginez. Lagunei kasu egin beharrean, txakurrarena egiten zien bikotearekin lotuta egongo zen, hori baitzen Landerren azken “performance queerra” zeina gaizki bukatuko baitzen, ziurtatu zion bere buruari erruak hartzen zuela, ze Landerrek txakurrarena egiten zien bikotearena ez zen hirukote bat, baizik eta bikote bat eta kanpotik ailegaturiko hirugarren deslai baten arteko harremana, arrisku eta adoretzetan desberdin, mila aldiz babestuago baitzeuden bikoteko kideak ezen ez Lander, nobio bila desesperatuki zebilen hirugarren deslaia. Lasterka atera zen, zerabilten bizimodu geldoari —gauzek kamera geldo antzean iragaten ziren haien aurretik— hitzik gabean jasangaitza iritzi, eta herioak harturik. Paseotxo bat proposatu zion eta paseotxo izan zen, Nabarrerian gora egin, eta Frantziako Ateraino, eta handik ezker harturik Santo Domingora atera eta Jarautara berriz ere. “Joan beharra dot”. “Barkatu” gero. Eta barkatu esan izanak salatu zuen.

      “Adiskideek abandonatu egin naute”. Usteaz kontra Pilar koinata-edo izan da hor dagoena, lagunkoi, arretatsu, Lekunberri Aranatzen bazkari eta afariak antolatzen. Hura izan da Axi astebururen batean edo bestean zaintzeko bere burua eskaini duen bakarra. Nork esango zuen? Anaiaren marikitismoa erabat onartu ez, eta orain portatzen ari da.

      Psikologoarengandik ikasita doluaren ezaugarrietako bat munduari errua botatzea dela baldin badaki ere, iruditzen zaio adiskideek abandonatu egin dutela. Bestela ez da ulertzen Begoρaren urruntzea, edo Landerren aurreko eguneko bat-bateko ihes egitea. Eta Txato, hor beti, baina inoiz ez laguntzeko moduan ileapaindegi biekin lanez josita, Iruρea-Bilbo-Iruρea, eta enegarreneko nobioarekin. Min egiten dio. Kaiola batean sartu balute —balituzte— bezala sentitzen da; hor daude biak, giltzapeturik adiskideek inguruan ez erreparatuarena egiten dieten bitartean. Eta min egiten du. Itzela. Arrasoan dago. Bai, badaki, iragango zaio sentsazioa, bere baitan bizi den haur deslaia besarkatu, maittatu, losindu, laztandu eta babestuz, baina, orain, min egiten dio.

      “Zergatik guri, Axi?”. Indarrez besarkatu du Axiren gorputza, ez esnatzeko tentuz, hala ere... “Eta horrela gelditzen bazara?” egin dio galdera ozenki. Atezuan gelditu da etorriko ez den Axiren erantzunaren zain. Nahiz eta batzuetan uste izan Axik —antzinako Axik— nola esan... esatera ere ez da ausartzen, telepatiaren antzeko zerbaitez benetan erantzuten diela haren galderei. Oraindik ez du esnatuko, beta behar du beretako, egunari kara emateko, antolatzeko, une batez bada ere bere gauzetan pentsatzeko. Ironikoa iruditu zaio esamoldea: “Bere gauzak”, badira zortzi hilabete ez duela bere gauzarik.

      Altxatzera behartu du bere burua. Egun ederra dator. Igandea. Istripua, eufemismo ederra, gertatu denetik nahiago izaten ditu dudarik gabe astegun buruzuriak asteburuak baino, asteburuetan ematen baitu egiten duenaz gain, lanetik eszedentzia hartu —beharrik bien artean zer edo zer aurrezturik duten, eta Pilik, Axiren legezko tutoreak, bere eskuetan utzi duen haren dirua— eta Axi zaindu, Padre Ligeti zentrora eraman, eskuartean darabiltzan itzulpenak egin, paseatu, Axiri ariketak egiten lagundu. Ai baina asteburuak! Eremu mortuen moduan hedatzen zaizkio aurrean; larunbat goizak etxea garbitzeko erabiltzen ditu, eta, psikologoak agindu moduan, gogoeten tornado moduko ardaila urduria baretzeko arnasarekin bat eginik, zereginetan kontzentratzen saiatzen bada ere, ez du lortzen hustasun sentsazioa jabaltzea, munduak zentzurik gabea ematen du. Urteetan arreta deitu diona, sukaldeko leihotik ageri diren ondoko teilen distira, errainu eta argietan dakarren egunaren eitea igartzea ez zaio orain —psikologoaren errealitatea zentzuz zamatzeko ahalegin ariketak gorabehera— huskeria bat baino iruditzen, noiz eta —Axik barre egin eta burutik kenarazi zion— teilei egunero argazki bana egiteko delibero gauzatu gabeko hura ongi etorriko litzaiokeenean.

      Altxatu egin da. Zenbat denbora iragan da? Zortzi hilabete eta zazpi egun. Egongela-sukaldera sartu denean musika aparatura jo du. Ez du cdrik bilatu behar izan, badaki zer dagoen barnean, aurreko egunean entzun duena, eta aurrekoan eta aurrekoan eta aurrekoan, obsesio bilakaturiko hori, Anari, Ruper, Leonard Cohen, Klaus Nomi, Nacho Vegas, Camane, Chavela Vargas... ez soilik gustuko dituelako, baizik eta letrak entzutearen entzutez obsesio bilakaturik, gertatu eta gertatuko zaien oldozte tematia ordezkatzen zuelakoz; Cruz de olvido kantan, esaterako, Axi eta Axirekiko kezka txalupa batean paraturik urruntzearen metafora bilakatzen du, horrela eramangarriago —zerbait esatearren— egiten duelakoz, nahiz eta Guillermo psikologoak zehaztu bezala kantek eragiten dioten ederreste malenkoniatsuak batere onik ez egin. Eta zer? Azken finean, obsesioa bizitzeko beste modu bat baino ez da, eta obsesioa —onartzen du— uxatzeko zerbait bada ere, lehenagoko Axirekin jarraitzen laguntzen dio, 40 volteko indar elektrikoa duen muin masa horrekin.

      Cruz de olvidoren gitarren lehendabiziko akordeak jotzen hasi direnean, negarrez hasi da. Gero badaki: “Bi homosexual bota zituzten arrazoi komertzialak zirela medio”. Kafea prestatu. “As someone long prepared for this to happen, / Go firmly to the window. Drink it in. / Exquisite music”. Kafetera hartu. “Ni tϊ ni yo, ni yo ni tϊ / Queremos que se contamine / Este amor que sin permiso / Durarα hasta que termine / Ni tϊ ni yo / Estamos pa' los modales / Que requiere el protocolo / De las pαginas sociales / Ni tϊ ni yo, ni yo ni tϊ”. Ireki.“Far unfit to bear the bitter cold, / I can scarcely move or draw my breath? / Let me, let me freeze again to death”. Begoρa hijaputa bat bezala portatzen ari da. “Eu sei que esperas por mim / Como sempre, como dantes / Nos braηos da madrugada / Eu sei que em nσs nγo hα fim, / Somos eternos amantes, / Que nγo amaram mais nada”. Lander, antzeko. “Y te vas, y te vas, y te vas, dices que hoy sν te vas, pero sigues conmigo”. Txato da hor dagoen bakarra. Bueno, egon, ez dago baina bere ezegotea egotea bezalakoa da. “Todo fue por ti. La barca en que me irι, lleva una cruz de olvido. Lleva una cruz de amor, y en esa cruz me morirι de hastνo”.

      Leihotik so egin du. Teiletan eguzki datorrela igartzeak poztu beharrean haserretu egin du. Eguzkia jainko tirano baten modukoa egin zaio, bai baitirudi udaberriaren hasiera honetan eguzkiak alaitasuna bainoago zoriontasuna agintzen duela, eta bera —beraiek— ez da zoriontsu, orain behintzat, eta ikusi beharko da aurrera, neurologo andrearen iragarpenak gorabehera. Hala ere, aurrekoan irakurritako esaldiak kontsolamendu apur bat ekarri dio opari baten modura: “Zoriontasuna udaleku bat bezalakoa da”. Izorra daitezela, pentsatu du, zoriontsu diren horiek guztiak. Begoρa eta Lander barne.

      Ezin izan du egiten ari denean kontzentratu saiatu arren. Zerbaitek huts egiten du, Landerren bat-bateko alde egiteak, Begoren... hitzaren bila aritu da... utzikeriak, Axi zaintzen aurrean dituen ordu luzeek —ez du Lekunberri Aranatzera Pilirenera bazkaltzera joan nahi izan, ez ditu lekunberritarren aurpegi gupidazkoak jasan nahi— edo betetzeko dauzkan errutinek. Ez dute maite, Landerrek eta Begok ez dute —dituzte— maite, bestela bertan egongo ziren; Miren Akerretak maite ditu, baina... bainaren baten bila aritu da, baina ez da nahikoa etortzen, jaio berri duten umeagatik, segur aski. Miren Akerretaren figurak lasaitu egin du, lagunak ez izanagatik, Axiren adiskide-lankidea da, hura ere trauma bat bizitua, eta, ondorioz, bizitzeko baldintzak birsortu arte zonbi bat izatera kondenaturikoa, beraiek bezala. Eta pentsatzen jarrita, Euskal Herria bezala, oroimena galdurik, amnesian, amnesia konpondu arte, zonbi moduan bizitzera behartua.

      Gosaria prestatu ondoren mahaian eseri da leihotik teilatuei begira. Guillermok gertatzen ari zitzaionarekiko dramatikoegi aritzen zela iradoki ondoren, “bizitza injustua da” esaldi zoragarriarekin hasi eta “gauzak, gertakariak berezkoak dira eta berezkoa dute gertatzea, askotan guk pentsatukoaren kontrara, guk desiratutakoaz bestela gertatzen dira, eta gertatutako horren zergatia ulertzeari ekitea indarra galtzea baino ez da, indarrak galtzea” azaldu zion gauzen barrunbeak ongi konprenitu dituenaren garaitza ukituko tonuaz. Barrunbeak ulertzea zergatiez galdetzea ez balitz bezala, pentsatu zuen Josebak, Guillermok oroimenari buruzko hainbat artikulu eta liburu gomendatzen zizkion bitartean; haien artean, Forever today (Betiko gaur) Clive Wearing musikariaren egoeraren inguruan Deborah andreak idatzitako liburua. “Ezagutzen dut kasua”, erantzun zion Guillermori. Axiri gertaturikoa patuaren irribarre ironiko bat zela aipatzera ausartu gabe, bai baitzekien psikologoaren arrapostua, patua eta horrelako gure gaindiko gainideia eta gainizakiak ergelkeriak zirelakoaz gainera, borondatearen eraginkortasuna antzutzen zutela arrazoituko ziola. Mahai gainean duen Deborah Wearingen liburua hartu, eta aurrekoan azpimarraturikora itzuli da, irakurri ahala buruz ingelesetik itzuliz: “Kalte iraunkorra garunean tokiaren eta sakoneraren araberakoa da. Kaltea barreiatua denean, oxigeno gabeziagatik, esaterako, zelulak eremu zabalean hiltzen dira halako efektu puntillistikoa eragiten duelarik, hainbat funtzio deseginez; kalte barreiatuak emozioen eta nortasunaren kamustea dakar”. Hor ere tupust egin du kafesneari zurrupa egin bitartean, “emozioen kamustea”k zer esan nahi ote duen galdetu dio bere buruari “eta maiz disoziatzeko joera izaten du. Kaltea ez denean horren handia —alegia, garunaren eremu mugatua kaltetu denean eta lesioa zehatza eta sakona denean—, arazoak bestelakoak dira, segun eta zein eremu kaltetu den eta zein geratu den kaltetu gabe. Istripu baten ondorioz buruak zerbait jotzen duenean, garunak kaskezurraren kontra jotzen du, lehendabizi aurreko eremuak, gero atzekoak. Beste batzuetan kaltea garun enborra bihurritu delako izaten da. Entzefalitisean garuna burezurraren kontra estutzen da eta kalte eragiten du edo aldeetan edo lobulu tenporaletan. Huts egite mentala hainbat arrazoirengatik izan daiteke: adibidez, oroimena bezalako funtzioak aurrera eramateko garun egitura zehatzean gertaturiko kalteagatik, prozesu horretan beharrezkoa den sare neuronalean gertaturiko kalteagatik, edo sistema horretan transmisio sinaptikoan gertaturiko kalteagatik”.

      Orriak pasatu ditu urduri, aurreko egunean azpimarratutakoa aletuz. “Mundu guztiari bezala, iruditzen zitzaidan garun kaltearen ondoren izango zela ‘bigarren biltegi’ bat, trebatu ondoren ‘galdutako’ eremuen funtzioez jabetuko zena. Horretan egon nintzen bolada batean. Eta nahiz eta kaltea garunaren zein eremutan izan zen eta horrek ekarriko zituen ondorioak ezagutu ez, espero nuen medikuek argituko zidatela zer gertatuko zen handik aurrera. Jabeturik nengoen erantzunak geldo etorriko zirela, baina medikuek aukera paxo bat emango zidatelako segurantzia nuen”.

      Gero jaso zituen gutunen errepasoa egiten du Deborah Wearingek. Batzuek aloe vera gomendatzen zioten, beste batzuek fede bidezko sendatzea, besteek axeri-buztan infusioa...

      Zenbat zoro dagoen munduan! Braust batean baztertu du liburua. Guillermok esango du nahi duena, baina jakiteak lagundu egiten du, berari behintzat bai, nahiz eta gero, pentsatu, suminez, “azalpen guztiak gorabehera” Axi baino ez gelditu, Axi eta igande eguzkitsu luze bat, eguzkia promesa beharrean salatari.

      Halako batean neurologoak erakutsitako Reyren Irudi Konplexuaren Testarekin akordatu da. Luze egin zaizkio ordenagailuaren izekiera eta Windowsen hasiera.

      Reyren Irudi Konplexuaren Testa tekleatu du. Hantxe agertu zaizkio marrazkia hiruki, lauki, erronbo, gurutze, giza aurpegia gogoratzen duen zirkulu eta abarrekin. Inprimatu egin du.

      Axi altxatzea erabaki du. Gelara joan da zirt-zarteko zerbait erabaki duen deliberoarekin. Tapakiak kendu dizkio.

      Axik begiak ireki ditu. Ohartua da denok ere esnatzean galduta izaten bagara ere, Axi oraindik galduago izaten dela, bere buruari zer kontaturik izan eta horrela egunero berrasmatzerik ez balu bezala. Ukondoen gainean altxatu da, agontzetik oso ohikoa duen keinuan; horrelakoetan iruditzen zaio ez dela ezer pasatu, betiko Axi dela, bularra burgoi, goiz-goizetik takoka ohikoa duen erdi eztabaida erdi adarjotze eremu horretatik zeina harengan sedukziotzat joagatik beste batengan harrokeriatzat jotzen baitzuen.

      Axi, bere hartan gelditu da, ukondoetan bermaturik, veluxaren argi pean.

      “Altxa zaitez, Axi!”.

      Eta Axi berehala altxatu da. Eta hark agindu gabe arropa hartu du ohantze ondoko sillatik eta janzten hasi da, Josebaren harridurarako, lehendabiziko aldia baita hori egiten duena. Bat-batean lehenago, altxatzean, tirano irudituriko eguzkia zerbait prometagarri azaldu zaio; eta beharbada guztiak esperantza. Goitik so egin dio. Arretaz eta geldi; bakarrik ari da janzten; banan-banan lotu ditu alkandoraren botoiak, eta, gero galtzen bila hasi da.

      Josebak jauzi egin du sillara haien bila.

      “Hartuko ditut nik” errieta egin dio Axik.

      Joseba pozez zoratzen dago: “Gosaria prestatzera noa. Moldatuko zara bakarrik?”.

      Axik, ohean eserita eta sabai-leihoko eguzki izpiez argiturik, haserre antzean so egin dio: “Zergatik ez naiz moldatuko ba?”.

      Anosognosia etorri zaio Josebari gogora, baina bere horretan uztea erabaki du.

      Arretaz itxi du atea eta ogi xerrak egin eta xigortzen hasi da arreta egiten duen mugimenduetan paratuz. Kikara hartu, kafea bota, esnea berotu mikrouhin labean... baina bozkarioak ez dio uzten, ez daki zergatik baina susmoa du zerbait gertatu zaiola Axiri, aurrerakuntzaren bat, eta arropa bere kabuz janztea da seinalea.

      Gosaldu eta testa atera dio Axiri mahai gainera.

      “Axi, kopiatuko didazu hau paper honetan?”.

      Axik durduzaturik so egin dio, gehienetan bezala.

      Teilatuetara so egin du Josebak, Axiren begiradak haren begiradari jarraitzen dion bitartean.

      “Nora begira zaude?”.

      Dramatikoa eta adar jotzailea izatea erabaki du, beharbada...

      “Esperantzari!”.

      “Zertarako esperantza?”.

      Harritu egin da hizkuntzaren zehaztasunarekin.

      Botako dio, botako dionez: “Zu sendatzeko esperantzari begira nago”.

      “Ni? Ni ez nago gaizki”.

      “Axi, bihotzekoak jo zizun... eta oroimena galdu duzu”.

      Une batzuetako harridura eta gero ukazioa etorriko dela badaki. Oroimen laburra galdu duela onartu izan balu sikiera!

      Axi zalantzan gelditu da. Hark ere burua jiratu eta teilatuetara so egin du. Eguzkia ikusi du, teila umelak, Josebaren etxea, elkarrekin alokatu zuten etxe hura, eta gero bere burua nonbaitera ailegatu nahian lasterka, eta irudi batzuk, baina inguruko ispiluetan ageri ez direnak. Eta gero Deustuko Erribera, Euskalduna zubia iragan berritan, eta gero...

      Urduri altxatu da.

      “Bihotzekoak?”.

      Joseba zoratzen paratu da, lehendabiziko aldia da hori esan ondoren galdera egiten duena. Seguru asko dena konponduko da, eta pixkanaka oroimena berreskuratuko du.

      “Bai Deustuko Erriberan, Zorrotzaurre bidean korrika zindoazen eta bihotzekoak jo zizun, eta oroimena galdu zenuen”.

      Beldurra egin zaio begietan.

      “Bihotzekoak?” galdetu du berriz ere.

      “Bai, bihotzekoak?” gehitu du tinko Josebak.

      “Ez, niri ez dit bihotzekoak jo!”.

      Haserretu egin da. Bat-batean dena nahasi zaio. Zapatilla gorri batzuk iragan zaizkio paretik, gero zangoak atzetik, sirenak, Bilbo etorri zaio gogora, eta gero sirenak berriz ere, sirenak trostan, Deustuko Erribera, txikitan joaten zirenekoa, eitbko egoitza berria, Miren Akerreta, zapatillak, heldu behar duen toki bat, baina ezin du iritsi. Antsia. Sirenak.

      “Niri ez zidan bihotzekoak jo!”.

      Eta negarrez hasi da. Mugitzeko gogoa egin zaio, baina ezin du mugitu. Negarra baino ezin du egin.

      “Niri ez zidan bihotzekoak jo!”.

      Zergatik esaten dio hori Josebak?

      Zapatillak agertu dira gero berriz ere, galopan. Eta gero argia itzali balute bezala izan da.

      Hantxe daude Joseba eta bera. Badago antsia eragiten dion zerbait baina ez daki. Kafe kikara hutsik. Josebak hartuko du ze berak ez... Eguzkia egiten du. Badauka ezinegon arrasto bat, zerbait gertatu eta gogoratuko ez balu bezala, ibili eta atzean utzitako basabide batera itzuli nahi eta ezinak sortuko liokeenaren antzekoa. Horregatik ari da negarrez. Josebak zerbait esan dio baina ez daki zer.

      Negarrez jarraitu du, leihotik sartzen den argiak azpian harturik beste mundu batera garraiatu izan balu bezala, lurretik altxatua. Zer egiten zuen bertan?

      Josebak amore eman du. Ez du behartu nahi baina astelehenean deituko du Padre Ligeti zentrora eta neurologo andrearekin hitz egingo du Axiren aurrerakuntzaz. “Aurrerakuntza da benetan?” galdetu dio bere buruari. Baietz erantzutea beste erremediorik ez du eriden.

      Zalantza egin du testa pasatu ala ez. Zartako batez aldenarazi du burutik emaitza interpretatzeko gai ote deneko zalantza.

      “Tori, Axi. Begira!”. Eta marrazkia erakutsi dio.

      Axi so gelditu zaio. Ronboak, nola deitzen dira hiru... hiru... alde dituzten gauza horiek... hirukiak, eta lau dituztenak... eta... zaldiak iragan diren berriz ere. Zer gertatzen ari zaio?

      Zer gertatzen ari zaio? Zer gertatzen ari zaio? Zer gertatzen ari zaio?

      “Kopia ezazu marrazki hau hemen”.

      Josebaren eskutik boligrafoa hartu eta txintxo-txintxo hasi da kopiatzen. Normala ote da Reyren Figura Konplexuaren marrazkiari eskuineko erronbotik ekitea?; ez daki Padre Ligeti zentroan eginarazi diotenean berdin egin duen, ez daki ezkertia izateak eragin dion. Axi geldo-geldo marrazkia kopiatzen hasi da. Josebari nekeza, oso nekeza, egiten zaio Axiren geldotasunera ohitzea, eta, beharbada horixe da gehien urduritzen duena, ez desesperatzeko arnasa hartze ariketak egiteraino; beno, hori eta zeukaten bizitza galdu izana, eta Axiren zerbait, oroimena bakarrik ez den zerbait di-da batean aienatu izana; azaltzen jarrita neurologo andreak entenditu ez zion zerbait hori (“Badago oroimenaz harantz”, aitatu zion, “galdutako zerbait; bera, bera ez balitz bezala da”; “Jakina” erantzun zion, “oroimenak egiten gaitu” pazientzia gutxirekin); eta hartara, ekintza guztiak dira Lekunberri inguruan dagoen Beriain mendia igotzea bezala, aldapa gora egiten zaion zerbait.

      Egiten ari denari gogoaren zolan zentzurik ikusten ez badio ere, txukun egingo dituela erabaki du. Hiru..., hiru..., hiru... hitza ez datorkio... hirukiak marraztu ditu gero boligrafoarekin gehiegi ez zapaltzen saiatuz.

      Lauki... lauki... lauki... barneko hiru..., hiru... Gurutzeak. Behekoak. Bukatu duenean Joseba bilatu du. Ez du aurkitzen nahiz eta zerbaitek adierazi —bere burua arraro dago, bere burua ez balitz bezala edota bere burua etengabeko joan-etorrian dabilkion bisitaria balitz bezala— atzean duela, harri... harri... harri... —hitzak ez datozkio burura— harrikoa egitearen soinuek.

      Joseba itzuli egin da. Hortxe dago, Reyren testaren eta kopiaren aurrean, isilik, xor, leihotik begiratzeko gauzeza. Galdua dago, oroimenak huts egin, eta gogoak, edo buruak, edo garunak, edo hipokanpoak, edo neuronek, edo sinapsiek, edo falta zaion Axiren zati horrek huts egin dio eta galdua dago. Joseba izugarrizko haserreak hartu du Axiren kontra. Zertara joan zen lasterka egitera kolesterola begiratu gabe? Zergatik bilatu zuen haserrea? —ze haserrea bilatu zuen urtemuga egunean, seguru dago—. Haserreak mareak bezala atzera egitean, ordea, tristura paisaia hits bat gelditu zaio, dena nahasita, eta halako akidura pisu bat, pott eginda uzten duena.

      Eseri eta Axik egindako marrazkia tolestu du arretaz. Gero eta arretatsuagoa bilakatzen ari da, gauzetan buru-belarri aritzeko ariketa psikologikoaren eraginez.

      “Axi, begiratu marrazki honi”. Reyren figura marrazkia erakutsi dio. “Begiratu arretaz. Buruz ikasi behar duzu, xehetasunei erreparatu. Gero estali eta buruz marraztu behar duzu”.

      “Zertarako da tontakeria hau?”.

      Egon da bihotzekoarena botatzeko atzera berriz, baina damuturik, irribarrea baino ez dio eskaini, batzuetan —eta azken boladan gutxitan— funtzionatu dion irribarre konkistatzailea.

      Axik marrazkiari so egin dio, arretaz. Sirenak. Sirenak. Eta argiak. Eta zapatilla gorriak. Mugitu egiten zaio marrazkia. Erronbo, laukizuzen, hiru... hirukiak dantza egiten diote begi aurrean. Ez du ulertzen zergatik egin behar duen hori baina Josebarengatik bada... dena dela, ez zaio gustatzen Josebak agintzea, Josebak ezin dio agindu. Zer gertatzen ari zaio? Zergatik dago Iruρean Bilbon barik?

      Josebak marrazkia ezkutatu dio, boligrafoa eskaini eta “Orain, buruz kopiatu behar duzu marrazkia paper honetan”. Papera paratu dio mahai gainean. “Benga, ea akordatzen zaren marrazkiaz”.

      “Ez naiz akordatuko ba” bota dio Axik, Joseba pottindu duen harrokeria ukitu batekin.

      Ikusitakoa marrazten paratu da. Eskuinetako erronboa egiten hasi da Josebak sorbalda gainetik begiratzen dion bitartean.

      “Ez begiratu. Ez daukazu ezer egitekorik?” bota dio haserre.

      Joseba eskuko trapua hartu eta sukalde gaina garbitzen hasi da. Gero ohea egitera abiatu da. Beharrik ez duten diru arazorik, nahiz eta oraindik konpontzeke izan Axiri geldituko zaion pentsioaren kontua Gizarte Segurantzarekin. Abokatuari ere deitu beharra dio gauzak nola doazen jakiteko, “absolutua” bakarrik ematen badiete “elbarritasun handia” eskatzeko epaitegira jotzeko aholkua eman diolakoz. Logela estrematzen aritu da, gogoa husten saiatzen, baina urduritasun moduan azaltzen zaion poz batek galarazi egiten dio ahalegina. Eta gero etxean igogailua paratzeko debekua dago, eta gero dirua, eta gero adiskideen traizioa, eta errabia, eta psikologoa, eta... haien bizimodua mila puskatan zatitua. Ohean eseri da eta eskuetan bildu du burua. “Baina gaur egun handia duk” aitorrarazi dio bere buruari, “nabarmen egin dik aurrera”.

      Bukatu duenean sukalde-egongelara jo du. Hantxe dago, sor, leihoko izpipean. “Zer pentsatuko du?”. Haren gogoeten sigi-saga irudikatuagatik, poz ardailatsuak eta ekinak ez diote nahiko oldozten utzi Axiren barne paisaiaren ezaugarriak marrazteko. Berea bezalakoa ote da?; alegia, Dolutan filmaren aurkezpen fitxan azkenean sartuko ez duen C.S. Lewisen testuan azaldutakoa bezalakoa?: “Bailara luze eta haizetsu baten modukoa da. Bihurgune bakoitzak beste paisaia bat agerrarazten du. Eta ohartzen gara bihurgune guztietan ez dela beste paisaia bat. Alderantziz, harrigarria kontrakoa da, milia batzuk lehenago atzean utzi duzun paisaia ageri zaizu aurrean. Eta orduan galdetzen diozu zure buruari bailara lubaki zirkularra den. Baina ez da. Badira errepikatzen diren zatiak, baina sekuentzia ez da errepikatzen”. Ohartzen ote zen Axi gertatu zitzaionaz, zitzaienaz?

      Mahaira hurbildu denean, Axik marrazkiaren laurdena-edo ez du marraztua. Eskuinetako erronboa, haren segidan dagoen hirukia, zirkulua hiru puntuekin, gurutze etzana laukiari lotuta, beste gurutzea, solte. Kanpoko elementu guztiak falta ditu marrazkiak. Ardailan jo du egongelako armairura, Padre Ligeti zentroan egindako testaren emaitzen fotokopiak, kostata lortu dituenak, ateratzera. Karpeta zabaldu eta hantxe agertu zaio, Axiren duela hilabeteko marrazkia: erronboa, zirkulua eta gurutzea baino ez dira ageri, bakoitza zenbait alde.

      Besarkatu egin du. “Ongi jarriko zara!”.

      Begori deitzeko gogoa egin zaio, baina Txatoren telefono mugikorra markatu du. Inor ez. Beste bat huts egiten diona.