14
Bere buruari galdetzera zertara doan Bilbora igande arratsalde batean Axi, Lekunberrin, arrebarenean utzita, larrua jo beharra duela aitortu beharko lioke bere buruari, erantzunaren azkarrak egia itxura salatuko ez balu; izan ere, ez doa larrua jotzera, edo ez doa larrua jotzera bakarrik, gero eta gehiagotan basitzen —ia lohia ematen du, dena zikintzen— duen bakardadea garbitzeko asmotan doa. Horretara doa, bakardadea garbi badaiteke, behintzat. Horretara doala badaki, baina ez dio bere buruari aitortzen uzten, bera ez baitago bakarrik, Axi du. Edo Axiren zati bat behintzat, egin du gogoeta, sarkasmora bidean.
Vista Alegre —hara ze izena— zezen plazako parking estali gabean aparkatu eta Zabalburu plazako galerietan sartu da. Nori bururatuko zitzaion ustez modernitatearen ikur izan beharko lukeen espazio narras hau diseinatzea? Egiturak, gora eta behera egiten duten eskailerek, espazioaren hustasunak, aulkirik ez egoteak, zorua estaltzen duen gomak, ez-leku bihurtzen dute, bizitzak alde egin eta hustutako oskola dirudien tokia. “Eta non eta hor behar guk marikitok! Bizitza gaixo bihurtzen den gune horretan; segur aski populatu ahal dugun espazio bakarra”.
Eskailerek nora eramaten duten zalantza sortzen dionez, plazara jaitsi eta galerian barna jotzea erabaki du. Aurrean agertu zaizkio ate itxia eta kartela: ego. Oraingoan ez doa inor aurrean, lepoak jasota, bizkarrak zertxobait uzkurtuta espia nobela batean bezala gaiztakeria bat egitera; zehatzago erreparatuz gero, ordea, erraza da ohartzea batzuengan espia emate hori tokiak berak eransten duela, dekoratuak izaera eginda; beste batzuengan —armairuratuak, andreekin ezkonduak— ekintzak berak, saunara ezkutuan joateak, zamatzen die sorbalda. Txirrina jo eta kirrink batek adierazi dio atea bultzatzeko unea.
15 euro pagatu eta barna sartu da. “Zenbakia” galdetu dio zerbitzari hegoamerikarrak. “45”.
Txaska egin dute txankletek mostradore gainean paratu dituenean. Takillaren giltza eskura eman dio. 120 zenbakia. Beti egiten du zalantza 120ak izango ote diren bertan baina badaki ausazkoa dela, beharbada 120 atzotik —larunbat gaua—iragandakoen kopurua izan daitekeela. Nahiz eta takilletan inor ez ageri, lotsatu egin da bertan aldatzeagatik; ez da sekula ohituko horrelakoetara; Axi irudikatu du barrezka. Arropa arretaz bildu du, Axi Axi ez denetik garaturiko bigarren naturak eraginda —arnasa hartu, gauzetan bost zentzumenak paratu, hemenean bizi, haren geldotasun ikaragarrira ohitu—.
Ispilurik ezean —hor barnean badago bat baino gehiago— bere burua irudikatu du: papar izandako bularra jada erortzen hasia gorabehera, gantz batzuk gerriaren bueltan gorabehera, ongi dagoela erabaki du, nahiz eta bere baitako bere buruaren irudian —besteek konbentzitu behar izan dute kontrakoaz— emakumeendako erakargarriago izan gizonendako baino. Txato irudikatu du irribarrez. “Hara zer queerra zauden egina!”. Lotsak hartzen du horrelakoetan, adinaren kontuak behar dute, gero eta deserosoago sentitzen baita bere gorputzarekin. Gora eta behera aritu da toallarekin gerri buelta disimulatzeko neurri egokia doitzen.
Txankletak sartu eta dutxetako korridorean abiatu da. Horrelakoetara bakarrik etorria da beti, Axi barik, hark, kontratu hura sinatu zutenetik, gaur bertan ikusi duen eta gainbehera datorren Lekunberriko hotel-jatetxe hartan, ez baitzuen nahi izan “horrelakorik elkarrekin egitea” nahiz eta bera saiatu, hasieran bukaeran baino areago. Saunan egondako aldietan, edo Iruρeko Zimitorioan egondako anitzetan, larrua jotzea baino ez zen, halaxe adierazten zien zera bukatu ondoren telefonoa eskatzen ziotenei: “Nik badut etxean nahi dudana” erantzuten zien harrotasuna ahotsean, bere burua haiek baino goragotzat joz, Axik eta Josebak, Josebak eta Axik sorturiko bikote berezia haiek ez zuten zerbait zelako; haiek, galtzak oraindik erabat lotu gabe, zakil erori berria galtzontzilloetan sartzen zuten haiek bakarrik zeudelako, miseria sexualaren —Txatok barrezka egingo zion lehendabiziko, eta errieta gero— eremu hartan zebiltzalako. Bakarrik. Bakarrik, bera orain bezala. Hala ere, bera ez da bakarrik, berak errekuperatuko, errekuperatzen ari den Axi bat du.
Horrek poztu egin du. Dena konponduko da, eta Landerrek, bakarrik daramatzan urteek bulkatuta, berriz ere iradokiko dio behin baino gehiagotan iradokia, alegia, neurri batean amarrua dela ligatzera joatea, dela sauna, dela Zimitorio, dela aplikazio informatiko, bera babesturik dagoelako, “ni ez bezala” bukatuko du. Txatori kontatu zionean, Txatok prima donna bisaia paratu zuen, begiak gora egin eta espantuz “milaka larru joagatik beti izan da eta izango da moja xamarra, beharbada, moja delako jotzen du horrenbeste larru, horrenbesterekin; eta gure Etika Marikaren arabera, ‘Marika ezin da moja bat izan’ bota zion, gero gai batetik bestera jauzi egiteko duen abilidadeari jarraituz, ‘eta zer moduz zu zure senarrarekin?’, edo ‘nire nobio kubatarrak...’”.
Bai, benetan egon da gorago? Une batez bururatu zaio Axi ez dela itzuliko Axi zenekotara, eta orduan gogoan dabilkion erabakia hartu beharko du, eta behingoan bukatu. Zastako batez uxatu du gogoeta eta korridorean barna abiatu da.
Gustatu zaion tipo bat dago sauna lehorra eta bainu turkiarra bereizten dituen korridorearen pareko horman; gihartsu eta iletsu, baina ez du begiradaz ere jo albotik iragan denean. Korridore nagusian barneratu da. Jende dezente dabil, hogeita hamar-berrogei inguru horretakoak gehienak. Zahar sentitu da, eta lehenago txitxi iruditurikoa, gantz tripota erraldoia egin zaio orduan. Aulkian eseri da bular eta toallen segidari jarraiki. Denbora batera, sedukzioaren dantza —dorpea, nabariegia, aldakorra, zirt-zartekoa— irakurtzeko gai izan da. Kaskamotz tatuatuak bular oparoko bizardunarekin nahi duenez hondoko kabinetara jarraitu dio bitan-edo, baina bizardunak ez du argi, eta berriz ere, aurreko korridoreetara itzuli zaio; jarrera txuleskoko berrogeitaka urteko batek —nola izan dateke bat horren burgoi horren gorputz mehearekin— bere buruaren ustezko begiradak botatzen dizkie ingurutik iragaten direnei, norbaiten kitzikagarri, seguru; gazte hegoamerikar batek —tatuaje bat darama bizkarrean—, bizardun ilajedun potoloari jarraitu, eta biak kabinan sartu dira. Altxatu eta kabinen korridorean barneratu da; ez da entzuten beste batzuetan bezala, azantza eta larrua jotzeko mugimenduek eragindako kolpe hotsik, aldiz, isilik dago dena, eliza batean bezala; ofizianteetako batzuk kabinetan daude atea zabalik, toallaren gainean biluzik, batzuk-batzuk ipurdia eskainiz, beste batzuk zutik hankartea ukituz; baina eskaintza gehiegizkoak —orduan erreparatu dio hondoko korridoreak jendez gainezka daudela— aukeratzea zaildu eta, ezinezko bihur dezakeelako urduritasuna nabaritu du airean; eta horrelakoetan, badaki, jendea, bera bai behintzat, larru hutsik atera daitekeela, grazia egin dio “esku hutsik” esamoldetik eratorri duen burutazioa. Axi ezagutu zuenean, Artxanda jendez beterik izan balitz, beharbada ez zuten larrurik joko “gustukoago bat etor zitekeelakoan”. Amodioa hori da, aukeratzea, eta aukera gehiegizkoak zapuztu egiten du aukera bera.
Gela ilunerantz jotzea erabaki du. Korridoreetatik abiatu da gorputz ia biluzien artetik iraganez. Hurrengo korridorera sartu denean, ezaguna egin zaion silueta bat agertu zaio. Hurbildu ahala irribarre egin dio, eta hara... Oskar, mirakulu antza, batetik bestera agertzen zaiona, zaiena, erabaki du.
“Hara!”.
“Hara!”.
Irribarre egin diote elkarri eta bizkarrean txapalak eman ondoren besarkatu direnean, Joseba ohartu da ia biluzik daudela, eta lotsatu egin da; lasaitu egin da, hala ere, ematen baitu Oskarrek ez diola erreparatu ere egin. Bere buruari oihu egin dio, oraindik marika askatu gabea delakoz.
“Zer moduz?”.
“Ongi hemen, bueltaxka, badakizu igande arratsaldea eta bakarrik...”.
Zeharka begiratu dio, eta erabaki, denbora pasatua bada ere, Oskarrek hantxe dituela giharrak, oraindik tenk.
“Zer moduz, Sevillatik Bilbora egokitzen?”.
“Ongi” erantzun du Oskarrek.
Larritasuna nabari zaie biei ala biei, inguruan dauzkaten gizonen aukerak berak elkarrizketa haren zentzua deuseztaturik, denbora galtzearen kontzientzia areagotu eta esan dezaketen guztia hutsaltzen duela.
“Gero nahi baduzu... elkar gaitezke?” Josebak esan eta gaizki ulertua sor dezake; hobe, geroz, “Gero nahi baduzu... zerbait har dezakegu?”; baina, badaki, saunan norbera bere kaxa aritzen dela, gorputzek eta zirriek markaturiko erritmora eta, zentzu horretan, elkarrekin hiruko bat egiteko bere proposamenari Axik ukoarekin erantzun zion ukoa —argi utzi zion San Frantziskokoaren ondoren sinaturiko itunak— arrazoizkoa izan zela.
Oskarrek korridorean aurrera egin du alde egitean bizkarra laztantzen diola. Eta, orduan ohartu da, bat-batean, beti izan duela gustuko baina ez duela inoiz jakin Oskarrekiko duen abegikortasun ireki horren arrazoia haren gorputzarekiko erakargarritasuna dela (“Bai, bai” aitatuko zion Axik inguruan izan balu, “baina behar zintuenean bizkarra eman zenion hemengo kazetaritzan asmaturiko distantziakidetasuna deitzen den kontzeptua aitzakia”), zeina, eboluzioaren milurteko garapenari jarraiki, aldakaren aurreratze ρimiρoan nabari baita, edo besoen igurzte ezustezkoan, edo ninien handitzean, hau da, ekaitz kimiko itzelak eragindako aldaketa txikietan.
Gizonak bere ingurutik iragaten badira ere, ez du inor gustukorik aurkitzen eta badaki, gainera, airean dabilen larridurak ia ezinezko egingo duela zerbait gustuko lortzea desioaren atzentzearen atzentzez.
Gela ilun handian sartu da. Ez da ia ezer ikusten. Gorputz samalda sumatu du erdiko ohe-koltxonetaren gainean. Eskua sartu du eta zakil bat ukitu. Badaki ez dela hura nahi duena, badaki gerora damutuko dela, badaki... —ergela da gogoeta horrenbeste urte ondoren— Axi traizionatzen ari dela, “Aukera ezazu norbait, eta jo ezazu larrua harekin fundamentuz, mele horretan sartu beharrean” esaten irudikatu du. Gutxi iraun du korritu denerako, baina gorputzen katetik askatu eta dutxarantz jo duenean onartu behar izan du une batez bada ere, ahaztu egin duela Axi eta gertatzen ari zaiona —zaiena—; ahaztu azkeneko zortzi hilabeteak; ahaztu bere burua, ahaztu gero eta tenkorrago iltzatzen ari zaion deliberoa.
Takilletara bidean taberna paretik iragaterakoan Oskar ikusi du barran, bakarrik.
Irribarre egin dio hurbildu ahala.
“Zer? Egin dituzu egin beharrekoak?”.
Joseba lotsatu egin da. Baiezko arin bat egin dio, eta gero eskua altxatu du airean tabernatik harantzakoa mundu urrun bat bilakatu eta aienatu nahiko balu bezala.
“Eta zuk?”.
“Ez nuen gogorik. Etxean bakarrik nengoelako etorri naiz. Behin hemen ohartu naiz ez dudala larrua jotzeko gogorik”.
Marika batek berez nonahi —bereziki han— beti larrua jotzeko ustezko betebeharrari traizioa eginagatiko desenkusa tonua susmatzea iruditu zaio Josebari.
“Dena ez da sexua”.
Gorritu egin da leku komunaz eta berehala galdetu dio:
“Zer moduz zabiltza?”.
“Hainbestean. Nire bikotekidea... bueno, kontatu nizuen hura... bikotekide ohiak... buruaz beste egin du eta...”.
“Baina nola?”.
“Gaixorik zegoen. Esan nizuen. Baina ez dut horretaz hitz egin nahi”.
“Eta zuek? Segitzen duzu oraindik Asierrekin?”.
Ez daki ezer! Nola jakingo du ez baitute harreman sozialak deitzen diren horien artean eremu komunik.
Egon da, hark bezala, ez dut horretaz hitz egin nahi esateko, bere burua bridatu eta barnera begiratuz eusteko, Axi Axi zenekotan bezala portatzeko; ezer esan ez, eta beharbadako haien arteko erakargarritasunari bide emateko, baina banan-banan —batere utzi gabe— aletu dizkio gupidarik gabe istripua, gerokoak, neurologoa, tristura, errabia, haserrea, dolua, nora eza, lana uztea... Dena. Iruρeko Udalak ukatu dien igogailuaren baimena barne. Mendeku arrastoak nabaritu ditu.