Poz aldrebesa
Poz aldrebesa
2017, nobela
424 orrialde
978-84-92468-94-2
Azaleko irudia: Txuspo Poyo
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

18

 

Axi Jarautako etxeko eskaileretatik behera bideratu, garajean sarrarazi eta eserarazi ondoren arretaz bete du maletatokia. Autoan sartu eta eseri denean neurologo andreak gomendaturiko ted hitzaldiaren grabaketa sartu du cd irakurgailuan. Ez hobetzera, egin beharrekoa egingo du baina lehendabizi...

      “Berriz ere zure oroimenari buruzko hitzaldia entzungo dugu, Axi; aber zeozer ikasten dugun!”. Eta botoiari sakatu dio. Leun aireratu dira Vivian Sara neurologo britainiarraren hitzak bozgorailuetatik autobiderakoa egiten duten bitartean.

      “Zer gogoratzen dugu? Nola funtzionatzen du oroimenak? Zein da oroimenaren euskarri biologikoa eta emozionala? Oroimenak ez du bakarrik oroiturikoa gordetzen, oroiturikoarekin loturiko sentimendu, emozio eta egoerak ere gordetzen ditu. Are gehiago, gogoratzen dugun aldiro une horretan gertatzen ari zaigunarekin lotzen dugu gogoraturikoa oroitzapena etengabe berreginez eta aldatuz”.

      Gogoak aurreko egunean Begoñak hots egin zion unera egin dio hegan. Ausaz ailegatu zela egunkarira azaldu zionean haren begirada ironikoa irudikatu zuen, nahiz eta istripua gertatu zenetik Begoñaren ironia ironiatxoa baino ez izan, bai baitzekien bera ez zegoela txorrada askotarako.

      Huffington Post-eko tarota orduan?” bota zion Begoñak.

      Ze ostia! Sorginarengana joateak etorkizuna argituko dio. Hark dena du aldeko. Gasteizen ari da lanean Kultura Sustatzeko zuzendari, egunero itzultzen da Bilbora, eta emakumeek ohi duten naturaltasunez amore emana dio, 47 urterekin, bere hitzetan “amodioa deitzen diogun zera absurdo horri”, Cruz Marirena gogoan pentsatu du Josebak. Inoiz esatera ausartu ez bazaio ere Kultura Sustatzeko zuzendari izatearen botereak —zein idazle itzuli, zein film promozionatu, zein bertsolarirekin haserretu, nora bideratu diruak eta nola, nori agindu infernua, nor igo zerura—, kilika egiten dio gizon batek sekula eginen ez dion moduan, Begoñaren baitan dominatrix bat baitago gordeta, larru eta zigor, eta horregatik, bakarrik dominatrix bat egon daitekeen moduan egon izan da grinaturik eta engantxaturik sufriarazi baino egiten ez zion gizon ezkonduarekin. Baina azkeneko urteetan, Cruz Marirekin hamabost urteko aldikako harremana utzi ondotik askatua dirudi, lasaitua, eta lanean buru-belarri.

      Axi isil-isil doa cdaren marmarraren magalean aterpeturik. “...Eta gaur egun bi oroimen mota desberdintzen dira, hau da, lehendabizikoa, epe motzeko oroimena; bigarrena epe luzekoa. Gainera, hainbat adituk uste du bat zein bestea gordetzeko sistemak desberdinak direla, alegia, garunaren baliabide, egitura eta zirkuitu neuronal desberdinak erabiltzen ditugula. Epe motzeko oroimena ohar koaderno baten antzekoa da, une batez gordetzen ditugu bertako oroitzapenak”, entzun da Vivian Sara neurologoaren ahotsa autoko airean.

      “Kartak aukeratu eta karta bakoitzaren arabera etorkizuna esaten dizu” argudiatu ziola akordatu da Joseba.

      Aurresan izango da” entzun zuen Begoña aurikularretik.

      “Bai, aurresan”. Eta bera ere botatzera zihoanaren absurdoaz jabeturik ironia eransten saiatu zen hitzei. “Maitaleak agertu zaizkit. Maitasuna agertuko omen zait, ustekabean”.

      “Nor da?” galdetu zuen orduan Axik.

      Josebak aurikularra estali eta “Begoña” erantzun zion. Josebak uste izan zuen Axik beharbada telefonoa eskatuko ziola eta Begoñarekin mintzatzen saiatuko zela, gabon esango ziola-edo, baina Axik baiezko keinu bat egin eta telebistara itzuli zituen begiak. Duela hilabete pare bateko Axi huraxe beraxe du ondoan, Axi sor hau, bere baitako gogoetara bildua emanagatik, hustasuna baino adierazi ezin duen Axi hauxe, Iruñeko bideberri desertuak ispilu egiten diola.

      “Baina ze da, programa bat, orrialde bat?” galdetu zion Begok.

      “Esan dizut, Huffington Post egunkariaren halako programatxo bat, sakatu eta tarota esaten dizu Emakume eder bat agertuko omen zait bizitzan; adiskidantza egingo omen dugu, eta beharbada amodio istorio bat ere bai”, uste du erantzun ziola.

      “Beste maitasun istorio bat?” galdetu zion Begoñaren ahots urrunak, “zuk Axi ez daukazu ba?”.

      Bazekien arrazoirik gabe zihoala haserretzera baina hala ere ezin izan zion eutsi.

      “Zer esan nahi duzu, ezin dudala beste bikote bat osatu? Hau utzi eta beste bikote bat?”.

      Akordatu da berehala ohartu zela Begoña harri eta zur zegoela baina harridurak berak eta injustua izatearen plazerak bultzaturik eutsi egin zion argudio tenkorrari, ordaina eman nahian Begoñari, bizitzari, munduari. Gainera Axi askatzeko deliberoa hartua dauka, zer ostia.

      Orain, gogoratzean, plazera, nahita injustua izatearen plazera, berritu zaio leihotik so egitean aldiriak atzean utzi, eta Iruñerriko zabalunea begien bistan duela.

      “...Epe motzeko oroimenaren mota bati lan-oroimena deitzen zaio, hau da, lan oroimena ataza bat aurrera eramateko beharrezko informazioa beharrezkoa dugun denboran gordetzeaz arduratzen da. Informazio hori kortexeko hainbat eremutan gordetzen da; eremu horiek atazak irauten duen bitartean izaten dira aktibo. Gero itzali, halaxe esan dezakegu, egiten dira eta gordetako informazioa desagertu egiten da.. Esate baterako, ataza-jarduera hori ustekabean etetean, oroitzapen hori ezabatu egiten da berehala. Halaber, kortexeko hainbat eremuk ekintzak programatu eta informazioa sortu ahala egokitzeko ahalmena dute. Oso garrantzitsua da ezagutza-funtzio hori arrazoitze eta munduaren errepresentaziorako. Izan ere, epe laburreko oroimena —lan oroimena barne— ez da epe luzeko oroimenaren halako aurrekari bat; badira epe motzeko oroimenean arazoak dituzten gaixoak, zeinek ez baitute galdu epe luzeko oroimenak grabatzeko ahalmena. Epe luzeko oroimenek beste eremu eta bide batzuk hartzen dituzte, eta urteak ugari ere behar izaten dituzte gogoan betiko gelditzeko, horrela hitz egin badaiteke”.

      “Ez dut esan nahi izan beste bikotekiderik ezin duzula hartu...” bota zion Begoñak telefonoaren beste aldetik.

      “...Nik Axi edozein unetan utz dezaket; ez dut utziko maite dudalakoz oraindik, baina esan dit psikologoak, Padre Ligeti erietxean ere esan didate... ez daukat hari loturik bizi beharrik, aukeratu egin nuen, duela 19 urtetik gora egiten du jada, baina nahi dudanean utz dezaket”.

      “Nik ere utz zaitzaket zu, notejode!” garrasi egin zion Axik.

      Begoña irudikatu zuen. Seguru ez zekiela zer egin telefonoarekin, hura zenarekin.

      Aurikularra estali zuen eskuarekin. “Adarra jotzen ari naiz, maitea!”. Eta laztandu egin zuen. Axik mortu so egin zion esandakoa ahazturik.

      “Epe luzeko bi oroimen mota daude: inplizitua eta esplizitua.

      ”Oroimen inplizituak zerbait ikasi denean ikasitako hori berritzeko beharrezko informazioa eskuragarri paratzea du funtzio; hala ere, informazio hori ez da kontzientea.

      ”Esplizituak, aldiz, bi alderdi hartzen ditu: oroimen semantikoa, ezagutza eta egitate orokorrei dagokiena; eta gertakarien oroimena, zeina norberaren gertakariez osaturik baitago. Esaterako, ez dakit ba... Rothkoren koadro laranja hori moman dagoela gogoratzean oroimen semantikoa erabiltzen ari gara, aldiz, gurekin zegoen pertsonak paratu zuen harridura, gaizki ulertu bisaia, adarjotze aurpegia, eta gerok nabaritu genuena, eta arte modernoari buruz egin genituen komentarioak —zer arte modernoa ulertzeko modernoa izan beharra dago, ez?—”.

      Vivian Sarak eten luzea egin du publikoaren irriak esperatuz baina jendeak ez du barre egin eta txiste-nahia ezinean gelditu da.

      “Komentario horiek gogoratzeko gertakarien oroimena erabiltzen da. Oroimena, beraz, hainbat sistema ezberdinez osaturik dago; eta baldintza normaletan sistema horiek estuki egiten dute lan elkarrekin: gertakari bakoitzaren oroimena alderdi ezberdinez osaturik dago. Hala garunaren eremu desberdinak informazioaren alderdi bakoitzarekin aritzen dira, eta ezagutza modu ezberdinekin gogoratzen dute, baina gero oroimen osoa gogoratzeko eremu desberdin horiek konektatu egiten dira”.

      “Bueno, utz dezagun —gogoratu du laburtu ziola modu desatseginean—. Kontua da gero Tarotean Dama Andrea atera zaidala. Emakume bat garrantzitsua bilakatuko da nire bizitzan. Uzten badiot, nonbait, gain hartuko dit. Haren eraginarekiko oreka bilatzea omen da kontua. Eta azkenik, Indarra. Adorea, energia, indarraren karta. Beharko dut. Zer iruditzen zaizu?”.

      Begoña neurtzen nabaritu zuen, arestiko haserrealdiaren txingarra baretu ote zen neurtzen.

      “Bilbon kartak botatzen dituen sorgin bat dago eta harengana joango naiz”.

      Akordatu da erronkaz bota ziola, zerbait aurpegiratzen arituko balitzaio bezala, bestearen iritzi beharbada arbuiozkoari, edo zalantzazkoari osatzeko ere leku utzi gabe.

      “Ondo” entzun zuenean sutu aldiak hartu zuen atzera.

      “Ondo” hori zen esan zion bakarra, “ondo”. Ez, Begoñari zegokiona zera zen: “Zertan ari zara ergelkeriatan?” edo “you are fooling yourself!” edo “nobela batean ageri da halako pertsonaia bat...” edo “Lakuan ere badago horrelako txorradetan sinesten duen lankide bat” edo “film batean ageri da horrelakoren bat” edo “ez zaitut ulertzen”. “Ondo”. Besterik ez. Beti iruditu zaio suge bat, gauzak erdizka esanda beste erdiaren anbiguotasunari etekina ateratzen dakien horietakoa dela, bai bizitza pertsonalean —behin baino ez zuten urte haietan guztietan Axirekin Begoñaz hitz egin, batez ere, Axik nahi izan ez zuelakoz— bai bizitza profesionalean, non sugearen sigi-sagak eginez bukatu baitu Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan.

      Damutu egin zitzaion pentsatutakoa. Nondik datorkio gorroto hau guztia? Begoña nahiz eta Axiren adiskideago izan, bere adiskide mina ere bada; askotan gainera aldarrikatu gabeko hirukotea izan dira, gehiagotan Axi eta Begoña gehi Joseba; baina beste batzuetan Begoña eta Joseba gehi Axi; eta dexentetan Axi eta Joseba gehi bikotearen aringarria: Begoña. Injustua izaten ari da. Injustua, hori da hitza, injustua aurreko eguneko telefono elkarrizketan, injustua orain, bolantea eskutan gogoratzearekin gorrotoa berritu zaiola.

      “Ez didazu ezer gehiago esango?” leundu zitzaion.

      “Zer esango dizut, my friend?”.

      Gorroto du noiznahi ingelesezko esaldiak botatzeko ohitura nazkantea.

      “Muñoz Eugik gomendatu dit. Bera joana omen da, zuk subentzioa ukatu diozun film proiektuaren etorkizuna iragartzeko. Lotsarik gabe aitortu dit”.

      “Ezin beste bat izan: Muñoz Eugi. Nik ez diot horri subentziorik ukatu. Beste batzuek erabakitzen dituzte gauza horiek. Baina utz dezagun. Esango didazu”.

      Hemen, orain, hemen orain, Landerrek eta Guillermok esaten dioten moduan. Josebak leihoko paisaiari erreparatu dio. Batzuetan Axi ondoan dagoela ere ahazteak beldurtu egiten du. Kapsula batean doa, doaz, Sakanako paisaia urdin-berdexka ikusi aurretik intuitzen hasiak oroimenaren deskribapenen metafora egiten duela. 20 kilometrotan-edo Lekunberrira ailegatuko dira, eta gero atzean utziko dute.

      “Gaur egun ez da uste oroimena endoneuronala denik —alegia neuronaren baitan, barnean gertatzen den zerbait—, ez eta badenik ere halako kode kimiko bat, oroimen molekula bat-edo. Neurona bat sare itzel bateko partaide da eta hainbat saretan parte hartzen du eta sareek hainbat eremutan parte hartzen dute. Hortaz, oroimena neurona sareen jarduera aldaerak baino ez dira, eta horrela oroitzapen bakoitzari sare horretan konektaturiko jarduera espazio-tenporal bakar eta propioa dagokio. Oroitzapen batean, beraz, pentsa ezazue nahi duzuen oroitzapenetan, gertaturiko unean gertatu ziren konexio neuronalek osaturiko sarea berregiten duzue gogoratzen duzuen aldiro, eta, berriro gordetzen konexio sare hori gogoratzean uneari erantsitako emozio eta sentimenduekin. Beraz, zuek bizitzako oroitzapenak gogoratzen dituzuen aldiro aldatu egiten dira, edertu asko; itsustu, beste asko”.

      Orduan, Axik, oroimen anterogradoaren galerarekin, istripu aurretik gogoratzen dituenak ez ditu berriturik gordetzen baizik eta gertatu zirenean, edo azkenekoz gogoratu zituenean gorde zituen moduan? Eta, bestalde —ezinegona eragin dio gogoetak— ezin du oroimen luzeak oroimen laburra, Axik faltan duena, ordezkatu, eta horrela hilik dituen hipokanpoko —hori konprenitu zion behintzat Carmen neurologo andreari— neuronen gabezia beste sistema eta zirkuitu batzuekin ordezkatu?

      Lekunberriko eliz dorrearen boladun pilarexkak agertu zaizkio maldan behera egin duenean. Bertan egongo da Pili, koinata-edo; eta haren lagunak: Harakin, eta handiturik daukan seme Down sindromeduna; haren andre ohia, Estibalitz; eta osaba Jose, bizirik dagoen aitaren senide bakarra. Lekunberri, herri hori, pentsatu du aitarekin izan zuen harreman gatazkatsuak gogoa iluntzen diola.

      “Beraz hartu nahi duzuen gertakaria, demagun, Rothkoren koadro horren ondoan” jarraitu du neurobiologo britainiarrak, “norbait maite zaitut esaten ari zaizuen lehenengo aldia, esaterako”. Orduan, hor zaudete, koadro abstraktuz inguraturik, areto hutsean, aurrean zuen maiteak, belaunikaturik, “maite zaitut” dioela. Horren hunkitzen zaituzte aitorpenak, esperientzia hori gordetzen hasten da. Sentitzen duzuena milioika neurona sinapsi dira, deskarga elektrikoez osatuak, eta sinapsi horiek sare bat osatzen dute.

      Eutsi pixka bat orain. Eutsi, norbait “maite zaitut” esaten ari zaizue. Zuen garunean atzera-aurrera, gora-behera, joan-etorrian dabiltza azetilkolina, dopamina, azido gama-aminobutirikoa, norepinedrina, serotonina, oxitozina, neurofisina 1, neurofisina 2, neurofisina 3, enkefalina, sekretina, basopresina, tiramina, histamina, melatonina, glutamatoa eta abar. Hortxe dantza eta dantza. Neurona aurresinaptikoak neurotransmisore horiek askatu, espazio sinaptikoan proteinekin lotu, eta elektrikoki kargatzen direnez, neurona postsinaptikoa eta kanpoko espazio intersinaptikoaren artean gertatzen den karga elektrikoaren desberdintasunak eragiten du neurona postsinaptikoaren mintzako kanalak ireki eta inpultso elektrikoa neuronan barneratu eta hurrengo neuronarantz abiatzea.

      Maite zaitut. Asko hunkitu zaituzte aitorpen horrek eta, asko hunkitu zaituztenez, milioika sinapsi kopuru jakin eta zehatz horrek badauka sendotzeko aukera; beharbada desagertu egingo da, izan ere, maite zaitut esan dizuen hori, bizitza modernoan gertatzen den moduan, hurrengo egunean zuen bizitzatik desagertu, eta bere “maite zaitut” horren esperientziaren milaka sinapsiz osaturiko inpultso elektriko horrek indarra galduko du eta ez duzue gogoratuko; edo zuen maitalearen alde egiteak bihotza hautsiko dizue eta konexio sare hori irmotzen joango da eta oroitzapen bilakatzen, aldiro-aldiro, glutamatoa egotziko duzue espazio sinaptikora, glutamatoa proteinekin elkartuko da, neurona postsinaptikoaren mintza irekiko da, inpultso elektrikoa iragango da neurona barnera eta horrela milioika eta milioika aldiz oroitzapena osatzen duen sarea osatuko duzue, hara, oroitzapena!; eta berriz ere gorde egingo duzue gogoratzearen uneko emozio eta sentimenduarekin uztarturik. Edo eman dezagun maitasun istorio batzuk ongi bukatzen direla, berdin egingo duzue, baina, “maite zaitut” hori glutamatoarekin lotzeaz gain —oroimena izan dadin beharrezkoa da— dopaminarekin lotuko duzue, edo oxitozinarekin”.

      Josebari Oskar etorri zaio gogora, edo Bego eta Cruz Mariren istorio kiribil nahasia. Eta gero berea, dopamina eta oxitozinez blai, istripuak eragindako serotoninaren maila baxuagatik eta neuronadrenalinagatik ez balitz. Beno, beharbada hemendik aurrera berdin izango da, gauzak ez badira zuzentzen deliberoa hartua dagoelakoz.

      Zergatik ez du gogoratzen Axik? Hizlariak ez du azaltzen, eta interesa gorabehera ez daki zergatik gomendatu zion ted hitzaldi hori Axiren neurologoak.

      Oroimena hori bada, gogoratu aldiko noizbait gertaturiko inpultso elektrikoa birsortzea, aitatu behar dio Landerri ez baitu aipatzen Dolutan filmaren prentsarako txostena erredaktatzeko eman zizkion ideia multzoan. “Egoera traumatiko batean hildako baten dolua egitean, orduan” jarraitu du Vivian Sarak, “egoera eta galdutakoa gogoratzen den aldiro, oroitzapena traumak eragindako bestelako emozio eta sentimenduekin gordetzean datza gakoa, horrela traumaren trauma gutxituz. Dolua, azken finean, hildakoaren gabeziak eragindako mina beste modu batez gordetzea da. Dolua oroimen arazo bat da, eta ez uste izaten den moduan, denborak oroitzapena ezabatzen duelakoz, baizik eta gordetzen den bakoitzean gordetzeko unea inguratzen duten emozio ez-traumatikoez atxikirik birgordetzen delakoz. Nonbait, halaxe uste dute adituek —ez dago esan beharrik, ni ez naiz aditua—”. Vivian Sarak adarjotzearen irria itxoin du une batez, baina gero aurrera jarraitu du entzuleei esandakoaren grazia neurtzeko denborarik eman gabe, eta, beharbada horregatik, berandu baina irriak entzun ditu Josebak. Bilbo hiria zuloan ageri da. Nola egin ditu Lekunberri Aranaztik honainoko kilometroak gidatzen ari dela ohartu gabe? Axiri ere erreparatu gabe? Egun berunkararen argietara. Auto ilara batek Miraflores bidean asteburu askotan gertaturikoa ekarri dio gogora, sarrera honetan bertan hainbatetan gelditu eta atrapatuta sentitu denekoa, Axi ikustera etortzen zen aldietan.

      “Axi, ongi zaude?”.

      Ez dio erantzun. Zeharka erreparatu dio Josebari. Zer gertatu zaio? Urtebetean, hura gertatu zenetik, errabia eman dio eufemismoak, hura, istripua, bihotzekoa, hitz batean putada galant hura, kabroikeria hura, bizitza injustua deneko kontzientzia hartze bat-bateko hura, bizimodua eta bizitza erabat arroztu zaio. Bere lagunak, esaterako Bego, Lander, Txato, hortxe daude, bixi-bixi. Axi berrogei urte zahartu da, ez istripua gertatu zaionetik —ez zaizkio zimurrak egin, aurpegia leun-leuna du, ez zaizkio hazpegiak sortu, edo sudurra zorroztu—. Ez daki non irakurriari —berrogeiak arte gorputzak eusten dio buruari, berrogeietatik aurrera buruak gorputzari— egiazkoa irizten hasi zaio Joseba; eta Axi ez dela osatuko jabetu denetik halako ahulezia bat nabaritzen dio, gazteegi etorritako zahartzaroaren aztarna moduko bat.

      Zenbat zahartu den galdetu du bere artean. Erretrobisorea bilatu du eta aurpegia ukitu du edadearen aztarnak eskuaz nabaritzeko.

      “Beraz itzul gaitezen hasierara: Zer gogoratzen dugu? Esan beharko genuke gogoratzea gogoratzen dugula une bateko sare neuronala etengabe berreginez.. Eta hor gure kontzientziari erreferentzia egin beharko genioke. Ramachandran neurologoarentzat kontzientzia sortuko da hominizazio garaian, non hainbat garun-egiturak garatutako irudikapen sentsorialak metairudikapen bilakatuko baitira, alegia, irudikapen sentsorial hutsak ekoitzi beharrean garunak irudikapen horien irudikapenak sortu zituen, oroimenak oroitzapenen oroitzapenak sortzen dituen moduan. Horrek pentsamendu sinbolikoa sortuko du, eta hortik lengoaia eta abar. Beraz, kontzientzia, oroimena barne, irudikapen baten irudikapena da. Gainera, irudikapen horrek 40 Hzko iraupena du alegia, aktibitate elektrikoaren zikloa 40 aldiz errepikatzen da segundoko. Demagun paseatzen ari garela, aktibitate elektrikoaren zikloak jarraituko luke etengabe, baina, halako batean txakur baten zaunka entzuten dugu. Arriskua! Zikloa berriz hasiko da, orduan. Zaunka bakarra. Ez dago arriskurik. Has dezagun paseoaz gozatzeko 40 Hzko zikloa. Norbaitek maite zaituzte, bizitza ederra da”.

      Axi Landerrekin utzi ondoren La Peña auzora abiatu da Urazurrutia kalean barna. Andrea euskalduna da; esoterikoegia; oihal horiz estalitako mahai kamilla batean eserarazi ondoren bota dizkio kartak; errezelak ilunak dira eta dena dago argitzaletan, estereotipatuki magiazkoa ematen duen eszenatokian: belusezko sofa, alfonbra iluna, egurrezko zorua, sutondoa kandela piztuz betea; itxura emango zukeela pentsatu du La Peñako hirurogeiko hamarkadako pisu arrunt eta itsusi bat izan ez balitz.

      Nahi duenean kontzentratzeko eskatu dio. Eta gero ezker ala eskuin aukeratzeko. Eta ezker aukeratu ahala gogora etorri zaio ehgamekoekin Bilbora zerbitzatzera etorri zireneko batean Txoko Landan inork ez zuela lurra lehortu nahi —oso berandu zen eta mongiak jan zituzten— eta zenbakitara jokatu zuten. Txatok —orduan ez zuen hainbeste ezagutzen— berehala igarri zion bukaeran biak gelditu zirenean bakoitia aukeratuko zuela, eta hiru esan eta asmatu zuen. Durduzaturik aritu zen zorua fregatzen besteek zerbeza bana eskuan, atarian itxoiten zuten bitartean. Nola asmatu zuen? Baina batez ere nola jakin zezakeen Txatok berak ordura arte jakin ez zuen zerbait, alegia, bakoitien zaleago dela bikoitiena baino? Bakoitiak berdin ezkerra, ezkerra berdin aldrebesa.

      Bere ondoko bati zerbait larria gertatu zaiola esanez hasi da Paqui. “Istripu bat” gehitu du bokaletan zezelka eginez. “Grabea. Eta orain zuk kargu egin behar duzu. Eta nekeza egiten ari zaizu. Zure... ahaidea”, zalantza egin du, “ahaidea da, ezta?... Pixkanaka-pixkanaka hobetuko da, berera itzuli arte”.

      Josebari zenbat denboran galdetzekoa egin zaio baina iruditu zaio pagatutakoak ez dituela epeak bermatzen, kobratuko dion dirua —berrogei euro— horrenbeste xehetasunekin igartzeko nahikoa ez balitz bezala.

      Gero kartetan igarri ezin den zerbait —“Gizakume bat ematen du” gehitu du, “baina beharbada emakumea da”— badela aitatu dio, etorkizunean gertatzear dagoen zerbait baina iraganetik datorrena.

      Joseba azken boladan gertaturikoak arakatzen saiatu bada ere ezin du Axiren istripuaz harantz ezer irudikatu, gogoa egun malaparteko hartan gertaturikoan katramilaturik baitauka.

      “Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu” bota dio, Josebaren harridurarako, amak erabiltzen zuen erranairua oihalez estalitako mahai gainera ekarriz.

      Josebak galdetu dio zer esan nahi duen horrek, eta Paquik erantzun dio ez dakiela, badakiela iraganean gertaturiko zerbaitek etorkizuna “ilunduko deutsula”; sorbaldak jaso ditu Paquik eta karten interpretazioa ez dela zehatza eta batzuetan ez dela jakiten kartek zer dioten, “baina kartek diñotena diñote, bestela da geuk ezin esana”.

      Josebak zalantza egin du berriz ere Axiri buruzkoa galdetzea matraka izango ote den baina prezioa egin zaio gogoan, eta oraingoan baiezkoa erabaki du: “Eta orduan nire ahaidea osatuko da?”.

      Paquik baiezko keinua egin dio, eta baietz erantzun dio, pixkanaka osatuko dela, baina Josebari iruditu zaio oraingoan ez duela arestiko ziurtasuna eta sendotasuna erakutsi “bai” horretan, zalantza arrasto bat igar daitekeela azkeneko “i”an, baiezkoa ahoskatzea baiezkoa sinesteko prozesuaren baitakoa balitz bezala, “ia-ia ekintza performatibo baten moduan”.

      “Bai-bai”.

      Eta hirugarren aldian entzun duenean Joseba lasaiago gelditu da, Paquik kartak bildu, kutxa batean sartu eta so gelditu zaionean.

      “Dena konponduko da”. Isiltasuna, ia tarte teatral bat. Errezel ilunak, argitzalak, mahai kamillaren oihala, Paqui bera, kanpoan emakume arrunta emanen lukeena, pitonisa bihurturik.

      La Peñako parketik Zazpi Kaleetara hartu duenean etorkizuna idatzita nola egon daitekeen pentsatu du. Idatzita baldin badago leku gutxi dago kontingentziarendako, eta patua noizbait botarik, hura betetzea baino ez da gelditzen. Orduan Paqui bezalakoek badute patuaren mamira ailegatu, arakatu eta ikusteko modurik. Pentsatu ahala txorrada galanta iruditu zaio norbaitek —unibertsoaren jaunak— ororen ibilbidea idatzia izatea... ez dago lekurik borrokarako —borrokak beti du helburu bat— borroka bera ez bada, edo atzetik eragindako herra baten ondorio; nahiago du kontingentzia, etorkizun irekia izatea, eta hainbat gauza ez gertatzeko orainean hainbat neurri hartzea. Hartu zituen neurriak Axik? Ez. Esan zion behin baino gehiagotan gehiago zaindu behar zuela kolesterolari neurrian eusteko, eta Axik barre egiten zion. Elkarrekin haserre hiltzea ere, ez zen patu kontu bat baizik eta aspalditxotik zekarten giro gogogabetuaren ondorio. Hala kontingentziaren kontra pelea egin daiteke, eta ekidin ezin bada, bezatu. Eta gainera, kontzientzia eta oroimena berritzearen berritzea baldin badira nola asma daiteke patua? “Ez da egia” aditu du bere baitan. Paquiren ahotsez, nahiz eta gero Begorena dela iruditu. Bego. La Lista. Adiskidantza ke seinaleen jolasa baino ez da. Nahi duenean utz zezakeen Axi baina ez du utziko, baizik eta azken froga ez badu gainditzen, askatuko. Ez du utziko, ez du gibelik. Baina beste irtenbidea, beharbada. Paquik agindu dio hobetu egingo dela Axi.