Poz aldrebesa
Poz aldrebesa
2017, nobela
424 orrialde
978-84-92468-94-2
Azaleko irudia: Txuspo Poyo
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

8

 

Gizona izatea gustatu egin zaio. Maya kaleko bulegora sartu denean —Iruρeko Zabalguneko pisu oparo eta argitsu horietako bat da—, zorrozki so egin dio Guillermo Echegaray psikologoak, soraio, begiratu bakarrean gertatzen ari zaion guztiaz jabetu ondoren, keinu nabarigaitz batez silloi gorria seinalaturik, azterketaren diagnostikoa hitz bakarrean ahoskatu eta konponbidea braust batean aurkitzera balihoa bezala iruditu zaio Josebari.

      “Konponbidea braust batean aurkitzera balihoa bezala”. Horixe da. Konpontzera. Horixe esango dio lehendabizi, erietxeetara, neurologoarengana, hematologoarengana, kardiologoarengana, Landerrengana, Begorengana (urrun nabari zituen) jotzen duela elkarrizketa bila, haien izate hutsak, magiaz edo, Axiren neuronak sinapsiak egitera behartu eta dena “konpontzen dela”: glutamatoa, sare neuronalak, karbono ion kanalak, hipokanpoa, boltaje aldaketak, neurologo andreak gomendatu zion ted hitzaldi horretan ageri zen moduan. Eta, gero, elkarrizketa salbagarri —ironia du izenondoak— horiek bukatu, begiak kliskatu eta berriz ireki ondoren, Axirengan falta den zera zehazgaitz hori —oroimen gabeziaz harantz konszientzia hankamotza, norbera egiten duena, alegia— oraindik faltan duela ohartzen denean, herra, gorrotoa, haserrea erraiak erretzen.

      Psikologoaren begirada zelatariaren pean esertzean, arnasa sakon hartu eta ez zaio gehiegi axola izan —beste egoera batean arnasa sakon hartzeko keinu automatikoa, begiak zirrituz begira ari zaiola kontziente egiteko ahalegina, intimitate urraketa irudituko zitzaion—, intimitatea biluztera etorri dela aitortu baitio bere buruari.

      “Esan bezala, Lander Lauzirikak... Harekin egin ditut hiruzpalau saio baina lagunak garenez... zuregana bideratu nau”.

      Baiezko keinu nabariezin bat egin du Echegaray psikologoak.

      “Zergatik zaude hemen?”.

      Eta Josebak banan-banan aletu dizkio: elkarrekin ongi konpontzen ziren bikotea, bi hiritan bizitzearen aldizkakotasunak berritasunaren eta errutinaren artean kulunkarazi izan dituela; urteetako harremanaren kuxintasuna; noizbait ere, atzera berriz ere elkarrekin biziko zirelako esperantza; “Amodioa” aitortu dio ahotsa sendotuz aipatzeke utzirik bikote irekiarena eta, aspaldi, oso aspaldi izan zuten uztea; eta Axiren bihotzekoa, eta oroimen galera, eta infernuan daramatzan —“Badut adorea” esan dio gazteleraz— sei hilabeteak; Landerrekin izan dituen hiru saioak eta hark adierazitakoa: dolutan dagoela, “ez Axi osoagatik, baizik eta Axiri falta zaion zera deskribaezin horrengatik”.

      “Eta zer da zera deskribaezin hori, zure ustez?” bota dio psikologoak, “eta nola sentitzen zara zera deskribaezin hori galdu duzulako?”.

      “Ez da oroimena. Esan nahi dut, Axik galdu duena oroimena da, ikusi eta handik segundo batera ez zaitu gogoratzen, orain pixka bat hobetu du eta hamar minutuko tarteetan-edo gogoratu egiten du. Ez da Axi, baina Axi da”.

      Isildu egin da. Zuhaitzen kukulak leihotik kanpora.

      “Dena dela, neurologoak agindu dit oraindik errekuperatuko duela... beharbada oroimen guztia”.

      Psikologoak Axik oroimena berreskuratuko duelakoaz gehiegi ez arduratzeaz gain, Axiren egoera orokorraz kezkarik apurrena erakutsi ez izanak zapuztu egin du Joseba.

      “Eta zu, nola sentitzen zara?” errepikatu dio.

      Eta Josebak azken sei hilabeteetan atonduriko narrazioari ekin dio zeina errepikatzearen errepikatzez xehetasunez beztitzen, tentsio uneekin interesa sortzen, entzulearen arabera doitzen joan baita harik eta jazotakoa gertakarien eremu krudeletik urrundu eta narrazioaren erresuma min gabekoagoan kokatu arte. Baina gertakariek min egiten diote oraindik ere, nahiz eta kontatzean onartu halako plazer morboso bat sortzen diotela, hondo-hondoan, autoerrukiaren maskara dela dakiena.

      “Ez dizut eskatu gauzak nola gertatu ziren azaltzeko. Ikusten dut egina duzula errelato bat —gauza normala bestalde—” egin dio arrapostu, azkeneko bestalde hitzean Josebari zergatik jakin gabe dardara eragin dion azpimarra eginez, “baizik eta nola sentitzen zaren!”.

      Soraio gelditu zaio. Nabari da isiltasunei —negarrei, are lantuei— eustera ohiturik dagoela.

      “Gorrotoa” bota du Josebak.

      Ez du une luze batez ezer gehiago esan eta gero gehitu du:

      “Bizitza injustua da. Eta gero tarteka tristura... sakon-sakona. Landerrek esan dit fase hauetatik iragango naizela: hasieran ukazioa, gero gorrotoa, gero tristura, gero etsipena eta azkenean bizitza berri bat hasiko dudala. Ez dakit, fase horietatik iragan behar dudala, baina bizitza berriarena...”.

      “Elisabeth Kόbler-Ross” bota du Guillermo Echegarayk ahots sendo harekin, “ez dut gehiegi sinesten. Ongi jaten al duzu?”.

      Josebak baiezkoa egin dio. Landerrek hasiera-hasieran aipatu zizkiola oinarrizko laurak: ongi jan, ongi lo egin, kirola egin eta entretenitua egon.

      “Bale. Beste fase batean zaude. Orduan zer sentitzen duzu, esadazu...”.

      “Bizitza injustua da. Asko kostatu zaigu genuen bizitza eraikitzea, gure bikote harremana, eta hobekien geundenean... zast... hau etorri da, sega batekin moztuz dena. Bizitza zentzurik gabea iruditzen zait, leku huts bat bezalakoa”.

      Guillermo Echegarayk adierazi dio “dolua egitea” formularen baitan eraiki den “gehiegizko ekina” —kuanto dolua lana izanik, eskema bati jarraiki egin behar—. Lehendabizi, gertatu dena onartu, gero gertatu den horrekiko herra adierazi, sumina, haserrea. Ondoren tristura ala depresioa, eta, azkenik, etsipena, eta gerozkioz galdutakoarekin beste bizitza bat egiten ikasi. “Dolua egitea” esamoldeak ekitea adierazten duen neurrian, itsasontziko kapitainaren irudia sorrarazten diola, baina, beharbada, irudia bera dela okerra, alde batetik, “dolua egiteak” galdutakoari garrantzi gehiegizkoa ematean berean, katakrexia ahuldu beharrean indartu egiten baitu; eta bestetik, zerbait edo norbait galdu izan ondoren ezin baita ezer “egin”; itsas edo ibai metaforarekin jarraituz, korrontearen mende gaude, nahiz eta gure ontziaren zubitik iruditu kontrolean gaudela, ez gaude. “Dolua egin” esamoldeak bizitzaren ikuspuntu protestantea, lehiaren ideia adierazten du, nolabait iradokiz egin egiten dugun neurrian nahi ditugun emaitzak izango ditugula, eta hori doluarekin ez da gertatzen; “Nor naiz ni zu gabe?” edo “zer naiz ni gauza hori gabe?” galderari erantzutea du helburu doluak, eta hori bizi ahala topatu behar den erantzuna da. Eta erantzuna beti da uste ez bezalakoa; beti; beste bat izaten ikasi behar dugulakoz, beste subjektu bat bere bizi baldintza berriak sortu eta iragana berrinterpretaturik.

      Horregatik da trauma ondoko subjektua, bizi baldintza berriak sortu arte bederen, zonbi bat” gehitu du. “Esaterako hori argi ikusten da bikote hausturetan. Bikote harremanaren aurretik batenak zein besterenak ziren adiskideak birenak bilakatzen dira harremanak irauten duen bitartean, baina behin dolua hasita, ez da jakiten —bikotekideek ez dute jakiten— pertsona horiekin adiskide ala ez-adiskide bukatuko duten, dolua egitea korrontean sartzea bezalakoa baita; eta ez dakizu korronteak ibaiaren zein kilometrotan, zein aldetan, ez nola utziko zaituen”.

      Soraio begiratu dio.

      Txato, Lander eta Begoρa etorri zaizkio gogora Josebari. Zein urruti nabari dituen, batez ere, Lander eta Begoρa, istripua gertatu zenetik, zenbait alde aienatuak, ia fantasma.

      “Berriz galdetuko dizut” bota dio Erriberako ukitua duen gazteleraz, “eta zu nola zaude?”.

      “Gaizki nago”.

      “Deskribatuko zenidake zure barne paisaia?”.

      “Ez dakit, natura erre bat ematen du. Dena kiskaldurik dago, ez dago basorik, sasi batzuk daude, eta ikaragarri handia da dena; distantziak itzelak dira, eta hotza egiten du, edo hotza baino gehiago haize hotza, bizkarretik, beti bizkarretik; babesgabe uzten nau”.

      Leihotik begiratu du ataka zailetan baitaratzeko azken urteetan egitearen egitez ohiko bihurtu zaion keinua errepikatuz.

      “Eta gero garrasi egiten dut. Baina inork ez dit entzuten”.

      Munchen Garrasia pinturaren irudia etorri zaio gogora.

      “Munchen Garrasian bezala” aitortu dio.

      Echegarayk baiezkoa egin dio keinu isil batez.

      “Bizitza injustua da”.

      Eta hor utzi du. Leihoa bilatu du berriz ere. “Astebete generaman hitz egin gabe, haserreturik geunden”, bota beharko lioke deblauki.

      “Ez ihes egin. Zure baitara etor zaitez! Eutsi minari, ez ihes egin”.

      Josebak leihoko beiradura bilatu du, eta pentsatu du hortik ez begiratzea nahi ez badu, errezelak paratu beharko lituzkeela “eriei” —bera eria da— baitaratzea, ihes egitea oztopatzeko.

      “Mina. Eutsi. Begira iezaiozu. Behatu. Eta behatu ahala desagertu egingo zaizu. Zenbat aldiz pentsatzen duzu gertatu zaizunaren gainean?”.

      Josebak soraio so egin dio ulertzen ez duela aditzera emanez.

      “Bizitza injustua dela eta gertatu zaizuna izugarria dela... zenbat aldiz pentsatzen duzu ordubetean... bost, hamar, hogei aldiz?”.

      Galderak durduzaturik utzi du Joseba.

      “Demagun hogei aldiz. Zer sentitzen duzu hori pentsatzen duzun bitartean?”.

      “Estura bat bular aldean, arnasa sabel gainean etengo balitzait bezala”.

      Baiezkoa egin dio jarraitzeko agindu moduan.

      “Baina hori lehenago gertatzen zitzaidan gehiago, orain sabelean halako ezinegon bat”.

      “Beldur bat bezala?”.

      “Bai”.

      “Lehendabizikoa: antsia; bigarrena: larrimina. Antsia iragana galtzearen ondorioa da, larrimina etorkizunaren beldurra. Nonbait iragana galdu duzula onartzen hasia zaude eta etorkizunak ematen dizu beldurra. Zerk ematen dizu beldurra?”.

      Galderak iraindu egin du Joseba. Zerk ematen dion beldurra? Notejode! Bere bizitza iraulita, hautsita, papurtuta, txikituta, deseginik gelditu da, eta zerk ematen dion beldurra!? Altxatzekotan egon da baina zerbaitek galarazi egin dio, Guillermo psikologoaren bisaiako imintzio burlati itxurakoak edo eskuaren kokaleku ezustekoak; zerbaitek.

      Eta barrunbeak irakiten hasi bazaizkio ere, eutsi egin dio eta isilik gelditu. Erronka egingo dio. Eta erronka erantzutea denez, azken hilabeteetako poz apurra egin zaio Guillermo planteatzen ari zaion jolas —joko ere esango luke— horretan sartzean. Beharbada horixe da hitza, erronka onartu eta aurrera ateratzea. Adorea. Beharko du.

      “Axiren gaixotasunaren garapenari diot beldurra; niri berarekiko gertatuko zaidanari, alegia, maitasunak iraungo didan honi denari eusteko; haren elbarritasunari; gertatuko zaigunari; Axi horrela gelditzeari; nire buruari diot beldurra”.

      Isildu egin da.

      “Ez dakit ahal izango dudan honekin guztiarekin”.

      “Beti daukazu Asier uzteko aukera. Bikoteak —harreman guztiak dira baldintzatuak eta baldintzazkoak— hartu eta utzi egiten dira gure nahi, interes eta sentimenduen arabera. Erresidentzia batean sar dezakezu, edo familiarekin utzi”.

      Joseba durduzaturik gelditu da. Utzi? Axi utzi? Utzi? Aukerak berak harri eta lur laga du eta, aldi berean hasierako durduzaren azpitik jabaldura bide egiten hasi da xendra baten modura; ze ihesbidea seinalatze hutsak, amore eman ez izana nabarmendurik, harrotu egin du bere burua, nahiz eta hondoan jakin Guillermoren hitzek ageriko egindako “noiznahi utz dezaket” hori aukera ezinezko baten arrastoa baino ez dela.

      “Bai, utz dezaket, baina ez dut nahi. Ezingo nuke. Zergatik jakitearekin nahikoa izango nuke. Zergatik niri?... Guri?” zuzendu du gero. “Niretako zergatiak garrantzitsuak dira. Zergatiak erantzun ondoren errazago egiten zait gauzak onartzea”.

      “Eta zergatik uste duzu gertatu zaizuela hau dena?”.

      Eta orduan Joseba galdurik sentitu da, arrazoiak, sentimenduak, gorputz aldarteak, giharren tenkak, bularreko hersturak, estomagoko larritasunak etxafuegoak balira bezala zarata eta zalaparta eginik zorabiaturik.

      Eta negarrez hasi da, espantuka hasieran, zotinka gero, mara-mara azkenean. Lotsatu egin du norbaiten aurrean horrela aritzeak, babesak jaitsita, Guillermo enpatiaren kartolak jaso eta urruntzen nabaritu duen bitartean, haren ofizioaren dohain litekeena elkartasun eza iruditu zaiola.

      Baina ezin izan du gelditu. Axirena gertatu zenetik hauxe da negar egiten duen lehen aldia. Baretasuna gero.

      “Esadazu. Zenbat aldiz sentitzen duzu antsia ala larritasuna, zenbat aldiz akordatzen zara gertatu zaizuenarekin ordu batean?”.

      Josebari lekuz kanpokoa iruditu zaio galdera, baina erantzuten saiatu da, hala ere.

      “Hasieran etengabe. Obsesio bat zen libre izaten nituen tarteetan. Ez dira hainbeste. Baina gero Axi ‘terapia’ —badaki hitza ez dela egokia— egiten hasi denetik obsesioa indarra galtzen hasi da. Berrogei? Halako zerbait. Oso nekaturik nago gauza bera pentsatzeaz”.

      “Bueno, demagun berrogei aldiz. Eta demagun ‘minak’ —alegia, larritasunak, antsiak— irauten dizula hamabost segundo, berdin seiehun segundo. Zati hirurogei minutu, berdin, hamar minutu”.

      Guillermok egundoko aurkikuntza egin izan balu bezala so egin badio ere, Josebak ez dio esan nahi duena ulertu.

      “Hamar minutu. Hamar minutu, eta zer”.

      “Ez duzu ikusten... badauzkazu beste berrogeita hamar minutu ongi egoteko. Edo hobe esanda, hobeki zaudenak. Pentsatu ideia horretan. Ordua dugu. Badakizu nor den C.S. Lewis?”.

      Josebak baiezkoa egin dio itzultzen hasia den Miren Akerretaren Dolutan filmaren aurkezpen fitxarako testua gogora ekarriz.

      “Zera dio Lewisek A grief observed liburuan: miseriaren zati bat, horrela esan badaiteke, mixeriaren itzala edo isla da: ez bakarrik sufritu egiten duzula baizik eta sufritu egiten duzula pentsatzen ari zarela. Ez dut egun amaiezina minetan bizi, baizik eta bizi dut egun bakoitza minetan biziko naizela pentsatzen”. Itzulpena libre samarra da baina sufritzen ari garela pentsatzeak sufrimendua eragiten duela esan nahi du. Utzi sufritzen ari zarela pentsatzeari. Orainean bizi. Kafea prestatzen ari bazara, kafea prestatzen izan burua; txiza egiten ari bazara, txorrota, zakila, komuna baino ez ikusi; negar egin behar baduzu, negarretan urtu. Ez pentsatu. Bizi orainean”.

      Eta altxatu egin da.

      Josebak harri eta lur jaitsi ditu eskailerak.

      “Tipo hau ergela da” pentsatu du atariko atea ixten duela. Izorra dadila, ez dio aitortu astebete zeramatela hitzik egin gabe, Axiren atarian haserretu zirelako.

      Telefonoa hartu du. Begori hots egin dio. Soinuaren arabera atzerrian dago. Gero Landerri. Ezer ez. Gero Txatori. Ezer ez. Abandonatua sentitu da Maya kalearen erdian, zuhaitzen enborren artean.

      Kaskoak jantzi ditu. Carmane: Fado Siempre. Ezkerretara: Carlos IIIa. Leonard Cohen: Alexandra’s leaving. Handik behera, Taxonar kalea, eitbko egoitzaren Eraikin Adimentsuak. Paquita la del Barrio: Ni tϊ ni yo. Handik ezkerretara Santa Maria la Real, auzo txikia. Nick Cave: Hallelujah. Itzulera, Seminarioaren atzetik. Purcellen Cold Song Klaus Nomiren bertsioan. Media Luna parkea, Arga behean duela; Chavela Vargas: Te estarι esperando... Anariren Habiak... Labrit ondoko zubitik barna. Ruper Ordorikaren Berandu dabiltza... etxea. Etxea-edo.