Poz aldrebesa
Poz aldrebesa
2017, nobela
424 orrialde
978-84-92468-94-2
Azaleko irudia: Txuspo Poyo
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

24

 

Ongi zegoenean Axi pixka bat aurretik joaten zenez, aurretik uztea erabaki du Josebak, lehengora itzuliz-edo sorginkeria gerta daitekeelako esperantzarekin. Istripua gertatu zenean haserre izan ez balira sikiera, beharbada ez zitzaion gertatuko! Aurretik, lehen bezala, aztikeria gerta dadin. Zein da buruzagia: aurretik doana edo aurretik joaten uzten diona? Orain ohartu da urteetan izandako gogoeta hori ez ziola Axiri aitortu, edo harekin eztabaidatu, hari horrenbeste gustatzen zitzaizkion “informazio hutsune” batean eroriz; informazio hutsuneak: edozein bikote bizimoduk beharrezko dituen zulo beltzak, baina askotan arazo larriak sortzen direnean kidearen erabateko alderdi ustekabekoa azalarazten dutenak, ilargiaren alde ezkutua agertuko bailitzan.

      “Aizu, Axi” bota dio atariko atea zabaltzen dion bitartean, “zu beti joan zara aurretik gure harremanean, irudi izan dut zuk gidatu izan duzula gure artekoa”, nahiz eta gezurra dela jakin.

      Axiren begi durduzatuak galduta aritu dira une batean, Josebarengandik portaleko ispilu handira, ispilu handitik portalera, ardailan, iruditu zaio Josebari, garunak zaratak eginen balizkio bezala.

      “Agintzen duenak agintzen du, hor ez dago zalantzarik. Ez etorri niri zure filosofiakeria horiekin” erantzun dio, ironikoki pentsatuko luke, ironiarendako ere oroimena —gogoan gordetako lehendabiziko irudia zeinaren gainean paratzen baita kalkomania batean bezala bigarrena, eta dagoen desberdintasunetik sortzen baita— beharrezkoa dela jakinen ez balu.

      Aurretik iragan zaio, lehenago pisuko atetik bezala, erronkari eta zabar.

      Bat-batean Josebari zutiago iruditu zaio, oldarkorrago, eta berriz ere, lehengoago, esperantza apurrak sortzen dizkiola.

      Baina berehala iraungi zaio adakera, kalearen erdian noraezean agertu zaionean. Hurbildu eta besotik hartu duenean itzuli da Axi bere baitara, oraindik antolatzeke den hiri plano horretara.

      Besotik heldu eta plazan behera hasi dira biak. Badaki geldoa izango dela paseoa, baina honezkero kalkulaturik du —egunerokotasuna irakasle abil eta zurruna bilakatu da— zenbat denbora behar duten paseoa egiteko, zenbat itzuli Bidebarrietako Liburutegira ailegatzeko, Bego eta Pello Muρoz Eugiren arteko Euskal Kultura Gaur izenburuko mahai-inguru horretara. Aurreikusia ez duen bakarra Axiren errebelazioa da, Deustuko Erriberara ailegatu eta bertan... Bertan zer? Neurologoak eta zantzuek —horretan ere egunerokotasuna irakasle abil eta zurruna da— bestela erakutsiko diote; baina egin egin beharra du, hartutako erabakia gauzatu ahal izateko. Josebak nabari dezake Axiren gorputzaren hondoko dar-dar antzeko bat, makineria baten burrunbaren antzeko zerbait, orekaren ezegonkortasuna adierazle duela. Axi izaten zen Josebari bizitzaren ezegonkortasunari buruz errieta egiten ziona, batez ere azken boladan, Josebak betikotasuna, haien arteko harremanean, demagun, aipatzen zuenean. Jainkoa betiko, erantzun zion zakar Axik, behin estuturik zakarra izaten baino ez baitzekien. Zakar, lehentxeago izan den moduan, eta horretara, pentsatu du Josebak, urteak joan urteak etorri, ez da ohitu, ezta ohituko ere, zakarkeria, askotan, segurtasun eza delako, zuritzea gorabehera.

      Kristo kaleko eskaileretan behera jaitsi dira biak besotik helduta, Axi osasuntsuak, Axi Axi zenekoak, neurri batean erridikulua zen maskulinitatea eraikitzeko zuen modu ponpoxo hark inondik inora onartuko ez zuen moduan —askotan Josebari maskulinitatearen irudi estereotipatuaren parodia iruditzen bazitzaion ere, halako xamurtasun bat sortzen zion, Axi ohartzen ez bazen ere, ezinaren elbarria azalarazten ziolakoz—, besotik helduta joatea afektu erakustea zen neurrian ez-maskulinotzat jotzen baitu gizontasunak eta euskalduntasunak bat egiten duten gune ilun horrek, haurtzaroko eajko ikastoletako kode etikoaren prediku ez-ahoskatuak eraginik.

      “Eskailera hauek ere konpondu egin beharko lituzkete” bota du Axik, azken egun hauetara arte izan ez duen iniziatibaz.

      Josebari poza egin zaio betikoagatik. Askotan pentsatzen du bere bizitza erredundantzia bihurtu zaiola azken urte honetan, atzera eta aurrera baina inora ez doan zerbait. Axi hobetuko da, hobetuko da, hobetu da.

      Bilbo narras hartatik gelditzen den adabaki bakarra Kristo kale iluna dateke, laurogei eta laurogeita hamarreko hamarkadetako usain harekin, Bilbo-Berri parke tematikoan iraganaren kistch moduan gelditzen den zati bakarrenetakoa, Atxuri inguruko zatiren batekin. Txato eta Axi gutxitan bezala ados egoten ziren horretan.

      “Axi, hemendik” seinalatu dio, Oteizaren eskultura aurrean dutela.

      Axik zalantza egin du, Zazpi Kaleetara begiratzen duen bitartean. Igual amets bat irudituko zaio, pentsatu du Josebak.

      “Hutsik nago” horretatik Josebak ezin du irudikatu Axiren konszientziak, irudikapen sentsorialen irudikapenez osaturiko aktibitate elektriko horrek zer eite duen. Neurologoak ebatzitako ziria: “Neuronak hil zaizkio”. Kito.

      “Akordatzen zara, Axi?”.

      Egun hartan ikusitakoa irudikatzen saiatu da. Zubiak ikusiko zituen, Zubi Zuri, La Salve, Arrupe pasarela, Deustuko zubia. Nola egongo zen marea? Zein kolore izango zuen urak, egun batzuetako arrea, beste batzuetako berunkara?

      “Akordatzen zara?” galdetu dio, antsia handiagoz.

      “Zertaz?”.

      “Hemen ibili zinen azken aldiaz?”.

      Axik ezezkoa bota dio zakar.

      Geldo doaz, saiatuagatik Axi pixka bat atzerago, atezuan bera, haren erreakzioak ikertu, aztertu eta interpretatu nahian.

      Baina onartu behar du han aurrean, urruti-urrutian, Deustuko Erribera baino lehentxeago Euskalduna zubia ageri zaiola, esperantzak zaputz egin diola, “azken aldiz, hemendik aurrera ez baita izango esperantzarik”.

      Aduanaren fatxada ikusi du. Moilaren iluna, laurogeiko hamarkadako Bilbo ilun hura. Orain pentsatzen paraturik, nola izan zezakeen burgesia hark bere hiria horren zikin? Askotan sutu egiten da, Axi bezala, hiriaren parketematikotzearen kontra mintzatzen direnen kontra. Bilbo hau Bilbo hura baino ederragoa da; egia da, hala ere, Bilbo honen eta, demagun, antzeko prozesua iragan dutelakoz, Turinen arteko aldea txikiagoa dela. Nolabait edertzeak berdindu egin ditu, edertasuna bat eta bakarra balitz bezala, eta igual, izan, hala da.

      Ongi gelditzen da Aduanaren fatxada hori eraikin gorria barnean duela. Zer pentsatuko dute ondokoek horrelako barrokokeriak ikustean. Gustatu eginen zaizkie edo adabakien juntatze itsusi eta zentzugabea baino ez zaie irudituko? Auskalo.

      Ezkerretara Guggenheim eta armiarma eskultura metalezkoa.

      Axik ijarari heldu dio eskuekin. “Mina dut ezkerreko ijaran”.

      Josebak ez du atzeratu beharrik izan, geldotasuna areagotzearekin nahikoa izan da Axi beregana hurbiltzeko.

      “Gutxi ibiltzeagatik da hori” esan dio Josebak.

      “Zu beti igual. Sirenak entzuten ditut”.

      “Sirenak?”. Josebak begiak zorroztu ditu. Ez da sirenarik aditzen. “Ez dago sirenarik, Axi! Non entzuten dituzu?”.

      Axik sorbaldak jaso ditu, ez dakielakoa eginez. “Sirenak eta zapatilla gorri batzuk”.

      Josebak barre egin dio esaldiaren absurdoagatik. “Zer esan nahi duzu? Begira Rafael Moneoren eta Alvaro de Sizaren eraikinak zein politak diren” bota dio Josebak, paisaiari errepararaziz paseoaren helburua berrezarriz, pentsatu du hitzaren egokitasunaz gogobeterik.

      Axik itsasadarraren beste aldera so egin du Josebaren begirada zaintzailearen pean.

      Sirenak urrundu egin zaizkio. Zapatilla gorriek alde egin dute. Josebak, batzuetan, ergela ematen du polita hitza behin eta berriz erabiliz. Gezurra dirudi itzultzailea izatea!

      Mila aldiz ikusi ditu eraikin horiek eta zer... zer daukate berri... zer daukate... betikoak dira...

      La Salveko trafikoaren burrunba entzun uste izango zuten, Axiren bidez Josebak ez balu jakin zubian plastikozko hesiak paratu zituztenetik lehen haizearen arabera entzuten zen zarata goraka egin eta eguratsean galtzen dela.

      “Akordatzen zara zerbaitez?”.

      “Zertaz, esaterako?”.

      Josebak ez dio ezer esan, ez du berezkoa izan beharko lukeena astindu edo bideratu nahi.

      “Pasatu al zaizu ijaretako mina?”.

      Oraindik hor du. Pausoak eman ahala tenkatzen dion indar baten modura, mina izatera ailegatu barik, oinaze.

      Motel joaten da, askotan haserre antzean, Joseba aurretik norbaitekin hizketan baldin badoa, batez ere. Eta asko maite baldin badu ere, bere buruari ametitu behar izan dio, psikologoaren laguntzaz, dena den, maitasuna baino sakonagoa dela gaixoa osasuntsuaren artetik bereizten duen lubakia. Eta lubakia hitz exkaxa da, izan ere, bi mundu ezberdin dira, bi galaxia, nahiz eta biak gizakiari egokitu. Axi gaixo bat da, eta gaixo bat ez da gizaki bat, gaixo bat gaixo bat baino ez da. Beste nonbait dagoen zerbait. Hobetuko balitz sikiera! Bakarrik doazela, bata aurrerago, bestea atzetik, Axi bakean joaten da, baina Joseba aurretik beste norbaitekin baldin badoa, muturtu bezala egiten da, bere apartekotasunaz ohartuko balitz bezala.

      Arraunlari batzuk iragan dira, oihu erritmikoei arraunen zaplastaden soinua gehituz.

      “Begira, Axi, arraunlariak! Zenbat gustatzen zaizkizun!”.

      “Niri ez zaizkit arraunlariak gustatzen, pilotariak baizik”.

      “Axi, zuri arraunlariak, pilotariak, harri jasotzaileak, bertsolariak, horiek denak gustatzen zitzaizkizun. Zertara dator hori orain?”.

      Axi, si-es-no gelditu da galderarekin. Ideiek jai egiten diote, etxe sail hutsak bezala sortzen zaizkio ia orube dirudien paisaian. Erantzun bat bilatzen saiatzen da, baina ez du aurkitzen. Horrek ardaila puntta bat sortu dio.

      Bat-batean laster egiteko gogoa sortu zaio eta korrika atera da, kolokan baina abiadura handiz. Barnean nabari duen zerbaitengandik ihes egin nahi du.

      Ezinegona. Ezinegonaren konponbidea La Salveko zubiaren azpian du, bertan egiten zuten jolas, akordatu da, txikitan angulak arrantzatzen, Pikorekin eta Xabierrekin. Olde bat bezala etorri zaizkio arrapaladan haurtzaroko oroitzapenak. Uribarri, Trauko kalea, auzotik ihes egin eta ibaia jaistera etortzen zirenean.

      Korrika egin, korrika egin, korrika egin Deusturaino, izebaren etxea. Uste du urte asko egon dela bizitzen Iruρean. Zergatik Iruρean? Han oposizioak gainditu zituelako, eta Joseba ezagutu zuelako. Joseba... non ote dabil Joseba? Deusturaino korrika egin. Nekez mugitzen du gorputza, lehen beste bat zen bere gorputza, gazteagoa, eta uste du zerbait pasatu zaiola, zerbait larria.

      Oztopo egin du andre batekin. Hatsak hatsari emanik gelditu da andreari begira, andreak garrasi egiten dion bitartean. Zergatik?

      “Ez duzu ikusten non zoazen, edo!?”.

      Galduta sentitu da. Andrearekin doan gizona ere garrasika ari zaio. Ondotik iragaten diren ibiltariek erdi gelditu erdi aurrera egiten dute, gertatzen ari dena konprenitu nahian.

      “Ez duzu ikusten?”.

      Axi durduzatuta dago, sorbaldak beherantz, begiradaren moduan.

      “Atzeratua zara? Ez duzu ikusten?”, gizonak.

      “Ez naiz atzeratua” oldartu zaio Axi, zubipe horretan horixe esan baitzion behin Pikok, eta elkar jo zuten.

      Axik oharkabean gorputza aurrera bota du, hanka batekin bermea bilatzen duen bitartean. Joseba ailegatu denerako gizona babes jarreran dago, eta Axik bere kordoka guztiekin ukabila bilduta dauka muturka hasteko.

      “Axi, lasai”.

      Besotik heldu du, lasaitu nahian. Axik bazterrarazi egin du keinu zakar batez.

      “Non zeunden?”.

      Lehendabiziko aldia da oraingo Axi honek halako ostia txarra erakusten duela, horrelako oldarra norbaiti kontra egiteko.

      “Ez, geldi”.

      Andreak eta gizonak eroei moduan begiratu diete. Beste paseante batzuk ere gelditu egin dira, bikoteari laguntza eskaintzeko moduan. Josebak bat-batean gazte punki batzuei bezala begiratu dietela sentitu du. Berrogeita hamarretara hurbiltzen, eta nahiago luke laurogeiko hamarkadako Bilbo zikin hartako bi gaztetxo balira, eta hementxe ostiaka hasi.

      “Goazen, Axi”.

      Besotik heldu dio, mugiarazteko, baina Axi ezezkoan dago.

      “Zergatik?” galdetu du.

      “Zergatik zer?” arrapostu egin dio bikoteko gizonak. “Barkamena eskatu beharrean, zergatik galdezka. Nosajodido”.

      Gizona oldartu egin zaie, gertatzen zenaren jakinminez gelditu diren bi gizonekin batera.

      Josebak Axi besotik heldu eta alde egiten hasi dira, gizona marmarrean atzean utzita. Deustuko zubipetik iragan dira.

      Telefonoak jo dio Josebari. Pili dela ikusi du. Ez luke hartu behar, hartzeak paseoaren helburutik aldendu egiten baitu, baina hurrengo asteko epailearen zitarengatik izango dela dakienez sakatu egin du ikur berdea.

      “Bai. Paseoan”.

      Arretaz entzun ditu Axiren arrebaren azalpenak, begi batekin ur arreari so, bestearekin Axiren ibilera kordokariari.

      Zintzilikatu duenean, “Dena agerian utzi behar” bota dio Axiri.

      “Zer?”.

      “Ezer ez”.

      Axik une batez ulertzekoa eginagatik ere, Josebak badaki ez dela gauza arrazonamendu luzeko ezer ulertzeko, eta, hala ere, zera kontatu nahiko lioke: epaile-tutorearen aurrean arreba Pilik niri zure tutoretza emateko eskaera baloratzeko bilera daukagu Bilboko epaitegietan, eta horretarako, Axi, nire diru kontuak ura baino garbiago agerrarazteaz gain, zureak xehe-mehe erakusteaz gain, zu eta biok zure istripuaren aurretik, Axi Axi zinenekotan, aspaldiko bikotea osatzen dugula frogatu behar dugu; eta horretarako zure arrebaren eta gure lagunen testigantzak behar izango ditugu, elkarrekin bizi ez ginelakoari epaileak paraturiko erreparoei aurre egiteko; Axi, noizbait ere, zuk Iruρean genuen elkarbizitzatik alde egin zenuelakoz; Axi, bestela Iruρean berregiten ari garen elkarbizitza —zer ironia— zaildu egingo zaigulako edozein erabaki hartzeko zure arreba Piliren —zeina uste ez bezala oso ongi portatzen ari baita— baimena behar izango dugulako; hori dena azken esperantza betetzeraz, bestela askatu egingo baitzaitut, seguru nago, zuk nahiko zenukeen moduan, San Frantziskon hileta hartan esan zenidan bezala. Hori dena esango lioke Axiri, ulertzen duelako susmo txikiena balu, baina ia seguru dago ez liokeela entendituko. Eta paseoaren helburua beste bat da gainera.

      Tigre eraikina eskuinetara. Euskalduna jauregia ezkerretara. Euskalduna zubia. Azpitik pasatu dira. Deustuko Erribera. Josebak ez daki non izan zen zehazki, baina badaki errepide zati hau iraganda mugaz betalde egongo direla, Axiren oroimena astin daitekeen tokian.

      “Hau zen zuen haurtzaroko muga ez, Axi? Harantzago ezin zenutela joan aipatzen zenidan”.

      “Sirenak entzuten ditut!”.

      Eta lasterka hasi da Deustu alderantz Ibaizabaletik ihesi, Joseba durduzaturik gelditu den bitartean. Haren atzetik lasterka hasi denean, bidegorritik datorren batekin tupust egin eta lurrera erori dira biak. Hankan mina hartu du. Txirrindularia lurrean dago, bizikletaren gainean erorita, haserrea aurpegian. Joseba altxatu eta arrapaladan desenkusa botarik lasterka hasi da herrenka. Axi ez da inon ageri. Euskalduna zubiaren oinarriak, azpian dagoen haurrendako jolastokia, harantzago Deustuko kaleak. Arnasestuka gelditu da, zeharka atzera begiratuz txirrindularia altxatzen ikusi duelarik. Ohartu denerako desagertua du zubiaren oinarrien artetik. Ez da inon ageri. Ez da inon ageri. Semafororaino hurbildu da. Eraikin marroixka-arreak ditu aurrean, eskola eta kiroldegia, parke antzeko hau, Bilboko toki abegitsua, Botikazar. Ez da Axi ageri. Ez zuen honaino ekarri behar. Nonbait zerbait mugitu zaio. Baina mugitu izanak beharbada... Josebari esperantza egin zaio berriz ere.

      Arnasestuka ari da. Luis Power kalean gora egin du, 112ra deitu beharko lukeen galdezka. “Senarra; ez, nobioa; ez, bikotekidea galdu dut. Ez du oroimenik, baina uste ez bezala kordoka utzi eta herioak harturik egiten du laster, ez du jakiten non dagoen, ez daki non bizi den; bilbotarra da, baina Iruρean bizi gara istripuaren ondoren; asko maite dut; geldotasunera kondenatu nau; Deustuko Erriberan, Zorrotzaurreko bidean eman zion bihotzekoak, eta zerbait pasatu zaio, igual gogoratzen hasi da”.

      Blas de Oteron barna ibili da; Iruρa kalean, ageri ez; De Madariaga, ageri ez; Agirre Lehendakariaren etorbidea. Trafiko sarriaren burrunba. Axiren arrastorik ez.

      Telefonoa atera du eta Begoren zenbakia markatu du. Inor ez. Bego, behar denean inoiz ez dagoen inor hori.

      Ferreteria Deusto. Iruρa kaletik behera egin du. Araba kalea; Burgos kalea; Blas de Otero, berriz; Gipuzkoa kalea; Logroρo; Santander; Jon Arrospide; Botikazar.

      Berehala jo du begiz haren silueta kordokaria.

      Haurren jolastokira ailegatu denean, alaitu egin da Axiren bisaia izutua.

      Besarkatu egin du.

      “Sirenak entzuten ditut. Eta zapatila gorri batzuk. Zer egiten dut hemen?”.

      “Baina, Axi, zerbait gogoratzen duzu? Bihotzekoak eman zizun”.

      Beldurra bisaian. Beldurrak kolore hori du, gorria ia, begi irekiak, odola aurpegirantz.

      “Niri? Ez”.

      Euskalduna zubirako eskailerei erreparatu die. Txirristak. Balantzinak. Kulunkak.

      “Bai, zuri” egin dio gogor.

      “Niri! Ez”.

      Hanka puntetaraino erori zaio esperantza. Ostia txarrak hartu du eta zaplasteko bat jo dio, jo ahala damutzen zaiola.

      Axiri harria lakoa paratu zaio aurpegia. Sirenak isildu zaizkio. Eskua eraman du aurpegira. Beldurraren kariaz atzera eman ditu pauso bi. Eta lasterka hasi da berriz ere itsasadarrerantz.

      Josebak behera jaitsi du airean zuen eskua. Jo egin du. Jo egin dut, errepikatu du hondoan urtebeteko zaintzaren ordaina delako plazerak toki egiten diola, eta bere burua barkatzeaz gain zapuzturik, berehala ohartu delako paseoak —susmatzen zuen bezala— ez duela ezertarako balio izan.

      Alea jacta est.

      Barandaren kontra estutu du eta berriz ere besarkatu.

      “Barkatu!”.

      “Jo egin nauzu”.

      “Barkatu”.

      Ez daki noraino ohartzen den Axi bere baitako barkamenaren bikoiztasunaz.

      “Barkatu” desenkusatu da berriz ere, Axiren erreseteatzea azkarragoa izan dadila desiratuz.

      Eta halako batean gertatu da. Begien keinadagatik, gorputzaren jarreraren aldaketa nabariezin batekin badaki Axiren errealitatea berriz ere hasi dela, jada ez duela gogoratzen jo egin duela.

      Taxi bat gelditu du Botikazarrean. Bidebarrietako liburutegira ailegatu direnerako publikoa atarian dago jada. Erlojuari so egin dio. Bukatua behar du. Hantxe agertu zaizkio Bego eta Pello Muρoz Eugi, bakoitza zenbait alde. Berehala ohartu da mahai-ingurua gatazkatsua izan dela. Ez du ezer jakin nahi. Agurtu eta etxera doazela esan die. Bakoitzarendako hitz berdinak erabiliz. Ez dago txorradatarako. Bihar egun handia izango da.