Azken fusila
Azken fusila
1993, nobela
212 orrialde
84-86766-46-X
azala: Michael Paraskevas
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

26

 

«Hala da ze Doroteo zeuekaz dago», Onofrek mingosturaz egin du berba, zeuekaz esatean Adela bera ere horretan dagoela ziur dakiena adierazi gura izan duen eran. «Ba», aurrera egin du bere gogoetetan pick-uparen lehen ildoetan orratzak aurkitzen dituen hots zikinen gainetik, «heure liburuari esker ezagutu nijuan nik Doroteo».

        Rapsodiaren lehen notek isilarazi dute Onofre. Emakume-ahotsak diskotik dei egin dio eta, Adelari begiratu dio, Doroteok aipatzeak zein zer eragiten dion igarri ahalko ote duenentz. Esku bateko zigarroaren kearen atzean aurpegia, bigarren eskua beste besoko ukalondoan, lainopeko lamia egiten du keak neska. Lepoaz leiho alboko hormari dautsola dago, luze hankak, ageri-agerian gizonezkoen botak. Jonek, umearentzako ohea hartu duelarik jesarlekutzat, astiro ekin dio.

        —Kontu hori ondo ezagututen joat, Doroteok hi zelan ezagutu hinduan, kontatzeko ia beste konturik ez diaukak eta.

        Pick-upean emakumezko ahotsari korua bildu zaio. Adelak egin dio lagun.

        —Nik ez dakit ba —esan du.

        Orduantxe egin zaio lehenengoz ulergarri rapsodiako hitzetariko bat Onofreri. Maite. Eta hantxe hasi zaio Adelari esaten Urigoienaren bisita haren ostean Sandalioren berri jakitearren egin zuena. Harik eta zigarrokina bere azkenera ailegatu eta Adela hautsontzian amatatzera makurtu den arte. Une horretan, beherago emakumearen begiak bereak baino, goitik behera so egin ahal izan dio. Narruzko zamarra mehearen azpian gizonezkoen alkondararen antzekoa du, ehun fin eta leunezkoa baina. «Zetazkoa» otu zaio Onofreri. Hantxe geratu zaizkio begiak, paparraldean. Adelak ere gorantz egin begiak eta gizonarenak ustegabean harrapatu ditu. Onofreri gainez egiten dion grina aldarri ozenena baino adigarriago egin zaio. Elkarren begiradan iltzaturik geratu dira, Adela gorputza artezten hasi orduko bitarte luzean.

        —Zure andrea ikusi neban lehengo batean Bilbon.

        Onofrek ez du beste berbarik behar izan. Ziurtzat eman du berriketan egin zutena eta, berbarik berba, euren arteko egoera ere azaldu, edo susmarazi behintzat, egin ziona.

        «Bihar goiz etorriko da», biei begiratu die, bai makisak bai emakumeak haserrerako motibo bana emango diotela adierazten ausartu barik.

        —Bihar beranduago etorriko dok —Jonek erabateko ziurtasunez esan du—. Trenbidearen inaguraziorako Franco kabroia datorrela eta, goizean berandura arte ez dok trenik egongo honantz. Dana dala, oherako ordua be badok.

        Jonek ipurdipean duen ohea kolpatu du, ukabilez, biguntasuna frogatuz ezezik aldez aurretik gozatuz izara arteko zeruaz.

        —Zuek hobeto egongo zaree koarto handian —Brahmsen azken notak pick-upeko orratzak odoldu eta bera ere zauritu dutelako ahotsaz esan du. Barretxo bat egin du Adelak, Jonek, «Tira ba» esan eta oinetakoak eskuetan hartuta ezkonduen gelara jo duen eran.

        Libre geratu den ohean jesarri da emakumea, Onofreri behetik gora begira. «Eta zu?», esan dio gizonak. Adelak aginduz erantzun dio: «Kendu egidazuz botak».

        Gerria okertuz eskua luzatu eta bonbilako argia iraungitzeko keinuaren orpotik iluntasuna etorri da gelara une labur batez. Gaueko ilargiaroak leku egin du kanpoleihoko zirrikituetatik. Zilar-urezko argitasun hauskaraz blai geratu da gela. Onofre Adelaren oinetara makurtu da.

        Hanka bat luzatu Adelak eta esku batez orpo-aldetik eta besteaz berna-aldetik eutsi dio botari gizonak. Nahikoa izan du tirakada eme bat. Euri-tantak haritz hostoetan behera bezain erraz etorri da kanpora. Bernaldeko eskua bertan geratu zaio, galtzerdiaren azpiko haragiaren epeltasuna igarriz.

        —Hori be bai.

        Orporainoko laztan batean ekarri dio bigarren narrua begitandu zaiona. Txorkatilan geldi geratu da, galtzerdia lore-korola eginik. Emearen gorputzaren gakoa hezurtxo irten horrexetan nabaritu uste du Onofrek. Bertan ukitu eta hezurdurari eusten dion makineria lokatu egin daitekeelako delikatesaz laztandu dio, lore-korola eginik dena behatzetara bildu eta handik kanpora kendu aitzin. Beste bota luzatu dio Adelak eta era berean ekin dio gizonak, harik eta berriro ere txorkatilako hezurra ukitu duen arte. Orduan Adelak buruko iletik tiratu dio gizonari, gorantz begira dezan, begietara. Onofreren okotzak emakumearen bularraldeko dardara ukitu du, piztiaren sudurtziloetako barruko hormek odola ez baina usaina ukitzen duten modura, hantxe-hantxe. Ezin ekidin izan du. Ahora ekarri du emakumearen oina eta bost behatzak musukatu dizkio banan bana. Adelaren eskuak behe-matailako alboetara etorri zaizkio eta, gorantz eragin diote, lur beroak iluntzean lainoa igoarazten duen berezkotasunaz. Onofrek bizarraren latza nabaritu du emakumearen esku-ahurretan. Ohean jesarri da ohartu gabe ia. Aurpegitik lepoan behera etorri zaizkio eskuak, astiro. Iluntasunean begien dirdira bizia baino besterik ez da Adela.

        Onofreri ohe berean lo egindako Anton etorri zaio, oroitzapenen eskutik Donianen Adela ezagutu zueneko eguna dakarrelarik hildako lagunak. Goropilo egin zaio barrua eta karramarroaren hanken-arramaskada nabaritzeko gertu izan denean, Adelaren eskuak igarri ditu, txepetxak hankak pausatu ohi dituen hautsi-agineko eran. Emakumeak alkandorako lehen botoia askatzeari ekin dionean bere eskuekin zer egin ez du jakin gizonak. Bada, jaka azpiko lepoaldera eraman ditu. Bigarren botoia, eta hirugarrena ere, askatu dizkio Adelak, eztarrian lodi egin zaion ahotsaz esan orduko, «Kendu eidazu jakea».

        Bien arteko distantzia laburra ezertan laburrago edo luzeago egin gabe, burdinazko zubi batek amildegiko albo biei eusten dien moduan. Onofreren eskuek besoetan behera jaka eranzteko egin duten keinuan Adelaren alkandora besobakoa dela jakin du, eta haren eskuturretan kanporantz egin duenean bularraldeko bizarretan igarri ditu eme-ezpainak. Orduan, gorago bere burua, okozpean Adelaren ile-adatsa, beronen lepaburuen borobila jakin du eskuz ezezik begiz ere. Portutik beranduko hotsak iritsi zaizkie. Adela Onofreren eskuen jabe egin da. Hasieran ulertzen gogor egin zaion mezua iragarri dio. Gerrikoko orratza askatzeko eran egin dio gizonari, eta berriro ekin dio beronen bularraldea laztantzeari.

        Gerrikoko orratza askatu eta botoia igarri du. Horren ostean kremailerak arin egin du beherantz. Zelan izan den jakin ezinezko moduan, emakumeak bere praka askeak erantzi ditu, ipurdi mugimendu bakarrean, ostean ohe gainean belauniko geratu delarik. Burua jaso eta bien ezpainen arteko distantzia berretsi du, lurrikara batek amildegiko alde biak erakarri nahiz baina burdinazko zubiak hurrera daitezen eragotziz. Eskuak ezik ezer higitu gabe erantzi dio alkandora Adelak.

        Dantzarisa higikera arin batez, zutitu egin da Adela. Onofre konturatu denerako bera ohean eta emakumea pick-uparen alboan dira. Katuaren moduan igo du ohera.

        Kanpotik sartzen den argiak urre egiten dio ilea Adelari. Diskoen artetik bat hautatu eta orratzaren azpira dakar. Ipurdi-masailak pantorrila bilakatzen hasten direneko marra ikustezin horretaraino luze alkandora, tresna abiarazteko keinuan apur bat gorago egin zaio eta, haren azpiko ehun iluna antzeman du. Lehen notekin batera biak aurrez aurre geratu dira. Adelak, orduan, alkandorapean sartu ditu eskuak, sujetadoreari eutsi dio, itxuraz, eta atzealdean duen ixteko gakotxoa aurrealdera ekarririk tak askatu du. Gero, tiranteak diren zingola beltzak antzeman ditu, alkandora erantzi gabe ditietakoa ateratzeko egin duen maniobran besoetan behera etortzen. Musika isildu den une batean, ezezagun egiten zaion sinfoniaren baten mugimenduen artekoa, Jonen zurrunga hotsak ailegatu zaizkie ozen. Barre egin dute biek, iusturiak legez urratuz gaua, eta hantxe izan du berriro ohean belauniko jesarrita Adela. Gerrikora ekarri ditu eskuak eta Onofre ere ausartu da. Alkandora barrena baino harago joan da.

        Onofrek oihal zati haren kanpo-geografia haztatu du, tentuz, eta goialdeko marra estura heldu denean zilotxoa ukitu du, bere praketako botoiak ere askatzen dizkion Adelaren begi-ilentien argipean. Haietan izarloka baten izarniadura-edo antzemanik, larrua eta ehuna bat egiten diren aldean sartu ditu eskuak. Beherantz ekarten hasi da emakumearen simetrian, zeren honek prakak eranzten dizkiola eta, berak ere aurrera jo du. Eta halaxe geratu dira, jesarrita Onofre, bera baino gorago burua eta belauniko Adela, oraindio aldean alkandora. Askatzeko keinua egin du gizonak, eta keinu berean, eskua zakilera luzatu du emakumeak. Ukitu eta begiratu gabe hartu du osorik eskuan. Orduan, ipurdia apur bat jasoz, aurrerantz egin du, leku eginez eta leku bila.

        Adelak hanka-uztaira hurreratu du, oraindik eskuaz astiro laztanduz bere eginik duen zakila. Odol-astinduek dardara hazkorrean dute berau eta emakumearen haragi biguina bustirik, bedarrarteko urbegi eginik idoro dutelarik, laztan batean etorri dira aluko ezpainak, zakila bera behe-beheko sustarreraino musukatuz. Hantxe geratu dira une batez geldi. Adelak orduan iletik oratu dio, sendo berriro ere, okotza gorantz egin dezan gizonak. Eta honek askatzen falta duen botoia askatzeko agindua igarri du.

        Adelaren ditiak ageri zaizkio, uhin biren negatiboa bailiran. Astiro igarri du haren ipurdiaren goranzko keinua, gorputz guztiak ditiak teorian diren lokarri tinkoaren inguruan artikulaturik bailuen, eurak egin ditu hasi mugimendu emearen ardatz. Orduan, gizonak ipurdiko mamien azpian harago eskuak, eta beteago eginez joan da larruen arteko komunioa. Astiro etorri dira astiroko higikera abiadura egiten, eta Adelak ditietako alde borobilenei gorputza plaia egiten zaien aldean pausatzean eskuak, ezpainetara etorri zaizkio gizonari buruak. Haragi irekiaren barruan ezkutuko beste alde bat zabaldu delako, emakumeak bereago egin du gizona, hankak gerriaren inguruan txorkatilek elkar ukitu arte bilduz, etorriko denaren beldur ez dela ezezik etor dadin iragartzen dion keinuan.

        —Bai —esan dio, belarriko piku-ttiki antzeko haragizko gingila haginartean harturik.

        Onofrek hiru mastadun goleta igarri du bere burua, haize oihaletan, brankak ura ebakitzean dakarren hotsaz gain haizearena baino besterik aditzen ez duela. Portutik ozen goizaldeko arrantzale biren ahotsak etorri dira, kaio-hotsak bezain eder eta ulergaitz. Ikara batek astindu du Onofre, gilaz otxarriren bat joz moduan. Eskuak gorantz egin eta Adela bere gainetik kendu du, gorantz gora datorkion su zuria emakumearen bilora joan dadin. Eta gizonaren bapateko ikara ulerturik, eskua bertara luzatu dio, eta laztan egin dio, etorrian datorkionari laguntzeko emakumeak.

        —Tentela, ez da beharrezkoa izan —esan dio belarrira berriro, eta han behean eusten daukotsan eskua eginez gorputzaren ardatz berri, ipurdia atzera eta burua bertaraino ekarri du, eskuaren laztanaren lekuan, astiro, ezpainena ezarriz.

        Oroimeneko ganbaran su itzelen bat lehertu balitz moduan, gelan diren mamuak gorputz beterik ikusi ditu Onofrek lipar batez. Inoiz etorriko ez zaien umea lehenik, itzal hutsa, argitan argi egin eta betirako deuseztu zaio. Anton gero, Huxleyren liburua eskuetan, irria ezpainetan. Eta ordura arte haren mezua ulertu gabe bizi izan dela ohartu da, Antonen heriotzak inor goibeldu badu, horrentzat alferrikoa izan dela ulertu bait du. Eta poztu egin da. Orduan, oroimeneko sua izarren leherketa edo eginik, Ana, ez jada Anita, ikusi du. Adelaren gorputzean urtzeko gogo meneraezina egin zaio. Ezinaren aurkako amorruz, alboan duen gorputzean datzakeen arimaren bila ihardun du, emaztearekin izan duen azken akorduak zamatu beharrean arindu egin bait dio gogoa.

        «Zergatik hau» galdetu du, gorputzaren atsedena eta atsegina Adelaren alboan biak bateginik, infinitorantz luzatu nahi lukeen gauari egunargitzearen usaina hartuz. Uztail-sargori astuna ere hozkirri igarri duelako, burua Onofreren bularretik altxatu eta halaxe esan dio:

        —Zure bularragatik —eta alkandora jazteko keinua egin du—, edo nik dakita ba. Bihar ez dakigu non egongo garen, daukagun apurra berau da, eta geurea da. Zertan ez hartu?

        Adela erdi zutitu, alkandorako botoiren bat txarto lotu eta musu eman dio betartean.

        —Komunera noa —esan eta sorgin moduan joan da, behea ukitu barik kasik.

        Onofreri aspaldiko argitxo hura etorri zaio gogora. Ulertu uste izan du emazteak halako zerekin duen sinesmena. Paparrean kuttuna eskegi eta beste norbait dago norberarekin, edo gelan kandela iziotu eta beste inor dabil hor jagotik. Nahikoa da elementu berri bat agertzea, bera agertu orduko izan den ordena guztia berregin behar izan dezagun, otu zaio, eta argiaren eta kuttunen zeregina dela ulertu du, orain leihotik sartueran aratzago egiten duen argiari gorputza ostuz datorren Adelak egin duenaren berdin. Goitik behera aldatu dio ordenu zaharra. Onofreren baitan itzal izen diren mamuek ez dute lekurik gelan, emakumea alboan duen artean behintzat.

        «Eta Doroteo?», etendako hariari oratu gura dio berriro gizonak, emakumea izarapean bere gorputzari atxiki zaiolarik.

        —Bihar ha dagoen lekura joateko asmotan etorri gara, Juanek aldegin beharra ei daukolako, barku bat izango dogu biok itxaroten bihar zerean... —non esan gabe egin du aurrera—, ze, ni... —moztu egin du berriro— bera gura dodala pentsatu izan dodalako noa.

        «Eta?», Onofrek jakinmina du mingarri.

        —Eta zer? —beste zer esatekorik ez duelako moduan, eten egin du, apur batean ausnartuz erantzun luzeagoa josi aurretik—. Nire moduan ezagutzen dozu ha eta, zer gura dozu esatea? Beragaz joan orduko sidecarra itsasora jaurtitzeko eskatu dost. Eta ez edonon ganera. Non eta hemen inguruan egiteko agindu dau, zoro halakoak. Lo be egin beharko da, ezta?

        Galdera oker ulertu diola, berak «eta?» horretan ea oraindio be Doroteo maite duenentz argitu diezaion dela eskatu diona, Adelaren lo-arnaskerak berriketa amaitua dela iragarri dio. Bela mastaren inguruan ala oilagarroa atxari atxekiz, emakumearen besarte gozoak bera ere loguraren lainoetatik zurrungen zerura igoarazi du.