Azken fusila
Azken fusila
1993, nobela
212 orrialde
84-86766-46-X
azala: Michael Paraskevas
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

10

 

Umetako poza etorri zaio berriro Onofreri Luisenera igeri hurreratzean. Uraren gaitasunek zentzumen guztietara hedarazi dizkiote arin eskuak. Begiak zabalik murgiltzen du burua kresalagatiko hazgura ere gozabide bait du. Itsasoak biluzik eta aratz datxekio larruazalari.

        —Uger egiten ez haiz ba makala heu! —Luisek ura alboetarantz eragiten du esku biez, orekari eustearren—. Sarriago egin beharko geunkeazan halakoak, bai.

        —Hemen badakik, umeen gauzarik ezin egin pertsona helduak. —Onofrek ez du gai sakonik nahi eta Luisen ezusteko batean eskuin eskua bekokian ezarriaz hondorantz sakatu du, sendo. Laguna han behean desagertu da, segundu batez, itolarrian gainazaltzeko laster.

        —Ni beti lutoz ezta? —umoretsu esan dio, bien arteko adiskidetasuna hozteko atxakia izan zuten kanposantuko elkarrizketa, «Hi Onofre beti lutoz» esan zion artean lagun zuenak, gogora eraginez, arnasa oztaka hartu ahal duen Luisi. Barre egin dute.

        —Baina hondokarriak egitea be badaezpadako umore modua dok —diotso Luisek eztul artean—. Jakin nijuan zelan lagundu heutsan Juaneri herritik alde egiten.

        Oraingoan Onofre bera izan da itotzeko bidean egon dena. Adoreak huts egin dio. John Ingelesaren aipuak txapelokerraren heriotza ekarri dio zagan burura.

        —Eta? —esan dio, irtenbiderik gabe bere burua etsaiez inguraturik ikusten duen katuaren modura, erpe egiteko prest. Luisen karkaxak deslekuturik utzi du. Igerian izurdeak baino trebeago egin dio ihes, janzkiak dituzten alderantz. Onofre hara ailegatu denerako Luisek aldean ditu prakak.

        Laguna erdi jantzita eta bera erabat biluzik egoteaz gain gorantz begiratzera beharturik, zutik begira bait du han berak uretatik urtetzeko ahalegin traketsak egiten dituen bitartean, Onofrek epaimahaiaren aurrean ikusi du bere burua.

        —Mesede galanta egin heutsoan kausari —eguzkiak urezko garau apur batzuk baino ez ditu utzi lurrun bihurtu gabe Luisen azalean. Alkandora pean gorde du enborra—. Guk bagenkian hik erantzungo heuana. Horregatik esan neutsoan Juaneri hire etxera joateko.

        —Nire etxera? Zertan nirera? —Onofrek galdetu baino protesta egin du estualdi harekikoan errudun agertu berri zaionari. Ondoezak, arrengura uneak, odol-tentsioaren gorabeherak, itzarturik loak hartu ezinik emandako gauak, hots, doi-doi paranoiko ez bilakatzeko sasoian enbarkea eskatu eragin zioten gaitz guztien erruduna, nor eta Luis.

        —Zergatik hire etxera, diok? —karta guztiak eskura bildu eta azkenengoz banatzekotan den garailearen betetasunaz—. Hi ez haizelako ez salda ez okela, hau da, ez hintzan susmagarria, gerra egin barik hagoalako, andrea etxe onekoa daukakalako, heuk nahi dokenean azeria izaten dakikalako, eta halako beste lako askogatik.

        Atzamarrez buruko ileak atondu gura dituztela elkarri begira geratu dira biak. Luisek ume zirinaren barre tindia du eskegita ezpainertzetan, Onofreren adostasunezko barreari deika. «Nigaz haserre hintzalakoan egon nok ba». Luisen irribarrea begietara ere abaldu da. Anitak epa egin die bera dagoen lekutik orduan.

        Hesteetako sugea ezeze birikialdeko karramarroa ere nabari du, hareatza azpitik urten guran oinak arrastaka higitzen. Azken argitasun bat eskatu behar dio Luisi eta «Bakarrik etorri haiz ala?» itaundu dio.

        —Ana! —beroni diosala egiteko eraz esan dio, oinak uretatik aterata oraintxe zutitu dela eta ikusi ahal izan bait du Onofreren emaztea—. Ez nozue ikusi ba, nogaz etorri naizen han autoan? Lagun koadrila ederra etorri gara, andra eta gizon.

        «Ba denontzat txakolina nire kontura, goazen». Anitaren begietan irakurri ahal duen harridurak diotso Onofreri bereetan ere ikarak uhara utzi duena. Txakolindegirako bidean abiatu dira hirurak, zaluago Luis, astun Anita. Onofrek orpotik oratu dio lagunari zubigainako harmaila ia bertikaletan.

        —Beste inork daki? —Luisen ezezko erantzunak lasaitasuna ekarri dio.

        —Beno, organizazioak diakik —Luisek pausu arinez ekinik txakolindegirako bideari. Trumilka dabiltza inguruan erromesak, eguzkiak bere mailua astunen darabilen ordu honetan—. Baina badakik, alde horretatik ez diagok bildurrik. Fiuit!!!

        Luisek txistu egin du eta Onofrek «hau berau be zoro-erromeri honetako beste zoro bat», bertatik otu zaio. Anitaren «ezer egin da ala?» artegatsuari «ezebez» sinestezin batez erantzun diolarik. Luisen lagun taldea andrazko bat eta gizonezko bi dira, hirurak ezezagunak. Bere baitan Onofrek gizonezkorik ez egotea itxaron izan du, ziur jakinik denak andrazkoak izanez gero mahaiko berriketan Luisekin zabal egiteko modua izango zuena. «Hau dok ba talde ederra!».

        —Onofre Ruiz de Artxanda, Capitan de la Marina Mercante, titulado en Bristol, England —Onofreri gogor egiten zaio Luisen aldartera egokitzea berea— y su esposa Ana...

        Emaztearen deitura esan orduko igarri du 'esposa' berbak gorantz eragin diola Anitaren harrotasun itsasoari.

        Onofrek ez du aditu Luisen lagunen izenik. Jakingurak barruak erretzen dizkiola dago eta trajedun gizonek nahiz paparra agerian dakarren andre gazteak uhin-aparrak bezainbesteko ardura diote.

        —Txakolinik bai? —galdetu du, haizeari bezala, besteek ez bait diote erantzun.

        —Luis, lagundu egidak basoak eta ekarten.

        —Tira ba, txakolina. Vosotros esperad aquí, y vereis que chacolí! —erdaraz Luisek, Onofreri agiraka moduan esan orduko—: Ze demontre habil hi, lagunak dozak eta, emoidak astia, Anitak ez jok horretariko bakarra be ezagututen.

        —Anita ez dok galduko —txakolindegiaren inguruko hariztian erromes multzoek arin-arina darabilte oinetan, farra, panderua eta tronpeta jotzen dituen jazbandak lagunduta. Arinago gura dute dantzariek musikariek baino. «Beste inork, nork daki makisa gurean egon zena?».

        —Gobernu honek ez jok luzaroan aguantatuko Onofre. A gizon! Txakolina eta sei edontzi —berba garestia ekarri du ahora harro Luisek—. Beste gobernu bat diagok Parisen eta horrexek aginduko jok laster hemen. Hik mesede galanta egin dok, bai?, eta hori ez diagu ahaztuteko.

        «Baina nortzu zaree zuek, osti halakoa», sutan dago Onofre. Luisek ez dio zuzen erantzuten. Basoak eta botila hartuta lagunak utzi dituzten aldera jo du, jazbandaren musikari jarraitu guran oinen atzera-aurreraz, bat-bi-hiru, bapirulau.

        —El mejor txakoli del mundo. Zelan konpontzen zara honekaz, Ana? Les molesta que hablemos vascuence? Es la costumbre. Un hermoso dia, un pueblo que no muere. Salud!

        Basoa gora altxata Luisek, txakolinaz opatu die osasuna guztiei. Onofrek xurrutada batean hustu du berea. Lasai egon gura du, Huxleyrena hurrun dagoela esan bere buruari, ahaztu izenekin ere. «Beste boteila bat lagunok?». «Por supuesto», arrotzetariko baten batek erantzun du, eta oraingoan eurak joango direla. Halaxe geratu dira andrazko biekin, lau lagun, binaka mahaiaren alde banatan. Anitak nahikoa du Patrizia —halaxe deritzala jakin du azkenean Onofrek— aurreragoko mezatan eman izan duen emakume eliz-zulo berbera munduko emakume bihur dadin, Sietefechas leidu eta radioko arratsaldeak entzunez jakintsua bera.

        —Beste mesede bat eskatu behar deuat —Onofrek bidean gora datozen erromesei begira aditzen ditu Luisen hitzak, aurpegira begiratzeko adorerik ezean—. Gaur gauekoagatik gure lagunetariko bik heure etxean lo egitea. Neskak eta begi ilunetakoak.

        Indioa begitandu zaio begiluna Onofreri, txakolin boteila eskuan dakarrela ikusi duenean. Hobeto ikusi gura eta ezin, argi izpiak betazalez lotu nahi bailituen estutzen ditu bekainak berak. «Argentinarra!» egin du bere artean, erdaraz hitz egiten entzun dueneko, «aquí está el xacolí». Bere igarpenetan bete betean jo du.

        —Onofre —Luis mesedea eskatzekotan denik ere ahaztuta—, hik hala begiratzen deutsoan hori eta beren laguna —paparra hain alai duen neskari zuzenduz begirada— zuen etxean hartu behar dozuez gaur gauekoagatik, barriro be dinoat. Zer dinok?

        Alferrik izan du Onofrek erantzun bila ahalegintzea, arinago egin bait dio keinukada Luisek; pilotan txapatik hurrean jokatu ohi duenaren ezusteko batez Anitari egin dio zuzen gonbitea, besteek ere entzuteko moduan.

        —Gurean? Jakina baietz! Hantxe daukagu guk habitazinorik ederrena, ohe eta guzti, inor balia barik.

        «Inor balia barik, jakina», Onofreri burura datorkio gela hori lehenengo umearentzakoa izango zelakoan atondu zutena. Etxeko ederrena da, ohea, armarioa eta mahaitxoa barruko zuloan egon eta gero beste zulo batere duelako libre, hain zuzen ere, berak pick-upa ipinita duen hori berori. Anitak zapaldu ere egin nahi ezduen aldea da, berak irratia bien gelan duen salatxoan euki eta umearen akordurik ez duelako nahi. Bada gau batez galdu egingo du bere azken idorokuntzaz gozatzea. 'Point counter point' nobelak aipamanetan irakurrita erosi duen Brahmsen Rapsodiak itxaron egin beharko du. «Eta gaurkoa baino ez bada, pozik».

        Bigarren botila ere hustu dutela jakinarazi dio Anitak, dei egin «Ono», eta airea dantzaraziz. «Ono, ez joat besterik behar ba». Hirugarren botilaren bila altxatu da, Soilube atzean ostentzear den eguzkiak zuhaiztia eta harrizko badiarainoko malda-behera gerizpetan gera daitezen utziaz.

        Txakolindegian mira eginda utzi du jazbandak. Oratuta dantza egitekoak jotzen dihardu. Eztitasunez gainezka, txakolinak emagura ekarri dio, musikaz melata.

        —Onofre! Fiuiit! —dei eta txistu egin diote.