Azken fusila
Azken fusila
1993, nobela
212 orrialde
84-86766-46-X
azala: Michael Paraskevas
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

25

 

Itsasmarratik gora igoz uztaileko arratsgorria den pantaila goriaren aurka proiektaturik gero eta bertarago etortzen ari zaionaren irudiaren ertzak zehatzago bereizten dituen eran, motorrak dakarrenaren soslaia nori ote dagokion igartzen ahalegintzen da Onofre. Beheko bidean doazen autoen noizbehinkako argiek ustegabeko zamalkariaren aurpegia betaurrekoek estalirik dutela adierazten diote, eurotan isladatzen bait dira une batez errainu herrenak behetik gorantz, gero zeharkako abiadaz gorago jo eta buruko kraskoan ispiluarena eginik iluntasunean deuseztatzeko.

        Doroteo ezin izan dela otu zaio Onofreri, ezen enborra harena baino argalago eta burua jasoago, sendotasun behartua adierazten duen dardara batez eusten bait diote eskutokiari besoek. Areago igarri ezinik, motorraren alboko arrautza hutsik dakarrela ohartzeko baino ez du astirik izan. Geldi geratu da sidecarra bera dagoen lekutik metro batzuk beherago. Tenkada luzeagoa egin dio chesterrari eta orduantxe bilakatu dira errauts itsasgainako ilenti gorrikarak, arratseko su guztia zigarrokinaren muturreko eraztun errera igaro balitz moduan. Motorretik albokorik ez duen aldeko hanka, ezkerra, luze luzatu du bisitariak eta, bestea ipurtokiaren gainetik arkua osatuz pasarazirik, zutik geratzeko egin duen zirkin berean betaurrekoak eranzteko keinua egin du. Bide berrian goreneko bihurduran sartu den autoren baten argiek dantza egin dute motorrekoaren inguruan. Halaxe antzeman ahal izan du Onofrek, osorik, gorputz haren borobiltasun doitua. Argiaren labankadak narruzkoa dela erakutsi dion jakaren azpian bularraldeko hantura eta gerrialde mehea zizelkaturik, Onofrek ezin sinestu du dakusana.

        —Adela —esan du, emakumeak motorra atzean utzirik bideari ekin dion eran chesterra zigarrokina behera jaurti eta lurrean zapal-zapal eginez.

        Emakumearen gerritik behera belaunetarainoko aldean belarri antzekoak dituzten prakak estutu egiten zaizkio pantorriletan, non bat egiten diren bota luzeekin. Berauetan tente handiagoa Adela, Onofreren arnasaren esparruan geldi geratu denean hatsak huts egin behar diola igarri du gizonak. Eskutik oratu dio Adelak.

        —Zelan? —ez diote elkarri besterik esan, ez dute eskua eskutik askatu, harik eta gauaren baitako isiltasuna zaurituz bolandera baten ziztadak danbada gorrerazlea ekarri duen arte. Ikaratu egin da Adela. Onofreren lepoa bilatu du esku biez. Hortxe susmatu du emakumea haraino ekarri bide izan duen zeregina artegatzekoa dena.

        —Zer? —esan dio, emakumearen hatsak aurpegia berotzen diolarik, odolak zainetan darabilkion bezainbesteko su meneraezinaz. Adelaren begi borobilek isiltasuna eskatuz begiratu diote. Onofrerenetan igarri duten indarrak albora arazi dizkionean, gizonarenak ere haien atzetik joan dira, biratuz. Bete betean ikusi dituzte han itsasoan Azor-eko argiak. Adelaren eskuak tak! egin dio Onofreren senazko hariari, amua ahoan sarturik alde egin nahian arrainak jo ohi duen tenkada siku eta bapatekoaren berdinaz. Arrainari amuak eragiten dion minagatik labur eginiko tenkada bera ere pita eskuetan duenari nahikoa izaten zaion eran, Adelarentzat gako mingarria dena itsasuntzi haretan dagoela jakin du. Susmoa mindura egin zaio, hari berria zaharragoei josten hasi bait zaie. Gogoetetan urrunegi joan orduko Adelak oroimeneko balizko orratza lapurtu dio keinurik emeenaz.

        —Goazen —agindu dio, eskuari oratuz berriro, eta aldatz behera jo dute, sidecarrera. Arraultza modukoaren barrutik lepoko zakuto borobiltxoa hartu, eskutokiaren erditik giltzak atera eta zamarrako poltsikoan sartu ditu. Zakutoa lepoan eskegita, errepide berrira ailegatu arteko bide-zatia eskutik egin dute. Han, auto bakanen baten argien menean, itxuraz gizon bi direnak elkarren eskutik joateak eragin dezakeen susmoari aurrea hartu nahi izan diotela biek igarri duten moduan, eskua askatu diote elkarri eta delako hormaren aldea hartu du.

        —Ez zara bakarrik etorri —herrian sartuz batera galdetu dio, beldurrez, Doroteo non ote dagoen, ezin bait du irudikatu beste inor datekeenik Adelarekin etorri eta nonbaiten ezkutaturik egon bide dena.

        Karkabetan urduri eta ahoa lehor, Onofrek hamaika begi asmatu uste ditu leihoetan eurei begira eta, karramarroak arramaska egin gura dion eran odolean dabilkion dardarak adimena ezertan finkatzeko edozein gaitasun kentzen dio. «Ikusten bahabe ikusi!», asteburuetan ezik gauez etxean izaten ez duen Anitak biharamunean izan dezakeen berriak eragiten dion egonezina ez da ezer bere baitako leizeetan gora igotzen datorkiola antzematen duen ametsak eragiten dionaren aldean.

        —Adela.

        —Zer?

        —Ez zara bakarrik etorri.

        Erantzuna berak ekarri beharko balu moduan, herriko haizearen esku beroa nabaritu du Onofrek aurpegian, sargoritsu. Are beroagoa izan da kolarreko atalasea zapaldu dueneko lepo gainean pausatu zaion eskuaren atzetik etorri zaion agurra.

        —Onofre!

        —Juan, Mekaguen!

        Adelak atea itxi eta argia piztu du, Onofre bisitariari begira, geldi, zer egin jakin ezinik dagoen bitartean.

        —Oraingoan ez diakart ezer gabardina azpian —Jonek umoretsu esan dio, ez bait dakar gabardinarik, besoak eta alkonda zabalik, agirian paparra baino.

        Onofrek gogoz onartu du aspaldiko lagunaren besartea eta hango epeltasunetik hara Ciclonen irudia etorri zaio gogora, berak oroigailuko gotorleku izan ledin gurako lukeen horretan zulo eginez. Lagunaren bizarra egin barik nabaritu du masailean, betertzetan bide bana bila datozkion malko biekin batera. Burua bihurtuz Adelari esan dio, «Argia», zerbaiten ikararekin moduan, eta emakumearen ustebako edertasunak itsutu egin du. Argia amatatzeak begiak euren onera ekartzeko balio izan dio eta, ahotsak traizio egin ez diezaien ixilik igo dute ateraino.

        —Ez dok ezertan be aldatu hau etxeau —Jon harat-honat hasi da bazter guztietan kirikatzen, jakinik duela hiru urte edurrekin batera etorri zenean Onofrek gogoz aurka eta hotz hartu zuena; bada, ganorabako berotasun apur bat ekarri gura du oraingoan.

        Eguraldien arteko aldea jarrera aldea ere egin dela igarri du aspaldiko makisak. Onofrek sukaldera egin du, Anitak utzi ohi dion gehiegizko afaria zertan den begiratzera. Adela atzetik jarraitu zaio, jaka eranzteko astirik hartu gabe.

        —Dagoena hiru zati egin eta kitto; hau beroa! —esan dio, zeozer esatearren.

        Adelaren jaka eranzteko keinuari ezikusia egin gura izan dio Onofrek, han, mahai gainean plater batek bestearen gainean ipurdiz gora gordetzen duena zer den jakitea inportanteagoa balitz moduan.

        —Narrua beste ezein zerik baino epelagoa da —Adelak berak ere afariaren prestaketan eskua sartzeko keinu egin du. Ez dio utzi Onofrek.

        —Akostunbrata nago —esan dio, agirian geratu diren arraintxoei begira.

        —Badakit —erantzun dio Adelak. Gizonak ezkutatu nahi duen sekreturik handiena biek dakitelako, gorri biak, Jonen ahotsak atera ditu atezutik. Eskaratzeko ate-postara agertu da, alkondara erantzita, Huxleyren liburua eskuetan.

        —Hara hemen gure jainkotxoaren liburu ederra. Haren ostean ingelesa benetan ikasteko astia hartu nijuan ba, Onofre. Baina liburu hau leidu barik diaukat —Jonek argitasun bat baino gehiago eman beharko duelako artegatasun izpitxo batez egiten du dena, baita berba ere—. Kendu hortik, neuk egingo joat zeozer afaltzeko.

        Liburua mahai gainean utzirik, Jonek lepoan pausatu die esku bana biei pasaeran, mahaiaren erpinetako baten alde bietan diren aulkietan jesar daitezen aginduz, eta zuzen jo du harraskaren gaineko armairurantz, bizi guztian besterik egin izan ez bailuen bere burua sukaldean maneiatu baino.

        —Basoan ibili garenok danatarikoa jakin behar —iragan denboretako Asturias hura etorri zaio Onofreri burura eta halaxe behartu du barretxo bat ezpainetara etor dakion. Adelaren begiak bere begien bila igartzen dituela eta, harraska alboko leihora jo du, kanpoko freskeran duen ardao boteilaren bila.

        Boteila eskuan atzera Juanen alboan igarotzean, beronen sorbaldaren zabalaz ohartu den eran gizonak hor dituen ebatondo itzelak igarri ditu. Alderik alde hartzen diote garondoa baino beheragotik gorputz guztia. Aspaldi batean suz zabaldu zizkioten zaurien arrastoa diruditen uhara gorriak dira Jonen azaleko itsasoan.

        —Eta honeek? —Onofreren ahotsak adierazi duen ikarak Adelaren begiak ere harantz erakarri ditu eta, «Ene!» batek egin dio ihes barru-barrutik.

        —Asturiasetik hona zelan etorri nintzala uste dok hik ba? —eskuartean dituen piperlatak eta zartagina munduko zer arretagarrienak direlako moduan esan dio—. Ba, trenez gehienbat. Eta hemendik joan be, trenez joan nintzan.

        Ardoa hartzean Onofrek freskeraren berri eman dionez bertara luzatu ditu eskuak, arrautza bila, Juanek.

        —Bina? —esan du, ezer ez delakoan—. Arrautzak piper gorriakaz, jainkoen gustuko platera. Nik zera baina, bileterik ezin erosi eta, dohan egiten nijuazan tren-biajeak, non eta bagoien azpiko burdinetan ohea ondo eginda. Inportanteena ostera, norberaren neurriak zuazan, ohearenak beti berberak izaten dozak eta, zera, ardatz artekoak.

        Aldarte onez dihardu Jonek, Onofrek eta Adelak epopeia deritzotena kondatzen, arrautzak eta piper gorriak mahaira dakartzan bitartean. Laguna etxean lehenengoz egon zeneko filmea irudikatuari fotograma berriak eransten dizkio Onofrek, azalpenen haritik. Trenaren azpiko ardatzak ikusten ditu, nahiz eta Jonek kondatzen duenez beti gaua izan burdinazko ohe sendar-trinko haretara biltzeko orduan. Ardatzen arteko luzera bere ornoarte eta hankako alde egokienen artekoaren berdina izaten zuenak, gaitzerdi harek.

        —Okerragoa izaten zuan trakada belarrietan, edo bestela txinpartak be, karriletan labankeran sortzen zuazan su antzekoak. Eta hotza, mekaguen zotz, hotza!!! Espainako bandera jango joagu ba.

        Jonek arrautzak piperrekin nahastu ditu, denak ore bakarrean, Adelak darabilenaren pertsona ondo hezituaren moduaren kontrakoan. Gizon jantzita are emeago begitandu zaio Onofreri. «Zelan ez haiz lehenago konturatu ba?», Jonen keinuetan emakumearenganako lotura igarri uste du. Bihotzean nabaritu duen ziztadak inkontzientean eginiko ametsen berri ekarri dio. Arraintxoak jateari ekin dio.

        —Eta Doroteo? —mahaikide biei min emango diolakoan edo, ez daki berak Onofrek ere zer dela eta jaurti duen.

        —Gugaz diagok.

        —Zuekaz? —Onofrek esan dio, norengatik ote dioen argitu diezaion eskatuz moduan.

        Erbesteko giroaz hitz egiten hasi zaie orduan biei, ironiatsu, Jon. Gobernua laster jausiko dela esaten diotela, berak kondatzean barre eginez eta, bapatean berbatik hara, aspaldiko makisa bizirik dela iragartzen duen erresuminaz egin du berba.

        —Politika egin behar dala baina, marikoikeriak. Oraindino dana be ez diagok galduta.

        Azken hitzak Doroteoren gainean esan dituela ulertu uste izan du Onofrek. Gura barik, askatu dituzten azken presoak etorri zaizkio gogora Onofreri eta Ciclonen odolak mendekurik izango ez duela, betirako karriletan geratu dela, inork bere amorruaren katilura jaso eta bertatik edan barik, halaxe iruditu zaio. Mahaikoak harrira altxatzeari ekin dio Adelak, berbalekuak berari ere min ematen diola adierazi guran, antza.

        —Itzizuz horreek —Onofre zutitu eta eskutik oratu dio. Begiez begi-begietara egin dio zuzen tiro emakumeak. Onofreri listua atzapar egin zaio eztarrian. «Laster» esan dio Adelak, gizonak zertara datorkeen ezin entelegatu izan duen misterioz. Eta hantxe geratu da harrikoa. Jonen itzalaren atzetik pick-uparen gelara egin dute.

        —Tira, modernotu egin haiz —esan dio makisak, musika tresna eta inguruko diskoei begira.

        —Heuri esker —erantzun dio Onofrek, chester bat piztuz batera, Adelari zein sofatxotan jesarri agintzeko bekainak altxa eta hitza, «Adela», txiskeroaren tapatxoak egin duen hots metalezkoaren haginetatik azken unean libratu izan balu moduan. Emakumeak zigarroa eskatu dio eta, sua emateko keinuaz tapatxoa berriro altxatzean eta, gero, sua piztean, egin dituen zarata biek zauri bana egin dute gelako isiltasunean.

        —Musikarik? —Onofrek erantzunik itxaron gabe atondu ditu orratzaren azpira Brahmsen musika dakarten ildoak.