Azken fusila
Azken fusila
1993, nobela
212 orrialde
84-86766-46-X
azala: Michael Paraskevas
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

5

 

Anitaren tia, Felixa, behekosu amatatuaren aurrean dago, leihoko burdin gurutzatu biek sartzen uzten duten lau argiune karratuetariko batean. Beste hiruretan eskaratzeko txarrakatiloak ageri dira, aintzinate aspaldi igaro bateko itsaso galduan aingura lagaturiko itsasuntzien irudi. Behien marrumak aditzen direlarik, Felixak ozen esan du, «Blanquita-aaa», azken bokala luzatuz. Gero jesartzeko agindu eta «Nire gizona, Onofre», Anitak aurkezpena egin du. «Baina jesarri ba! Tio soloan dabil, zetan ez dakit baina, ze mutilak joan zirenetik hona be, ez gara ezetako gauza».

        Zaharraren begiek hobeto ikusten dute erditzaletan. Onofre eskaratzeko zokondoan dagoen oliogaineko argiaz ohartu da. «Defuntuentzako», eta gora begiratu du. Zingola horiskak dagoz han eskegita, bonbila biluzi eta bakarraren inguruan. Unetxo beltzuska mordoa ikusi du zingoletan. Euliak, hankak hantxe atxikirik hilda. Lekeda erikorra eta bonbilaren argitasun iruzurkorra, trikimailu galanta. Behiak marruma egin du berriro. «Tia, konda Onofreri bandidoena». «Onofre hori be bada izena gero», Tiaren aurpegia lainoarteko kostaldea begitandu zaio gizonari, irungitzear diren itsasargien antzera begiak. «Zeozer gura izango dozue jateko ezta?».

        Eulien aurkako botikaren baten arrastoak itsatsita geratu zaizkion baso-ipurdi sakon batean ardao beltza eta intxaurrak mimezko otzaratxoan, eguerdi aurrea zertan entretenitu izatearren atera ditu Felixak.

        —Aspaldi, inguru honeetan izaten zan ba bandidu bat, Sandalio eritzona.

        Bereari ekin dio atsoak, astiro. «Aintzinako ipuinak» pentsatu du Onofrek erregurari eutsi ezinik chester paketea atera bitartean.

        —Nire gizonak ikusiko baleu hori tabakoa, ze harek kuarteroia erretan dauan arren, gustau berari gauza barria! Sandaliorena ez da benetako ipuina igual baina.

        Atsoa bere berben haria josten hasi da berriro. Onofrek kanpora egin nahi izan du, lasai erretzera, eta hantxe agertu da Anitaren Tio, atalasean.

        —Atsoen ipuinak entzuten?

        Anitaren osaba Herkules begitandu zaio, goizean ikusi duen Ciclon haren tankerakoa, eguzki minberatuak dakarren ebakidurak burua ilunetan eta bularraldetik beherakoa goritasun epelez argiturik uzten dizkiolarik.

        Behetik gora begiratu dio Onofrek geldi dagoen arren pizti-kemenaz arnasa hartzen duela igartzen den gizonari. Praka barrenak txapinetan sartuta, gomazko abarketetan abiaturik gorantz hedatuz bernetan sareturik lokarriak, gerriko beltza hankaburuetan eta pitxarrarena egiten besoak, laino artean galtzen den gailurra irudi du buruak, ikustezin, itzaletan. Pausu bat egin eta leihoaz barrura datorren argi-arora agertu da. «Hori dok burua», Onofre txokaturik dago, gorputz horretan halako burutxoa, zimurrek jandakoa bera.

        —Tio, nire gizona, Onofre.

        —Sandalioren kontuak kontetan honeri? —lehenik eta behin zirika egin gura izan dio atsoari. Gero Onofreren konplizidadearen bila jo du—. Goazen ba gu kanpora, ze aspalditik egon naiz zu ezagututeko gogoagaz.

        —Zigarrotxo bat? —zutitu den artean eta dantza-pausu berean eskaini dio chesterra.

        —Tira, nik baltza erretan joat baina, danatarikoa proba behar dala dioe eta, ekarridak bat ba.

        —Zelan izan zan ba Sandalioren akaberea?

        —Kanpoan kontauko deuat, ze antza hemen batzarra diagok eta.

        «Hango basoan hil ei juen Sandalio. Ona dok berau tabakoa gero!». Basarteko une ez-jakin batetarantz begira geratu dira biak. «Andrak!» esan du osabak. «Lau zaldigaz akabatu juen Sandalio hori, bai, preso hartu, basora ekarri, zeinetara-eta bera lapurretan arrien ibilten zanara, eta bide bi lau egiten direan lekuan, benga, lau zaldi elkarreri ipurdia erakusten eta, ia mutilok!, lotu horren hankak eta besoak zaldieri eta arre zein bere alderantz laurak eta zera».

        Blanquitaren marrumak aditu dira. «Eta arre», Onofrek amaitu du esaldia. «Lau zati eginda kristinaua». Makurtu egin da, ozta-ozta apatx egon arte. Behetik gora begiratu du hurrunerantz, zigarrokinaren keak ezker-bekaina gorantz zimurtarazten diolarik.

        —Zer daukat nik entzunda, submarino baten istoria, Anitak nogaz ezkondu behar zan esaten etorri zan egunean kondatu euskuna. —Osabari marinelarenganako miresmena dario begietako distiran.

        Urpekariaren pasadizoa. Egia, ezkondu aurreko egunetan izan zen. «Baldur izeneko barkua zan, kargakoa», izena, Baldur, hala esateak eragin izaten duen harriduraz ziur esan du hitza Onofrek. Eta azalpenetan luzatu da, zelan Espainia gerran sartuta egon gabe ere Alemanei laguntza ematen zien, burdina batez ere, ezen gerrako materialea egiteko inportanteena burdina da, bera Onofre Saltacaballos deritzan kargalekuan zebilen orduan praktiko, hala da ezen, Baldur hura ailegatu zenean maniobra egiten lagundu zuen dena normal, «Baina ez dakit inoiz torpedoaren uhara ikusi ote dozun zuk». «Ez» erantzun dio osabak.

        «Horrek berdin deutso, dena dala; zertan ete dagoz hor barruan hain luzaroan?». «Andrak» esan du osabak, submarinoarenari ekiteko eskatuz. Onofrek han behean ageri den Isabelita lurrunezko lokomotorari begiratu dio. Juan laguna. Huxleyren pasaportea Baldur harexetatik atera zuen, ze, osabari kondatzen segitu dio, inoiz ikusi izan bada torpedo-uhararik ez da hori sekula gehigo burutik joaten, bada, hantxe ziren uhara bi, berak Onofrek ez baina Baldureko kapitainak behingoan ezagutu zituenak, eta alde egiteko handik, arin, alemanez aldarrika, eta eskerrak Onofrek berak aditu zuena zeredozer, bestela hantxe hilda. «Baldur hura hondora joan zan; baina ez atoan».

        Aidean joan da trenaren txistua ere, urrunerantz. Lepoa bihurtu eta Anitaren osabari zutitzeko keinua ikusi dio Onofrek. Honek, «Eta?» segitzeko esan dio.

        Lehenengo torpedoak garbi-garbi zulatu zuen itsasuntzia, errementa barik aitzitik, ez bait zen lehergarria, apurtzailea baino. Bigarrenak makina gelatik alderik alde pasa eta barkua zati bi egin zuen, erdi-erditik, eta Castroko amarra-mutila hilda, eta aita Martinez izeneko beste bat ere, eta kapitaina bera ere heriduta. Barkua hondora zihoan eta kapitainak laguntza behar zuela eta, hantxe joan zitzaion Onofre, eta kapitainak, mesedez, abordoko liburua eta dokumentazioa salbatzeko. Ba kapitainaren gelara artez egin zuen zer salbaturik ba ote zegoen, ze barkua ere laster hondoratuko zela igartzen zen, eta han Castroko amarra-mutila eta Martinez gorputz guztia odoletan erreta ateratzen zituzten bitartean madarikatu haien dokumentazioa salbatzearen plantak egin zituen. Plantak baino ez. Bitakora koadernoa hartu zuen, eta kanpora urtetzeko dela, hara, ingeles pasaporte hura antzeman zuen. Zergatik egiten zuen jakin barik, alkondarapean gorde zuen.

        —Ingelesen pasaportea barku alemanean?

        Osabaren galdera urteetan ibili du buruan Onofrek berak ere. Gerra harrapakina ala espioitza zerbitzuek barkua erabiltzen zutelako baten batek bertan utzitakoa ote zen, kontua da Onofrek liburuxka hura berak bai izan zuela gerra-harrapakintzat, ematen ziolako lehenagokoan parte hartu ez bazuen ere zerbaitetan lagundu zuela hura berarekin gordetzeagatik. Onofre eta osabaren arteko isiltasuna trenbiderantz joan da, hegal-hots batek gizon biak asaldatu dituenean. Han goian mirotza agertu da berriro.

        —Onofre, bazagoz? —Anitak betartetik esan du, ozen, eta mirotzak pinudi-ganarantz egin du.

        —Andrak —esan du Tiok.

        Besotik heldu Anitak eta aldatz beheran hasi dira. Onofrek azkenengoz agurtu gura izan du gizona eta beste behin ere, bera baino gorago eta eguzkiargia lepoaldean duelarik begiztatua, Herkules begitandu zaio Anitaren osaba. «Sandalio bera dok». Tia ere han agertu da Herkulesen albora eta hobeto ulertu du dena Onofrek. «Norberaren andrea kate, inorena ez dana askatasun-ate», halako berba-jokoa egin dizkio buruko etorriak geltokirako bidean. «Askatasun ate, hik heurea itxi heuan». Gorantz begiratu du azkenengoz.

        —Arin —Anitak, trena galtzeko beldur.

        Onofrek aldarri egin dio Herkules-Sandalio-Tiori.

        —Andrak!!!