Azken fusila
Azken fusila
1993, nobela
212 orrialde
84-86766-46-X
azala: Michael Paraskevas
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

22

 

Aldaba altxatu eta jotzekotan izan denean kolarreko ateak barrurantz egin dio Onofreri, «Tira ba, zabalik diagok», eta eskaileretako argia piztu barik egin du gorantz. Goizeko bermutaz hasi duen soka lar luzatu du. Anitaren gorputza hamaika aldetan borobildua, ilegurizko baso sarriez han eta hemen apaindua, arnasa hartzea bera ere eder eta laso egiten duena, hantxe bide da itxaroten, sei hilabeteko egartearen ostean. Goiko atea ere zabalik igarri du, argi-xaflada luzengatxoa kanpora irten dadin uzten duelako zirrikituak. «Altxata diagok».

        —Honeek ote dira orduak ba? —eskaratzeko ateburuan egin dio abegi haserre mingarrez, gizonarenera hurreratzeko zirkinik ere egin gabe—. Aspaldi ekarri dau Tomasek maletea ba.

        Onofre geldi-geldi geratu da, itxuraz makineria guztia lotan duen katuaren eran, hau da, edonora jauzi egiteko prest. Buruan egin dituenak ez dira ohean egingo arean. «Zeu be ez zara egon eta!», atxakiaz leundu beharrean esan eta erantzuki begitandu zaio atoan.

        —Gero kasinoan bazkaldu dot.

        —Eta oraintxe amaitu dozu jatekoa, bai?

        —Lehen kolarrean itzi dodana? —Onofrek uraldeak dakarren iceberga saihestu guran esan eta eskaratzerantz egin du—. Arin esan dozu ba nire gaixotasunarena. —Eskaratzeko bere aulkitxoan jesarri da, belaunak paparra baino gorago eta okotza euroi dautsela. Anita errukitu egin dela otu zaio.

        —Hara! —apatx egoteraino makurtu eta besoak belaunetan, eskumuturretatik oratu dio senarrari—. Zuk ez dakizu nik iruntsi behar izan dodana eta, barkatu eistazu ba.

        —Eta bedarren kontu hori? —Onofrek begietara esan dio, elkarrekin lehian hango esmeraldazko lautadetan dituen suteetan kiskaltzen bereak. «Sorginen kontuakez dira ba?» Anitak barre egin du, beheko ornoan abiatu eta garondoraino sugearen bidea egin duen dardaran.

        —Betiko lez, zeu osatuteko dira bedarrak, ez dago ezer barririk horretan, oraintxe famatu bada be —eskumuturretatik kenduta belarrietara ekarri dizkio eskuak Anitak, musu emateko burua ere aurrerantz eginaz—. Edan egin dok!

        Zuntzunduta Onofre, egin duen uztai-higikeraz metro bat harago eta zutik gelditu zaio Anita. Begietako suak haizete itzel batek astindu eta hedarazi bailituen hedatu zaizkio, ezpainetako dardaretaraino.

        «Gabonak be badira ta», Onofrek ohera artekoan esan dituen azken hitzak izan dira, zeren frontisean akatsa aurkitu eta jagi egin beharrean tak! hantxe hilda jausten den pilotaren berdin geratu bait da. Atezutik okerrago ez irtetzearren, astia eman nahi izan dio Anitari, biluztu eta ohean sar dadin, hala da ze, pick-upa duen gelara jo du, Doroteoren fardelak dakarrena ikustera. Egon den moduan utzi du, zeren hormetan eme-eme airearen dantza berean dabiltzan argiune horiskek zur eta lur utzi bait dute.

        «Hau be zer da ba?», bere artean egin du lehenik, eta tximista moduan gelara joanda berdin esan dio dagoeneko ohean eta argia amatata dagoen emazteari, «Hau be zer da ba?», ahots totelaz.

        —Ha argia? Santuari ipini deutsat, Tiak esanda, gaixotasunean lagundu deiskun zeruak.

        Erantzi eta ohean sartu da Onofre, larru-su amoltsuaren guran, gorputzak, makur etorri zaizkion guztien gainetik, bere lera eta garramura sutuago dituelako.

        Anitaren ipurdimamiak irtenago burua eta oinak baino, lepoa ematen diola erakutsiaz, halakorik ohartu gabe Onofrek, «santuari lagundu egin beharko jako ba milagroa egiten», emaztearen belarrimamiaren bila berau apur bat goratuz esan dio.

        — Ez!

        Erantzuna ligorra eta zorrotza izan da, aizkorakada hotza. Kanpoleihoek barrura etorten uzten duten izarrargiak doi ukitzen duen sabaira begira, ahoz gora geratu da Onofre, birikietara arnasa tentuz eroateko moduan, zeren karramarroaren arramuskadak nabari bait ditu hango barruko hareatzan.

        —Zer ba? —ahoskatu du, beldurrikaraz, Anitak beste umearena, edo beste gaixotasunaren igartzeko gaitasuna duela susmatu duelako.

        —Zer gura dozu esatea? —burua burkotik tindirik ere higitu barik jaurti dio, esatean hortzidura eragin dion ligorkeria geldoaz—. Pekatua dela umerik ekarteko ez egitea? Ala gurago dozu esatea zure zantarkerien jakituan nagoala?

        Ez orain, ez geroago ere beste inoiz, Onofrek ez du barrurik galdetzeko, airean geratu den biko horretan zein den egiazko zioa, eta zein min eman gurak ernalarazirikoa. Ala biakotediren egiazkoak, «Zelan jakin behar dau ezer ba?», ardura ere bigarrenak baino ez diolako, bere artean ekin dio mihiluzearena egiteko eran egon direnen zerrenda osatzeari, alboan duena zurrungen puxika puztu eta hustu, lo sakonean dagoen artean.

        «Kakazaharra», logura beste behin ere hondatu egin zaiola ziur, jagi, prakak eta alkondarea jantzi eta karrajura irten da. Lekorean haizeak euri tanta galduak leiharraren kontra estrinkatzen ditu, mendekugura primitibo batek lipar laburrez puzkadako zartailuaz astinduta. Umearen gelara egin du eta hango orio-argitxoak dantza bera darabilela eta, puzkada batez iraungi du.

        «Ezin jok ezer egin; Genarok berak ez badaki, inok be ez diakik eta, trankil», logura berriro gortzeak eragiten dion aldez aurretiko durduzuraren bildur, burua beste zeozertan entretenitu behar duela erabagi du. Begiak Doroteoren fardelari joan zaizkio. Eskuetan hartu eta barrukoa diskoak besterik ezin direla izan jakinda, zeintzu ote diren igartzen ahalegindu da, nagi burua eta urduri eskuak. Ludwig Van Beethoven, lan guztiak. «I eu be Losadaren katalogo osoa ekarteko gauza hazalako. Huxleyren lanak neu erosiko deuadaz aurrerantzean. Ikusi arte eta goraintziak Adelak be. Doroteo». Papertxoa esku artean oraindio, lagunaren idazkeraren azalean arkeologia zaletasuna duen baten arrastoa igarri uste du, eta kriptologoaren mezu ezkutua idatziaren mamian. «A ze sustarrak egiten dokazan eskribitzeko, Doroteo». Gogoeta honek sotorik sotoenean sentinaren batekoak itsasoko ilunbeetara betirako hustutzea eta gero hango atea zigiluz eta giltzarrapoz ixtearen berdina izan da. Zama itzela arindu zaiola nabari du.Eta zutik dagoela konturatzean astiro egin du jesartzeko, izarrargiari laguntzearren bonbilari tak! indarra emateko baliatu delarik. Filamentuko sumendiak gela guztia argitu du. 'Point counter point', aspaldiko liburua hantxe du, Antonek utzi zuen leku berean, ukitu barik harrezkero. Eta bapatean Doroteoren mezua dekodifikatu du. Jonekin bat egitera egin du alde. Donianen agertu zenekoa, gero Antonen heriotzarena jakitea, alde egiteko gogoa,denak kate bakarreko begi egin zaizkio. Enciclopedia del Mar azal urdineko zazpi liburukiei begiratu die. Lagunen gomutak zulo egin dio flotazio lerroaren behetik. Handik arima barrura ur-garratsen sartukera eragoztearren, zuloa txaplazteko ahalegina egin du. Liburua hartu eta irakurtzeari ekin dio.

        Egunargiak bonbilarena meneratu eta hits utzi duen arte egon da irakurtzen Onofre, jesarraldi batean egiteko urtebete luzean burutu ezinik izan duena. «Halako jende moduarena izango da Zeruetako Erresuma», nobelako azken hitzak irakurririk zutitu egin da leizetik irtenaz. Argia amata eta diskoen artean bilatu du, «Koartetoak, koartetoak», harik eta bilaturikoak begien aurrera etorri zaizkion arte. 'The Aeolian String Quartet. Estring Quartet N. 15 Op. 132' dio diskoak azalean. 'Point counter point' nobelan egiten dutenari bere esperientziaz kontrapuntu egiteko gertu dago, hau da, Onofrek berak ere diskoa entzungo du, ea egia den hor Jainkoa badena, hots haren izatea, musika horrek frogatzen duenentz jakitearren. Liburuko protagonista biak horretan ez bait dira bat etorri, berak erabagi dezake zeinen alde dagoen egia. «Ehun urte lehenago Beethovenek, gorturik, soka-tresna horreen musika aditu juan bere baitan», liburua berriro eskuartean, zutik gelaren erdian, bere buruarekin ozen hitz egiten dago, lehen mugimenduko bibolinek airezko bakealderen baten bila dihardutelarik. Lantzean behin bakealderako bidean belarrietako harritxingarretan eztropo egiten dizkiote melodiaren oinek. Onofrek ez daki Jainkoaren esistentziaren zein froga dagokeen musikan. Antonen hitzak datozkio gogora, «Liburu horretakoak berrogeitik gora miloi semealaba lurrazaletik kendu juazen gerrea dan horma horren beste aldean geratu dozak», eta gogoa Jon Ingelesaren akorduan geratu zaio zintzilik, bibolinek zalditeriaren trosta-pausoa ekarri dioten bitartean. Orratzak ildo hutsak aurkitu eta krakada hotsak hedarazi ditu. Orduantxe aditu du Anita suetean Onofrek.

        —Ortura noa —ozen esan dio—. Armozua mahai ganean dekozu ta, eguerdirako etorriko naiz.

        —Kasinora joango naiz —ateko danbadak Onofreren hitzak txiki-txiki egin ditu, eta ziurren, txirlora modura ailegatu dira ordurako kanpo-haizea arnasten izan den Anitaren garunetara. «Bost!», diskoa beste aldeaz gora ipini eta orratzari hango notak gelako inguratsean josteko agindu dio.

        Hasi dira berriro ere bibolinak, hartu du berak ere liburua eskuartean, jesarri da kaleko argia artez leihotik hara edateko, eta guzti horrek sumindu besterik egin ez duela ohartu da. «Eta ez jeustak berba erdirik be esan gauekoaz, ezta murtik egin be ez». Anitak ez diola inoiz argituko «zantarkeria guztiak» horrek esan gura duena, hirugarren mugimenduko bibolin bakarlariari darion histura sakonaren zolan ageri izan zaio idatzirik bezala. «Jainko bi dozak Beethovenena eta orio-argiari adi dagozanak ba!», liburua behera jaurti du, amorruz. Mezatarako deika kanpaiotsak aditu ditu. «Bederatziak ia!», Anitak orturantz zein goiz egin duen, buruan izan duen puzzleak oraintxe erakutsi dio Anitaren beteko irudia. «Burutik diagok», Tia eta Urigoiena medikua, ortua eta botikategia, orio-argia eta pekatua, bide guztiak ditu Anitak haizu, denetarikoa zilegi, hemengoaz beste aldean ei dagoenari berak onez eman gura ez duena trikimailuen bidez kentzeko. «Eta Eliza, zertako dago ba?». Doroteok erantzun barik airean gera zedin utzi zuen galderak sitsaren zuloa egin dio kaskezurrean. Beethovenen bibolinek hirugarren mugimenduko hamabosgarren minutua bete izan duten artean Huxleyren nobela behetik hartu eta diskoaren orratzak egiteko dituen ildoak berregin ditzan arte zutik geratu da. Alaitasun pozezko baten notez egindako himno laburra izan da laugarren mugimendua. Hiru txilin hots aditu ditu. «Meza hastekotan diagok» otu zaio. Eta himnoaren pozkarioak elizarekiko ardura-gorapiloa musikazko baltsamuan urtarazi dio.

        Armozua egin beharrean kafe hutsa xurrutada batean edanik kalera urten du, pick-upa piztuta eta liburua besapean, hesteetan sugetu zaion sendimenduak gorantz egitean halako ume zirinaren keinua ezarri diolarik begietan. Ganoraz orraztu barik, gaua itzarturik eman duenaren jasaz, iziotu berri duen chesterrari su eta ke joaz, berak dirudi Onofrek zoroa, portuan goizeko hotzari arnaskada lurruntsuez arima berotu gura dioten arrantzaleen begietan behintzat.

        «Hor joak zoro hori be» esan duela baten batek aditu uste izan du, beste guztiek kokota tente bertarantz begira teilatuetara datozen kaioena, berdin-berdin, egiten buruaz.

        —Daukon andre sorginagaz harritutekoa be ez dok.

        Onofrek berak ere han egon izan den guztietan egindako larruketen berri dakielarik joan da, «Egunon» esan agirira eta barruakoaz «Txakurkumeok» egin dielarik. Eurek ere berdin egiten diotena ziur daki.