Azken fusila
Azken fusila
1993, nobela
212 orrialde
84-86766-46-X
azala: Michael Paraskevas
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

14

 

Garondotik paparreraino samaren inguruan nasai datzan perlatxozko idunekoari begira dago Onofre, jakinik arropa azularen azpian, bitxiek agirian osatzen duten uztai luzengaren antzekoa eratuz, santuari eskainitako arrenezko kuttuna duela Anitak. Berak baino ez daki hala denik eta Kasinoan eguerdi eder honetan mahaikide dituen gainerako guztiek ere zeinek bere golkorako zenbat eta zelako segeretuak gorde bide dituzten itauntzen dio bere buruari. Luisek, esate baterako, alboan jesarrita duen emazteari, Juliana esaten dio behin eta berriro, esan ote dio inoiz «Laster gobernu berria egongo jona», egin dizkion lau umeek negarraldi artean uzten dizkioten tarteetariko batean behintzat. «Ez jok emoten», buruan dantzan darabilen pamielan igar dezake Onofrek, beso potoloak nahikoa ez balira ere, urtean behin senarrak Kasinoko bazkarira ekarten duen etxekoandrea, ilunetan amorante gero eta aspergarriago bilakatuz suhiltzen dena bera.

        «Anita askoz be hobeto diagok». Umerik egin ez duelako, hurrean. Neska ematen du Julianaren alboan, bere aurre-aurrean, jesarrita duen Patriziaren aldean ere zaharragoa denik ez litzateke erraz esango. Onofrek badaki Patrizia hau erizaina inondik inora ez dena. Estalki hutsa da.

        —Enpagugarria atzoko gaztea, zer zan bera ba! —ipuin edaslea alboan eroan beharra izan zuelako kexaz—. Harek ardo gehiago eroan barruan itsasoko urik baino. Luisen autoa basituta itzi eban beran gomitoakaz.

        —Tira ba! Ez da mahairako gai egokia —moztu du Luisek—. Dana dala gazte hori benetan euskalduna da, behargina eta esanekoa. Vosotros me entendeis.

        Erdarara jo du, Antonek eta Cristinok euskaraz ez dakitelako itxurak egiten segi dezaten, ala egun handietan Luisek eleganteago deritzolako hizkuntza kultuari, batek daki. Zerbitzariak mahai gainean utzi du sopaontzi ederra ke batean. Cristino harritu egin da. «Bero honekin!». Sopak eta beroak ez dutela elkarrekin zerikusirik, aurreko gauekoaren ajea arintzeko baino ez dela, guzti hau azaldu beharrak errotik sinestarazi dio Onofreri Indioa egiazko indioa dena. «Laster etorriko dozak hotzak be», Antonek zerbitzari iharduteko burduntzalia artatsu hartu eta platerak eskatzeari ekinaz, «lehenengo eta behin ama danari; Juliana, mesedez».

        Sutan ditu emazteak papuak, keak zuzenean bertan jotzen duelako barik astiro baina taigabe urteotan hartzen eta hartzen ari den kiloen lotsaz. «Ahal dana izan baino ez da ama». Bekaizkeriak ziztada mingarria jo beharra eragin dio. «Aberriak behar dauz umeak, baina umerik ez dauanak be beste bide batzuk daukaz», Luisek legundu egin gura izan du emazteak Anitari etoikeriaz jo dion ukabilkadaren mina. «Batzuk horretarako baino beste ezertako ez dabe balio», Anitak bere esku hartu du erasoari aurre egitea.

        —Artearen historian, gurean bertan, Seindun Andra Mari ederrak pintatu izan dira, zuhaitzetako gerizpetan eder direan emakumeak be pindatu izan direan era berean. Inork dudatan ipiniko leuke baten balioa besteeri begiratzearren? Sagarrondo eukitsuak eder beti, eta egun gitxi batzutan loretan; larrosa luzaroan, baina sagarrik ez. Baratza bakarra da, halan eta guztiz be. Ana, mesedez? —platera eskatu dio—. Zeinek bere edertasuna landare guztiek.

        Luisek hamaika segeretu gorde bide ditu bere golkoan, Anitak platera luzatu eran eder eta bete eskaintzen duen ditialde horretan tinko dituelarik begiak, atzo goizeko aurkikuntzara joan zaio gogoa. Anitaren hitzak ermitan, Luisen aitorpena makiaz, Doroteo eta Adela han agertzeak, Antonen gogoetak eta, azkenik, kuttuna Anitaren saman. Logura ekarri ohi dion zamariak artegatasun zehaztezina baino ez zion ekarri bart, gairik gai burua txakur deslaien modura ibilte ero bat. Arrenkuraren alde ilunetako usin sakonetan erromes ihardun du gau osoan, halako egonezin mingots batez, non oilarraren adar zorrotzak belarriak zulatzean jabaldu ere egin den. Barruan egindako zorne guztia oilarrek ireki dizkioten alegiazko zuloetan joan bailitzaion. Ordu gutxi lehenago Anton lo utzi zuen salara joan eta haren gauzetan kuxkuxean hasi gura izan du. Ez du askotarako astirik izan. Anton bera ere lokukuak egiten ohitua denaz ohartu da, no-or-da-a-a? aharrausiz esan eta batera besoak luzatu ditu, begiak zabaldu barik artean. «Neu», Onofrek Antonen jaka antzeman du ate alboko gakoan eskegita, «Kafea gura dokenentz etorri nok» esan eta ezin ekidin izan dio barruan begiratzeari. «Ba, bai; ze ordu da ja?». «Sei t'erdiak». Beltz eta fin, ispilu ilun irudi, pistola ipurdia ikusi du. «Nahikoa». Ixi joan da suetera.

        Antoni kafea bero mahaian utzita Luisenera joan da zuzenean, sutan bihotz-galdara, odoletan begiak. «Hain goiz be nor ote da ba?» entzun du erantzuten diola Julianak bere aldabakadari. «Alfer hori ez dok goiz altxako ba bera», oldozmena suge-pozoinez satsatu zaio. «Goiz habil» esan dio lagunak agurtzako balkoitik. «Erdu behera!» aginduan bitakora kahierrean ia bi mila egunetako gorabeherak ohartarazi behar izan dituenaren irmotasunaz.

        Portura jo dute zuzenean murtik egin barik biek. Moila puntan ikusi behar izan du bere burua Onofrek, zakar esan diezaion Luisi, «Bigarrenez egin deustak trikimailua, kabroi halakoa». «Ze trikimailu?». Berak ere sinesbaga erantzun dio, «Tira! horrenbesterako be ez dok eta» diola ulertu beharreko eran.

        «Ez dok bildurtia naizela, gezurren bidez jokatu dokela baino» esan ahala berak ere sinesten ote dituen ez dakiela jaurti ditu hitzak. Chester bat piztu du, Luisek bere 'artabizarrak' nahastu dituen bitartean. Itsasadarrean behera mamuen untzia bezala datorren goiz-lainoari eskaini dizkiote keak, nork lehenago berba egingoko atezuan.

        —Hori Anton hori euskalduna dok, bat; pistola diarabilk, bi; eta ez dok urun zuria, hiru.

        —Gogora diatortak kanposantoan izan gineneko eguna, hi itotakoen ganeko ipuinak kontetan eta ni heuri entzuten, ze ni ez nok hemen herrian jaionekoa baina, hataz guztiz be, bertokoa egin nok, umeak eta andrea bertokoak diaukadaz —Luisek buruz polito ikasitako berba purrustada askatu du, kaioek euren karrankotsezko kontrapuntuaz efektukeria areagotuz.

        —Eta dirua be berton egiten dok —Onofrek zatar etenarazi dio jarioa—. Diru barik ez diagok aberririk —arin ibili da hormara egin dion dejada altxatzen—. Baina hil, beste batzuk egiten dozak —Antonen pistola gogoan, atze atzera jaurti dio pilota, kuiseraino. Arnasa barik geratu da Luis pilota zelan altxako ahaleginean.

        —Lau semealaba eta jagon behar joadaz —lehengora etorri da—, eta hemen be gartzelak diagozak, polito beteta ganera.

        —Hi ez habe eroango, lagunak daukazak eta —Onofrek ondo gogoan duelarik Luisek Udaletxean zein erraz egiten dituen sarturtenak, eta etxeak altxatzeko behar direnak han ez dizkiotela sekula ere ukatu, itxuraz—. Ganera, errementaten nauana ez dok inor gordetea, zuzen eta artez barik gezurren bidez etortea baino.

        Onofrek sinestu egin gura du berak ere halaxe dena, artez eta zintzo jokatuz gero laguntza eskainiko liokeela kausari, orain aurrean mahaiburu egiten diharduen Anton edo Andoni horren begietan dizdira berri bat ikusten duelako; iretargiaren islada zidarkara gauerdiz itsasazalean laban. Patriziari begiratzean aldiz, zilar-islada iusturi egiten da. «Enamoratuen minak», Onofrek bere kautarako bihozkide egin ditu biak, Luisen zurikeriak sinestu baga.

        —Eguerdian bazkaria diaukagu Kasinoan, kanpoko hiru lagunak, emazteak eta bostok; egidak etortea mesede —eta ezezkoa aldez aurretik ezinezko egin diola ziurtatuz—. Anita esanda diagok. Zuekin zazpi izango gaituk.

        «Zazpiak bat» motela egin du Cristinok itsaskiari laguntzeko atera duten ardo zuriaz opatuz. Horren segeretua falta du jakiten Onofrek eta ez da Luis izango halakorik argituko dionik. «Joan egingo nok, baina azkena dok», esan dionean portuan Luisi beronek ere argi utzi dio bigarrenez eten dela euren arteko adiskidetasuna, inoiz halakorik izan bada, zeren erantzutean, «biok be lasaiago biziko gaituk holan», ezkutuan egon den gorroto baten izpia igarri bait du.

        —Atzo ez dozue esan ba horrek ez dakiala euskeraz? —Anitak adierazi du ozen Onofreren garunean ibili dena. Maiestatez egin du gora bere basoa, agirian utziaz beso luzenga eta eskumutur zaintsua, gizon-irriken sendagarri. Perlatxozko iduna tema bihurtu zaiolarik, haraxe begira du Onofre, jakin barik emazteak kuttun ikustezinak eragiten dion eldarnioak jota begiratzen diola hala, soinekoa eta azala bera ere erauzi beharrean begien indarrez.

        —Zeozer daki. Panpa aldean, bera bertakoa da eta, hemengo fraide napar bat ezagutu eban.

        —Naparra bada zelan esan dozu hemengoa? —Anitak bere burua nabarmendu du eta Antonek azalpenen haria utzirik Luisi begiratu dio, «Honek be nondik urten dau ba?» mutu itaunduz.

        —Hemengoa esatean euskaraz egin ebana zala esan gura dot, bai?, eta haregaz ikasi eban zer edo zer gure Cristinok euskeraz.

        Cristinoren betertzak poz-zimurrez tolestu dira, gomuten ganbarara argia etorri zaionaren moduan, hau da, behiola ume izan eta oraindio ume hori barruan akatu ez duenaren errugabe-aieruaz. Gehienetan erdaraz, euskaraz ere lantzean berba batzuk, fraidearen ordenaren berri emateari ekin dio, «Kaputxinoa», bere okotz garbian hasita zilborrerainoko bizar luzea duelako plantak eginez. «Horrek diabilk poza», Onofrek ondo ezagutzen duelako poz hori, apurrarekin bizi direnen artekoa, munduko portuetan eskean zein ohostuten, «Gauza bera dozak biak», bizimodua ateratzen goizero hasi beharra dutenena. Txipiroiak ekarri dituzte eta hortxe isildu da Cristino, halako eran non beste guztiak ere isildurik berari adi geratu diren.

        —Yateko belza? —esan du, nafar kaputxinoaren oihartzuna izan den ahotsaz. Luisek harro hartu du hizpidea, euskaldunak munduan horretan ere leku egiten jakin duela esateko.

        —Fraidearen hitzetan, era askotara egin du bidea eta lekua munduan euskaldunak —txipiroiei zelan ekin ez dakiela, sardeska ala goilarea zein hartu dudatan—. Gautxoen artean ere —Anitak gerritik gora aupatuz gorputza sardeska eman dio eskura, Cristino begiak eskerrak eman guran zabalagotzen saiatu zaiolarik—. Hobeto esanda, gure fraidearen iritziz, Gautxorik gehienak hasiera batean euskaldunak izan ziren, horren lekuko geratu delarik haien hizkera, euskal berbez josia, gautxoaren poema den...

        —Geldi hor —Patriziak ere erdaraz moztu dio, ezti bezain erabagitsu—. Nahikoa da, bai, honenbeste goratu euskerea —halaxe ebaki du hitza—, zeren hain gora igaro dugu non inork ere erabiltzen ez duen.

        Onofrek sendotu egin du bere ustea, «Hori ez dok enfermerea. Eta izatekotan be, beste horrena», bertatik josi dio lehengo gogoetari, airean gurutzatu diren begiradetan Antonek eta Patriziak elkar igurtzi dute eta. Luisek baketu egin gura izan du, mahai-zokondoan emazteak Patriziari etorria bekaizten diolako, edo euskararen gaineko ipuinak atsegin dituelako, Onofrek bien artean hautatu beharrean bigarrena baztertu eta lehenari eritzi dio zuzena. «Txipiroi ederra dok berau, tintea jaurti eta atzez egin; emaztea zemaituta ikusi dauaneko, tak!, tintea».

        —...Gautxoen poema nagusia, Martin Fierro, hori euskaraz egiten dihardu azken hamabost urteotan. Neuk ikusi ditut paperak, areago, gautxoerazko testua neuk eman, azaldu eta argitu egiten izan diot, han egon naizen bitartean.

        «Eta gautxo berba hori gautxoritik dator, ezta?», Onofreri mingostu egin zaio barrua, eta mendekua Cristinoren aurka jokatu beharko bailuen bota du. Ziririk ere ez du egin Cristinoren aurpegiak, agian indioa den aldetik iraindua izaten ekandua ondo hartuta duelako, edo berak ere gorroto duelako Onofre. «Indioen begietan ez diagok jakiterik», bere artean egin eta zerbitzariari bazkalburukoak ekarteko keinua egin dio kapitainak. Kapitaina, hantxe dago Genaro ere, beste kapitaina, Inspektore egin dutenetik hona sarriago lehorrean itsasoan baino. «Komeni zaiok Genarori berba egitea», halaxe esan dio goizeon Luisek moilan, haserretu ostean ere alkondara-eskumuturrean beste karta bat gordeta duela erakutsi orduko.

        —Zer uste dok hik egin zala Askadaz —Onofrek John Ingelesak eroan zuen itsasuntziaz, berak maneiua irakatsi zionaz, ezer ere jakin gura izan ez duela eta portuan ikusten izan badu ere inoiz inori galdatzen ausartu ez dena—. Ba, jakik, hi! Neuk ekarri nijuan barriro herrira, eta neuk esan neutsoan jabeari radiyoz abisua emanda egon zala, barku bat gobernu barik itsasoan, eta geu joan ginala bila, Genaro eta biok, eta Genarok ez juan ezer preguntau, nork ekarri dau hau hona edo, zer da hau edo, e-ze-bez.

        Onofrek epa egin dio eskuaz Genarori eta barkamena eskatu behar izan dio kamareroari, berari bigarrenez zertan deitu dion, «Bidean etorri naiz eta». «Genarori izan da, barkatu». «Zer gura dozue postretzako?», Cristinori haria eten dio.

        «Si no lo cree usted, tenga», Cristinok ardilarruzko koadernotxoa luzatu dio, Hiri Sakratuko zazpi ateen planoa ematen duen Enperadorearen benaz.

        'Matxin Burdin', dio azalean landare-txortenen itxura egiten duten letrez. Poemaren hasierako lehenengo bi zatiak dagoz eskuz idatzirik, erdarazkoa ezkerrean, euskarazko aldakia eskuinean, eta ohar andanak ertz eta atzealdeetan. «'Gautxo', de su genuina 'uguartxo', corderito repudiado por la madre». Behin bere artean irakurrita, bigarrenean ozen esateko irrikak gainez egin dio.

        —Eta zertan ez gautxori berbatik etorri gautxo? Azken baten ez dozak ba biak ilunetan argi ibiltekoak? —Luisek barre eginez esan du, bazkalburutzat ekarri dioten kafeari kafeosterako ei den pattar xurrutadatxoa isuri artean.

        Onofrek must egin du berriro poeman, Cristinoren begiek kokotaren gainean dituela jakinik. 'Bagual', bagoalakoa, animal que pasta la bellota; 'yerra', el verbo era no anda lejos; 'cancleta', diminutivo de txanka, piernita flacucha, mujercita. Liburuxkari kendu begiak eta Cristinori artez begiratu dio. Honen irribarre meheak burua beste alderantz itzularazi dio. Antonek hiru emakumeen artean egina du lekua. «Ez jok horrek aparra galtzen». Zorioneko fraideari ahaztu egin zaiola kartetako txanka aipatzea esan gura izan dio Cristinori. 'Zetako?'. 'Aguaitando' hitzak 'guita' ekarri dio, Buenos Airesko hizkera lunfardoaz 'dirua' esan nahi duena.

        —Estuviste en Buenos Aires —bertatik esan dio, buru batek berriro ere aurrea hartu bait dio besteari Onofreren barruko lehian. Cristinok liburuari zer deritzon itauna eman dio erantzuntzat.

        —Ederra! Lo entiendes no? —lausenguz zuritu guran lehen zakarkeria.

        —Ez naiz hain ergela —erdaraz erantzun dio, «bai» euskaraz esan eta isildu egin delarik. Onofrek Anitaren alderantz begiratu du, Kasinoko zarata eta jende nahastean ere esan behar dituen hitzak Cristino eta bien arteko eremu estutik hara irten litezen beldur bailitzan. Anitak Antonen besoan ditu eskuak, ezer ez delakoan, eta Patriziak, zigarrotxoa ahoan, ohituarena egiten du. «Euskal Echean egonda hagoa?», ozenago hitz egitean airean datzakeen mina lehergarriren bat zapaldu eta ahotsak han lehertarazi ahal dukeelako. «Bai».

        Onofrek dei egin dio zerbitzariari. Hantxe segitzen du Genarok, «Alkatea noiz etorriko diagok hori», argoi eta handigureneko, ahoaren beraren luzagarri darabilen puro eternoari tenka. «Ekarri egiguzuz Napoleon bi, eta Genarori berak gura dauan puroa». «Montecristo». «Ba berori». «Neu be egonda nago hor, Llavalloen», Cristinok zer erantzungo geratu da.

        —Egon nintzen azkenengoan burdinazko ateak konpontzen ziharduten. Etxea sortu zeneko berrogeita hamargarren urtea bete da aurten, apirilean. Dantzariak, diskurtsoak, alkatea, aberatsak eta tripakada ederra —mindura kutsu garratz bat nabari da Cristinoren hitzetan.

        —Bazkaria, badakik, euskaldunago egiten gaituena —Onofrek bere makartasuna dela eta jasan behar izaten dituenengatiko mendekuaren bila moduan esan dio—. Hantxe egon nintzen ba.

        —Bazkaltiar? —bihotzean barku-helizeak dituela dabilkio odola. Cristinok begi arteko zirrikitutik zomorro bati egingo liokeen moduan egin dio, betazal eta betazpien arteko indio-zirrikituetik. «Kamarero, zerbitzari». «Hara!» esan eta berriketa zelan albaindu igarri ezinik geratu da.

        —Asko izango zinaten ba zerbitzari.

        —Jaten beste ia.

        —Hango ugazabaren alaba, Marina...

        —Malintxe ere deritzana —ez dio amaitzeko betarik utzi Cristinok.

        —Bera.

        —Ederra horrena ere.

        —Zer? —Napoleonak dakarren kemenaz eskatu behar dio odolari zainak ez hondatzeko bere abiaduraz eta beroaz.

        —Gure amaren suerte berbera izan du horrek ere —berak ere Napoleonen adorea bilatu du pattarrean; erdaratik euskarara etorri eta berriro—. Sasiko hitzak esan nahi duena dakizu? Sasikoa naiz ni, bada, eta sasikoa da Marina goitizenez Malintxe mestizaren umea ere.

        Betzuloak putzu egin beharrean dituela begitandu zaio Onofreri dagoela bera. Anitak idunaren eremu magnetikora ekarri, lotu, eta deslotu darabiltza Antonen begiak eta Patriziak etsita Julianaren kamamilaren keari tabakoarenaz laguntzen dio. «Heurea dok umea, Onofre». Somorrostroko gertaeraren ostean afusilatu zutenaren larrupean izan moduan dago, suge barrua, izerdi hutsa kanpoa. «Haizea behar joat», euskaraz esan dio zuntzunduta utzi duen Cristinori. Genaroren alboan zutunik geratu da, goitik behera begira.

        —Zer egin jak gizona? Gaixorik hago ala?

        —Enbarkea behar joat —ez dio besterik esan.

        —Trankil baina, jaiak be badozak eta —gorroto egin du Genaro larjakin itxurazko eta izaerazko hura, bere burua mesede eske ibiltearren gorrotatu duen ginoan—, noizkorako gura dok ba?

        —Biharko bada, hainbat hobe.

        Kasinoko nagusiak «sorpresatxo bat daukagu» iragarri die. «Ixi momentu baten mesedez». Musikak aretoan sabairantz egin du gora, kanpoko itsasoari berezkotasuna lapurtuz moduan. Kasinoko pickuparen musika Anitak eta Antonek estreinatu behar dute.